Gasteizko Udaltzaingoak “adierazpen askatasuna debekatu” izana salatu dute Palestinaren aldeko ekintza batean

  • Ongi etorri errefuxiatuak eta BDZ Arabak azaroaren 9an, Harresirik Gabeko Nazioarteko Egunean, munduko harresiak eta Palestinako genozidioa salatu zituzten Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Eusko Jaurlaritzak herritarrek parte hartzeko prestatutako horma batean egin zuten ekintza. Ekintzaileek salatu dute Udaltzaingoak hainbat kide identifikatu zituela eta “prepotentziaz” jokatu zuela.

Genozidioa salatzen duten argazkiak horman itsatsita. Ongi etorri errefuxiatuak / BDZ Araba

2025eko azaroaren 14an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Azaroaren 9an “adierazpen askatasuna debekatuta” izan zutela salatu dute, hain zuzen herritarrek parte hartzeko prestatutako horma batean. Paradoxikoa egin zaie, obrak “sorreratik harresiaren beraren aurkako hausnarketa eta erreakzioa bultzatu nahi izan” dituenean. Ohar bidez adierazi dutenez, egun horretan, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Sebastian Bayo artistaren Utopia: igarotzea debekatuta lana jarri zuten Andre Maria Zuriaren plazan, Gasteizen. Obra harresi bat zen eta “egungo munduko harresiei eta mugei egindako kritika” bat zen.

Ekintzaileek adierazi dutenez, Gasteizko Udalak jakinarazi zuen “herritarrentzako mihisea” zela obra hura, alegia, herritarrek horma erabil zezaketen mezuak edo adierazpenak egiteko.

Ongi etorri errefuxiatuak eta Araba BDZk, batetik, Gazako genozidioarekin lotutako hainbat argazki itsatsi zituzten horman, eta bestetik, hormaren goiko aldean alanbre arantzaduna jarri zuten, “erabilera militarreko segurtasun-kontzertinak” irudikatzeko.

Ekintzaileek azaldu dutenez, obraren funtsa zen horma adierazpide gisa erabili nahi izan zuten, eta ekintzarako baimena zuten. Udaltzaingoa “hasiera hasieratik” gerturatu zitzaien eta hainbat pertsona identifikatu zituen. Egiten ari zirena “politikoa” zela esan zien. Ekintzaileek erantzun zien horri lotutako “araudirik ez zegoela” eta “kutsu politikoko bestelako mezuak” bazeudela. Kritikatu dute harresia autolaguntzako mezuz eta “txorradaz” beteta zegoela eta Udaltzaingoak egile horiei ez ziela NANik eskatu.                                                                       

Enpresek ahalbideratzen dituzten harresiak

Ongi etorri errefuxiatuak eta BDZ Arabak gogorarazi dute azaroaren 9a harresirik gabeko mundu baten alde egiteko eguna izan dela. Munduan zehar dauden hainbat harresi aipatu ditu, eta bereziki, 2002an Israel eraikitzen hasitako harresia, zortzi metroko altuerakoa eta 700 kilometro baino gehiagokoa. Palestinako lurralde okupatuetan dago.

Bi elkarteek salatu dute munduko harresiak “gobernuen eta pertsonen bizitzarekin negozioa egiten duten enpresen gutiziagatik direla posible”. Horren adibide gisa aipatu dute CAF enpresa.

 Ongi etorri errefuxiatuak / BDZ Araba
 Ongi etorri errefuxiatuak / BDZ Araba

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
Eguneraketa berriak daude