ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

"Munduko pertsona guztientzat posible ez dena pribilegioa da, ez eskubidea"

  • 50 urte bete berri dituzte Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak eta Nafarroako Emausko Trapuketariek, eta bietan buru belarri lanean Luzio Tabar, lehenbizi euskaltegian eta trapuketariekin orain. Bietan ezaugarri komun asko: biak herri ekimenak, behar sozial bati  erantzuna emateko sortuak eta bietan pertsonak jartzen dira erdigunean. Errespetua eta adeitasuna denontzat, horiek dituzte abiapuntu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani BlancoArgazkia: Dani Blanco
Luzio Tabar Purroy. Otsagabia, 1960

KEM-MOC mugimendu antimilitaristako kidea izan zen gaztetan, eta Eguzki Irratia abian jarri zuten gazte ipurterre haietako bat. Arturo Campion euskaltegiko irakasle aritu zen 20 urtez eta orain beste horrenbeste denbora darama Emausko Trapuketarietan lanean. Kazetaritzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean.

Otsagabian sortu eta noiz arte izan zinen herrian?
Herrian ikasteko aukera izan nuen 14 urterekin Iruñera etorri arte. Haran osorako ikastetxe bat sortu zuten Otsagabian, eskola publikotik kanpo, batxilergoa bertan egin ahal izateko. Matematika irakaslea eskolako maisua zen, musikakoa herriko organista, apaiz batek latina ematen zuen eta beste batek erlijioa, gure aita herriko albaitaria zen eta fisika eta kimika ematen zituen. Herriko ekimena izan zen, baina haran osoko ikasleei irekia. Ondoren hirira etorri nintzen, Maristetara, eta gero Opuseko unibertsitatean kazetaritza ikasi nuen. Azken urtean nengoela Arturo Campion euskaltegian hasi nintzen irakasle gisa.

Eta euskara noiz ikasi zenuen?
15 bat urterekin Jose Miel Barandiaranen hitzaldi batera joan nintzen eta ondoan zegoen neskak galdetu zidan ea euskara ikasi nahi nuen. Esan zidan taldea eta tokia lortuz gero, berak irakaslea bilatuko zuela. Maristetan fraide jator batek gelatxo bat utzi zigun eta neskaren anaiarekin hasi ginen euskara ikasten. Hurrengo kurtsoan Arturo Campion euskaltegira joan nintzen eta han ikasi nuen, kazetaritza ikasketak egin bitartean.

Ikasketetako azken urtean euskaltegiko ikaslea nintzen goiko mailan eta, aldi berean, klasea ematen hasi nintzaien lehen mailakoei. Garai hartan Sagrario Alemanek zuzendaritza hartu zuen eta orduan Arturo Campion gau eskolatik euskaltegi izatera pasa zen. Didaktikaren aldetik jauzi haindia eman genuen, lanaldia luzatu eta beste toki batzuetan klaseak ematen zituztenekin harremanetan hasi ginen, nolabaiteko koordinazioa sortuz. AEK ez zen oraindik, hemen bederen.

KEM-MOC mugimenduan, ibili zinen. Aurre-intsumisioaren garaia izan zen, ezta?
Bai. Zerbitzu militarrari eragozpena egin genion lehenbizikoei luzapena ematen ziguten automatikoki eta lege berria atera zutenean amnistiatu egin gintuzten. Bagenekien estatua zerbitzu militarraren partez ordezko zerbitzu sozial batzuk antolatzekotan zebilela eta halakorik abiatzeko inolako estaturik ez genuela behar erakusteko, zenbait eragozleren artean eskola-tailer bat sortu genuen Txantrean, Burdintokin. Emausko Trapuketariek eman ziguten dirua hori martxan jartzeko eta auzoko hainbat jubilatuk ofizioa erakusten zieten lan egin nahi zuten gazteei. Orain mundu guztiak dio eskola hori izan zela Nafarroako Gobernuak gerora sortu zituen eskola-tailerretarako eredua.

Ekintzaile hitza entzun eta berehala etortzen zaigu burura bere negozioa muntatu eta dirua irabazi nahi duen pertsona. Guk egiten genuena –Burdintoki, Arturo Campion, Emausko Trapuketariak...– ez zen gure negozio propioa dirua irabazteko, baizik eta ikusten genuen behar sozial bati erantzun bat emateko. Alde horretatik antzekotasun handia ikusten dut Campion eta Emausen artean. Ekintzaileak ginen, zalantzarik gabe.

"Aldarrikatzea beste ezer egin gabe, 'progrea' izatea da. Baina zer desberdintasun dago eskuindar eta 'progre' baten artean?"

Aldarrikapena eta lan praktikoa, biak dira ezinbestekoak?
Hala da, baina egun ikusten da arlo sozial gehienetan badirela mugimendu batzuk aldarrikapenarekin erabat lotuak eta beste batzuk, aldiz, soilik egunerokoan lan egiten dutenak. Salbuespenak oso gutxi dira: euskararen arloa edota errefuxiatuekin eta etxegabetzeetan egiten den lana, bi horietan aldarrikapena eta eguneroko lana bai doazelako batera. Elikagai bankuek, adibidez, janaria biltzen dute baina hor ez dago inolako aldarrikapenik. Antimilitarismoak, bere aldetik, aldarrikapenetara mugatzen du bere eginbeharra. Ekimen praktiko batzuk karitatearekin eta elizarekin lotu izan dira, eta gorriok aldarrikatu besterik ez genuen egiten. Niri akats larria iruditzen zait. Pertsonen arazoei modu praktikoan erantzuten saiatu behar da eta, aldi berean, argi esan zer aldatu behar den horrelako kasu gehiago ez gertatzeko. Aldarrikatzea beste ezer egin gabe, progrea izatea da. Baina zer desberdintasun dago eskuindar eta progre baten artean? Antzeko tokietan egiten dugu lan, antzeko soldata kobratzen dugu, antzeko tokietara joaten gara oporretara, antzeko autoak izaten ditugu... bizitzeko eran ez dago alde handirik eta hori faltsukeria da. Ez dut esaten jendearen errua denik, baina askotan ez gara kontziente kapitalismoak nola harrapatzen gaituen.

Argazkia: Dani Blanco

Emausen aldarrikatzaileak zarete?
Maila apalean. Guk konfrontaziora ez dugu inoiz jotzen. Hori oso garbi dugu. Neurri handi batean gure erreibindikazioa testimoniala da, praktikan erakutsiz gauzak oso bestela egin ahal direla. Hemen, egun, 300 lagun gara. Soldata berdintasuna dugu. Zuzendariek eta sartu den azken langileak orduko berdin kobratzen dute. Horrekin aldarrikatu nahi dugu denok ardura berbera dugula: dagokiguna ahalik eta hobekien egitea. Campionen ere soldata berdintasuna genuen.

Gutxiago lan egin, denok lan egin ahal izateko. Zu beti izan zara lanaren banaketaren aldekoa.
Bai. Azken hamar urteotan 100 lagun gehiago gara trapuketarietan. Urtetik urtera gora doa lankide kopurua. Eta orain lan jardunaldiaren murrizketa proposatu dugu, jende gehiago hartu ahal izateko: denok 32 ordu eta erdi lan egiten ditugu 1.100 euroko soldata gordinaren truke, hamalau pagatan. Aski da bizitzeko? Agian ez. Nafarroan batez besteko soldata 2.500 eurotik gora dago, baina hemen astakeria ez da gure soldata txikia, gizarteak duen bizi maila baizik.
Munduko pertsona guztientzat posiblea ez dena pribilegioa da, ez eskubidea. Oporrak izatea bai, baina oporretara joatea ez da eskubidea, adibidez. Eta gainera, eskubideez asko hitz egiten dugu, eta betebeharrez?
Gure hainbat lankidek lantxo osagarriak bilatu behar izaten dituzte hemendik kanpo, baina hemen Emausen dirua bezain garrantzitsua da taldeko partaide izatea, harremana, errespetua eta atsegintasuna.

Hemen dauden askok tratu txarrak ezagutzen dituzte?
Ia 300 lankide gara, 34 herrialdetakoak. %70ek arazo bereziak dituzte migratzaile izateagatik, kartzelan egonak izateagatik, droga arazoengatik edota egituratu gabeko familietakoak izateagatik. Batzuek uste dutenaren kontra, hemen edozein lantegitan baino arazo gutxiago dugu, pertsona hauek ez baitaude ohituta normal, hau da, ongi tratatuak izaten eta hala tratatzen dituzunean automatikoki sartzen direlako giro on horretan. Eta gainera, pertsonen gaitasuna landu eta areagotu egiten da giro aproposa sortuz gero. Harritzekoa da zer nolako erantzun positiboa ematen duten guztiek.

Emausko trapuketarien 50. urteurrena ospatzen ari zarete. Nola hasi zen?
Abbé Pierre fraide frantziarrak sortutako ekimena da. Familia onekoa zen, nazien kontra borrokan ibilia eta Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan parlamentari hautatu zuten. Irabazten zuen diruarekin etxe bat hartu zuen Frantzia eta Alemaniako gazteak elkartzeko eta herrialdeen arteko harremanak berregiten hasteko, baina suertatu omen zitzaion bere buruaz beste egin nahi zuen gizon batengana joatea, eta proposatu zion bera bezala egoera txarrean zeuden beste pertsonei laguntzera joateko berarekin. Horrela hasi ziren etxegabeak etxe horretara eramaten, eta lehen komunitatea sortu zuten. Parlamentari izateari utzi zionean dirurik gabe gelditu, eta orduan hasi ziren jendeak botatzen zituen hondakinak biltzen berriro saltzeko.

Nafarroan, 1972 baino lehen Portugaleko ijito batzuk txabola batzuetan bizi ziren Barañainen, eta elizaren inguruko talde bati bururatu zitzaion horri nolabaiteko konponbidea eman behar zitzaiola. Frantziako Emausko erreferentzia bazutela eta, bururatu zitzaien bilketa bat egitea Iruñean sosa ateratzeko. Gauzak bildu eta salgai jarri zituzten orain Corte Inglés dagoen tokian, eta hortik milioi bat pezeta atera zuten. Horrekin Santa Lucía herrixka sortu zuten.

Han bizi izan ziren batzuk egun gure lankideak dira. Bilketa eta salmenta hori mantendu zuten elizaren inguruan, 1978an egungo zuzendarietako bat, Jose María García Breso, iritsi zen arte. Bera Bilboko Emausetik zetorren eta hemen ere komunitate bat sortu nahi zuen. Boluntarioekin harremanean sartu eta Villa Simona etxean ezarri zuten komunitatea. Kamioi txiki bat lortu, eta biltzen zituzten gauzak salduz hasi ziren bizitzen.

Handik gutxira, Iruñeko Udalak Lorea izeneko talde bati eman zion lehendabiziko zabor bilketa berezitua antolatzeko enkargua. Loreakoak harremanetan jarri ziren trapuketariekin eta biek batera jarri zuten martxan zerbitzua 1982an. Ermitagaña auzoan egin zen estatuko era honetako lehen bilketa. Normalean Emausko komunitateek ez dute administrazioarekin lanik egiten, baina hemen bai, zerbitzu kontratuak ditugu hainbat mankomunitaterekin eta etxez etxe biltzen ditugu altzariak eta bolumen handiko gauzak, etxetresna elektrikoak bildu eta konpontzen ditugu, arropa eta zapatak… Zabor ontzien aldamenean utzitako bolumen handiko gauzak ere gauero biltzen ditugu, eta horrela hiria garbitu. Nafarroa aitzindaria da horretan.

Eta komunitatea?
Belzunze herrian dago eta bertan 25 lagun bizi dira. Emausko bihotza da, hazia, hortik hasi baitzen dena. Taldearen eta pertsonen garapenerako eskola izatea du helburu.

"Eta orain lan jardunaldiaren murrizketa proposatu dugu, jende gehiago hartu ahal izateko: denok 32 ordu eta erdi lan egiten ditugu 1.100 euroko soldata gordinaren truke, hamalau pagatan"

Ekonomia zirkularra proposatzen duzue zuek.
Bai, baina egiazki ekonomia zirkularra ez da zirkularra, beti da beheranzko espirala, gauza bat erabiltzen duzun bakoitzean zerbait galtzen delako. Susmoa dut ekonomia zirkularra, garapen jasangarria bezala, lelo huts bilakatuko dela denak berdin jarrai dezan. Agintariek ez dute aldatzeko inolako asmorik, baina herritarrok ere ez gaude aldaketa klimatikoa, kutsadura, biodibertsitatearen galera... arazo horiek guztiak konpontzeko hartu beharko liratekeen neurriak  hartzeko prest. Desazkundea ezinbestekoa da. 2022an ia hiru milioi kilo ehun-gai eta oinetako bildu genituen. 3.000 tona. Egunero hamar tonatik gora Nafarroan. Okerrena ez da hori dena biltzea, okerrena da hori bildu ahal izateko egunero hamar tona arropa erosten dela, eta hamar tona arropa ekoizten dela badakigu non eta nola, eta honaino ekarri itsasontziz, kamioiez... Eta hori soilik Nafarroan. Erabateko zentzugabekeria da. Hau ez da geldituko dena lehertu arte.

Argazkia: Dani Blanco

Baikor izateko aukera gutxi?
Nik hala ikusten dut. Mundu osoa hirugarren mundu bihurtzeko prozesuan dago, nire ustez. Pobre eta aberatsen arteko arrakala hirugarren munduaren ezaugarria izan da, baina gurean ere gero eta arrakala handiagoa dugu. Bigarren pausoa pandemia izan zen. Ez genuen uste halakorik gertatzen ahal zenik geurean, baina iritsi zen. Eta hirugarren pausoa gerra da. Gerrak urrutikoak ziren, baina orain Europan dugu. Eta horri gehitzen badiozu klima aldaketa, krisi energetikoa, lehengaien agortzea, biodibertsitatearen galera... Okerrago biziko dira ondorengoak? Materialki bai, ez daukat zalantzarik. Zoriontsuago eta orekatuago?

Bada oso gustuko dudan idazle eta filosofo bat, Jorge Riechmann, eta berak dio zalantza dela XXI. mende honetan munduko biztanleriaren %50, %80 edo %100 hilko ote den. Haur txikiak ditugunontzat hobe ez pentsatzea. Ez naiz baikorra, baina, hala ere, egunero aurrera egin behar dela uste dut. Hil arte bizi, eta esperantza daukat noizbait erreakzioa iritsiko dela.
Bizirik jarraitu ahal izateko komunitate txikiak berriro indartuko dira. Komunitatea sortua duten esparruek izanen dute aukerarik handiena etorkizun beltzari aurre egin ahal izateko, auzo kontzeptua duten auzo horiek, gurea bezalako komunitateek...

Euskara bertebratzailea izan daiteke?
Bai, euskarak komunitatea sortzen duelako. Nik uste dut euskarak etorkizun oparoa izanen duela komunitaterako lotura delako. Hori bai, etortzen diren horiek euskara maitatzea nahi badugu, euskaldunak maite beharko dituzte lehenbizi. Tratua izan behar dugu haiekin.

"Batzuek diote migratzaileak arriskua direla euskararentzat. Askoz arriskutsuagoak iruditzen zaizkit euskara ikasi nahi ez duten bertakoak”

Batzuek diote migratzaileak arriskua direla euskararentzat. Askoz arriskutsuagoak iruditzen zaizkit euskara ikasi nahi ez duten bertakoak. Bestalde, arrisku izan daitezke aski lan egiten ez badugu. Zer harreman duzu zuk migratzaileekin? Zein komunitatetan sartzen zara haiekin batera, haiek gurean sar daitezen?

Eskatzea libre da, baina errazago lortzen da zerbait emanda. Eta gainera, guri dagokigu aldez aurretik ematea, guk dena dugulako eta haiek deus ez. Betebeharrik gabeko eskubideak oso gutxi dira eta gu ohituta gaude dena eskubide gisa aldarrikatzera.

Euskararekiko zer jarrera ikusten duzu kanpotik etorritakoen artean?
Haien jatorrizko herrietan ohituta badaude hizkuntza desberdinak erabiltzera, haientzat erabat normala da euskara aditzea. Aldiz, Erdialdeko eta Hego Amerikako jendeak gaztelaniarekin du atxikimendu handia, bertako hizkuntzak mespretxuz ikusten dituzte orokorrean, eta ez dute ulertzen nola guk, gaztelania izanda, euskaraz egiten ahal dugun. Batzuentzat zein besteentzat arrunta eta naturala da euskara entzutea, euskaldunon artean hemen beti euskaraz aritzen garelako. Gehien gehienek ez dute euskara ikasi, baina badakit gure lankide askoren seme-alabak D ereduan ari direla ikasten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Manosfera: sarean idologia misoginoa eta antifemista zabaltzen duen komunitatea

Uste baino gehiago zabaldu da Gizonesfera edo Manosfera Euskal Herrian. Asier Arizkorreta Emagin Elkarteko formatzailea, Gizonesferaren jatorriaz, estrategiaz, edukiaz, eta horri aurre egiteko estrategiez mintzatu da Iruñeko Txantrea auzoan.


Frantziako Konstituzioak jasoko du "aborturako askatasuna bermatzea"

Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.


Eguneraketa berriak daude