Familia zaurgarriak eta pisuak bankuen esku: hori da okupazioaren errealitatea

  • Desinformazio mediatikoak eta propaganda politikoak alerta jo dute existitzen ez den arazo baten gainean: edonor sar daitekeela zu bizi zaren etxera eta okupatu. 180 aldiz posibleagoa zu etxegabetua izatea, zure etxe barruan norbaitekin topo egiteko baino.

La Gatonera etxearen okupazio historikoa Madrilen. (Arg.: Todo por hacer)
La Gatonera etxearen okupazio historikoa Madrilen. (Arg.: Todo por hacer)
Artikulu hau CC BY-NC 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko urtarrilaren 15ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zortzi lege-proposamen, legez besteko zortzi proposizio eta bi mozio. Horiek dira okupazioaren fenomenoak legegintzaldi honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan zifretan izan duen presentzia. Kasu guztietan, batean izan ezik –PSOEk aurkeztutako legez besteko proposamen bat–, eskuina eta ultraeskuina izan dira protagonistak. Haien lerroetatik fenomeno horri buruzko dozenaka galdera ere atera dira, esaterako PPko Teodoro García Egeak 2021eko urtarrilaren 29an egin zuen honakoa: kezkatzen al du bigarren presidenteordea okupa ez den beste espainiarren baten ongizateak?

Okupazioak jarduera parlamentarioan izan duen presentzia handi hori estatuko irrati eta telebista kate handietan ere nabarmen islatu da, eta Isabel Díaz Ayuso, Pablo Casado edo Santiago Abascal bezalako figura politikoen adierazpen etengabeek presentzia hori indartu dute. Antena 3 telebista katea horren erakusgarri da, La Marea-ren artikulu honek erakusten duen bezala: aste bateko egun guztietan informazioa eskaini zioten okupazioaren gaiari, igandean izan ezik.

Horren guztiaren emaitza joan den urriko Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) barometroan ikus daiteke: etxebizitzen okupazioa Espainiako arazo nagusietako bat da, herritarren arabera. Galdera irekia denez, aipatze hutsak garrantzi nabarmena ematen dio, baina errealitatea da genero-indarkeria edo politikariekiko eta erakundeekiko konfiantzarik ezaren maila berean dagoela, eta inkestatuen %1ek jarri duela lehen 40 erantzunen artean.

Badirudi mugimendu okupak etxebizitza eskuratzea arriskuan jartzen duen ideia finkatuta dagoela, baina datuek ez dute justifikatzen alarma sozial horren nonahiko presentzia politiko eta mediatikoa. Alarma hori, ordea, oso onuragarria zaio segurtasunaren sektoreari, batez ere haren antitesia den etxegabetzeen fenomenoarekin alderatuz gero.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, 2021ean 41.359 familia bota zituzten etxebizitzatik Espainian. Urte horretan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) guztira 230 bizilekuren bortxatze-delitu jaso zituen, eta hori da hedabideetatik ohikoan jasotzen den “okupazio” mota. Bestela esanda, 180 aldiz aukera gehiago daude norbera etxetik botatzeko, ogia erostera atera eta itzuleran etxe barruan norbaitekin topo egiteko baino. Gainera, hedabideetan dena nahasten tematzen badira ere, bizilekuaren bortxatzea –bizi zaren etxean norbait sartzea– eta okupazioa oso jarduera desberdinak dira.

Hastapenetik, okupa mugimenduaren helburua “bankuek hutsik dituzten eraikinetan sartzea” izan da. Horietan sartzen ziren etxebizitza duin bat izateko oinarrizko eskubidea aldarrikatzeko, bereziki euren zaurgarritasunagatik etxea eskuratzea ukatzen zitzaien familiak buruan izanda. Hipotekak Eragindakoen Plataformako (PAH) Paco Morote bozeramaileak Ctxt-ko elkarrizketa honetan kontatzen duenez: “Gure ‘gizarte-ekintza’ deitzen genion”. Hortaz, okupen ekintzari ondoen egokitzen zaion delitu mota usurpazioarena da. Zigor Kodearen arabera, usurpazioa egiten da norbaitek baimenik gabe okupatzen duenean inoren “higiezin, etxebizitza edo eraikin bat, bizileku ez dena”. Hau da, etengabe hutsik dauden etxeak. Ez ogia erostera joan den andre baten etxea, ezta klase ertaineko familia baten oporretako bigarren egoitza ere. Hori ez da okupazioa. Gainera, hori gertatuko balitz, kanporatzea berehalakoa litzateke. Egiazki, ageri-ageriko delitua litzatekeenez, “ez litzateke behar kanporatzerik ere, etxean sartu denaren atxiloketak etxebizitza momentuan berreskuratzea ekarriko lukeelako”, argitu du Diego Alvarez magistratuak.

Okupazioaren aurkako legedi zorrotza eskatzen dute Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak.

Jabeen ustezko babesgabetasunari dagokionez, benetako okupazio-kasu baten aurrean –gogora dezagun: termino hori erabiltzen den guztietan, hutsik dagoen higiezin baten usurpazioari egingo zaio erreferentzia –, bai Paco Morotek bai Carlos Castillo Madrilgo Maizterren Sindikatuko abokatuak, Ctxt-ri adierazi diote legezko tresna nahiko daudela partikular batek ikus ez dezan bere jabetza inongo babesik gabe nola kentzen dioten. Bien iritzia epailetzako profesional askoren iritziari gehitu behar zaio, hala nola, Joaquim Bosch edo lehen aipatutako Diego Alvarez.

Castillok azaltzen du kasu batzuetan okupazioa denboran zergatik luzatzen den, eta zergatik, azkenean, okupei bertan bizitzen geratzea ahalbidetzen zaien: “Etxebizitza okupatuak daude oraindik, auzitegiek, Europak eta gure Konstituzioak aginduta, usurpazio-kasu batean jokoan dauden interesak haztatu behar dituztelako: banku batek urteetan etxebizitza bat hutsik uzteko duen interesa, adingabeak dituen familia batek bere kideen bizitzak garatzeko etxe bat izateko duen interesaren aurka”, abokatuak azaldu duenez. Eta, berriro ere, okupazioa denboran ez luzatzeko legezko tresnak daudela azpimarratzen du, baldin eta, jabe handi baten ordez, etxea bertan bizi den familia batena bada: “Albisteetan atera ohi diren kasu horietako batean –etxebizitza okupatzen dioten familia ahul baten kasuan– ez da ezer haztatu behar, eta etxean sartu direnak une horretantxe kalera doaz”.

Beste korronte desinformatzaile batzuen arabera, koalizio-gobernuaren ustezko permisibitate honekin, konspiratzen ariko lirateke Espainia edozein pertsona zure etxean sartu eta kalean utz zaitzakeen herrialde bihurtzeko. Hala ere, gobernuaren ekintza-ildoa oso desberdina da, eta martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretuan agerian geratu zen etxegabetzeen moratoria bat indarrean jarri zela Covid-19aren pandemiaren eragina murrizteko. Hartan, epaileei eskatzen zaie –baita larrialdi sanitario eta ekonomikoko egoera batean ere– okupatzen duenaren ezaugarriak zeintzuk diren kontuan hartzeko soilik etxejabe handien etxebizitzen kasuetan; aitzitik, partikular baten etxea bada, erabiltzen ez bada ere, zuzenean dekretatu daiteke etxea utzi beharra.

Azken batean, datu ofizialek eta legegintzaren joerak agerian uzten dute, kasuen gehiengo handi batean, usurpazio-delituek ez diotela kalterik egiten inongo jabe txikiri.

Ez gaizkileak, ez bizizaleak: etxebizitza duina izateko eskubidetik kanporatutako familia zaurgarriak
Argi utzi behar da okupazioa ez dela arazoa, sintoma baizik. Arazoa etxebizitza eskuratzeko baldintzetan dago. Esaldia behin baino gehiagotan errepikatzen da Paco Moroterekin telefonoz izandako elkarrizketan, eta badirudi nekatuta dagoela etengabe komunikabideen gezurren aurka borrokatu beharraz.

Europar Batasuneko etxebizitza publikoen parke urrienetako bat du Espainiak. Kontinentean pisu sozialen batez bestekoa %9,3 den bitartean, estatuan kopurua %2,5eraino jaisten da. Zifra horiek herritarren bizitza errealean duten eragina ulertzeko baliagarria da La Caixa Fundazioaren txosten hau: 30 eta 34 urte bitarteko gazteen %68 baino ezin da emantzipatu Espainiako Estatuan; etxebizitza soziala ia %17an dagoen Frantzian, gazteen %96.

Gainera, okupazioaren kriminalizazio-kanpaina honi gorrotoa (aporofobia) eransten dion klase-joera ere badago: diru-sarrera gutxien duen kintileko familien ia %80k gehiegizko ahalegin ekonomikoa egin behar du alokairua ordaintzeko. Datua itzela da. Ahultasun ekonomikoko egoeran dauden hamar etxebizitzatik zortzik ezin diete egoitza-gastuei aurre egin behar luketen lasaitasunarekin.

Higiezinen sektoreak Espainian duen egoera larria azaldu ondoren, Bartzelona Gizarte Ekintzak egindako azterlan batek balio du okupazio mugimenduari buruzko estigma desmuntatzeko. Inkestatutako 626 etxebizitzarekin eta Katalunian zehar egindako 39 elkarrizketarekin, okupatzen duten pertsonen batez besteko ezaugarrien irudi garbia eskaintzen du ikerketak. Horietako gehienek (%75) diote beren okupazioa etxebizitza bat eskuratzerik ez izatearen edo etxegabetze bat jasan izanaren ondorio dela, eta inkestatuen %80k beste bizileku-aukera bat bilatu zuen okupatu aurretik. Horietatik, hamarretik seik etxebizitza sozial bat eskuratzea eskatu zuten, baina ez zuten lortu. Espainiako etxebizitza publikoen parkea, ugaria izan barik ere Europako batez bestekoaren oso antzekoa balitz, usurpazio horien oso proportzio handia ez litzateke gertatuko. Kasuen erdietan baino gehiagotan adingabeak dituzten familiak dira. Adin-segmentu handiena 36-45 urtekoa da eta horietatik %72 mendetasun-egoera duten pertsonen kargura daude.

Horrez gain, okupazioaren beldurra tresna xenofobo gisa erabiltzea ere gezurtatzen da: inkestatuen %73k espainiar pasaportea duela egiaztatzen du. Eta immigrazio irregularraren mantra ere haizatu nahiko balitz, beste datu bat: paperik gabeko hamar migratzailetik seik (erantzunen %3 baino ez dute osatzen) mendetasuna duten pertsonekin bizi dela dio. Hau da, kasu gehienetan, etxe bat izatea hil ala biziko kontua da.

Azkenik, eta balio du Paco Morotek eta Carlos Castillok aurreratu dutena baieztatzeko, Katalunian okupatutako bost etxebizitzatik lau baino gehiago (%82) jabe handienak dira –finantza-erakundeak, horien higiezinen filialak, inbertsio-funtsak, Sareb bezalako erakundeak eta 1.250 m2 baino gehiagoko azalera bizigarriaren titularrak diren pertsona juridikoak–. Okupazio horien artean, bankuen pisuak nabarmentzen dira, hamarretik zazpi.

Demostratua geratu da eragindako gizarte-alarma faltsua dela; etxe bat aurkitzeko etsita dauden familiak munstro bihurtu nahi izan dituzte eta, beraz, zaila da hainbesteko tematze mediatiko eta politikoa ulertzea. Baina ez horren zaila Madrilgo Maizterren Sindikatuko abokatuak iradokitzen duen ikuspegitik aztertzen bada: eskuindarrentzat eta ultraeskuindarrentzat guztiz erabilgarria den “tresna ideologikoa” da, non oso ondo egokitzen diren haien etsai nagusiak, hala nola LGTBI kolektiboa, arrazializatutako pertsonak, klase baxuak eta mota guztietako aktibismoa.

Madrilen bezala, Bartzelonan ere okupazioaren aurkako dinamikak indar handia hartu du. Idealista guneak horrela azpimarratu du etxe okupatu honen mezua.

Alarmen burbuila
Borroka ideologikoa nahastu da, halaber, etxeko segurtasunaren sektoreak dituen interes ekonomikoekin, Espainia denean Europar Batasun osoan alarma gehien duen estatua eta munduko laugarrena. Negozio honek 2.000 milioi euro inguru mugiarazten ditu estatuan, eta 2021ean sektorea %12,3 hazi zen. Biolentzia erabiltzen duten talde neonaziak ere sortu dira eta etekina ateratzen ari dira gizartean gai honekin erein den izutik.

Eraso asko PSOEren gobernuaren aurkakoak dira bete-betean, baina ez mugitzeaz gain, gobernu-koalizioaren alderdi nagusiak hilabeteak daramatza Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko Legeari boikota egiten. Unidas Podemosekin legegintzaldiaren hasieran lortutako akordioan sinatu zen neurri hori, eta Dunja Mijatovic Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak etxebizitza eskubidearen egoeragatik Espainiari egindako enegarren errietan, gobernuari exijitu dio lege hori onar dezan.

Horren ordez, PSOEren parlamentu-taldeak, gobernu-bazkideari aldez aurretik kontsultarik egin gabe eta ultraeskuinaren diskurtsoari harrigarriki lotuz, Prozedura Kriminalaren Legearen erreforma erregistratu du, usurpazioetan ere kanporatze espres horiek ahalbidetzeko. Gainera, Carlos Castilloren arabera, “PSOEren proposamena astakeria juridikoa da, ez du ez hanka ez buru”.

Nació atariko artikulu batean, Roger Tudas Vilardell-ek azalpen bat bilatu zuen horren guztiaren inguruan, eta aztertu zuen ea errentatzaileen etekinak murrizteak legedi hori onartzen duten pertsonei zuzenean eragingo ote zien. Emaitzek berez hitz egiten dute. Biztanleriaren %5,4k baino ez ditu alokairuko etxebizitzak, baina zifra hori %33,3ra igotzen da Ciudadanoseko diputatuen artean, %30,8ra Voxen, %22,7ra PPn eta %17,5era PSOEn, eta horrek biztanleria orokorraren proportzioa hirukoizten du. Unidas Podemosek ere batez bestekoa gainditzen du, baina ez horren nabarmen: %9,1.

Putre funtsak eta ministro sozialista ohiak. Etenik ez duen presioa
Deriba neoliberal horren guztiaren atzean etxebizitzaren lobby-aren etengabeko presioa dago, Alokairuzko Etxebizitzen Jabeen Elkartea (ASVAL) buru duena, funts putreen interesak ordezkatzen dituena, Blackstone kasu, eta Pedro Sánchezen alderdiarekin lotura sendoak dituena. Elkarte horren presidentea Joan Clos da, ministro ohi sozialista eta Bartzelonako alkate ohia. Figura hori kontuan hartuta, hobeto ulertzen dira Bartzelonako alkate Ada Colauren salaketak, esaten duenean “higiezinen sektorea presionatzen ari dela” (eta hurbiltasun geografikoagatik eta etxebizitzaren aktibista izateagatik, kontuan hartu beharreko ahotsa da).

Izan ere, El Confidencial-ek adierazi zuen Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro aukeratzearekin, etxebizitzaren sektoreko erabakiak hurbiltzen zitzaizkiola PSCri, eta horrek errazten duela, halaber, Closek inoiz baino aukera hobea izatea zuzentzen duen espekulatzaileen lobbyaren aldeko erreformak lortzeko orduan.

Madrilen Ciudadanosek okupazioaren aurka deitutako ekitaldiaren aurrean egindako protesta.

Aurrean duguna
Testuinguruak asko laguntzen duenean, eta zentro-ezkerraren ageriko lankidetzarekin, gerra kulturalak aurrera baino ezin du egin. Areago krisi ekonomikoak eta energetikoak biztanleriaren sektore handiak pobreziara bultzatzen dituztenean. Norabide horretan, helburu bihurtzen dira kriminalizazioaren mugak are gehiago zabaltzea eta iritzi publikoa jabe handien interesekin lerrokatzen jarraitzea.

Carlos Castillok horretarako erabiltzen ari diren estrategiaz ohartarazten du. “Azkenotako joera maizter-okupazioaz hitz egitea da, eta horrek ASVALekin eta horrelako lobbyekin zerikusi handia du”. Hau da, okupa bat errenta ordaintzeari uzten dion maizter batekin parekatzea. Diskurtso horren helburua da igo den alokairua ordaindu ezin duten edo alokairua hainbat hilabetez ordaindu ezin duten prekarizatutako pertsonak okuparen figura erabat iraindu eta kriminalizatuarekin nahastea. Edo urrats bat gehiago ematea eta NBEk eskatzen duenaren guztiz kontrakoa sortzen saiatzea, hau da, jabeei errentariak azkar eta bermerik gabe etxetik ateratzeko aukera emango dien legeria bat ezartzea. “Hasten bagara ideia bat sortzen, hau da, maizter-okupa alokairua ordaintzeari uzten dizun pertsona dela eta berehala irtenarazi behar dela, bihar 500 euroko igoera eska diezaioket nire maizterrari eta, onartzen ez badu, jurisdikzioak kalera bidali eta etxebizitza berriro alokairuan jartzeko aukera emango dit edo, ziklo ekonomiko hobe baten zain, hutsik uztekoa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
2025-06-11 | ARGIA
Pasa den astean geldiarazi zen etxegabetzea gauzatu du Poliziak Iruñean

Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira... [+]


Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, indarrez

Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.


Iruñeko Alde Zaharreko etxegabetzea geldiaraztea lortu dute

San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.


Etxea

Etxea euskal ohitura zaharretan hildakoen eta bizirik zeudenen espazioa zen. Hilda jaiotzen ziren umeak edo bataiatu aurretik hildakoak kanpoko horma baten ondoan lurperatzen ziren, teilatuaren babesean. Abizenak ere etxe bati lotuta zeuden, etxeak ematen zion izena bertan bizi... [+]


2025-05-27 | Gedar
Ekainaren 30ean hasiko da Pasaiako Escalerillaseko bizilagunen aurkako epaiketa

Bederatzi familia etxegabetzeko prozedura judizialak abiatu ditu Pasaiako Portuak, eta bost familiaren aurkako epaiketari ekingo diote ekainaren 30ean, Donostian. Kaleratzeak geldi ditzatela eta bizilagun guztiei bizitoki alternatiba bat berma diezaietela exijitu du Euskal... [+]


2025-05-23 | Irutxuloko Hitza
Aldi baterako alokairu kontratuen “iruzurra” salatu du Donostiako Stop Kaleratzeakek

Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.


Foruzaingoak familia bat etxegabetu du Antsoainen, eta hori galaraztera joan direnen aurka oldartu da

10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea... [+]


Donostia tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.


Aldak etxebizitza bat okupatu du Bidarten “operazio espekulatiboa” salatzeko

Elkarteak salatu du okupatutako etxebizitza 1.615.000 euroan erosi zela 2021ean, eta egun 2.980.000 euroAn saltzen dela. Okupazioak iraun bitartean, espekulazioak sortzen dituen arazoez mintzatu dira etxeko egongelan. Balkoian Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


2025-03-26 | Sustatu
Prezio “dinamiko” eta puztuen susmoa etxebizitza aurkitzeko atarietan

Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa... [+]


Eguneraketa berriak daude