Martutenen 111 lagun desalojatu dituzte, eta Donostiako Udalak erdiari soilik eskaini dio aterpea

  • Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Donostiako Udaltzaingoak operazio zabala jarri dute martxan ostegun goizean Martuteneko institutu zaharrean bizi ziren 111 lagunak etxegabetzeko, nahiz eta eraikina hutsik aurkitu duten. Donostiako Udalak 50-60 lagun ingururi ireki dizkio soilik La Sirena aterpetxeko ateak. Mobilizazioa deitu dute 19:00etan Egian dagoen Donostiako Justizia Epaitegiaren aurrean.


2025eko abenduaren 4an - 12:42
Azken eguneraketa: 17:38
Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ostegunean, goizeko lehen orduetatik Ertzaintzaren hamabost bat furgoneta, Espainiako Poliziaren lau auto, Donostiako Udaltzaingoaren lau furgoneta eta drone bat izan dira Martuteneko institutu zaharraren inguruan. Berria-k jakinarazi duenez, eraikinaren inguruan dauden, eta migratzaileak bizi izan diren txabola batzuk arakatu ditu poliziak. Sarrerak itxi dituzte, eta iturri beraren arabera, gutxienez hiru pertsona identifikatu dituzte. Bertatik 111 lagun desalojatzeko agindua zuten. Hala ere, gehienak jada ez zeuden eraikin barruan. Etxegabetze mehatxuaren aurrean, bertan bizi ziren gehienak asteazken arratsalde-gauean eta gaur goizeko lehen orduetan joan behar izan dira eraikinetik, Poliziaren etxegabetze bortitz baten zain egon gabe.

Harrera Sareak jakinarazi duenez, 2003tik erabilerarik gabe egon da eraikina, eta azken urteetan kalean bizitzera behartutako migratzaileek babesa aurkitu dute bertan. Orain, eraikinaren jabe den Eusko Jaurlaritzak saltzea erabaki du: “Konpondu eta harrerara bideratzeko proposamenak baztertu ditu”, azaldu du sareak.

Bertan bizi zirenei laguntza eskaintzen dieten boluntarioen arabera, Donostiako Udalak esana du udal egoitzaren bat eskainiko diela etxegabetuei, baina soilik 50-60 lagunek izan dute aukera gaua hiriko La Sirena aterpetxean igarotzeko. Are, salatu dute udalak ez diela behar beste informazio eman eta boluntarioek ibili behar izan dutela lan horiek egiten. Izan ere, atzo azken momentuan bertan bizi ziren pertsona batzuei abisua eman zieten, eta lekualdaketa guztia gizarte-mugimenduetako boluntarioen bidez egin zen, euripean. Batzuk La Sirenara joateko abisua jaso zuten; beste batzuk ere hara joan ziren, baina kanpoan geratu ziren.

Polizia eraikinean sartu den momentuan, Gedar-ek sare sozialetan zabaldutako irudia Gedar

500 lagun kale gorrian Donostian

Iragan ostiralean hainbat eragilek prentsaurrekoa egin zuten desalojatu berri duten eraikin parean, etxegabetzea salatu eta udalaren eta poliziaren “konplizitatea” seinalatzeko. Bertan azaldu zuten etxegabetzea 2026ko otsailean zegoela aurreikusita, baina "egun batetik bestera, eguna ostegun honetara aldatu zuten”. Ondorioz, hilabete baino gutxiagoko epea izan dute bertan bizi diren pertsonek beste lo leku bat bilatzeko.

Adierazi dute hori ez dela egoera isolatu bat izan, eta egun 500 lagun inguru bizi direla kale gorrian Donostian, gehienak egoera zaurgarrian dauden migratzaileak. Gainera, komunikabideetan eta sare sozialetan bertan bizi direnak “seinalatzen eta segurtasun gune problematikotzat” aurkezten dituzte. Modu honetan, “foku mediatikoa arazo errealetik eta horien arduradunetatik aldentzen” dute, euren esanetan. Azaldu dute erakundeek bazekitela pertsona hauek kalean geratuko zirela, eta “kalean gera ez daitezen baliabideak bideratu beharrean –zerbitzu sozialen eta giza eskubideen bidea–, Poliziara jo dute pertsona hauek babesik gabe uzteko”. 

Mobilizazioa gaur

Hori denaren aurrean, manifestazioa deitu dute hainbat eragilek –Harrera Sareak, Saretxe etxebizitza sindikatuak, Martu harrera taldeak, Kaleko Afari Solidarioak, Guztiontzako Egiak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Amara Berri Ehuntzen-ek, eta Herripe auzo elkarteak– ostegunean, abenduaren 4an, 19:00etan Egiako epaitegietatik abiatuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Eguneraketa berriak daude