Basauriko bi bizilagun kalera bota dituzte Cerberus funts putrearen jabetzako pisutik

  • Pasa den astean ohartarazi zuen Batu Elkarlaguntza plataformak etxegabetzea egitekoak zirela, eta kontzentrazioa deitu dute ostegun goizerako. Ertzaintza oldartu egin zaie bertaratutakoei, eta bizilagunekin batera zeuden plataformako kideak identifikatu ditu. Manifestazioa deitu dute ostegun iluntzerako.

Batu Elkarlaguntzako kideak Basauriko etxegabtzea salatzeko kartelekin. Ecuador Etxea

2025eko azaroaren 13an - 14:41
Azken eguneraketa: 15:52
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Goizeko 8:30ean zegoen deituta Basauriko bi bizilagunen etxegabetzearen aurkako mobilizazioa. Batu Elkarlaguntza plataformak egin du deia, bertaratutakoen artean etxegabetzea bertan behera uzteko asmoz. Goizean goizetik izan da bertan Ertzaintza, eta zenbait liskarren ostean, goizeko 11:00etan bota dituzte etxetik bi bizilagunak. Beraiekin zeuden plataformako kideak identifikatu dituzten arren, ez da atxiloturik izan. Etxegabetzea salatzeko manifestazioa deitu du plataformak, 20:30ean Basauriko Benta Plazan.

Tentsio uneak bizi izan dituzte ostegun goizean Basauriko Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian. Bertaratutakoei batu zaizkie Basauriko Urbi BHI institutuko ikasleak, bizilagunei elkartasuna adierazteko geldialdia egin baitute eskoletan. Egon den jende kopuruak eta jarrera baketsuak saihestu du, Batuko kideek Geuria komunikabidean azaldu dutenaren arabera, atxiloketak egotea; dena den, identifikazioak egon dira. Identifikazio horiekin zer gertatuko den Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela adierazi dute plataformako kideek: “Esaten dute etxebizitzaren alde daudela eta horrelakoetan epaiak betetzea beste aukerarik ez dutela. Benetan aurkitu nahi badiote soluzioa etxebizitzaren arazoari, hipokrisia litzateke hemendik isunak ateratzea”.

Plataformak bertan azaldu duenez, bi bizilagunek lau urte zeramatzaten etxebizitza horretan bizitzen. Duela lau urte “kontratu faltsu batekin” sartu ziren etxe horretan; ordutik, alokairu erregular bat lortzen saiatu dira, baina plataformak salatu du enpresak ez duela nahi izan kontraturik egin. Orain, bi horiek kaleratuta, etxea hutsik geratuko dela diote: “Beste behin, etxebizitza bat hutsik geldituko da, etxebizitzarekin negozioa egiteko".

Ostegun iluntzean deitu dute manifestazioa gertatukoa salatzeko, Basauriko Benta Plazan, 20:30ean. Plataformak adierazi du etxegabetzea gelditzetik “gertu” egon direla, epaitegiko bitartekariak eta Ertzaintza “zalantzan” egon baitira. Hori horrela, jendeari etxebizitza plataformetan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Eguneraketa berriak daude