Zelai alboko ogroa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zelai alboko alde batetik bestera aginduak ematen ari zen entrenatzailea. Zelaiko jokalari bat barrura deitu zuen eta beste batengatik aldatu zuen. Mutikoa aulkian eseri orduko, gizonak buelta eman zuen, eta rolak, adinak, esperientziak, eta generoak berak ematen dion botere posiziotik, burua makurtu zuen jokalariari errieta egiten hasi zitzaion. Harmailetatik ogro beldurgarri haren oihuak entzun eta gorputz keinu oldarkor haiek ikusiz, mutikoa besarkatu eta tartetxo batez harekin oskolean izkutatzeko gogoa eman zidan, nolabait, jasanezina egiten zitzaidan indarkeria egoera hartatik babesteko. Bitartean, partidako erritmoak bere horretan jarraitzen zuen, zelaiko protagonistak bakoitza berean, eta harmailetan ohiko diren oihu, txalo eta iruzkinak. Alegia, han zeuden pertsonentzat egoera normala zen. Ziur asko, baita mutiko harentzat ere.

Izugarria da zein neurritan normalizatu den indarkeria kirol arloan, eta nola behin eta berriz justifikatzen den entrenatzeko estilo autoritario eta agresiboa

Izugarria da zein neurritan normalizatu den indarkeria kirol arloan, eta nola behin eta berriz justifikatzen den entrenatzeko estilo autoritario eta agresiboa, maskulinotasun hegemonikoa goraipatzen duena, homofoboa, zakarkeria eta umiliazioa onartzen duena, eta izua eragiten duena. Eta hain dago zabalduta entrenatzeko estilo hau ezen formakuntza adineko kirolean parte hartzen duten agente ia guztiek onesten duten, jokalariek barne, motibatzeko beharrezko izango bailuketeen. Pedagogiaz zertxobait ikasi duenak badaki beldurra ikaskuntza prozesuaren arerio handia dela, eta nahikoa izan daitekeela entrenatzaile batek sortzen duen indarkeria egoera bakar bat bizitza guztirako oinazea eragiteko, kirol bat ikasteko eta lagunak egiteko klubera pozik etorri ziren neska-mutilei.

Ulergaitza egiten zait oraindik ere egoera hauek ikustea, eta inguruak normaltzat hartzea; ulergaitza haurren heziketan murgilduta dauden pertsonek umeak horrela tratatzea; ulergaitza entrenatzaileen formakuntzetan tratu ona sustatzeko edukiak barneraturik ez egotea; eta ulergaitza klub edo federazio batek haurrak ondo tratatzen ez dituen pertsona bat hezitzaile onartzea.

Haur eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko lege berriak auzi honetan azpimarra jartzen duen arren, eta tratu onen inguruan kirol arloan hainbat betebehar ezartzen dituen arren, bada garaia kirol arloko agenteek kontzientziaz jokatzeko kiroleko bihotz gazteak zaindu eta babesteko. Kirol emaitzak baino, horretxek ekarriko baitu haien ongizatea eta zoriontasuna.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.