“Banderatzat hartu beharko genituzke euskal idazleak munduan”

Irene Larraza

2022ko azaroaren 06an

Zein da Etxepareren egitekoa Frankfurtekoa bezalako azoka baten?

Gure egitekoa orokorrean ez dago merkatuaren eremuan. Hor badaude profesionalak, kasu honetan editoreak, autoreak, itzultzaileak… sistema oso bat. Frankfurteko azoka, hain zuzen, eskubideen salmenta eta erosketarako azoka bat da; ez da liburuen promoziorako azoka bat edo autoreak ezagutarazteko azoka bat. Beste azoka batzuetan daukagun partaidetzarekin konparatuta, hau bestelakoa da. Baina Frankfurt bezalako toki bat interesgarria da, hemen elkartzen direlako mundu honetan interesgarriak eta norbait diren erakunde eta eragile asko. Bilerak bertan antolatzen ditugu, kontaktuak egiten dira. Eta alde horretatik oso espazio interesgarria da, zinez.

Aurten, Espainia herrialde gonbidatua izanda, euskal idazle batzuk gonbidatuta egon dira jadanik eta euskal editoreek erabaki dute hori baino gehiago ez jorratzea egileen presentzia. Horrela izan ez balitz, jaialditxo bat egingo genukeen hemen bertan.

Eta zein plaza da alde horretatik hau baino garrantzitsuagoa?

Boloniako azoka oso garrantzitsua da, adibidez, haur eta gazte literaturaren arloan. Badira Goteborgekoak bezalakoak, beste neurri bat duena, eta guk presentzia handiagoa izan dezakeguna. Eta oihartzun handiagoa. Gudalajarako FIL, edota Miamikoa, horiek oso garrantzitsuak izan dira beti guretzat.

Euskal stand hau ere, elkarlanaren emaitza da? Editoreak, irudigileak, Etxepare bera elkarrekin zaudetelako.

Duela urte batzuetatik editoreen eta agentea duten idazleen sarea gero eta indartsuagoa da. Nazioartekotzea agendan daukatenak. Guk argitalpen bilduma bat ekartzen dugu. Ez dago salgai, zabalkunderako materiala da, hizkuntzaz, literaturaz, zinemaz, arteaz hitz egiten duen materiala da, eta jendearen eskura jartzen dugu, doan, gure liburugintzari testuinguru bat emateko. Nor garen kulturaren bitartez kontatu nahi dugu, hemen eskaintzen ari garena ulertu dadin.

Espainia herrialde gonbidatua izateak eragin dio Etxepareri zerbaitetan?

Stand hau sekula baino handiagoa da, baina horrek erantzuten dio aurten ilustratzaileak gurekin izateari, batez ere. Argitaletxeak eta irudigileak batera daude, beraien lana munduari erakusten. Dimentsio hau ematea aurten gertatu da, baina aurrerantzean ere horrela izatea nahi genuke.

Hau editoreek egin dute, Jaurlaritzako kultura sailarekin batera. Presentzia sendo honek onura egiten dio euskal liburuaren sistema osoari. Zabalkundean bezala, idazleen prestigioan ari garen erakundeoi. Munduan burua altxatu behar dugu, eta askotan gertatzen zaigu nazioartera jauzi egitean nor garen azaltzen ibili behar dugula, baina gure maila erakutsi behar dugu. Hemen gaudela esan, eta nor garen adierazi, gero.

Zer jaso duzu egun hauetan hemen? Zerekin bueltatuko zara Euskal Herrira, eguneroko lanera?

Alde batetik Kataluniako Llul fundazioarekin harreman handia daukagu. Presentzia handia daukate Kataluniako editoreekin batera, Bartzelonako Udalak ere bere lekua hartzen du. Argitaletxeak ere badatoz. Oso eredu interesgarria da, eta gurea baino handiagoa. Agente sare propioa ere badute Kataluniako idazleek. Neurri batean beraien egiteko modu batzuk, guretzat eredugarri badira ere, gure eredu propioa landu behar dugu. Gu beste batzuk baino txikiagoak edo ahulagoak izan arren, potentzia handia dugula erakusten ari gara. Egunotan hainbat euskal idazle entzuten izan gara azoka barruan eta azokatik kanpo ere –Beyond Spain ekimenean, adibidez–. Iruditzen zait gure sortzaileak protagonista esanguratsuak direla, beste egile batzuekin batera entzuten ditugunean konturatzen gara zelako maila dagoen Euskal Herrian. Diskurtso intelektual izugarria daukate; euskaraz idazten dute, eta edonoren mailan daudela erakusten dute. Euskal idazleak munduan banderatzat hartu behar genituzkeela iruditzen zait.

Idazle guztiak ez daude nazioarteko eremuan oraindik, baina pixkanaka gero eta gehiago ari gara horretan. Euskal leihotxoak sortzen saiatzen gara nazioarteko jaialdi askotan. Nazioartean ibiltzeko aukera daukate idazleek, baina gero erantzun beharra dago. Gure ardura da horretarako bidea erraztea, itzulpenetarako bekak sortuz eta abar.

Mundu bat dago bilduta hemen, horrelako azoketan aukera berriak ere sortuko dira.

Sektoreak begiz jotzen duen toki interesgarriei jarraitu behar diegu, edota beste harreman batzuk sortzen dira, kontzeptualagoak. Quebec landu dugu, Eskoziarekin ari gara lanean. Ezagutzen gaituzte, eta maite gaituzte gainera. Tantaka tantaka egiten ari garen lana da, orain ere bilerak egin ditugu galestarrekin, euskaratik galesera itzulpenak egin eta Galesetik gurera ere ekartzeko. Industriaren logikan gerta ezin daitekeena gauzatzea da gure hautua. Galesek adibidez, hizkuntza eta kultura bezala ez dauka presentzia fisikorik hemen, ez dauka stand bat. Baina bi hiru lagun izan ditu bueltaka, harremanak egiten, lanean. Eredu bat da hori. Quebec-ek edo Flandriak oso presentzia handia daukate azoka guztietan. Guk Basque.Books daukagun bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu azokak
"Euskarak eta emakumeak presentzia gehiago behar dute azoketan"

Atzo hasi eta bihar bukatuko da Geure Gelatik azoka, Azkoitian. Emakumeen literatura oinarri duen euskarazko azoka da. Aurten, Jasone Osoro izango da omendua.


2023-09-28 | ARGIA
Inoizko postu gehien egongo dira larunbatean Hernaniko Liburu eta Disko Azokan

Doinuele euskara hutsezko plazen sareko hurrengo hitzordua irailaren 30ean izango da, Doberaren eskutik, 11:00etan hasita. Zenbait idazlek liburuak aurkeztuko dituzte, tartean Jakoba Errekondok eta Garbiñe Larreak. Bertso saio literarioa eta kontzertua ere egongo dira.


2023-08-28 | Leire Artola Arin
Irailaren 30ean egingo dute Hernaniko III. Liburu eta Disko Azoka

Abuztuaren 31era arte egin daiteke postua jartzeko eskaera. Aurten diskoak saltzeko aukera ere egongo da, lehen aldiz. Emanaldi eta aurkezpenak iragarri dituzte antolatzaileek. Dobera euskara elkarteak antolatzen du euskara hutsezko azoka, eta orain, Doinuele Euskarazko Plazen... [+]


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


2023-03-20 | Estitxu Eizagirre
Geure Gelatik liburu azoka Azkoitian, martxoaren 24 eta 25ean
"Aurtengo egitaraua osoagoa da, haur eta gazte literaturek ere bere tartea izango baitute"

Martxoaren 24 eta 25ean egingo da Geure Gelatik liburu azoka Azkoitian. Emakume idazleen azken bi urtetako ekoizpena ezagutu ahal izango da bertan, bai herriko liburu dendek hornituko dituzten mahaietan itzulitxoa eginez, eta baita hitzaldi, mahai-inguru eta fomato berezietan... [+]


Eguneraketa berriak daude