Etxebizitzetan energia lortzeko erabiltzen den teknologia mota erabat baldintzatuta dago klase sozialarekin, eta zentzu horretan, burujabetza energetiko berdea gutxi batzuen esku dagoen ondasuna litzateke.
Teknologia horiek sortzeko beharrezkoak diren lehengaiak aztertzen baditugu, ezingo genuke erabateko burujabetza baten inguruan hitz egin, mineral horietako asko Hegoalde Globaleko herrialdeen esplotaziotik baitatoz; hau da, haiekiko dependentzia dugu. Eta ezingo genuke ezta ere berde absolutu baten inguruan hitz egin, teknologia horiek ekoizteak, garraiatzeak eta haien fabrikaziorako beharrezkoa den mineralen ustiapenak eragiten duen aztarna ekologikoa nabarmena delako.
Helarazi nahi dudan mezua ez da energia berriztagarrien kontrakoa, baizik eta pentsatzea non, nola eta zein helbururekin egiten ditugun instalazioak. Izan ere, energia berriztagarriak naturan ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko daude. Etekin ekonomikoa atera nahi bazaie, edo beharrezkoak izan gabe modan daudelako jartzen baditugu, hasiera batean pentsatuak izan ziren helburuen kontra egiten ibiliko gara, teknologia horien atzean karbono dioxido igorpenak baitaude.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.