Glosa feminista posible da

  • Munduko hainbat tokitan tradizio luzeko jarduna da ahozko inprobisazioa eta, usadioa gaurkotzeko prozesuetan, tentsioak sortzen dira. Herrialde Katalanetako glosatzaile emakumeak antolatzen ari dira inprobisazioaren joko-arauak gorputz eta ahots ez-hegemonikoetara egokitzeko. Parte diren mugimendua eraldatu nahi dute, mugimenduaren parte izateari utzi gabe. Berta Llos eta Aurora Brullet glosatzaileekin hitz egin dugu.

Berta Llos glosatzailea (Argazkia: Xevi Vilaregut)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Katalanez egiten den kantu inprobisatua da glosa. Tradizioa galtzear egon zen harik eta 2000. urtearen bueltan zenbait eragilek berreskurapen-lanari ekin zioten arte. Territorio bakoitzean ezagutzen ziren tonadak identifikatu eta aldaera guztiak emari berean bateratu zituzten: Menorca eta Mallorcako glosa, Montanissellgo perdiuetak, Lleidako garrotinak, Ebroko jotak, l’Empordàko nyacresak eta patacadesak, irletako romançosak, bateko eta besteko corrandeak… “Glosa” generikoak biltzen du orain katalanezko kantu inprobisatu oro.

Begi asko gainean

Mende hasieran ekin zioten Kataluniako eskoletan kantu inprobisatua erakusteari ere, ahozkotasuna lantzeko onuragarria izan zitekeelakoan. Irakasle baten eskutik izan zuen glosaren berri Berta Llosek (Torroella de Montgrí, 1994): “Oso zalea zen, inprobisatu ere egiten zuen, eta haren eskutik zaletu ginen gaztetxo talde bat”. Ikasleen arteko hainbat topaketatan parte hartu zuten eta, batxilergoa amaitutakoan, irakasleak Espollara eraman zituen, “benetako glosatzaileak elkartzen diren tokira”. Espollan kantatu zuten lehen gaztetxoak izan ziren, “baina talde hartatik neuk bakarrik iraun nuen, gainerakoek utzi egin zuten”. Hurrengo urtean ere itzuli zen Llos Espollara, eta orduko hartan bakarrik kantatu zuen: “Nor da hain ondo inprobisatzen duen neska gazte hori?”, zabaldu zen hotsa.

Promesa gaztearen etiketa bizkarrean, miresmenak baldintzatuta bizi zela aitortzen du: “Nire erreferente handienekin inprobisatzen ari nintzen, maila eman beharra neukan!”. Presioak gain hartu zion, ordea, “lehertu eta ihes egin nuen glosatik, eta Bartzelonara joan nintzen bizitzera”. Handik urte batzuetara itzuli zen, helduago eta diskurtso feminista barneratuta. Beraren gaineko irakurketa aldatu egin zela ohartu zen, baita ematen zizkioten aholkuak ere: “Ordura arte teknika hobetu behar nuela esaten zidaten, oso ona izan nintekeela. Teknika hobetuta itzuli nintzenean, berriz, hitzak neurtu behar nituela gaztigatu zidaten, kontuz ibiltzeko mezuekin, ‘feminismoaz bakarrik’ kantatzen banuen ez nuela sekula lehiaketa irabaziko”.

Tradizioan arrotz

Bestelakoa izan da Aurora Brullet-en (Sant Quirze del Vallés, 1989) ibilbidea, militantzia sozialean ezagutu zuen glosa: “Herrian bagenuen CSA bat, zentro sozial autogestionatu bat, eta bertako hiru kide oso zaleak ziren. Sabadellgo garrotin-lehiaketan parte hartzen zuten eta CSAn ere programatzen genituen glosatsak. Barran, muntaian edo garbiketan ari nintzela ikusi nuen lehen aldiz jendea inprobisatzen: 30 edo 40 lagun kantuz solasean. Liluratu egin ninduen komunikatzeko modu hark. Nik ez dut glosa tradiziotik ezagutu, niretzat ez da ohiturei eta sustrai luzeko praktikari lotuta egon Menorcara iritsi nintzen arte”.

Berta Llos: "Teknika hobetuta itzuli nintzenean, hitzak neurtu behar nituela gaztigatu zidaten, kontuz ibiltzeko mezuekin, ‘feminismoaz bakarrik’ kantatzen banuen ez nuela sekula lehiaketa irabaziko"

Katalunian jaio zen arren, bere burua glosatzaile menorcartzat du Brulletek, han bizi baita hogei urte zituenetik, eta bertan sozializatu baita glosatzaile gisa: “Talka handia izan zen Menorcako glosaren mundura sartzea, hemen tradizioan oso erroturiko jarduna da, bertako nekazal bizimoduari lotua, antzinako erreferenteek pisu handia dute. Glosatzaileari ahotsa erabiltzeko modu bat, bizimodu jakin bat eta imajinario oso bat suposatzen zaizkio. Irudi hori, 80ko hamarkadara arte, erabat zegoen landa eremuari eta taberna-giroari lotua. Glosatzailea gizona zen, erretzailea, edalea, gorputz sendokoa, azal zaildukoa, bizarduna… Ideia esentzialista hori, neurri batean, bizirik dago oraindik. Menorcako glosatsetan asko errepikatzen da: ‘gauza bat da glosak egiten jakitea, eta beste bat glosatzaile izatea’. Askorentzat, glosak egiten dakien feminista da Brullet.

Bertaren ustez, Auroraren kasuan, nabarmena da feminista izateagatik jasaten duen zigorra: “Nik ez dut sentitzen Katalunian nire mezuek saioak ‘kentzen’ dizkidatenik. Hemen itxura batean aurrerakoiagoa da dena, baina itxura batean bakarrik; Mireia Domènechek lehengoan esan zuen bezala, Katalunian ‘biolentzia sinpatikoen’ garaian gaude”.

Ikasteko gosea

Aurora Brulletek eta Berta Llosek faltan sentitu izan dituzte glosa-formazio jarraituak, autodidaktak dira hein handi batean: “Eskolan oso modu informalean aritzen ginen, elkarrekin kantuan hasi eta jolas egiten genuen. Ez genekien nola ikasten zen, ez genekien ikas zitekeenik”, dio Llosek, “16 urterekin hasi eta 22 urtera arte, Espollako udako astebeteko eskola salbu, inoiz ez nuen glosatzen ‘ikasi’”. Benetako emanaldi batean kantatzeko deitu ziotenean sentitu zuen eskolak hartzeko premia: “Sekula ez nuen neure burua benetako glosatzailetzat izan!”.

Brulletek ere sentitu izan du formazio egarria: “Menorcan ez nuen inprobisatzeko espazio informalik aurkitu. Sant Quirzen zer edo zer kantatua nintzen ausarkeriaz, intuiziotik. Baina hemen ez zen halako gunerik eta pentsatzen nuen: ‘oholtzara igo behar badut, ikasi egin beharko dut!’. Baina ez dago formazio jarraitua jasotzeko aukerarik”.

Menorcan gaur egun inprobisatzen duten glosatzaile askok duela bi hamarkada ikasi zuten Miquel Ametller maisuarekin. Brulletek argiak eta itzalak sumatzen ditu transmisio-kate horretan: “Alde batetik, miresmen handia sentitzen dut Ametllerek egin zuen lanarekiko; hamarkada batean zehar hainbat ikastaro eta inprobisatzeko espazio sortu zituen. Baina formazio hori jaso zuten guztiek haren eredura ikasi zuten. Berak erabakitzen zuen nor zen oholtzara igotzeko gai eta nor ez. Ez zegoen gizon honen eskuetatik igarotzen ez zen oholtzarik”. Ametllerrekin ikasi zutenek formazio jarraitua jasotzeko aukera izan zuten eta, Brulleten iritziz, oholtzetarako “balioztatze txartela” lortu zuten, oraindik ere pisua duena: “Une historiko hark markatu zuen balioztatze soziala”.  

Emakume glosatzaileak oholtzan, Espolla herrian egiten den Glosa de vins ekitaldian (Argazkia: Xevi Vilaregut)
Badakiela uste duenak…

… ezin du jakin gehiago”, kantatu zuen Maialen Lujanbio bertsolariak. Espollako udako eskola da glosaren topagune eta formakuntza-gune nagusia. Urtero, hainbat ikastaro, tailer eta erakustaldi egiten dituzte bertan, baita txapelketa bat ere. Aurten, glosa munduko emakumeen Nyàmeres taldearen aurkezpena egiteko ere baliatu dute.

Bost gizonek eta 30 emakumek eman zuten izena eskolan. Diferentzia horren zergatiaz galdetuta, “gizonek dagoeneko aski formatuta daudela uste dute”, diote, “kontrara, emakume gehienok sentitzen dugu oraindik asko daukagula ikasteko”. Eskolan hiru maila bereizten dira: hasiberriena, erdibidekoa eta adituena, eta norberak kokatzen du bere burua nahi duen tokian. “Kurioski, bost gizonetatik batek ere ez zuen bere burua hasiberrien taldean kokatu. Baziren bi lehenbiziko urtea zutenak, eta haietako batek zuzenean eman zuen izena adituen taldean. Nik sei urte behar izan ditut talde horretara igarotzeko!”, dio Berta Llosek, “lehenbiziko urtea zuten emakume guztiek eman zuten izena mailarik apalenean. Hasiberrien taldean den-denak emakumeak ziren”. Irakaslerik gehienak gizonak ziren, glosaren munduan sona handiko erreferenteak.

Nyàmeresen taldearen aurkezpena ez zegoen programa ofizialaren barruan: “Sobremesa modura egin genuen, ez eskolaren barruan klase edo lantegi modura, apendize bat zen”. Adituen mailako hiru irakasle gizonetako bat bera ere ez zen bertan izan: “Bat desagertu egin zen, besteak bestondoa zuen eta hirugarrena, gaur egungo ‘glosaren aita’, inguruan ibili zen haurra zaintzen, dena entzuten baina parte hartu gabe”, penatzen da Llos, “saioa amaitu genuenean, ordea, niregana etorri eta txantxa antzean esan zidan, ‘tentuz Nyàmeresen kontuarekin, e? Ea noraino joaten zareten, glosaren mundua ezegonkortzeko ere!’”.

Gizonek gauzak azaltzen dizkidate

Nyàmeresen bilkuran taldekideek espazio seguruagoak sortzeko jarraibide batzuk aurkeztu zituzten: “Hitza eta espazioa banatzeko estrategia adostuak, bolumena eta tonua zaintzeari buruzkoak… Arrakasta handia izan zuen proposamenak”. Baina Ane Labakak “Gure aitak” artikuluan edo Rebecca Solnitek Men Explain Things to Me liburuan nola, Llosek tutoretzarekin egin zuten topo: “Gure bilera amaitu ostean tailerra geneukan ospe handiko maisuarekin eta, hasi orduko, gure proposamenak zuen intentzio feministari gor egin eta esan zuen: ‘oso ongi egon da proposamena, glosadaren kudeaketa deitzen zaio horri’. Zeharka adierazi zigun ez genuela ezer berririk ekarri”. Gertatu izan zaie gehiagotan ere: “Nyàmeres taldean beste era bateko glosa posible egiteko zer-nolako espazioak sor ditzakegun pentsatzen ari gara, testuingurua aldatuta askoz hobeak izango ginatekeela uste dugulako. Hausnarketa hori gizonekin konpartitzen dugunean oker gabiltzala esaten digute, edozein gai eta testuingurutara egokitzen asmatu behar dugula, beraiei oso gai diferenteak jartzen dizkietela eta nahi duten lekura eramaten dituztela”.

Espollako Glosa de vins ekitaldiaren aurretik ere, oholtzara igotzeko erreparo handia zuten hainbat emakumeren ahalduntzea kudeatzen ari zirela, aholkua eman zieten: “Denbora luzeegia eskaintzen diozue kontu emozionalari, jakin behar duzue bereizten noiz den emozioentzako eta noiz oholtza gainekoan zentratzeko unea”. Aurora Brulletek ere maiz sentitu izan du gizonek zalantzan jartzen dutela: “Askotan adierazi didate feminismoa eta aspektu emozionalak ‘ihesbidetzat’ edo ‘distrakzio teknikatzat’ hartzen ditugula”.

Norberaren buruaren mitoa

Autoritatea bakarrik ez, egiletza aitor diezaieten ere kostatzen zaie maiz. Norberaren irudi publikoa sortzeko baldintzez mintzo da Brullet: “Plazaz plaza lortzen da balioztatze soziala, baserrietako glosat pribatuetan edo tabernetako saioetan, ahoz aho. Plaza txiki horietarako sarbidea ez da erraza, eta hor aritu beharra duzu gero oholtzetara dei zaitzaten, denok ez dugu ‘geure buruaren mitoa’ sortzeko aukera bera”. Gainera, emakume glosatzaileen irudia, sarri, gizon glosatzaileen osagarri gisa eraiki izan dela dio: “Pilar Pons glosatzailearen irudia, adibidez, hala interpretatzen dut nik. Amatler maisuaren eskuin eskua bilakatu zen, baina Pilarren mitoa Amantlerren identitatetik abiatuta eraiki zela uste dut, haren osagarri modura. Beti elkarrekin joaten ziren eta horrek ospea eman zion Pilarri, baina bere mitoa ez zen independentea, emakume moduan irakurria zela uste dut, ez inprobisatzaile oso gisa”. Logika horrek oraindik ere badirauela uste du: “Askotan aurkezten gaituzte saioko emakume modura. Emakumearena egitea dagokigu, gure fisikoari, ahots finari, janzkerari edo amatasun edo ez-amatasunari kantatutakoei erantzutea, eta ez badugu emakumearena egiten, ez digute hainbeste deitzen, glosadore gizon zenbaitentzat deserosoak garelako, ez dakitelako nondik aterako garen, jokoan jartzen dugulako beren glosatzaile-prestigioa”.

Berta LLos: "Bazterra seinalatu eta bazterraz bakarrik kantarazten dizute, eta horrek ez dit beste gauza batzuetan pentsatzen uzten"

Egiletza eraikitzea kosta eta, hori gutxi balitz bezala, feminista etiketarekin mugatzen dituztela sentitzen dute: “Glosan, borroka sozialei eta gutxiengo zapalduen mezuei tokia egitea da nire helburuetako bat, azken boladan asko kantatu dut LGTBI kolektiboari buruz, zeharkatzen nauelako, baina batzuetan oportunismoa leporatzen didatela sentitzen dut”, deitoratzen du Llosek, “gainera, bazterra seinalatu eta bazterraz bakarrik kantarazten dizute, eta horrek ez dit beste gauza batzuetan pentsatzen uzten”. LGTBI kolektiboari edo feminismoari buruzko azaleko diskurtsoek ondo funtzionatzen dutela dio, baina sakonera joanez gero ez dutela enkajatzen. Bat dator Brullet: “Genero desberdinkeria behin eta berriz ukatzen da glosaren munduan, zuzenean ez bada zeharka, eta arazo indibidual gisa hartzen da. Glosatzaile askok esan edo adierazi didate joko-arauak onartu behar ditudala, ez saiatzeko jokoa aldatzen”.

Pastela nola banatu

Katalunian, teorian, glosats guztiak Cor de Carxofa elkartetik igarotzen dira, eta elkartea da glosatzaileak proposatzen dituena; Menorcan ere, Soca de Mots elkarteak erabakitzen du nor nora bidali: “Zentralizazio hori badago, elkarteek indar hori dute, nahiz eta zuzeneko deiak ere izaten diren. Ez dago kalitatearen araberako zerrenda ofizialik, baina badago hierarkia modu bat, eta tokiaren eta formatuaren arabera egokiagotzat jotzen dira glosatzaile batzuk besteak baino”, aipatzen du Llosek. “Temazo bat da nola erabakitzen den saio bakoitzera nor joango den”, dio Brulletek, “bizpahiru pertsonak erabakitzen dute Menorcan, eta beren ikuspegiaren araberakoa da plazetan kantatzeko duzun aukera”.

Gustua problematizatu beharraz ere mintzo dira: “Espollako txapelketan glosadore bat oso ongi aritu zen edukietan, estiloan eta teknikan; inor baino hobeto nire ustez, baina ‘ez dauka oholtzarik’ aipatu zuten askok, ‘ez du espektakulurik ematen, eta hori publikoari ez zaio gustatzen’. Nola dakizu publikoari zer gustatzen zaion probarik egin ezean?”, galdetzen du Berta Llosek. “Tamalez, ertza –generoari, territorioari, estiloari edo ideologiari dagokiona– desafiotzat edo akastzat hartzen da”, dio Brulletek.

Nyàmeres, lurpean hazten ari den tuberkulua

Gai hauek eta beste hainbat lantzeko sortu zuten hainbat emakume glosatzailek Nyàmeres taldea 2022ko urtarrilean. Askotariko ibilbideak eta diskurtsoak dituzten emakumeak biltzen dira bertan, eta hasiak dira hainbat esparrutan lanean. Batzuek ikerketa eta errekuperazio lana lehenesten dute, “emakumeek kantatu ohi zituzten melodiak arakatu, andre historikoak errekuperatu…”; beste batzuek prozesu feminista sakona jarri nahi lukete abian, emakumearen ikuspegi esentzialistatik harago. Gauza batean bat datoz: “Nyàmeres ongizate handia sortzen ari da”. Hala dio Llosek: “Niri glosak aldi berean eragiten dizkit ongizatea eta ondoeza, tentsio handia, presioa eta kuestionamendua sentitzen ditudalako. Horregatik, asko eskertu dut ongizatea sentitzea. Sentipen orokorra dela uste dut eta horregatik hurbiltzen dela gero eta kide gehiago”. Lurpean pixkanaka hazten ari da eraldaketaren tuberkulua: “Elkar ezagutzea oso garrantzitsua dela ohartu gara, ondoez handia sortzen digu emakumeen arteko lehiak, eta hori desaktibatzeko ezinbestekoa da elkar hartzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


2025-06-27 | Iker Barandiaran
Portu askotatik abiatuta

Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025

---------------------------------------------------------

Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra... [+]


Arlote alprojak edo langabe arruntak?

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Igela, 2025

------------------------------------------------------------

George Orwell Abereen etxaldea (Animal farm, 1945) eta 1984 (1949) eleberriengatik ezagutzen dugu, euskarara itzuliak biak. Baina horien aurretik Down... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


Ey, ey... Turismo kolonialaren bonba lehertu duela Bad Bunnyk

Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]


Hil Faborez Fest
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Eguneraketa berriak daude