Zaintzapean baina babesik gabe


2022ko urriaren 03an - 12:07

Irailaren 26tik urriaren 3ra bitartean epaitu dituzte hamar gizon Arabako Probintzia Auzitegian, Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroan zaintzapean zeuden hainbat adin txikikori sexu abusuak egitea leporatuta. Sei urte luze itxaron dituzte biktimek, 2016. urtean salaketa jarri zutenetik. Ertzaintzak tarte horretan egindako ikerketaren arabera, 14 eta 17 urte bitarteko zazpi neska-mutil prostituitu zituzten akusatuen aulkietan eseritako hamar gizonek. Horietako lauk epaiketaren lehen egunean bertan onartu dituzte delituak, zigorra arintzeko: adin txikikoekin “sexu-harremanak edukitzeagatik ordaindu” zutela aitortu dute, “damututa” daudela baieztatu eta berriro errepikatuko ez dela agindu. Horrela lortu dute fiskaltzarekin akordioa, eta 1 eta 13 urte arteko kartzela-zigorrak onartu dituzte. Beste seiek sententziaren zain egon beharko dute; 29 urte arteko zigorrak izan ditzakete.

Izatez, auzipetuei delitu hauek egozten dizkiete: ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak. Baina erasoa definitzeko modu desberdinak ikusi ditugu han eta hemen: ordaindutako sexu-harremanak, sexu abusuak, prostituzioa, adin txikikoak webgune baten bidez sexurako kontratatzea... Kasua argitara atera zenean, sektoreko hainbat profesionalek salatu zuten hainbat hedabidek “sentsazionalismoa” erabili zutela eta informazioa tratatzeko orduan ez zutela adingabeen babesa bermatu. Ondorioak biktimek eurek berretsi dituzte orain: deklaratu dute gertatutakoagatik “errudun” sentitzen zirela hasieran. Gazteek argitu dute momentu hartan ez zutela gertatzen ari zenaren kontzientziarik, eta denbora behar izan dutela ulertzeko eurak biktima direla, ez errudun. Azaldu dutenez, euren bizitzetan mina eragin die kontzientzia hartze horrek.

Gogoraraztekoa da adin txikiko neska-mutil hauek Arabako Diputazioaren zaintzapean zeudela eta Sansoheta zentroan bizi zirela sexu abusuak egin zizkieten denbora-tartean. Halere, diputazioak ez du inolako akatsik ikusi bere jardunean, eta agintariek behin eta berriz azpimarratu dute fiskaltzak nahiz epaileek ziurtatu dutela aldundiak ez duela inolako erantzukizunik; eskuak garbitzeko baliatu dute hori. Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu du delituak “zentrotik kanpo” jazo zirela, eta “zoritxarrez” zaintzapeko eta ez zaintzapeko gazte eta pertsonei gerta ahal zaiela berbera. Esanguratsua da, baina, auzia azaleratu zenean polemika piztu zela diputazioen ardurapeko zentroen gabezien gainean. ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek gogor kritikatu zuten Sansoheta ez ezik, Bideberria zentroetako kudeaketa “zabarra” eta administrazioaren “jokabide axolagabea”. 2016an hogei lagun bizi ziren Sansohetan, hamarrentzat prestatuta zegoen tokian. Auzi honek argi utzi du adin txikikoak, batik bat babesik handiena behar dutenak, babesgabe daudela sistema honetan; errudunak aurkitu ditu justiziak, baina erantzuleak gehiago dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adingabekoen eskubideak
2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusu kasuak atzemateko protokolo berriak eskatu ditu Gasteizko Legebiltzarrak

Neurri eta gomendioak biltzen dituen txosten bat aurkeztu du Legebiltzarreko batzordeak; esaterako, Osakidetzan, ikastetxeetan eta Ertzaintzan protokoloak berrikusteko eta eguneratzeko premia.


Indarkeria sufritzen duten hamar adingabeetatik zortzi neskak dira

Save the Children erakundeak adigabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Datuok soilik “icebergaren punta” direla azpimarratu dute, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.


2023-09-24 | Estitxu Eizagirre
Entrenatu gaitezen indarkeria ez erabiltzen

Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik... [+]


Eguneraketa berriak daude