Duela 30.000 urteko zirujauak

  • Borneo, duela 31.000 urte. 10-13 urte arteko mutiko batek istripu bat edo gaixotasun bat izan zuen eta kalte larriak eragin zizkion ezkerreko hankan. Mutikoaren bizia salbatzeko, oina anputatu zioten, hanka berna-bizkarretik ebakita.

(Argazkia: Tim Maloney / Nature)

Anestesiarik eta antibiotikorik gabe egin zioten ebakuntza Borneoko mutikoari, baina onik atera zen. Ezagutzen den ebakuntza kirurgiko zaharrena da, Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerlan baten arabera. Eskeletoa 2020an aurkitu zuen Liang Tebo kobazuloan Australiako eta Indonesiako arkeologo talde batek. Indibiduo hari hanka anputatu ziotela ondorioztatzeaz gain, nahiko ondo orbaindu zitzaiola ere ikusi zuten. Mutikoak bizirik iraun zuen beste hainbat urtez, eta 19-20 urte zituela hil zen, anputazioarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Ebakuntza egin zuenak anatomiako ezagutza xeheak izan behar zituen eta pazientea hilko zuen hemorragia saihesteko gai izan behar zuen

Ikerlariek garbi dute anputazioa ez zuela trauma edo istripu batek eragin. Esaterako, animalien erasoek eragindako anputazioek haustura birrindu eta zanpatuak utzi ohi dituzte, eta Borneoko eskeletoak ebaki zeihar garbia du, zirujau batek tresna zorrotzekin eragiten duenaren antzekoa.

Ebakuntza egin zuenak anatomiako ezagutza xeheak izan behar zituen eta pazientea hilko zuen hemorragia saihesteko gai izan behar zuen. Baina ikerlarientzat esanguratsuagoa da ebakuntzaren ondorioei aurre egin izana. Halako zauri batean infekzio arriskua oso handia da. Kirurgiarako ahalmenaz gain, inguruko landareen propietateak ondo ezagutu behar zituzten.

Orain arte, anputazio baten arrastorik zaharrena duela 7.000 urte Frantzian nekazari bati egindako da; ezkerreko besaurrea falta zitzaion eskeletoari. Horregatik adituek uste zuten halako ebakuntzak egiteko ezagutza mediko konplexuak Neolitoan iritsi zirela, nekazaritzaren garapenarekin bat. Baina Borneoko mutikoak erakusten du komunitate biltzaile-ehiztari askoz zaharragoak ere horretarako gai zirela. Froga gehiagorik ezean, adituek ez dakite Borneoko komunitate horrek ezohiko jakintza aurreratua ote zuen ala medikuntza kultura konplexu hori uhartetik kanpo ere zabaldua zegoen. Baina Tim Maloney ikerlari taldearen buruak dioenez, aurkikuntzak “medikuntzaren historia ulertzeko modua astindu dezake”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


"Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen"

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


2023-09-03 | Reyes Ilintxeta
Vicente Madoz. Psikiatra humanista
"Pandemiarekin aurkitu ditugu izaki ahulagoak, estres egoeren aurrean gainezka egiten dutenak"

Azken mende erdi luze honetan Vicente Madoz psikiatra oso presente egon da Nafarroan osasun mentalaz, sexu-hezkuntzaz, bikote harremanez, adikzioez edo heriotzaz hitz egitean. 1960ko hamarkadan Ingalaterran ikusi eta ikasi zuena hona ekarri zuen, psikiatria berriaren oinarriak... [+]


Psikiatrikoen aurkako salaketa kalera aterako du Harro Zoroa mugimenduak asteburuan Bilbon

“Hego Euskal Herria da elektroshock gehien praktikatzen den Espainiako Estatuko lurraldea; Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daude”, azaldu dio ARGIAri Heiko Elbira Zoroa GAM taldeko kideak. Hori eta beste hainbat praktika psikiatriko salatzeko Harro Zoroa... [+]


Eguneraketa berriak daude