Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan

  • Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko itsasadarrak markatzen du Lapurdirekiko muga. Iparralderantz Arcachongo badia eta Ferret lurmuturra bezalako helmuga turistikoak, eta bertan Bordele eta Girondako itsasadarra.

Argazkia: Thibaud Moritz-AFP

Alabaina, 2022ko uztailean beste arrazoi batek ekarri dizkigu Landak hedabideetako lerroburuetara. Bi sute handi gertatu dira, egun gutxiren buruan kalte izugarriak eraginez. Lehena kostan bertan piztu da, La Teste de Buch herrian; bigarrena barnealderantz, Landirasen. Lehen estimazioen arabera, 20.000 hektarea inguru erre dira guztira. Ez zen halakorik gogoratzen 1949ko sarraskiaz geroztik; suak 52.000 hektarea irentsi zituen orduan, horietatik 25.000 pinudiak; 82 lagun hil ziren, eta Bordele errautsek estalita gelditu zen. Berotze globalaren ondorioz, gero eta ohikoagoa izango da sute-arriskua; hortaz, komeni da gizarte gisa ingurunearekin dugun harremanaz hausnartzea, arriskua mugatzen ala hauspotzen ari ote garen jakiteko.

Landetako-plantazio-hedaduraren-bilakaera-1750-1936. Argazkia Wikimedia Commons.

Ez zen beti basoa izan
Landetan gertatua bere testuinguruan jartzeko, ezinbestekoa da egungo lur-estaldura aztertzen hastea. Frantziako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) emandako datuen arabera, Landetako eta Girondako departamentuen azalera osoaren %45 baino gehiago “basoz” estalita dago baina, datu horren azpian, errealitate deserosoago bat dago. Landetako Basoak 1,4 milioi hektareako hedadura du, eta horien %90 baino gehiago jabetza pribatukoa da; gainazal osoaren %25 berrehun jaberen esku dago soilik. Eremu zabal hori konifero-plantazio monoespezifikoz estalita dago ia osoki. Itsas pinua (Pinus pinaster) da espezie nagusia, eta egur eta paper industriaren merkatuan saltzeko hazten da. Azken urteetan, behin baino gehiago piztu dira plantazio horien kudeaketaren inguruko polemikak, besteak beste, glifosatoaren erabilerari lotuta.

Baina ez zen beti horrela izan. XIX. mendera arte, basoak puntu jakin batzuetan baino ez zeuden: Lacanau, Arcaishon, Biscarròssa eta Marensin inguruetan batik bat. Haatik, lurraldearen zatirik handiena paduraz eta zingiraz osatuta zegoen. Bertan, hezetasun-mailaren arabera, zuhaixkaz eta ihiz osatutako landaretza zen nagusi: txilarrak, erratzak, oteak, iratzeak eta abar. Herri-lurrak ziren gehienak, hau da, komunitate bakoitzeko bizilagunek libreki ustia zitzaketen, kolektiboki xedatutako araudi batzuen baitan.

Laborantzarako lur desegokiak izanik, artzaintza zen eskualdeko biztanleen ogibide nagusia. Artzainak airial izeneko borda txikietan babesten ziren, eta bertatik artaldeak landara eramateko, zingirak saihesteko egurrezko zango handien gainean ibiliz. Artzain hauek bizimodu nomada eta bakartia zuten, kultura bereizgarri baten lekuko.

Landetako paisaia 1877 inguruan. Argazkia: Wikimedia Commons

Estatu liberala, tokiko komunitateen aurka
XVIII. mendean, Ilustrazioaren ideiak hedatzearekin batera, gizartea, ekonomia eta laborantza modu arrazionalean birformulatzeko aldarriak nagusitu ziren Europa osoan, baina bereziki Frantzian. Horren adibide da, adibidez, François Quesnayk sortutako eskola fisiokratikoa. Landatarren bizimodu tradizionala, noski, ez zen egokitzen Ilustrazioak proposatutako parametro horietan, eta horrenbestez exotikotzat eta are basatitzat jo zuten. Irudi hori XIX. mendean areagotu zen, herri-lurren kudeaketa kolektiboan eta estentsiboan oinarritutako ekonomia aurrerapenaren eta arrazoiaren aurkakotzat jotzen baitzen.

Ildo honetan, François Flamichon geografoak honela deskribatu zituen Landak 1815ean: “Basamortu zabal horietan sartuta, begia harrituta gelditzen da ustekabeko ikuspegi uniformearen aurrean, 50 legoara Pirinioen punta ikusten duelarik. (…) Ikusleak ez du bereizten lurraldearen ñabardura txikienik ere, alde guztietatik inguratzen duen paisaiaren luze-zabal osoan. Han eta hemen sakabanatutako pinudi ñimiñoak ikusten dira. (…) Ez dago begiarentzat gauza aspergarriago, zaporerik gabekoagorik, Bordeleko Landen itxura baino”. Irudi bera eman zuen Jean-Baptiste Bory de Saint-Vincent naturalista eta politikariak, 1826an, Landak “basamortu” gisa definitzean. Ondorengo hamarkadetan ohikoa izan zen Landak urruneko paraje hutsekin alderatzea: Afrikako zein Missouriko sabanekin, Siberiako taigarekin, are Sahararekin.

Aurrerapenaren misiolarientzat, hurrengo pausoak logikoa zirudien: beharrezkoa zen lurralde honetara “zibilizazioa” eramatea, Estatu Batuak Ipar Amerika “kolonizatzen” ari ziren bezalaxe (Henry Ribadieu, 1859). Zenbait inbertsorek hartu zuten ardura hori, Landetan lursailak erosi eta, drainatze-proiektuen bidez, arroz edo tabako plantazioak sortzen saiatuz; baina, hasiera batean behintzat, egitasmo horiek ez zuten arrakastarik izan, tokiko komunitateen oposizioarekin topo egin baitzuten.

Testuinguru horretan ulertu behar dira garai hartan Landen ustiaketa “arrazionalizatzeko” martxan paratu zen estrategia politikoa. Prozesua XVIII. mende bukaeran hasi zen, Frantziar Iraultzak abiatutako Estatu liberalaren eraikuntzaren baitan; ondorengo hamarkadetan, herri-lurrak zatikatzeko eta pribatizatzeko dekretuak eman ziren, eta Landetan zegoen, hain zuzen ere, Estatu osoko herri-lur kopururik handiena. Yzarn de Freissinet nobleak argi eta garbi azaldu zuen 1837an: “Herri-lurrek aurrerapena oztopatzen dute, ardi bat hazteko behar den lurra erabil bailiteke familia oso bat elikatzeko. (…) Uler dezakegu gure ate aurrean dugula lurralde birjin bat, eta enpresa zoragarrien abiapuntu bilaka daitekeela, espekulatzaileek ongi ezagutzen eta preziatzen dituzten lautada hauetan inbertituko baitute beren dirua”. Beste hitz batzuetan esanda, Estatu liberalak ekarri zuen Estatu nazionala, eta ideologia berriarentzat hura zen, tokiko komunitateen gainetik, herriaren interesak zehazteko eta lurraldearen antolakuntza merkatu-askatasunaren ikuspegitik arautzeko eskumena zuen entitate bakarra.

Landetako basoa, itsas-pinuen plantazio monoespezifikoz osatua. Argazkia: Wikimedia Commons

Barne-kolonizazioa
Hortaz, XIX. mendearen erdialdean Frantziako Estatuak benetako barne-kolonizazio bat abiatu zuen Landetan. 1849an, Jules Chambrelent ingeniariak 400 hektareako lursail bat erosi zuen Cestàs herrian. Bertan, zingirak drainatzeko kanal-sare ortogonal bat diseinatu zuen, segidan pinuak landatzeko. Esperimentuak arrakasta izan zuen, eta Chambrelentek 1855eko Erakusketa Unibertsalean erakutsi zituen bere emaitzak.

Napoleon III. enperadoreak interes handia erakutsi zuen haren egitasmoan, eta urte gutxiren buruan lege berezi bat sustatu zuen drainatzeak Landen hedadura osora zabaltzeko: 1857ko Legea, Gaskoiniako Landen Saneamenduari eta Laborantzari buruzkoa. Testu horrek hiru ideia nagusi jaso zituen. Lehenik, udalerri guztiek beren herri-lurrak drainatzeko betebeharra izango zuten, zanga-sistemen bidez, maila freatikoa jaitsarazi eta pinuak landatu ahal izateko. Bigarrenik, horrela drainatutako lurrak lursail txikietan banatu eta enkantean saldu beharko zituzten, hamabi urteren buruan gehienez. Hirugarrenik, erosleen ardura izango zen zuhaitz-landaketak egitea eta ustiatzea.

Ondorioz, urte gutxiren buruan Landen itxura errotik aldatu zen: herri-lurrez osatutako zingira zabalen ordez, plantazio monoespezifikoz osatutako baso handi bat agertu zen, Estatu liberalaren eta kapitalismo industrialaren interesei erantzunez. Azken landa-zatiak 1914an saldu ziren. Lurjabe berriek pinu-plantazioak hobetsi zituzten, bertatik erretxina erauzi eta garatzen ari zen industria kimikoa hornitzeko.

Herri-lurrak desagertuta, tokiko komunitateek beren bizimodu tradizionala galdu zuten. XIX. mendearen erdialdetik, Landetako biztanleriak behera egin zuen eta nabarmen zahartu zen, gazte ugarik Estatuko hirigune nagusietara migratu baitzuten. Bertan gelditu zirenek ez zuten plantazioetan soldatapean lanean hastea beste aukerarik izan. Artzain izatetik, laborantzako proletario izatera pasa ziren. Hasieran izan ziren zenbait errebolta-saiakera: plantazioen erreketak eta grebak ohikoak izan ziren, bereziki, 1930ko hamarkadara arte. Baina, pixkanaka, Landetako erretxina lehiakortasuna galtzen joan zen lan-esku merkeagoetako inportazioen artean, eta plantazio asko bertan behera gelditu ziren. Horrela piztu zen 1949ko sute izugarria, Frantziako Estatuaren historiako hilgarrienetako bat.

Ordutik, pinu-plantazioak berrezarri eta hedatu egin dira, Europa mendebaldeko baso industrial handiena osatzeraino. Erretxina baino, egurra eta papera ekoizten dira orain, baina emaitza berbera da: ekosistemen pobretzea eta biodibertsitatearen galera, alde batetik, eta tokiko komunitateen desagerpena, bestetik. XX. mende erdialdetik aurrera biztanleria berriro hazten hasi bada ere, hazkunde hori turismoari lotuta dago batik bat, eta kostaldeko opor-guneetan kontzentratu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okzitania
2023-11-06 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Okzitania (I): kantuak eta bertso arinak

Okzitania, Europa modernoaren sorrera garaian, zulo beltz baten gisakoa iruditzen zait. Eta zalantzan izaten naiz ea ez ote garen zulo beltz horretan behera oraindik ere erortzen eta erortzen ari. Joxe Azurmendik duela gutxi argitaratu duen Europa bezain zaharra liburuan atal... [+]


Lehen arkitekturari ez ikusiarena egin zioten

Borniquel (Okzitania), duela 176.000 urte. Kobazulo batean, 336 metro sakon, neandertalek eraztun formako egitura bikoitza egin zuten estalagmitak baliatuz. Milaka urte horietan guztietan egitura ezkutuan egon zen, 1990ean aurkitu zuten arte. Eta, ondoren, beste 24 urtez,... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Pirinioetako basoak ustiatu nahi zituen zerrategi industriala ez dute eraikiko

Lannemezanen (Okzitania) eraikitzekoa zen zerrategi erraldoiaren proiektua bertan behera utzi du Florian italiar multinazionalak. Urtean 1.200 futbol-zelai adina pagadi moztu asmo zuten.


Igor Suberbiola preso donostiarra kalean da

Igor Suberbiola (Donostia, 1979) euskal preso donostiarrak atzean utzi du Mont de Marsango espetxea (Okzitania, 234 kilometro), hamahiru urte preso pasa ostean.


Eguneraketa berriak daude