Eta zuk, zer turistifikatzen duzu?

  • Izan duen gorakadak hauspotuta, asko idatzi da bazterrotan turismo masiboaz eta haren ondorioez. Asko egin eta idatziko da oraindik; baina komeni da, jasaten den horretan fokoa jartzeaz gain, eragiten den horretan ere jartzea. Noiz gara gu eta gure bizilagunak inguru bat eraldatzen duen turista?

Argazkiak: Wikimedia

2018ko uztailaren 27an - 00:00

Datuei erreparatu beharrik gabe ere, begiak dituenak badaki; kalera, plazara, hondartzara, mendira edo beste edonora begiratu besterik ez dago: turismoaren gorakada nabarmena da Euskal Herrian. Gero eta zabalagoa ere bai: berdin hartzen ditu kostaldea (Zumaia, Donibane Lohitzune, Donostia, Lekeitio…) zein barnealdea. (Iruñea, Bilbo…). Eskutik dakar turistifikazioa, honezkero despistatuenari ere ezaguna egingo zaion hitza. Ezagun egingo zaizkion bezala izen horren itzalpeko ondorioak: alokairuen igoera, turistei bideratutako merkataritza eskaintza mugagabea, saturazioa… Kezkatzen hasi dira asko, beste asko antolatzen ere bai, eta bakarren batzuek neurriren bat edo beste hartu dute.

Turismoaren eta bere eraginaren gaitzak ez dira atzoko kontua ordea. Etxeko sutondoraino sartu eta askoren kezken zerrendan postuak gora egin aurretik baziren turismo masiboaren ajeak jasaten zituzten zonaldeak; eta gezurra dirudien arren, Biarritz, Iruñea edo Zarautzen adina turista (edo gehiago) pilatzen dira mundu osoko modako toki ez gutxitan. Are gehiago: Biarritzeko, Iruñeko edo Zarauzko bizilagunek –horretarako adina diru eta denbora dutenek, behintzat– turistetatik ihes egin nahi dutenean, toki horiek berak bisitatzen dituzte. Ditut, ditugu, eta –litekeena da– dituzu.

Jendez jositako lekuei iskin egin eta paraje bazterreko edo ez-ohikoagoetara jotzeak eragin hori leuntzen duenik ere ez dago argi. Gero eta gehiago dira turistengandik ihesi doazen turistak, eta sarri haiek markatzen dute hurrengo tendentziak zein izango diren, atzetik etorriko den jende saldoari bide eginez.

Bistan da: turismo masiboaren ondorioak jasaten dituzten denak ez dira gero turismo basatia egitera joaten, eta toki bat bisitatuta ere, han egoteko eta jokatzeko modu guztiek ez dute eragin berbera. Asko dira aldagaiak: lo egiteko hautatuko tokiak, kontsumitzeko moduak, bertakoekin harremantzeko manerak… Baina ez dira gutxi dozenaka euskaldunekin gurutzatu gabe bisitatu ezin daitezkeen toki turistifikatuak. Edo horretarako bidean daudenak.

Zeintzuk dira toki horiek? Facebookeko oporraldietako argazkiei begira jarrita, ez da zailegia lagun, ezagun eta senideen bisita-leku ohikoenen zerrenda osatzea. Zerrendako lau hautatu ditu kazetari honek, den-denetan egona dela ohartuta: Herrialde Katalanak, Landak, Pirinioak eta Marrakex (hasierako argazkietan). Han (gutxi-asko) turista izan diren lau lagunen testigantza banak lagunduta, toki horietan turismoak izan duen eraginari errepasoa ematea izan da datozen lerroetako ariketa. Euren burua turista gisa ikusita eroso ote dauden, eta eragina leuntzeko neurririk hartzen ote duten ere kontatu dute.

Argazkia: Wikimedia

Herrialde Katalanak: turismo masiboaren aurka antolatuta

Edozein kolore eta motatako euskaldunak gustura zapaltzen duen lurralderik bada, Herrialde Katalanek osatzen dutena da hori. Bartzelona hiriburua da adibide garbiena. Lagun kataluniarrak bisitatzera joaten dira batzuk, Primavera Sound jaialdia bertatik bertara bizitzeko beste batzuk, eguraldi epelarekin hiriko toki esanguratsuenak ezagutzeko asmoz beste asko…Kataluniarrak burujabetzara bidean egiten ari diren pausoak gertutik ezagutzeko ere bai. Ez kontraesanik gabe: izango da, ziur, urriaren bateko erreferenduma bertatik bertara bizitzeko Bartzelonara joatean, gaua pasatzeko (etxebizitzen prezioen gorakadan eragiten duen) AirBnB plataforma erabili duenik.

Herrialde Katalanetan daude, halaber, turistifikazioaren aurkako mugimendu entzutetsu eta nabarmenenak. Pentsa, turistifikazioak kaltetutako hirien Europako Hegoaldeko sareko hamalau kideen artean –Iruñea eta Donostia ere hor daude– lau dira Herrialde Katalanetakoak: Bartzelona (eskuineko argazkian, Ranblak), Palma, Girona eta Camp de Tarragona.

Herrialde Katalanetan daude turistifikazioaren aurkako mugimendu nabarmenenak. Pentsa, turistifikazioak kaltetutako hirien Europako Hegoaldeko sareko hamalau kideen artean lau dira Herrialde Katalanetakoak

Bartzelonan hainbat kolektibok asanblada propioa ere sortu dute, “Bartzelona ez dago salgai” lelopean hainbat ekintza eta mobilizazio egin dituena. AirBnB plataformaren eragina eta etxebizitza turistikoen afera lantzen dituzten eragileak ere badira, Sindicat de Llogers (alokairuan bizi direnen sindikatua) kasu. Palman bestalde, Turismo masifikatuaren kontrako manifestazioa egin zuten pasa den irailean, 3.000tik gora lagun bilduz, eta oso entzutetsuak izan dira hango hondartzetan zein portuan Arran gazte antolakundeak egindako ekintzak. Hotel plazak mugatuz eta AirBnB legez kanpoko etxebizitzen iragarkiak kentzera behartuz erantzun du Balear Uharteetako gobernuak.

Lau urte dira Malen Palman izan zela. Lagun batekin joan zen, eta gogoratzen duenez, gelaka alokatzen zen pisu bat hartu zuten AirBnB bidez. Zona komunak beste turista batzuekin konpartitu zituzten. Aurrezteko, otordu gehienak etxean bertan edo aurrez prestatutakoa motxilan eramanda egin zituzten, eta garraio publikoa erabili zuten hara eta hona mugitzeko. Alde horretatik, uste du ez zutela uharteko merkataritzan eta jarduera-ekonomikoetan eragin handirik izan, baina dioenez, berriro itzuliko balitz, ez luke AirBnB erabiliko. Donostian eta Mutrikun bizi izan da, eta bere azalean sufritu ditu turistei bideratutako etxebizitzen ugaritzearen albo-kalteak.

Argazkia: Lugares de Nieve

Pirinioak: konkistatutako lurraldea

Asko dira mendizaleak hauspotzen dituzten bazkari-ostetarako euskal kantak, eta ez da kasualitatea izango. Estereotipoa ere bada, baina nork ez du mendizalerik bere inguruan? Eta mendizalea denak, oro har, Pirinioak ditu aterpe. Dela eskiatzeko, dela trabesiak egiteko, dela landetxe batean eta hiritik aparte egun batzuk igarotzeko… Nostalgiko askoren memorian bizi-bizi dago Euskaltel Euskadiren garai loriatsuenetan Tourmalet eta inguruak irensten zituen marea laranja hori ere. Haien luze zabalean –Nafarroatik kanpo ere bai– iltzatu eta haizarazi diren ikurrina guztiei erreparatuz gero, konkistatutako lurraldea dira Pirinioak.

Nafar Pirinioetako hainbat biztanleren iritziz, turismoak dakarren aktibitateak lagun dezake bertan jaiotako gazteak han geratzen, eta horrenbestez, herriak bizirik mantentzen

Zonaldearen turistifikazioa ez da orain gutxi abiatu. Turismo mendizalea eta eskizalearen aurreko errealitatea ezagutzeko urte asko egin beharko genuke atzera. 1928koa da eski-estazio zaharrena, Candanchukoa. Gaur gaurkoz, hango jardun ekonomikoaren oinarrian daude bai eskia eta oro har eskiatzera doazenen kontsumoa, eta bilaketa eginagatik, apenas aurki daitezke sarean turistifikazio horren aurkako jarrerak. Kezka presente dago, ordea, bai herri askotan turistentzat sortutako saltokiak ugaritu direlako, baita jarduera hori klimak baldintzatzen duelako ere. Eskiarekin oso lotuta dauden inguruetan, adibidez, neguan biltzen den jendetza ezin konpara daiteke udarakoarekin, eta elur gutxi egiten badu, nabarmen egiten dute behera herri horietako komertzio eta jantokien diru-sarrerek. Etxebizitzaren prezioak, bestalde, gora egin du azken urteetan. 2016an esaterako, batez beste %6,7 igo zen Jakako etxebizitzen salneurria. Bestelako ikuspegiak ere badira. ARGIAn bertan Ane Eslava kazetariak 2017an argitaratutako erreportaje batean Nafar Pirinioetako hainbat biztanleren iritzia jaso zuen: haietako zenbaiten arabera, turismoak dakarren aktibitateak lagun dezake bertan jaiotako gazteak han geratzen, eta horrenbestez, herriak bizirik mantentzen.

Urtero asteburu mordo bat Pirinioetan ematen duen horietako bat da Aitor. Lagun arteko mendizale taldea osatu dute, eta urte osoan joaten dira hara, eskiatzera ez bada, mendiko trabesiak egitera. Taldeko kide batek bigarren etxebizitza du Jakan, eta beste batek Vielhan. Normalean han ematen dute gaua, edo bestela, mendiko aterpetxeetan. Dioenez, ez dira asko, eta ezagutzen duen handienak 100 lagun inguru jaso ditzake. Horri esker, mendi inguru horiek ez dira asko masifikatu. Bestelakoa iruditzen zaio gertuko herri eta hirien errealitatea. Han bai, aterpetxe, hotel eta bigarren etxebizitza kopurua oso altua dela antzematen du. Hala ere, hain ikusten du turismo mota hori bertako ekonomiaren erdigunean, ez dakiela esaten turista horiek eragin txarra edo ona ote duten. “Biztanle asko mendiari lotutako lan-postuetan aritzen da”.

Landetan barreiatutako hamaika kanpinetako bat. Argazkia: Capfun

Landak: gertuko opor-gunea

Pinudiak, area, eta euskaldunak. Horiek Landetako elementu ohikoenak. Gipuzkoa eta Nafarroa iparraldeko euskaldunek bederen, gertuen duten opor-gune lasaia dira. 100 kilometro hondartza ditu, goitik behera, kanpinez eta bigarren etxebizitzek osatutako urbanizazioz josiak. Haurrekin joateko moduko toki lasaia eta atsegina delakoan, familia euskaldun askoren babestoki dira, eta han, euskaldun kuadrilak ere egiten dituzte.

Pirinioetan bezala, aspaldi bihurtu ziren Landak hainbat eta hainbaten erreferentziazko opor-leku, eta akaso horregatik, gaur egun ez dago turismoaren ondorio kaltegarrien aurkako mugimendu nabarmenik.

Pirinioetan bezala, aspaldi bihurtu ziren Landak hainbat eta hainbaten erreferentziazko opor-leku, eta akaso horregatik, gaur egun ez dago turismoaren ondorio kaltegarrien aurkako mugimendu nabarmenik

Berrogei-berrogeita hamar urte atzera eginez gero, Iparretarrak erakunde armatu abertzale eta sozialistak turismora bideratutako Ipar Euskal Herriko zenbait eraikuntzaren kontra egindako ekintzak badira. Aipagarria da erakundearen 80ko hamarkadako ohar publikoetako batean jada turistifikazioa hitza erabiltzen zela, eteteko eskatuz. Gainontzean, kazetari honek behintzat ez du turismoaren ondorioen kontrako egungo herri mugimenduen berririk izan.

Turisten berri bai ordea. Han igarotzen ditu oporraldiak Eukenek, bere senarra eta alabekin. Lasaia, segurua eta gertukoa delako joaten direla dio, eta beste aukera batzuen aldean, merkea ere badela. Urbanizazio bateko etxe bat erosi zuten, eta haurrak izan zituztenean hara joaten hasi ziren asteburu eta oporraldiro. Turismoa hango ekonomiaren zati garrantzitsua dela dio, eta biztanle askok egiten du lan zuzenean edo zeharka aktibitate ekonomiko horrekin lotutako zerbaitetan. Hala izanda ere, kontziente da turismoak eragiten dituen kalteez, naturari nagusiki: “Apartamentuak eta errepideak eraikitzeko baso-eremu handiak txikitu dituzte, golf-zelai eta lorategi partikularrekin ur-kontsumoa izugarri hazi da, eta udan trafikoa jasanezin bilakatzen da”. Hegoaldetik doazen turistak hango biztanleak baino askoz zaratatsuak direla iruditzen zaio gainera.

Familiak han duen jokabideari dagokionez, beti saiatu izan dira “oso inbasiboak ez izaten”, ohiturak errespetatzen eta abar. Duela urte batzuk Veneziari buruzko erreportaje batek ikusarazi zion turismoak biztanleengan zuen eragin kaltegarria, eta dioenez, apur bat errudun ere sentitu zen. Geroztik, bidaiatzen duenean, oso presente du begirada hori.

Argazkia: Marc Zawel

Marrakex: pribilegioak agerian

Ez da akaso aurrekoak bezain tipikoa izango, eta ziur asko, garestiagoa ere bada; baina –Facebookeko argazkiek frogatzen dutenez– asko dira azken urteetan Marrakex-en esperientzia desberdin eta exotiko bat bilatu dutenak. Gabon garaian eta Aste Santuaren bueltan batez ere. Batzuek hiria besterik ez dute ezagutzen, eta beste batzuek ibilbide luzeagoa egiten dute, beste hiriren bat edo basamortua ezagutu nahiak bultzatuta. Hiriaren erdigunea eta kale eta komertzioak turisten kontsumorako daude bideratuta, erabat, eta aktibitate ekonomiko ia bakarra ere bada. Hala izanda ere, edo hala delako, ez dago nazioarteko hedabideetara iritsi den turismoaren aurkako mugimendu antolaturik, baina horrek ez du esan nahi, derrigor, hango biztanleek turistak begi onez ikusten dituztenik.

Aurten izan da Kepa han, bikotekidearekin. Bonu berezi bat zutela-eta, lau izarreko hotel batean hartu dute ostatu egun batzuk, eta AirBnB bidez lotutako bi ostatu txikitan gero. Goitik behera turistifikatutako hiria topatu duela dio, eta bera, hasieratik sentitu dela mendebaldar turista pribilegiatua. “Billete ibiltaria zara. Zuk, beraien herrialdera oporretara joateko aukera daukazun pribilegiatu horrek, funtzio bat eta bakarra betetzen duzu han: dirua utzi. Mezua garbia da: zuk ekarri dirua, nik zapia emango dizut. Hori da tratua. Eta ez baduzu nahi, orduan zertara etorri zara hona? Bazterrak ikustera? Ez, ez da hango gidoiaren barruan sartzen”. Neurri batean esperientzia gordina eta desatsegina egin zaio, lehen aldiz sentitu delako hain modu nabarmenean klase pribilegiatu bateko kide. Baina arrazoi horrexegatik beragatik, bizi beharreko esperientzia iruditu zaio.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
Pobrezia 'trendy' bihurtu nahian

Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]


AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


Zer egingo dugu erasotzailearekin?

Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]


Eguneraketa berriak daude