Montpellierreko (Okzitania) auzitegiak atzera bota du Beziers hiriko alkateak herritarren milizia osatzeko abenduaren 1ean argitaratutako udal araua. Fronte Nazionalaren gertukoa den Robert Menard alkatearen enegarren erabaki polemikoa izan da.
Héraulteko departamenduko prefekturak bi helegite jarri ditu “Beziersko guardiaren” eraketa geldiarazteko: emergentziazko helegitea udalaren araua indarrean jartzen ez dela ziurtatzeko eta udal araua baliogabetzeko helegitea. Lehena urtarrilaren 19an onartu zuen epaitegiak eta bigarrena oraindik aztertzen ari dira. Alkatearen erabakiaren legaltasunaren inguruko zalantzak direla eta, udal araua bertan behera utzi du epaileak ikerketa martxan dagoen bitartean. Baita, “Beziersko guardiaren” inguruko informazio eta publizitatea ere.
Epaileak zehaztu du patruila herritarraren egin beharrekoak segurtasun indarren eskumena direla, eta beraz, ezin daitezkeela herritarren esku utzi. Horretara, epaileak atzera bota du Beziersko abokatuak aurkeztutako “segurtasun indarren noizbehinkako kolaboratzailearen” ideia.
Menardek sortu nahi zuen milizia, polizia, suhiltzaile edo armadako kide ohiez osatua legoke. Emergentzia-egoera indarrean dagoenean arituko lirateke, eta udalaren helburua zen patruilek edozein “ekintza susmagarriren” berri ematea, herriko kaleak patruilatzea eta guardiak egitea eskoletan eta eraikin publikoetan. Menardek azaldu zuenez ez zuten armarik izango, baina bai Beziersko poliziarekin kontaktuan jartzeko irratia.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!