Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko herrietara zabaldu du Azokaroa ekimenak, eta maiatzean hainbat kultur ekitaldi eskaini ditu.
"Euskaraz baikara, euskara hutsez bete ditzagun Ziburuko plaza ekainaren 7an, eta gure solas eta biziak urte osoan!" dei egin dute antolatzaile diren Baltsan elkarteak eta ARGIAk maiatzaren 13an Ziburuko Baltsan elkartean egin duten prentsaurrekoan. Baltsan elkartetik Ladix Arrosagarai, Maddi Zubeldia eta Maialen Tapia mintzatu dira eta ARGIAtik Jenofa Berhokoirigoin eta Estitxu Eizagirre.
Plaza da Ziburuko azokaren neurria, eta liburu zein disken azoka da ekimen nagusia, egunaren ardatza. Aurtengoan 43 argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle izango dira bertan haien lanak erakusten. Horietatik 33 liburugintza arlokoak dira eta 10 musikakoak. Guztien artean 120 metro erakusmahai osatuko dituzte.
Ohiko moduan, azoka plazan egingo da, karpa handiaren babesean. Baina urtez urte gero eta oparoagoa da egitaraua eta kultur ekitaldi horiek plazaren inguruko txokoak hartu dituzte: bost gune izango ditu aurtengo azokak.
Idazle, ikerlari eta euskaltzaina den Aurelia Arkotxa omenduz irekiko da azoka, 10:00etan. Jarraian, belaunaldiak elkartzen dituen Zubiburu mahai-inguruan Arkotxa eta Rakel Pardo arituko dira ikuspegiak josten.
Sei liburu aurkezpen hauek zuzenean bizi ahalko ditugu egunean zehar: Maurizia, biziminaren hotsa (Garbiñe Ubeda eta Garluk), Iparrorratza (Celine Mounole), Palinpsespoa (Joxe Auxtin Arrieta), Ehun zaldi trostan (Ainhoa Urien) eta Carmilla (Sheridan Le Fanu-k idatzi eta Maialen Berasategik itzulia).
Kontzertu hauek jarriko diote egunari soinu banda: Madame Birrots, Esanezin, Sara Zozaia eta Ekhi Lambert.
Haurrentzat ipuin kontaketa izango da Iturri zahar xarmangarrian eta umoreak izango du bere tartea: Maialen Berraren bakarrizketak girotuko du bazkalostea eta bertsoa eta marrazkia uztartzen dituen urteroko bertsozirriborroka ekitaldian aurten Amaia Karrere, Asisko Urmeneta, Haira Aizpurua Ibargarai eta Patxi Iriart arituko dira.
Aurtengo berritasuna jokoak dira: Rolariak elkartearen eskutik euskarazko rol joko partidak izango dira.
Azoka honek eskaintzen duen aukera balioan jarri dute antolatzaileek: "Egun oso batez Ziburun euskaraz entzun, mintzatu, irakurri, ezagutu, erosi, komentatu, arnas hartu eta gozatu, euskarazko sorkuntza sustengatu...".
Gogorarazi dute "euskararen gaia osoki politikoa" dela: "Frantses nazioa “fabrikatu” egin da menpe hartu dituen herrien mintzairak suntsituz eta bere legeak inposatuz. Hala jarraitzen du heien erabilera udaletxe (katalanera), legebiltzar (korsikera), azterketa edo auzitegietan (euskara) debekatuz. Euskarak pairatzen duen larrialdia ez da halabeharrez gertatzen, gure mintzaira ezabatu nahi duten politika kolonialisten ondorio zuzenez baizik".
EAEn "koofizialtasun faltsua"rekin berdin gertatzen dela azaldu dute: "Berdin gertatzen da EAEn, koofizialtasun faltsuaren eremuan: euskara jakitea eskubidea da, espainola, aldiz, obligazioa. Euskararen aurkako oldarraldi judizial-politiko euskarafobo betean gaude, jadanik eskasak ditugun eskubideak are gehiago murrizteko, ustezko diskriminazioaren aurka aritzeko aitzakian. Okerrago Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea nafar guziei bermatua ez zaielarik...".
"Hemen kanpoko legea da nagusi", bukatu dute: "Batzuetan ahanzten dugu lortu porroska bakanek anestesiaturik: gu hobeki asimilatzeko euskara desagerrarazi nahi dute, hizkuntzak egiten gaituelako herri".
Euskararen zapalkuntzaren testuinguruan, "zorionez, Euskal Herrian badira Ziburuko Azoka bezalako plazak, eta sarean elkarlanean ari gara, eta horrek indartu egiten du ekimen bakoitza", nabarmendu dute antolatzaileek. Egun bederatzi ekimen dira Doinueleko kide, eta horrek euskaldunei aukera ematen die urtean zehar Euskal Herriko bederatzi txokotan euskara hutsean egun bat gozatzeko eta euskarazko kultur ekoizpenak ezagutzeko.
Urte osoko eta Euskal Herriko ibilbide horretan, egutegian erdian ageri dena Ziburuko Azoka da. Maiatzaren 23tik 25era Zarautzen egingo den Literaturiak emango dio erreleboa Ziburuko azokari, eta udazkenean etorriko dira Hernaniko (H)azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Oiartzungo Hitzen Lihoa eta Lazkaoko azoka. Hemen daude irakurgai data zehatzak.
Ziburuko Azokarako giroa pizteko eta bere eragina denboran eta inguruko herrietan zabaltzeko, maiatzean zehar sei kultur ekitaldi antolatu dituzte. Uxue Alberdiren Hetero liburu aurkezpena eta Maialen Lujanbioren Rr-6-Erre(ah)ala errezitala mamitsu joan ziren, eta Ziburuko Azokara bidean badira beste lau aukera dastatzeko: Biharraren hegietan errezitaldi musikatua eskainiko dute Maddi Sarasua, Ixak Sarasua eta Julen Lezaunek; Euskaraz sortuz (duin) bizi? galderari erantzungo diote mahai-inguruan Ximun Fuchs eta Amagoia Gurrutxagak; Gizatasun arrantzale liburua aurkeztuko du Mikel Epaltzak eta Masusta erreximenta Ekaitz Bergaretxek.
2019an hasi zen Ziburuko azoka eguneko ekitaldi gisa, baina azken urteetan azoka egunaz aparteko ekitaldiak antolatu izan dira inguruko herrietan ere: Azokaroa da. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara Azokaroaren nondik norakoez.
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]
Euskara hutseko liburu eta disko azoka euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizitzeko gunea bilakatu da. Urtez urte ekitaldiak aurrera egiten du eta euskaltzaleentzat ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, azokaren antolatzaileek nabarmendu dutenez... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]
Berrogei argitaletxe eta diskoetxe, horietarik bederatzi berri, eta 120 salmahai bosgarren Ziburuko liburu eta disko azokan. Ekainaren lehenean ospatuko dute Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak
Argitaletxeez gain, diskoetxeak egonen dira Ziburuko Azokaren baitan. Horietariko batzuen sorkuntzak zuzenean deskubritzeko parada izanen da aurtengoan ere azoka.
Urtean bertan argitaratutako lanak izaten dira protagonista Ziburuko Euskarazko Liburu eta Disko Azokan. 2024an argitaratu eta Ziburuko azokara eramango dituzten liburu eta diskoen zerrenda iragarri dute bertan egongo diren 33 liburu-argitaletxe eta 3 diskoetxeek. Era guztietako... [+]