‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa neurtitzetan.

Hirutan hamar poema inguru dituzu, dasta ditzazun net gutiziatsu; lehenengotik aurrera, zaramatza ametsera. Garratzetik ere badu ametsak baina, gozotik izaten duen haina. Ondo aditu maisuaren hitzak, aitzinean baituzu, probetxa zakitza: “Hiltzea gaitz da, gaitzago bana / Mait’ ukan et’ ez mait’ izana”; “Zer probetxu edertarzuna / da hire gorputzean / tink bihotzean / badatxen gogortarzuna?”. Halako asko eta ugari daurkituzu, Oihenartekin promenatuz gero usu: amodioaren mina, nahi eta ezina, eztiaren ordez ahoan erretxina.

Poetak bereizi baitzituen errima arrak eta errima emeak, neurtitzotan guztiz nagusi ageri dira emazteak. Fermuki zituen salatu haien aurkako injustiziak eta diru-gosez adostutako ezkontzen maliziak: “Onarzun-truku huts alab' ezkontzea / ezta hori ezkontze, bana da saltzea. / Haren erosle senarrak / zer merezi luke? Adarrak”. Goratu zituen halaber, bere maiteen gorputzak –igartzen zaizkio, hala ere, gehiago ez ikustearen zaputzak–: “Hanbatez beud’ erranak / agerriz dadutzanak; / eztazkit, ezterrazket / gordailuan daunzanak”. Konparazioen artea menderatzen zuen nahieran, zenbaitetan xelebre egiten zaigun arren, aukeran: “Oin tipiz herotsduna, / zango aratsu, xuguna, / eskua xuri nola / arraulze berri erruna”.

Baina neurtitzotako nesken bertute kolekzioa ez dezakegu sinista, eta komeni da arretaz irakurtzea zenbait kritikari feminista. Orduko moralak, orain bezala, nahi baitzituen emazte-ainguriak, Zuzi iraxegia liburuan esplikatzen duenez Amaia Alvarez Uriak: izan ere, Oihenarten poemetako maitagaiei buruzko perfumeak, “erakusten dute nolakoa izan behar den maite den emakumea”. Eta emakume hori, poeta ez dadin estona, behar da izan “graziaduna, argia, garbia, birjina eta ona”.

Sorpresa handiak ere badira hargatik, ari naiz noski Oihenarten koplengatik. Haietako batzuk ez zituen ezagutuko inorrek, duela gutxi aurkitu izan ez balitu Bilbao deitura duen Gidorrek. Beharrik zituela Grenobleko liburutegian harrapa, Jorraleen koblak irakurtzeak gogora baitakar gangsta rapa. Mutilak neskari putaka, Xikitoak ez du izutzen Perraka: “Eihera txarrak tanka-tanka / gure horzarrak ozen zanka; / ozenago dun hir(e) oheak / gau oroz deraman karranka. Perraka”; “O, ertxozar buru-zoroa! / Karranka hur(a) en(e) ohekoa / ezin dukek –luharras niatzak–, / baina duk hir(e) amets erhoa. Xikito”.

Laburbilduz, harreman sexu-afektiboetan, Oihenart berdin nahasi zela goi eta behe pasioetan. Baina inporta duen bakarra ez baita zer, baizik eta nola, alor horretan irakatsi zigun hitzak nola ahal ziren beste era batera antola –horregatik hainbeste #damola–. Eredutzat harturik neurtitz espainiar, frantziar eta Italiakoak, moldeak puskatu zituen Zuberoakoak. Gure letren historian Oihenart ez baita bultua, ez du behar, baina eskatzen dugu harentzat indultua, posible egin zuelako euskal poesia kultua –euskal literaturaren irlak Oihenart baitu izena, inork aurkitzen ez badu galdutako Bertrand Zalgizerena–.

Aurelia Arkotxaren hitzetan izan zen errenazimenduko humanista, eta bere neurtitzek jarraitzen dute arau neopetrarkista. Ikertzaile batzuen arabera preziosista, besteek lotu dute garaiko molde batekin, zeina den kontzeptista. Esan beharrik ez dago, gure testuingurua da net populista, eta hori guztia goraipatzeak irain gogorra du: “Elitista!” –zenbatzen dituzte, bat, bi, hiru, lau, mahaian dauden dilistak; eta lau, hiru, bi, bat, dituzte iraintzen auzoko estilistak–. Horrelakoak parajeotan egin badituzte aldarri, nik behintzat, duda gutxi dut, bihotza dutela harri: “Etzintezkea jagoiti unha / ene hain gaizki tratatzez? / beti zuzaz ezin enzuna / lan duketa deitoratzez?”.

Eta ezin da fede bateko itsua beste ezertara bihurtu, baina hainbeste eskatzea ote da? Oihenart: ezagutu. Mintzo baitzaigu poeta zaharra gaurko gai berri-zaharrez, fanatismoaz, itsukeriaz, martiriez, militarrez: “Orai gerlako bandera / du Alferitzak ahurrera / orai nabaritu doa / kurutze misterioa”.

Horri gutxi iritziz gero, bada Oihenart bat transgenero: Laur karbarien eresia gutxi da irakatsia, baina darakus bitarkeria aspaldi zela hautsia: “Hango atea baratx jorik / morroin bat han-berekorik / ager zekion, begitartez / anderauren gisakorik. // Ustez zen anderaurena, / ager zezon bere pena, / bai et’ eska hur edo arno / apur baten ahamena” –poema narratiboa duzu gainera, Meaberen azkena bezain alegera–. Eta The Proclaimers entzun bazenuen I’m Gonna Be (500 miles) kantari, jakin behar duzu Oihenart izan zutela aurrekari: “Zur’ ikusteko eginik nago / borz lekoa bide lauretan, / bait’ are hamar gehiago / ez behin, baizi anhitzetan”.  Segi nezake luzaz Oihenarten neurtitzak gaurkotzen, baina liburu fina duzu eta eskuetan hartzeak ez du gaixotzen. Nireak hemen dira kito, Perraka eta Xikito: neurririk gabe et’ erriman trakets, Oihenart imitatu nahiz, lortu gabe ere esan ahalko dut “ni behintzat saiatu naiz”.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerotik gerora
Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Pedro Ignazio Barrutia
‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]


Natalia Ginzburg
‘Gure atzo guztiak’: ausardiaren posibilitatea

Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean,... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


Pedro Axular
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude