Transgresioarekin eta askatasunarekin identifikatzeak egiten ditu berezi norberaren herriko jaiak. Jaiak haur modura bizi ondoren, gurasoen eskutik helduta eta egun-argiz, garai batean, nerabezaroan, autonomoki eta iluntzean bizitzera pasatzen garenean, gure buruaren jabe sentitzen gara lehenengoz, adinez nagusi, nahiz eta oraindik urrun egon 18 urteetatik.
Helduen tutoretza barik, gauez kudeatu dezakegu denbora lehenengoz, kideekin beste modu batera erlazionatu, arauak eta ordutegi-mugak hautsi, lehenengo musuak bizi, esperientzia sexuala atzeman ala irudikatu, alkoholaren eta drogaren gehiegikeriak probatu. Deskontrolaren xarma da, xarma eta bertigoa aldi berean.
Gauza gutxi dira erakargarriagoak transgresioa eta askatasuna baino, zazpi egunez bada ere. Jaiak bizia dira, alaitasuna, bizipoza, baikortasun gorpuztua, oparia, beharrizana, kimika, magia, kaosa, eskuzabaltasuna, alde onarekiko konexioa.
Hori guztia dira sanferminak niretzat, nahiz eta lehenengoak nerabezaroan bizi izan.
Edo horrexegatik hain zuzen. Aurtengoan bai!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.