“Gorrak gutxiengo soziolinguistikoa garela uste dugu”

  • Zeinu hizkuntzaren interpretearen ezinbesteko laguntzaz egin diogu elkarrizketa Aitor Bedialauneta Arrateri (Ondarroa, 1991), Euskal Gorrak EAEko gorren elkarteen federazioaren presidenteari. “Interpretearen mendekotasunik dudan? Une honetantxe, biok daukagu”, irakatsi digu halako batean. Gor jaio zen Bedialauneta, eta gorrak dira haren gurasoak. Ez da ohikoena, ikusiko dugunez.

“Pandemiaren kudeaketan erakundeek ez gaituzte kontuan hartu, telefono bidezko harremana lehenetsi baita” (Argazkiak: Hodei Torres)
“Pandemiaren kudeaketan erakundeek ez gaituzte kontuan hartu, telefono bidezko harremana lehenetsi baita” (Argazkiak: Hodei Torres)

Zein da gorren aldarrikapen nagusia?

Asko daude. Kontua da gizartea ez dela oraindik guregana egokitu. Gure “desgaitasuna”, nolabait esatearren, hizkuntza propioa duen desgaitasun bakarra da; zeinu hizkuntza, hori dugu ezaugarri. Hartara, guk ez dugu geurea desgaitasuntzat hartzen. Ikuspuntu soziolinguistikotik ikusten dugu kontua, gutxiengo soziolinguistikoa garela uste dugu. Ez dugu inolako arazorik gure artean komunikatzeko; gizartearekin komunikatzean agertzen zaizkigu oztopoak, gizarteak oraindik ez baitaki gor izateak zer dakarren. Beraz, gure aldarrikapen nagusia da errespeta gaitzatela, errespeta daitezela gure hizkuntza, gure kultura eta gure nortasuna. Zeinu hizkuntzaren interpreteak egon daitezela, eta azpititulazioa, eta maskara gardenak...    

“Gizarteak oraindik ez daki gor izateak zer dakarren”, diozu. Zer dakar?

Askotan, gizarteak uste du gor bat entzuten ez duen norbait dela, besterik gabe. Eta ez da hala. Horretan oker dabil gizartea. Gure oztopo nagusia komunikazio eta informazio falta da. Berdin dio entzumen zantzuak izateak, kokleako inplantea izateak, audifonoa edukitzeak edo ahoz ondo hitz egin ahal izateak... Gor batek komunikazio eta informazio falta du.   

Orduan, funtsean, diskriminazio soziolinguistikoa jasaten duen komunitatea da zuena?

Bai. Orain kezkatuta gauzkan adibide bat heziketa da. Haur gor askori ez zaie zeinu hizkuntza irakasten. Gizarteak uste baitu inplantea edo audifonoa ezartzea, ahoz hitz egiten irakastea... nahikoa izango dela, eta hori huts handia da.    

Zergatik?

Pertsona gorrak betiko direlako gor. Hori da abiapuntua, eta argi geratu behar du hasieratik. Baliteke gor batek ahoz hitz egiteko ahalmena izatea, edo zerbait entzun ahal izatea, baina ez “gizarte entzuleak” bezala. Horregatik esan dut komunikazio eta informazioa falta daudela, lehen minututik. Baina guk badugu hizkuntza natural bat. Jaiotzatik irakatsiz gero, informazioa eskuratzeko aukera dugu.

Eta zergatik ez da irakasten?

Haur gor gehienak entzule familietan  jaiotzen dira. Haiek ez dutenez komunitate hau ezagutzen, shock une horretan, lehenbizi, medikuarengana eramaten dute haurra, irtenbide baten bila, eta eskaintzen zaien irtenbidea kokleako inplantea da, edo audifonoa. Ez zaio arazoari ikuspuntu soziolinguistikotik heltzen, ikuspuntu medikotik baizik.   

Fisiologikotik, nolabait esateko?

Bai, hala da. Eta guk eskatzen dugu bi ikuspuntuetatik hel dakiola. Inplantea baliabidea da eta aurrera egiten lagundu dezake, baina zeinu hizkuntzak ere egon behar du.    

Nolanahi den ere, gizartearen gehiengoa analfabetoa da zeinu hizkuntzan. Eta zuek gutxiengoa zarete, ez dakit noraino txikia...

Gizartearen %2,3 inguruk du entzumen desgaitasuna, eta horren barruan gutxiengoa da zeinu hizkuntza dakiena.           Euskal Gorrak da gorrak ordezkatzen duen erakunde bakarra, eta kolektibo guztiei ematen diegu arreta, ez zeinu hizkuntza erabiltzen dutenei bakarrik. Entzumena galduz doazen adinekoak, istripu batengatik egun batetik bestera entzumena galtzen dutenak... Egokitu gaitezke, eta denentzako komunikazio estrategia bilatu. Euskal Gorrakek ez du zeinu hizkuntza exijitzen. Komunikazio bideak exijitzen ditu, informazioa eskuratu ahal izatea. Eta hori modu batean baino gehiagotan lor daiteke.

Zuk unibertsitatean ikasi duzu, eta beste gor askok ere bai. Hala ere, hezkuntza sistemaren gabeziak salatzen dituzue.

Hezkuntza sistema entzumen normaltasunerako prestatuta dago. Profesional askok, eta familiek, pentsatzen dute kokleako inplante batek arazoa konponduko duela; guk, berriz, hezkuntza elebidunaren alde egiten  dugu. Hau da, garrantzitsua da, jakina, irakurtzen eta hitz egiten ikastea, baina haur gor txikientzat funtsezkoa da, halaber, zeinu hizkuntzaz komunikatzea, hori baitute hizkuntza naturala. Desgaitasuna duten pertsonei buruzko NBEren hitzarmenak dio haur gorrek eskubidea dutela zeinu hizkuntza ikasteko. Espainiako Estatuak hitzarmen hori sinatu du, baina ez da gauzatzen; arau horiek askoz garapen handiagoa behar dute. Familien lehentasuna, ordea, beren haurrak entzule bihurtzea da.

Gor batek ezin du irakurri entzuten duen baten erritmo berean. Zergatik?  

Entzuteko gaitasunarekin jaiotzen direnek etengabe jasotzen dute informazioa, eta informazio hori, nolabait esatearren, doakoa dute, ez dute haren bila joan behar. Gor batek ez du hori; gor gehienak entzule familietan jaiotzen  dira, eta familiak partekatzen duenaren zati handiena galtzen dute. Azken batean, irakurtzeko edo ikasteko, denbora luzeagoa behar dugu, etengabe galtzen ari garen informazio hori osatzeko. Ez gara motelagoak edo ahalmen urriagokoak; kontua da ez zaigula informazioa iristen gure hizkuntza naturalean. Mundu guztiak zeinu hizkuntza jakinez gero, nik une oro jasoko nuke informazioa, eta besteen abiadura berean egingo nuke aurrera.

Hizkuntzei buruzko nahasmendua

“Euskarazko zeinu hizkuntzarik zergatik ez dagoen galdetzea okerreko planteamendua da. Zeinu hizkuntzak ez dira ahozkoen menpekoak. Independenteak dira. Kontua da ez dagoela euskal zeinu hizkuntzarik, besterik gabe. Hemen, espainiar zeinu hizkuntzaz ari garenean, zeinu berezi batzuk erabiltzen ditugu, kulturalki ‘gureagoak’, baina horien kopurua ez da nahikoa euskal zeinu hizkuntza bat dagoela esateko.  Eta ezin dugu zeinu hizkuntza asmatu. Hizkuntzak bizirik daude, egokitu eta aldatu egiten dira, eta, denboraz, hizkuntza desberdinak izatera irits daitezke. Iberiar penintsulan bik daukate onarpen ofiziala: espainiarrak eta katalanak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude