Euskararen kale erabilera egonkortasunetik ateratzeko beharra azaleratu du azken neurketak

  • Soziolinguistika Klusterrak asteazkenean argitaratu du 2021eko ikerketaren txostena. Neurtu dute euskararen kaleko erabilera egonkor dagoela, eta azken neurketan bezala zortzitik batek hitz egiten duela (%12,6). Eremu euskaldunenetan jaitsi egin da. Proposatu dute hazkundea lortzeko berrikuntzak eta egokitzapenak ezartzea hizkuntza politiketan.


2022ko maiatzaren 25an - 15:41

Euskararen kale erabilera egonkor mantentzen dela erakutsi du Soziolinguistika Klusterraren azken ikerketak, eta azpimarratu dute hortik ateratzeko eta hizkuntza biziberritzeko beharrezkoa dela “indarberritze sakona”. Alegia, “egokitzapenak” eta “berrikuntzak” ezarri behar direla, besteak beste, hizkuntza politiketan eta euskalgintzako erakunde eta mugimenduen jardunetan.

1989tik neurtzen dute karriketan euskararen erabilera, eta azken emaitzaren arabera, ezer gutxi aldatu da 2016tik 2021era: zortzi lagunetik batek hitz egiten du euskaraz (%12,6). Diferentzia handiarekin Gipuzkoan entzun dituzte euskarazko elkarrizketa gehien (%30,6), ondoren Bizkaian (%9,4), eta gainerako herrialdeetan pareko: Nafarroan %5,9, Ipar Euskal Herrian %4,9 eta Araban %4,8. Azken urteetako joerari erreparatuta, erabilera jaitsi da Ipar Euskal Herrian

Dena den, txostenean nabarmendu dute eremurik euskaldunenetan behera egin duela euskararen erabilerak. “Arretaz jarraitu beharrekoak dira udalerri horietan hizkuntzaren bizi-indarrari eragiten dioten faktoreetan gertatzen diren aldaketak”, ohartarazi dute. Izan ere, eremu horiek estrategikoak dira euskararen biziberritzerako, “euskara modu naturalean transmititu, birsortu eta elikatzen baita”. Kontrara, eremu erdaldunenetan kale erabileraren goranzko joera atzeman dute, eta lehen euskararik entzuten ez zen herrietan euskara aditu dute.

Generoa eta adina

Ikerketan aldagai batzuk kontuan izan dituzte, hala nola solaskideen adina eta generoa. Hain zuzen, positiboki baloratu dute “euskara gaztetu” dela ikustea; adin-tarte gazteenetan entzun dute gehien, eta adinekoenetan, gutxien. Hizkuntza gutxituetan ohikoa da adinekoek soilik hitz egitea hizkuntz horretan.

Generoari dagokionez, ondorioztatu dute emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago mintzatzen direla euskaraz, adinekoetan izan ezik. Txostenaren egileek jakinarazi dute gehiago aztertu behar dela euskararen erabilerak genero-rolekin duen harremana, zeren azken urteetan ikusi dute emakumezkoek protagonismoa dutela hizkuntzaren biziberritzean eta horri lotutako ekimenetan.

200.000 elkarrizketa baino gehiago

1989an hasi ziren euskararen kaleko erabilera neurtzen. 2021ean 145 herritako solasaldiak behatu dituzte, orotara 215.396 elkarrizketa eta 603.497 solaskide. Neurtzen hasi zirenetik hona, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako erabilera igo egin da, baina Ipar Euskal Herrikoa, jaitsi. Nafarroan, aldiz, gorabeheratsua izan da euskararen kaleko erabilera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude