Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

  • UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


2023ko apirilaren 28an - 13:24
Azken eguneraketa: 15:23
UEMAk 2015ean egindako Batzar Nagusia. (Argazkia: UEMA)

UEMAko euskaldun kopurua %63-100 ingurukoa da eta horregatik, azterketa berezitua egiteko, mankomunitateak Inkesta Soziolinguistikoaren lagin osotik hartu ditu euskararen ezagutza maila hori duten udalerrietan egindako inkestak.

Datu horiek eskuetan, ikerketa plazaratu du orain UEMAk, Arantxa Iraolak Berria-n ezagutzera eman duenez, eta bertan esaten denez, udalerri euskaldunetan euskararen gainbehera zantzuak ageri dira. Udalerri euskaldunenetan badira bi multzo: hirugarren gune soziolinguistikoa deitutakoa, %63tik %80ra badaki euskaraz, eta laugarren gunea, non %80 euskalduna den. Bigarren honetan eman da atzerakada: 1991n %90 ziren euskaldunak, eta orain %81,9, hots, 8 puntu galdu dira. Aipatutako beste hirugarren gunean, aldiz, datuek hobera egin dute, euskaldunen kopurua %73,9 igotzeraino.

Udalerri euskaldunetako datu orokorrei begira, 16 urtetik gorako herritarren %76 euskaldunak dira, %8 euskaldun hartzaileak eta %15 erdaldunak. %76ko ezagutza hori 1990eko hamarkadakoaren antzerakoa da. Horrek adierazten du, oro har, herri euskaldunenek eutsi egiten diotela ezagutzari, baina Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ez bezala, ez dutela lortzen aurrera egitea.

UEMAko azterketaren arabera, “Euskal Herrian oro har gertatu da lehen hizkuntza euskara dutenen jaitsiera, baina bereziki nabari da udalerri euskaldunetan”: 1991n %74k euskara zuen lehen hizkuntza, gaur egun %63ra jaitsi da, eta udalerri euskaldunenetan –laugarren gunekoak– jaitsiera nabarmenagoa da.

Erabilerari dagokionez, %58koa da, duela 30 urte baino zazpi puntu gehiago, baina hemen ere laugarren gunea agertzen da ahulen, hor euskararen erabilerak atzera egin baitu. Eta etorkizunerako datu ona ere ageri da: gazteek egiten dute gehien euskaraz eta 50-64 urte artekoek gutxien. Lehen alderantziz zen, gazteek gutxiago eta zaharrek gehiago hitz egiten zuten euskaraz.

Jarreran dago emaitza positiboena, zazpi herritarretatik sei euskara sustatzearen aldekoak baitira. Euskaldunen %92k aldeko jarrera du eta erdaldunen %59k. Aurkako jarrera %2 besterik ez da. Honek erakutsiko luke jarrera ere oso lotuta dagoela ezagutzarekin, eta zenbat eta jende euskaldun gehiago, aurkako jarrera ere txikiagoa dela.

Transmisioaren garrantzia

Garikoitz Goikoetxeak EUMAko teknikariak transmisioaren garrantzia azpimarratzen du ostiral honetan Berria-n emandako elkarrizketan: “Etxean euskara jaso dutenen ehunekoa handiagoa da udalerri euskaldunetan, eta horrek erabilera baldintzak sortzen ditu, eta erabilerarako aukerak sortzen ditu; inportantea da transmisioaren gai hori, beste ikerketa batzuetan ere ikusi dugulako euskararen transmisioa handiagoa dela inguru euskaldunenetan. Askotan pentsatzen dugu transmisioa etxeko erabakia soilik dela, norbanakoena, baina ikusten da inguruak ere baldintzatzen duela”.

Euskararen arnasguneetan emandako aldaketen artean, Goikoetxeak aipatzen du 2010eko hamarraldian herrialde euskaldunetan egindako etxebizitza berriek herritar ez hain euskaldunak edo erdaldunak erakarri zituztela, eta horrek eragina izan duela gerora gune horietan: “Euskaldunen kopurua edo ehunekoa ez da horrenbeste jaitsi, baina dauden euskaldunen profila bestelakoa da; erdaraz hobeto moldatzen diren euskaldunak, euskaraz egiteko horrenbesteko ohiturarik ez dutenak, orain arte gizarte sarea gaztelaniazkoa izan dutenak...”.

UEMAk tentuz jarraitzen ditu hizkuntza bilakaerak, hainbatetan baita kezkekin ere, baina Goikoetxea baikor agertzen da aurrera begira: “Udalerri euskaldunak oro har hartuta, azken inkestako datuak ez dira txarrak; badaukagu oinarri sendo bat: %76 euskaldunak dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude