"Hiztunek ez diote bizkar ematen euskarari"

  • Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak EHUn irakasle gisa eta doktore tesia egiten eman ditu. Emaitza, 1.500 orriko lan zorrotza: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa (Hemen kontsultagai)

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Euskararen ahultasunaz eta egoeraren larritasunaz kontziente, alarma hotsa jo du: “Ez badugu euskara erdigunera ekartzen gure lehentasunetan, gure politiketan eta gure jardunean, bai pertsonalki, sozialki eta politikoki, ez dauka etorkizun handirik gure komunitate honek”.

Bere lanean, astindu egin du azken urteetan euskararen egoera laburtzeko erabili izan den ideia ohikoena, indargunea hizkuntza gaitasunean eta ahulgunea erabileran genuela zioena. Datuekin erakutsi du hiztunek ez diotela bizkar ematen euskarari. Euskaldunen gehiengoak erdaraz hobeto egiten duela kontuan hartuta, erabilera altua dela ondorioztatu du, besteak beste. Horren atzean euskararen aldeko motibazio indartsua nabarmentzen da.

Azken urteetan nagusitu diren diskurtsoekin kritiko, “gauzak beste modu batean planteatu behar ditugu”, dio.

Azaleko ilustrazioa: Joseba Larratxe 'Josevisky'

Zein kezkak eraginda egin duzu lan hau?

Euskararen egoerak, noski. Ez naiz neutrala, ez naiz inoiz izan. Baina, objektibotasunaren bila aritu naiz. Iruditzen zitzaidan datuak sakonago aztertuta, bazegoela errealitatearen irudi zehatzagoa eskaintzeko aukera.

"Izugarri minorizaturik dagoen hiztun komunitatea osatzen dugu euskaldunok”, diozu. Gaurko belaunaldiak kontziente al gara ia desagertu zela gure hizkuntza?

Pentsatzen dut ezetz. Ezta gure minorizazio mailaren larritasunaz ere, eta ez bakarrik belaunaldi berriak. Euskaldun asko nagusiki euskaldunen artean bizi gara eta ziurrenik ez dugu perspektiba osoa nabaritzen. Zonalde euskaldunetan bizi direnak lasaiago biziko dira eta zonalde erdaldunagoan bizi diren euskaltzaleek ere beren mikro-mundua eratzen dute.

Zure ikerketa 1906an hasi duzu, euskararen bilakaera historikoa deskribatzeko. Nola heldu zara horra?

Hegoaldeko zentsu guztiak aztertu ditut kalkulatzeko garai bakoitzean zenbat haurrek jaso zuten euskara etxean. Datu demolinguistikoek atzera joz uzten diguten arterainokoa da seriea, atzerago ezin da jo zentsuko datuekin.

Euskara non zen nagusi eta zenbateko pisua zuen?

Garai hartan Euskal Herriko herritarren herena inguru arnasgune izaera zuten lurraldeetan bizi ziren. Bazen lurralde jarraitu eta trinko bat non ia herritar guztiak euskaraz bizi ziren. Asko sinplifikatuz: Bilbotik ekialdera, Gipuzkoa osoa, Aramaio inguruak, Nafarroa iparraldeko zati bat eta Ipar Euskal Herri ia osoa. Diglosia egoera bizi zen bertan: goi mailako funtzioak erdaraz egiten ziren (administrazioa, eskola, hedabideak, goi mailako kultura eta abar); baina eguneroko herri-bizitza euskaraz zen nagusiki: familia, kalea, lagun artea, lana nekazaritzan edo fabrikan... euskarak hor nagusitasun soziala zuen. Egongo ziren uharte batzuk, Donostia edo Irun ez ziren inguruko herriak bezalakoak izango, baina 1906 urtean, abiapuntua, asko sinplifikatuz, hori zen.

Politika euskarafoboak lehenagotik zetozen, dena den.

Jakina, nik ez dut hori zuzenean aztertu, baina ikuspegi luzeagoko ikerketek diote XIX. mende osoan hasita zegoela aldaketa, eta bigarren Karlistaldia amaitu ostean euskararen egoeran eragin zuzena izango zuen aldaketa prozesu sakona hasi zela, bai politikan, bai ekonomian...

Garai hartan, euskaldunen aurkako jazarpenak eta bestelako dinamikek bultzatuta, askok ez zieten transmititzen ama hizkuntza beren seme-alabei. Hizkuntza baten desagerpen prozesuan seinale ezin larriago hori, zenbaterainokoa izan zen gurean?

"Garai guztietan gehiago izan dira euskara transmititu duten euskaldunak transmisioa eten dutenak baino. Horri esker gaude bizirik"

Datuek erakusten dute XX. mende hasieratik 1970era arte, geroz eta gutxiago transmititu zela, baina aldi berean, zeharka erakusten dute, jarraipena beti izan dela indartsuagoa hizkuntza albo batera uzteko jarrera baino. Garai guztietan gehiago izan dira euskara transmititu duten euskaldunak transmisioa eten dutenak baino. Horri esker gaude bizirik. Hala ere, euskaldunen multzo ohargarri batek, euskara ez transmititzea erabaki izan du hamarkada horietan zehar, eta beraz, itokin bat balitz bezala, beti hiztunak galtzen zihoan euskara. Dakidanaren arabera, Europako gainerako komunitate gehienek baino galera gutxiagorekin, baina ordezkapen dinamika argia bizi zen. Transmisioaren etete hori batez ere zonalde urbanoetan gertatu zen.

Goi mailako funtzio horiek presentzia handiagoa zutelako hiriguneetan?

Bai, modernizazioaren izenean. “Etorkizunaren eta progresoaren hizkuntza gaztelania/frantsesa da. Euskara baserritarren, atzeratuen eta pobreen hizkuntza da”. Hori zen logika dominantea eta hori da hizkuntza gutxituek dutena, prototipikoa da. Arraroa, izatekotan, guk gaur egun eta azken mende erdian bizi izan duguna da: herritarrek hizkuntza gutxitua transmititzeko ahalegina egitea, hori da arraroa.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Datuak ziklo politikoekin lotuta, ikusten da 1920ko hamarkadan, lortu zela beherakada etetea eta gorakada hasia zela 1936 urterako, mugimendu euskaltzalea eta abertzaletasuna indartsu zebilen garaian. Kolpetik moztu zuen hori gerra galtzeak, ordea, eta frankismoan gertatu ziren galerarik handienak. Bide horretan jarraitu izan balitz, heriotzatik oso gertu egongo litzateke gaur egun euskara. Baina 1955-1960 inguruan abertzale munduaren eta euskaldungoaren suspertze aro berria hasi zen eta mugimendu horrek sortu zituen ikastolak, euskara batua eta abar. Gure datuek erakusten dute, mugimendu horren eskutik, jendearen bizimodu arruntean aldaketak gertatu zirela, haur txikiekiko hizkuntza ohituretan zehazki (ez dugu garai haiei buruzko beste eremuetako erabilera-daturik).

Haur txikien lehen hizkuntzan euskarak izan duen pisuaren bilakaera. 

Indarberritze aroa (1971-2001) deitu duzuna, hain eztanda handia izan al zen?

Ikaragarria. Hegoaldean pasa ginen modan egotetik “que aprendan en castellano” , aurkakora: “Ikas dezatela haurrek euskaraz”. Hori izugarrizkoa da. Joera hori euskara galduta zegoen inguruneetan ere gertatu zen gainera. Gaur egungo Euskal Herria, galera fasearen ondorioa da (euskara oso gutxitua, oso zatikatua, oso zonalde bakan batzuetan izatea nagusi) eta ondorengo igoera fase horren ondorioa da gaur egungo euskaltzaletasun sozial sendoa, guk geuk ere baloratzen ez dakiguna askotan. Erdaraz hobeto egiten duten milaka eta milaka pertsonak ere euskara transmititzen diete beren seme-alabei. Hori oso arraroa da hizkuntza gutxituen panoraman.

Indarberritze aroak, ordea, ez zuen lortu euskarak ordezkapen aroan jasandako kalteari guztiz buelta ematea.

1906an, Hego Euskal Herrian jaiotako haurren %41aren lehen hizkuntza euskara zen. Kopuru hori %18raino jaitsi zen 1971 urterako. Eta igoera-fasearen gailurrean, 1996an euskara lehen hizkuntza gisa zutenen kopurua %27ra iritsi zen. Ez ginen gorago iritsi, ez zen inondik ere iritsi galdutako lurraldea berreskuratzera eta komunitateak lehen bezala trinkotzera. Horrez gain, 1991tik aurrera beste datu pila bat ere badaukagu, eta hortik aurrerako irakurketa ez dut egiten jaiotako haurren lehen hizkuntzaren adierazlean bakarrik oinarrituta. Landu ditudan adierazle gehienak begiratuta, joera-aldaketak ikusten dira 1996an –batzuetan 2001ean edo 2006ean–, gorantz zihoan tendentzian.

Hor hasten da geldotzearen aroa izendatu duzuna. Zein dira geldotze horren seinaleak?

Datu gehienak. Batetik, geroz eta indartsuagoa zen etxeko transmisioan aurreratzeko joera eten egin zen. Bestetik, erabilera datuetan, aldaketak daude 2001 edo 2006 inguruan: Inkesta Soziolinguistikoaren arabera erabilerak hazten jarraitu zuen baina polikiago; Kale Neurketetako datuek beheranzko joera txikia erakusten dute. Azkenik, arnasguneen gaian, 1991. eta 2001. urteen artean nahiko ongi eutsi zieten, baina gero gainbehera indartsu berrabiatu zen leku horietan ere.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Nork dakien euskaraz eta nork ez hartu beharrean erreferentzia gisa, zuk hobetsi duzu nor moldatzen den euskaraz hobeto, nor gaztelaniaz/frantsesez hobeto eta nor bietan antzera begiratzea. Hizkuntzen gaitasun erlatiboa, alegia. Zer berrikuntza dakar begirada horrek?

Lan osoan zehar saiatu naiz soziolinguistikaren teoriak zer esaten duen ikusten. Kasu honetan, psikolinguistikaren oinarrietatik argi geratu zitzaidan bi hizkuntzak hartu behar direla kontuan: euskarazko gaitasuna eta gaztelaniazko/frantsesezko gaitasuna, eta ez soilik euskararena. Eta bestetik, gaitasunarena ez dela aldagai dikotomiko bat, graduazioa dago. Agerikoa da horrela dela. Inkesta Soziolinguistikoan dagoen material aberatsarekin sailkapen batera iritsi nintzen, non ezartzen den mutur erdalduna, mutur euskalduna eta tarteko bost kategoria; hiztunak gaitasunaren arabera sailkatzeko zazpi multzo guztira. Iruditzen zait zehatzago jasotzen duela egoeraren argazkia.

Eta horrela, ondorioztatu duzu “euskararen ezagutzari begiratuta indartsu gaude, baina erabileran ahul" azken hamarkadetako uste orokortua okerra dela. Zergatik?

Gaitasunaren gaia ezberdin lantzen da toki bakoitzean. Hemen landu den hiru multzoko sailkapena, Euskal Herrian hain arrunta egiten zaiguna, guztiz asimetrikoa da. Kategoria batean, euskaldunen multzoan, biltzen dira berez kualitatiboki oso ezberdinak diren bost multzo, eta horrek irudi bat ematen digu. Datuak xeheago irakurrita, ordea, irudia bestelakoa da eta agerian uzten du hizkuntza-gaitasuna gure ahulgune nagusietako bat dela. Datuak laburtu, eta hiztunen sailkapena hiru multzotara ekarrita, horrela geratzen da: euskaraz hobeto moldatzen diren 195.000 hiztun dauzkagu (%7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen diren 222.000 (%8) eta beste guztiak, 2.230.000 erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako batzuek euskara ere jakin. Horrek egoeraren irudi argiagoa ematen digu. Egoera, gainera, datu horiek erakusten digutena baino larriagoa da. Izan ere, euskaraz errazago moldatzen diren ia guztiek beste hizkuntza ere badakite, baina erdaraz errazago egiten duten hiztun gehienek ez dakite euskaraz. Desoreka ikaragarria da.

Euskaraz hobeto hitz egin dutenen eta erdaraz hobeto hitz egiten dutenen kopuruak.

Orain arteko sailkapenaren logikak esaten zuen indartsuago dagoela hizkuntza gaitasuna erabilera baino, eta beraz, gure ahulgunea erabilera eta gure indargunea gaitasuna dela. Hori esateko egiten zen kopuruen alderaketak ez du zentzu handiegirik. Toki eta hizkuntza guztietan da beti handiagoa ezagutza erabilera baino. Zoaz Kataluniara eta ezagutza %80 inguruan dago, erabilera %40an...

...gaztelaniaz eta frantsesez ere gehiago dira dakitenak egiten dutenak baino.

Bai, noski. Horregatik, irakurketa horren arabera egiteak ez du zentzurik. Beraz, neure buruari esan nion: “Ezin al dira konparatu, erabilera eta ezagutza, indartsuago zein dagoen erabakitzeko? Aurki dezagun konparaketa egiteko modua”. Horretan, bi bide landu ditut.

"Eroso zaiena baino gehiago erabiltzen dute hiztunek euskara"

Lehenengo ikertu dut ea nola osatzen diren euskaldun/ez-euskaldun harreman-sareak. Izan ere, Txillardegik zioen bezala, hiztun elebakarra hiztun elebidun batekin elkartzen denean, nahitaez, elebakarraren hizkuntza erabiliko da. Eta harreman sareen osaera aztertuta, kalkulatu dut zein aukera erreal dagoen gaur egungo aurrez aurreko harremanetan euskara erabiltzeko. Ondorioak argiak dira: Gaur egun elkarrizketen %82 inguru derrigor erdaraz dira Euskal Herrian –herritar gehienek erdaraz soilik dakitelako, beraz, beren artean gaztelaniaz eta frantsesez egiten dute eta euskaldun elebidunak beraiekin gaudenean, derrigor erdaraz egin behar dugu–. Gero, elkarrizketa kopuru oso txiki bat, %1a, derrigor euskaraz da –estimazioak egin behar izan ditut, euskaldun elebakarren datuak ez baitira jada jasotzen inkesta soziolinguistikoetan–, eta elkarrizketen %17an aukeran dauzkagu bi hizkuntzak. Erabilera datua, beraz, ez baditugu erdaldunak euskaraz hitz egiten jartzen, ezin da %18 baino gehiago izan. Egungo gaitasunaren baldintzetan, euskararen erabilera %1 eta %18aren tartean egongo da nahitaez. Iturri bera erabiliz, ikusten dugu euskararen erabilera %15 inguru dagoela, askoz gertuago maximo posibletik, minimo posibletik baino.

Bigarren simulazio batean, kalkulatu dut zenbatekoa litzatekeen euskararen erabilera egungo harreman sareak aintzat hartuta, baldin eta elebidunak euren artean elkartzen direnean, hizkuntza bat ala bestea erabiltzea posible den kasuetan alegia, elebidun bakoitzak berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egingo balu. Euskaraz hobeto egiten duenak beti egingo balu euskaraz eta erdaraz hobeto egiten duenak beti erdaraz. Kalkuluak horrela eginda, batez besteko euskararen erabilera %8an legoke, baina erabilera %15ean dago. Euskara, asko erabiltzen da, hortaz, dagoen gaitasunaren zorurako. Mikroskopikoago begiratuta ere, datuak argiak dira. Euskaraz errazago egiten duten euskaldunak, oro har, euskaraz bizi dira. Erdaraz errazago egiten duten elebidunak nagusiki erdaraz bizi dira, baina euskarari toki ohargarri bat ematen diote horretarako aukera dutenetan. Bestela esanda, euskaraz hobeto mintzatzen diren euskaldunek egunerokoan erdarari ematen dioten tokia askoz txikiagoa da erdaraz hobeto egiten duten elebidunek euskarari ematen diotena baino. Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta ere ondorio berera iristen gara: dagoen hizkuntza-gaitasunaren zorurako asko erabiltzen da gaur egun euskara.

Eta hori zergatik da horrela?

Hiztunek atxikimendu handia dutelako euskararekiko. Euskararen aldeko jarrerak indartsu daudelako eta jarrera horiek hiztunen praktika linguistikoetan gauzatzen direlako. Jarreren munduan ere ez da kezkarako motiborik falta. Baina hala ere, gaur egun, horixe da gure indargune nagusia. Horri esker dago euskara dagoen mailan eta ez dezente beherago.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Horrek aldatu egiten du orain arteko ikuspegia, ezta? Zer ondorio ditu horrek hizkuntzaren indarberritzeari begira?

Orain arteko ikuspegi klasikoarekin, gaitasuna erabilera baino gorago zegoenez, ondorioztatzen zen ez zegoela benetako atxikimendu praktikorik. Hori galtzen ari den hizkuntza baten hurrenkera prototipikoa da. Pentsatzen jarrita, disposizio horrek heriotzara eramango gintuen. Duela 80 urte horrela geunden: gaitasunaren zoruaren mailaren azpitik erabiltzen zen euskara. Gaur, egoera aurkakoa da. Eta horrek hizkuntza indarberritzeko aukerak eskaintzen ditu. Dena den, ikusi behar da belaunaldi arteko dinamikan nola gauzatzen den.

Zer esan nahi duzu?

Bi alde dituela. Batetik, harro egotekoa dela hori; baina bestetik, horrek ekarri du azken 30 urteetan euskara geroz eta gehiago ekoiztea erdaraz hobeto mintzatzen direnen partetik. Hori ere harro egotekoa eta gure hizkuntza-komunitatearen bizi-nahiaren seinale argia da –nahiko lukete hori hizkuntza gutxitu guztiek–. Baina aurrera begira, ez badugu lortzen hiztun multzo horrek geroz eta errazago egitea euskaraz, beti ibili behar badu hizkuntzarekin “sufritzen”, luzera korapilo handia egiten ariko gara. Batez ere belaunaldi artean errepikatzen bada. Eta erdaraz erosoago arituko liratekeen euskaldun horien seme-alabek ere jarraitzen badute euskaraz ikasi, etxean jasota gainera, baina hazi ahala erdaraz errazago egiten.

Euskaldunen kopuru handiena da horrela bizi dena?

Ez dut hain zehatz aztertu, baina euskaldunen zati handi bat horrela bizi da, bai. Ingurune erdaldunagoetako euskaldun gehienak dinamika horretan kateatuta daudela esango nuke.

Eta nola atera sorgin-gurpil horretatik?

"Sor ditzagun euskaraz bizitzea arrunta izango den guneak"

Hasteko, euskal hiztun benetan gaituak ekoiztea lehen mailako helburutzat jarrita. Esango nuke gaitasunean orain arte lehentasun erabatekoa euskaldunen multzoa handitzea izan dela, erdaldunak euskaldunduz. Nik uste dut hori bezain garrantzitsua dela erdaraz errazago egiten duten elebidunen multzotik euskaraz hobeto egiten duten elebidunen multzora hiztun aldaketak egotea. Nagusitasunezko hiztunak behar ditugu, euskaraz ondo eta errazen euskaraz moldatuko direnak. Hori jarri behar dugu helburu bezala.

Euskaraz bizitzeko gaitasun egokiak dituen geroz eta jende gehiago behar dugu, beraz?

Bai, euskaraz hobeto moldatzen diren %7 hori handitzeak lehentasuna beharko luke. Izan ere, azken 30 urteotan igo egin da euskara dakitenen kopurua, hori garrantzitsua da eta zoragarri. Baina bien bitartean, euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen multzoa ez da igo, duela 30 urteko maila berean dago. Eta benetan leiala den hiztuna, euskaraz aritzeko berezko joera indartsua duena, eta praktikan gehien erabiltzen duena multzo hori da.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Eta nola egin multzo hori handitzeko?

Erraza da galdetzea. Eskoletan zer gehiago egin daiteke lantzeko hizkuntza, ahozkotasuna, jariotasuna edo adierazgarritasuna? Ezinbestekoa da. Berdin eskolatik kanpo gazteekin eta helduekin. Zer tresna eman ahal zaizkigu euskara hain erraz erabiltzen ez dugun euskaldunoi, gure euskara zorrozteko eta horrekin batera azken batean bizitza errazago eta euskaldunagoa egiteko? Euskarazko telebista-irratiek eredu egokia eskaintzen al diote hiztunari, hizkuntza bizi eta arin erabiltzen ikasteko? Txip horri beste lehentasun bat eman behar zaio, jendea kargatzen ari baikara. Gune erdaldunagoetan bizi den euskaldun prototipikoa beti borrokan, edo sufritzen dabil: askotan erdaraz egin behar du nahitaez mintzakideek ez dakitelako, eta euskaraz egiteko aukera duenean, erabaki beharra du: errazago eta erosoago zaion erdara erabili edo bere ametsari eta jarrera militanteari tiraka, zailago zaion euskaraz aritu… Eta egoera guztiak kontuan hartuta, azkenean erdara erabiliko du gehiago, eta horrek bere erdal gaitasuna sendotuko du eta euskal gaitasuna ahuldu. Sorgin-gurpil hori bizi du ingurune horietako euskaldunak, eta kezkagarriena, belaunaldiz belaunaldi betikotzen ari dela dirudi. Honela laburbil genezake: “Nik erdaraz euskaraz baino errazago egiten dudan arren, ahalegina egin dut eta seme-alabak euskaraz hazi ditut. Etxetik euskaldunak diren seme alabak eskolara D eredura bidali ditut eta handik urte gutxira erdaraz funtzionatzen dute. Eta jartzen diet telebista, eta eskaintza ia guztia erdaraz da”. Kontxo! Jendea ahalegin hori egiten ari da eta gauzak beste modu batera pentsatu behar dira kate hori puskatu nahi bada. Eskoletako taldeen multzokatze irizpideek, adibidez, laguntzen al dute ingurune erdaldunagoetan haurtzaroa eta nerabezaroa euskaraz biziko duen multzo bat osatzen? Ez dut uste.

Horrez gain, hiztun osoen fabrika eraginkorrenak diren arnasguneak zaindu eta zabaldu behar dira. Eta horren harira, ez dakit ez ote diren asmatu behar orain arte jorratu ez diren ildoak. [Mikel] Zalbideri behin irakurri nion galdera: “Noizko D ereduko auzoak?”. Euskalgintzak ezin ditu pentsatu eta sortu, hurrengo mende honetan, Donostian, Baionan edo Iruñean euskaraz biziko diren auzoak, gero horrek euskara irradiatzeko hiri osora? Zonalde erdaldunduagoetan ezin al dira herri euskaldun berriak sortu? Ez dirudi erronka erraza, baina frankismo beltzean ikastolak martxan jarri zituen gure gurasoen belaunaldiak ere ez zituen gauzak erraz-errazak izan.

Maiz erdarara jotzen duen euskaldun asko bidegabeki epaitu direla eta euskara sustatu nahi duenak sektore horrengana modu eraginkorragoan hurbildu behar lukeela diozu, hauek euskaraz gehiago egingo badute.

Gogoeta bat sartzen dut. Askotan euskaltzaleok konparatzen dugu hiztunen erabilera, egoera idealarekin: denak beti euskaraz aritzearekin. Adibide tipikoa da, parkean ikustea guraso-bikotea umearekin euskaraz eta beren artean erdaraz. Oso zatarra iruditzen zaigu portaera hori, eta kritikatu egiten dugu. Eta egia da, portaera hori ez da guztiz eraginkorra transmisioa gerta dadin. Baina askotan ahaztu egiten dugu, guraso horiek errazago egingo luketela umearekin ere erdaraz. Egiten duten plus hori ikaragarria da eta baloratu egin behar da. Nik uste dut ez dugula baloratzen. Sektore ez hain militante horiekin konektatzea eta konpromiso handiagoetara iristea lortuko dugu hortik abiatuta, aitortuz eta onartuz zein esfortzu egiten ari diren.

Mintza gaitezen hizkuntzaren transmisio naturala bermatzen duten arnasguneez. Higadurak jarraitzen du eta erabilera jaisten ari da. Hain larria da?

Bai, larria da. [Joshua] Fishmanek, eta gurean Zalbidek, egin dute lanketa teorikoa horren inguruan eta planteatzen dute kualitatiboki izugarrizko garrantzia dutela arnasguneek, hizkuntza gutxitua eguneroko bizitza arruntean nagusi duten auzo, udalerri eta eskualdeek. Hizkuntza bizien eta hizkuntza normalizatuen egoerarik antzekoena hor dago. Nik datuak landu ditut, eta ondorioa argia da: erdara nagusi den eremuetan dinamikak erdarara bultzatzen duen bitartean, arnasguneetan, euskara indartsu dagoen lurraldeetan, dinamikak euskararen alde bultzatzen du. Nolabait esateko, ekosistema soziolinguistiko ezberdinak dira.

Ez euskaraz eta ez gaztelaniaz ez dakien familia bat Ondarroan edo Azpeitian jartzen baduzu (magrebiarra, txinatarra edo alemaniarra, adibidez) dinamika logikoa da beren seme-alabek 12 urterako errazago egingo dutela euskaraz gaztelaniaz baino eta hizkuntza horretan biziko direla. Jartzen baduzu familia bera Donostian, zer esanik ez Bilbon edo Tuteran, erdaraz hobeto egingo dute euskaraz baino eta hizkuntza horretan biziko dira nagusiki. Arnasguneetan zaila da erdaraz bizitzea, ahalegina egin behar duzu. Ia ezer egin gabe geroz eta euskaldunagoa zara. Geroz eta hobeto erabiltzen duzu hizkuntza, euskaraz bizi zara, denborak horretara eramaten zaitu. Donostian kontrakoa da.

Joera hori irudikatzeko, eskailera automatikoaren metafora erabili duzu tesian.

Erdara nagusi den lurraldeetan euskaraz bizi nahi izatea (euskara ikastea, euskara erabiltzea, ondorengoei transmititzea…) goitik behera datorren eskailera mekanikotik, kontrako norabidean igotzen saiatzea bezalakoa da. Indar handia egin behar duzu, eskailerak berez kontrako norabidean dakarren abiadura berdintzeko. Arnasguneetan, ordea, eskailera behetik gora doa, erraz egiten da gora, ahaleginik egin gabe ere. Horregatik, lehentasun garbia izan behar da arnasguneetan bizi den jendea geroz eta gehiago izatea, arnasguneak zabaltzea. Erabilerari dagokionez %60an dauden herriak %80ra pasatzea eta %40an daudenak %60ra. Nik hor indartuko nuke apustua.

Arnasguneetan, ordea, herritarren ehuneko txikia bizi da. Beraz, euskaldun gehienak eskailera mekanikoan, behetik gora, kontrako noranzkoan igotzen saiatzen bizi gara.

Hori da gure egoera definitzen duen ahulgune nagusi bat: jende gehien-gehiena, hamarretik bederatzi, erdara nagusi den eremuetan bizi dela. %4 inguru arnasguneetan bizi dira, euskara nagusi den udalerrietan, eta beste %6 bat euskara-erdara pareko samar dauden udalerrietan. Txarrena zera da: arnasguneen pisua handitu beharrean jaisten ari dela azken 20 urteotan.

Diozu euskara nagusi edo pareko den lekuetan bizi den %10 horrek ekoizten duela euskaraz ekoizten denaren erdia. Azpeitian Bilbon bezainbeste ekoizten dela, Zarautzen Gasteizen bezainbeste eta Baztanen Iruñean bezainbeste. Zer esan nahi duzu?

"Broma gutxi esatearekin arnasguneak galduz gero euskalduntze prozesuak aurrera egin dezakeela"

Katalanek “Parlants a temps complet” kontzeptua erabiltzen dute, ekonomian “lanaldi osoko langile” kopurua kalkulatzen den bezala eginda. Jardunaldi erdia edo murriztuak dituzten langileen proportzioak batu eta zenbat lanaldi oso osatzen diren kalkulatzen da enpresetan. Pertsona baten katalanaren erabilera %50ekoa bada, hiztun erdia bezala kontatzen dute. Logika horri jarraituta, erabilera datuekin, hiztun oso kopurua kalkulatu dut nik eta benetan ahoratzen den euskara bizia kuantifikatzeko balio du. Horrela begiratuta, ahoratzen den euskararen erdia, gutxi gorabehera, euskararen ezagutza %60 baino altuagoa den herrietan gertatzen da, erabilera %40tik gorakoa den herrietan. Hor sartzen dira Azpeitia, Azkoitia, Baztan, Ondarroa, Lekeitio, Zarautz, Tolosa, Zumaia, Gernika… tankera horretako herriak.

Beste aldean, euskararen erabilera %20tik beherakoa den udalerrietan bizi da biztanleriaren %81, eta euskararen %31a inguru besterik ez da produzitzen bertan. Azken urteetan asko esaten da euskaldunen profila aldatu egin dela eta euskaldunaren profil ohikoena Bilbokoa dela. Hori egia da. Baina produzitzen den euskararen banaketa ez da hori. Broma gutxi esatearekin arnasguneak galduz gero euskalduntze prozesuak aurrera egin dezakeela. Minorizazio larrian gaude, erabilera %0 izatetik askoz gertuago, %100 edo %50etik baino. Erne zer gerta daitekeen arnasguneak galduz gero. Posible ote da euskara berreskuratzeko prozesu bat arnasgunerik gabe? Ez dut esango ezinezkoa denik –hebreerarekin gertatutakoak erakusten digu ia edozer izan daitekeela posible–, baina zalantzarik gabe, asko zailduko dira gauzak oraingo joerak jarraitu eta arnasgunerik gabe gelditzen bagara.

Kanpoan gure erabilera mailatik dezente behera dauden hizkuntzei begiratuz gero, ikusten ditugu Irlanda, Bretainia, Okzitania… Ezaugarri komun bat dute: ez dago arnasgunerik lurralde horietan. Ez dago naturalki hiztun multzo trinko bat sortzen duen gunerik. Hori bukatu zitzaien. Eta gu baino osasuntsuago dauden herrietara begiratzen badugu, Katalunian, lurraldearen zatirik handiena arnasgunea da. Girona eta Lleida probintziak osorik, eta Bartzelona zein Tarragoan probintziak ere ia osorik. Katalana nagusi den hiriak ere badituzte: Lleida eta Girona hiriburuak, Manresa, Reus… Guk 10.000 biztanletik gora Azpeitia bakarrik dugu. Lehenago arnasgune izaera zuten herri populatu samarrek izaera hori galdu dute azken hamarkadotan… hori desastre bat da. Berreskuratze prozesua emango bada, eremuak eta espazioak irabazten izango da; ez da gizabanakoetan soilik gertatuko. Euskalduntzea emango bada arnasgunetzea ere eman beharko da. Epe ertainera lurralde eremu ahalik eta jarraitu eta trinkoena arnasgune bihurtzea izan beharko genuke helburu.

Hizkuntza bilakaeraren inguruan ere ikuspegi berria proposatzen duzu.

Bai. Hiztunek bizitzan zehar, gaitasunean eta erabileran aldaketak izan ditzakete. Etxe erdaldun batean jaio naiteke, lehen urteetan erdaraz bizi eta ondoren euskaraz; edo alderantziz. Demolinguistikan aldagai klasikoa da, Kanadan, Quebecen zein Katalunian erabiltzen dute. Hemen oso modu berezian landu izan da orain arte: irabaziak eta galerak terminoetan. 1991tik hona, Inkesta Soziolinguistikoan eta zentsuetan euskaldundu diren jatorrizko erdaldunak zenbat diren konparatu izan da euskara ahaztu dutenekin. Hortik irakurketa positiboa egiten da: gehiago dira euskara ikasi dutenak, ahaztu dutenak baino. Baina ez da kontuan hartzen zenbat euskaldunek ikasten duten erdara eta zenbat erdaldunek ahazten duten erdara. Eta horrekin galdu egiten duzu ikuspegi osoa.

Euskal Herrian bizitzeak, erdaldundu egiten du.

Mugimendu guztiak aintzat hartuta kontuak bestelakoak dira. Lehen hizkuntza euskara izan zutenen %6ak ahaztu egin du, lehen hizkuntza erdara izan zutenen artean ez dago horrelakorik. Euskara lehen hizkuntza izan zutenen artean erdiek baino gehiagok, %55ak, galdu du nagusitasuna, jada ez da euskaraz errazago moldatzen gaztelaniaz baino. Lehen hizkuntza gaztelania izan zutenen artean, nagusitasuna galdu dutenak %2 dira. Gaitasunean oinarritu beharrean erabilerarekin kalkuluak eginda ere ondorio bertsura iristen gara: askoz gehiago “erdalduntzen” da etxetik euskalduna zen hiztun-multzoa, etxetik erdalduna zen multzoa euskalduntzen dena baino. Fenomeno hau, lerroburu nahikoa mingarri honekin laburtu daiteke: Euskal Herrian bizitzeak gaur egun erdaldundu egiten du, batez beste.

"Bidegurutzean gaude, baina heriotzatik 15 puntuko distantziara, osasun betetik 65era"

Euskarak zenbat hiztun galdu ditu azken aldian? Eta gaztelaniak?

Hegoaldean, zehazki, eta 2011ko zentsuko datuen arabera, euskarak 88.356 hiztun galdu ditu egungo erabilera eta haur garaikoa alderatuta. Gaztelaniak, berriz, 134.025 hiztun irabazi ditu, jatorriz euskaldun zirenak eta jatorriz beste hizkuntza batzuetako hiztunak zirenak erakarrita. Gaztelaniak hobeto eusten die jatorrizko hiztunei, euskarak okerrago; gaztelaniak indar handiagoz erakartzen ditu jatorriz hizkuntza horretako hiztunak ez zirenak, eta euskarak erakarpen-indar gutxiago ageri du. Euskal hiztun komunitatea odolustu egiten da horrela.

Horretan, jakina, testuinguruak indar handia du eta datuak bestelakoak dira arnasguneetan: hor bizitzeak euskaldundu egiten du batez beste.

Erdararen korrontea oso indartsua da.

Honek zerikusia zuzena du egitura demolinguistikoarekin, hizkuntza gaitasunean ahul egotearekin eta lurraldearen zati handienean erdara nagusi izatearekin. Bihar lortuko balitz estatu bat eta nahi duzun politika eraman, hori ez litzateke gauetik goizera aldatuko. Oinarri demolinguistikoak eragiten duen korronte orokorrak erdararen aldekoa izaten jarraituko luke. Baina era berean, ahultasun egoera hau elikatzen dute egungo baldintza juridiko, politiko, ekonomiko eta sozialek. Euskararen aldeko politikek eta euskaltzaleen jardunak ere beren eragina dute, jakina, eta eskerrak horri. Baina maila orokorrago batean, gaztelania eta frantsesa beharrezko izateak, euskara ez izateak beharrezkoa ia ezertarako, lan munduak, hedabideen esparruak, marko juridikoak, handik eta hemendik de facto erdararen alde egiten den diskriminazio positiboak… ia denak bultzatzen du euskararen subordinazio egoera iraunkortzera eta areagotzera.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Migrazioei eta jaiotza kopuruari lotutako aldaketa demografiko esanguratsuak ageri dira zure lanean. Zein dira horien eraginak hizkuntzan?

Ez dut gaia berariaz landu. Ondorioetan datu pare bat sartu ditut gogoeta borobiltzeko. Hasten bagara aztertzen 2001etik aurrera zergatik iritsi zen geldotzea, zerikusia du, besteak beste, etorri berriekin. Masa demografikoa hazten ari da eta erdaldun hiztunekin ari da hazten. Eta jaiotzei dagokienez, gure berreskuratze asmoa belaunaldi berrien euskalduntzean oinarritu da. Hain haur gutxi jaiotzeak gurean ez du inondik inora ere laguntzen, jakina.

Konpara liteke 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadatan jasotako migrazio-prozesuarekin?

Garai hartako etorkin fluxua askoz handiagoa izan zen eta gainera, orain baino neurri handiagoan zetozen gaztelania nagusi zen lurraldeetatik. Gainera, estatu barruko mugimenduak ziren, estatua hizkuntza horren alde eta gurearen kontra sutsuki ari zen garaian. Hura soziolinguistikoki larriagoa izan zen.

Zure lanean herritarren sozializazioan zeresana duten eragileak aztertu dituzu banan-banan. Zein nabarmenduko zenuke gaztelaniara edo frantsesera indar egiten duelako?

"Hiztun guztiak aintzat hartuta, euskaraz egiten dute bizitzaren alor guztietan %10etik gora, baina telebista ikusterakoan %2. Hori desastre hutsa da"

Hedabideen mundua eta kultur kontsumoa. Datuak argiak dira. Audientzia datuek esaten dute ETB1ek %2ko sharea daukala. Erabilera neurtutako beste alor guzti-guztietan %10etik gora dago. Hau da, hiztun guztiak aintzat hartuta, euskaraz egiten dute bizitzaren alor guztietan %10etik gora, baina telebista ikusterakoan %2. . Hori desastre hutsa da. UEMAren eta Arrue-ren ikerketek [ikasleen eskola-giroko hizkuntza-erabileraz] ere ematen dituzte datuak azaltzeko ahulgune oso handia dela sozializazioari begira. Nabarmen, euskararen kontra egiten du faktore horrek. Horrez gain, jakina, haur eta nerabe gehienak erdara nagusi den lurraldeetan bizitzeak errotik baldintzatzen ditu sozializazio-prozesuak.

Bada euskararen alde bultzatzen duen sozializazio eragilerik?

Bai, familiaren eremua aipatu dugu lehenago. Nahiz eta, oraindik ere askoz gehiago diren etxean erdaraz hazten diren umeak (%70), euskaraz hazten direnak baino (%17), belaunaldi arteko perspektiban ikusiz, joera positiboa da. Gaurko haurrek etxean jasotzen duten euskararen pisua euren gurasoek jaso zutena baino dezente handiagoa da. Aldeko beste eragilea eskola da. Zuzentzeko eta sendotzeko alderdi asko dituen arren, orokorrean belaunaldi berrien euskalduntzearen alde bultzatu du, EAEn eta Nafarroaren iparraldean gehienbat, haurren lehenengo urteetan behintzat.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Borobiltzeko, beraz, esan genezake euskara biziberritzeko egindako lana izugarria izan dela, baina azken 20 urteotan ez dela aurreratu?

Egindako lana ikaragarria da: ordura arteko dinamikatik etor zitekeen hizkuntzaren heriotza saihestea lortu dugu. Tamalez, ez dago datu base zentral bat jakiteko beste hizkuntza gutxituen bilakaerak zein izan diren, baina azken 30 urteetan oso gutxik izan dute gure bilakaera. Gehienek behera eta behera egin dute. Kontrako norabidean datorren eskailera mekanikoaren abiadura berdintzea lortu dugu guk. Garai batean, 1960 eta 2000 artean, lortu genuen eskailera hori baino azkarrago ibiltzea gorantz eta aurreratzea. Eta azkenengo urteetan berdintzea soilik. Eta hor gabiltza egun.

Gaur egungo egoera bidegurutzearekin alderatu izan du, besteak beste, Kike Amonarrizek. Zuk nola ikusten dituzu etorkizun posibleak?

Gustatzen zait bidegurutzearen irudia. Alde batetik daukagu hiltzear edo oso-oso egoera eskasean dauden hizkuntzetarantz doan bidea. Eta beste bidetik dauzkagu Europako estatu txikietako hizkuntza normalizatuak: islandiera, poloniera, esloveniera… Eta hor gaude. Zenbaki batzuk jarriko dizkiot metaforari. Hartzen badugu erabileraren adierazlea –eta ez da okerren uzten gaituena–, %15a da euskararena Inkesta Soziolinguistikoan. Irlanderaren erabilera ez da %1era iristen, beraz, bidean hamalau puntuko distantzia dago. Beste bidetik, Islandia jarriko dugu. Islandian ingelesarekiko lehiarekin kezkatuta daude; geroz eta gehiago erabiltzen baita turismorako, kultur sorkuntzarako, eremu digitalean… Hala ere, euren datuak ikusita, pentsa daiteke %80tik gora erabiltzen dela gaur islandiera. Beraz, bidegurutzean gaude, ados, baina heriotzatik hamabost puntuko distantzia dago eta osasun beteko hizkuntza izatetik 65 puntukoa. Eta ez hori bakarrik, kilometro guztiak berdinak dira? Ez. Bide bat aldapan behera doa amildegira, ahalegin handirik gabe joan gaitezke hortik behera, eta bestea berriz, aldapan gora doa. Irlandaren biderantz jaisten doaz eskailera automatikoak, Islandiarako bidearen kontrako norabidean, eta gogor egin beharko dugu indarra gora egingo badugu, lehen kilometroetan gehienbat.

Jauzi handi bat behar dugula azpimarratzen duzu. Erakunde publikoen eta euskalgintzaren praktika aldaketa eskatzen du horrek?

Zalantzarik gabe. Oraingo honekin eusten ari gara, baina etor daitekeen edozein boladak eraman gaitzake. Oso ahul eta oso hauskor gaude.

"Ezagutzan eta erabileran ahultasun handia dugu, baina sendo gaude motibazioan eta euskaltzaletasunean"

Indarra ikusten duzu egoerari buelta emateko? Beste susperraldi baterako?

Asko laburtuta, bi dira gure hiztun komunitatearen egoeraren ezaugarri nagusiak: batetik, egitatezko ahultasun handia (ezagutzan, erabileran…), baina bestetik, sendo egotea motibazioan, euskaltzaletasunean, hizkuntzarekiko atxikimenduan. Azken mendean, eta lehenago ere, herri honek erakutsi du herri sendoa garela, geure hizkuntzarekin eta herri izan nahiarekin sakon konprometitzen badakiena. Egia da ez gaudela gaur egun boladarik bizienean, ilunaldi batean gaudela, bidea ezin bilaturik bezala gabiltzala. Baina ez dut zalantzarik hurrengo urteetan gure herriak aterako dituela indarrak eta asmatuko dituela bideak aurrera egiteko.

Zein da zure ondorioa tesia egin ostean?

Ezin dugula lo gelditu. Egoera zein den ahalik eta zorrotzen aztertu behar dugula, eta dagoen eskarmentu izugarria aprobetxatuta, barrutik bizi gaituen bizi-nahiak hauspotuta, aurrera egin behar dugula irudimenez eta ausardiaz.

Epaimahaiak Bikain Cum Laude kalifikatu du tesia

Teoria soziolinguistikoak hizkuntza gutxituen jarraipenari, ordezkapenari eta indarberritzeari buruz esaten duena aztertu du lehenik Iurrebasok. Ondoren, euskararen inguruko hiru eragiketa estatistiko nagusik (Biztanleria Zentsuak, Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak eta Inkesta Soziolinguistikoak) adierazle berriak sortzeko zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten ikertu du eta 137 adierazle berri sortu ditu egoeraren ezagutzan sakontzeko asmoz. Azkenik, adierazle horiek irakurrita, euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko azterketa egin du Euskal Herri mailan. Patxi Juaristiren eta Iñaki Martinez de Lunaren zuzendaritzapean landu du tesia eta Ibaetako Hezkuntza Zientziak, Filosofia eta Antropologia fakultatean defendatu du 2023ko otsailaren 17an. Esti Amorrortu, Jon Sarasua eta Jone Miren Hernandezek osatutako epaimahaiak Bikain Cum Laude kalifikatu du eta aparteko sarirako izendatu dute.

 

Euskararen egoeraz dauden datu soziolinguistiko nagusi guztiak aztertu dituzu lanean. Zein estatistika falta zaizkigu azterketa osoagoa egiteko?

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako udal-mailako hizkuntza egoeraren berri emango digun datuen falta da hutsune nagusia. Gainontzean, nahiko sakon begiratu ditut Katalunia, Quebec, Gales eta beste zenbait hizkuntzatako datuak eta orokorrean material ona dugula konturatu naiz. Adibidez, Herrialde Katalanekin konparatuta, Valentziak bere inkesta du, Balear Uharteek berena, Andorrak berea, Kataluniak berea... eta osotasunezko ikuspegi bat egin nahi baduzu, lan zaila da, askotan inkestak ezberdinak direlako. Hemen nahiz eta lurraldea zatituta eduki, bi ikerketa ditugu, kale neurketa (Soziolinguistika Klusterrak egiten duena) eta Inkesta Soziolinguistikoa (Erakunde publikoek egiten dutena), eta nazio osoaren ikuspegia ematen digute. Orain Arrue eta Izaskun Arrue ikerketak ere baditugu Hegoaldean. Informazioz ondo hornituta gaude. Aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko tesirako behar izan ditudan datuetara sarbidea erraztu didaten erakunde guztiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude