Jarrera aldatuta, alderdiak mugitu asmoz dator Gure Esku

  • Pirinioetako Bidea ekimena antolatu du Gure Esku-k uztailaren 2rako, Kataluniako eragile sozial soberanista nagusiekin. Asmoa da Atlantikoa eta Mediterraneoa lotzen dituzten gailurrak argiztatuz, nazioarteko komunitateari mezua bidaltzea: irtenbide politiko bat behar dute Euskal Herriak eta Kataluniak, eta erabakitzeko eskubidea praktikan jarri behar da autodeterminazio erreferendumen bidez. Hori lortzea, ordea, oso zaila da, eta ekimena aitzakia hartuta, 9 urte bete dituen mugimenduaren bozeramaileekin bildu gara, egoera politikoaz eta Gure Eskuk darabilen estrategiaz mintzatzeko. Estimatu diegu zintzotasunez hitz egitea.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Pirinioetako Bidea ekimenaren aurkezpenean. (Argazkia: Gure Esku)
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Pirinioetako Bidea ekimenaren aurkezpenean. (Argazkia: Gure Esku)

Ekimenaz hitz egin duten bakoitzean azpimarratu dute: Pirinioetako gailurrak argiztatzea baino, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko herri gogoa berpiztea da helburua, Gure Esku mugimendua berraktibatzea, herri eta auzoetan taldeak lanean jartzea, erabakitzeko eskubidearen gaia ez dutela alderdien eskuetan utzi nahi gertuko jarraipenik egin gabe. Hortik hasi dugu elkarrizketa bozeramaileekin. Pirinioetako ekimenetik harago, zer pertzibitzen dute oinarritik?

Amalur Alvarez (Donostia, 1988) argi mintzo da. Oinarrian egoera politikoarekiko nekea ikusten du, baita gertu dituztenengan ere. Arrazoiak ugari izan daitezke: azken urteetako blokeo politikoak eragindako desafekzioa, pandemia eta alderdien arteko tirabirak edo Kataluniako prozesuaren blokeoa, batzuk aipatzearren. Nabarmendu du EAE mailan aurreko legegintzaldian pausoak eman baziren ere, oraingoan ez-atzera ez-aurrera dagoela gaia eta autokritika egin duela mugimenduak, bai barnera begira, baita kanpora begira ere. Gogoratu behar da Gure Eskuk 2018an Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituela giza-kate jendetsu batekin, Gasteizko Legebiltzarrean amaituz eta herri mugimendu gisa sinbolikoki alderdi politikoei konfiantza emanez estatus berriaren eztabaidan murgildu eta aurrera egin zezaten erabakitzeko eskubidearen esparruan. Gizarte presioa desagertu hala, ordea, gaia blokeatuta geratu da lau urtez. Horrek ezinegona eragin du Gure Eskuren oinarrian eta argi dute ez dutela akatsa errepikatuko, jarreraz aldatu behar dutela. “Ikasi dugu gure akatsetatik, txipa aldatu dugu. Gure helburua da beste indar batekin itzultzea panorama politikora eta ikasturtean tonu hori mantenduko dugu, gainean izango gara, zaintza egiten eta zorrotzak izaten”.

Josu Etxaburu Osak (Ondarroa, 1961) uste du pandemia eta ondorengo bi urteak oso mingarriak izan direla ekintza kolektiboen ezintasunagatik. Gizartearen lehentasunak zein diren argi geratzeaz gain, burujabetza beharra nabarmendu dela. Aldi berean, argi du Gure Esku korronte politiko indartsuen aurka egiteko sortu zela eta hori beti dela konplikatua. Horregatik, gaur egungo giroa dena delakoa izan arren, 9 urteotan eginikoa balorean jartzen du. “Pedagogia zabala egin behar izan dugu erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta urteotan herrietan kristoren lana egin da jendea aktibatzeko”. Etxabururen esanetan “orain ez da momentua”, “gizartea zatitu nahi duzue” edo “ez da tokatzen” diotenei aurre egiten diete. “Orain ez dela tokatzen? Ba lasai, tokatu araziko dugu”.

Orain gutxi Irutxuloko Hitza astekarian Donostiako bi bozeramaileek eginiko adierazpenak berreskuratu eta bere egin ditu Alvarezek: “Nazkatuta gaude puxikak mugitzeaz eta prozesu bat eraiki nahi dugu”. Hori egiteko bide bakarra Gure Eskuko oinarriek jarrera hori barneratzea izango dela uste dute.

Lurraldetasuna, beti gai konplexua

Gure Esku Euskal Herri mailako proiektua izaki, lurraldetasunaren gaia nola bizi duten galdetu diegu. Aitortzen dute zaintza berezia egiten saiatu diren arren, konplikatua dela, Nafarroa eta Iparraldetik jasotzen dutela batzuetan EAEzentristak direla egiten dituzten ekimenak, EAEko errealitatetik tiraka egingo balituzte bezala. Azken bi ekimenetan, lurraldetasuna zorrotz zaindu dutela nabarmendu dute: burujabetzaren aldeko Hamaika gara sinadura bilketarekin, lurraldekako eskaera egokituei leku egin diete eta orain, Pirinioetako ekimenarekin adibidez, lanketa berezia egiten ari dira Nafarroan, eta talde ugari sortu dira. “Guk argi dugu Euskal Herriko prozesu politikoak hiru errealitate administratiboak errespetatu behar dituela, eta ziurrenik hasiera batean hiru prozesu ezberdin izango direla, une batean bateratasunak sortzen joango direnak”.

Instituzioei dagokienez, EAEko Legebiltzarrean alderdiak interpelatu berri dituzte erabakitzeko eskubidea estatus berrian txerta dezaten legalki, eta Nafarroan ere ematen diren aurrerapausoak jarraitzen dituzte, alderdi eta mugimenduekin bilduz. Nafarroa Berriz Altxa edo Nafarroa XXI bezalako eragile berriekin, oinarriak partekatzen dituztela ikusten dute: erabakitzeko eskubidearen edo autogobernuaren eztabaida irekitzea, herritarren parte-hartzea eta prozesua erreferendum batean amaitzea.

“Pirinioetako ekimenarekin markoa kokatu nahi da: Europan gaudela, eta Katalunia eta Euskal Herria elkarrekin goazela”
Amalur Alvarez

Etxaburuk garrantzitsu ikusten du errespetu osoz egitea Euskal Herriaren inguruko lanketa. “Argi dago banaketa inposatu egin zigutela, ez zigutela galdetu, baina horri buelta emateko, eremu bakoitzari bide propioa egitea dagokigu, bide demokratikoan gehiengoak lortuz, bakoitza bere erritmoan, denak norabide berean: Euskal Herriaren trinkotzea”.

Pandemia aipatua izan denez, kazetariak aipatu du zazpi lurraldeko Euskal Herria ahuldu egin zela sumatu zuela konfinamendu sasoitik irtetean, lurraldekako itxialdiek geografikoki oso gertu zeuden herrien artean harresiak jarri zituztelako eta apenas egin zelako horren aurka –Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugako protesta zenbait salbu–, edo adibidez, EAEko lehendakariak nahiago izan zuelako Espainiako Kantabria probintziarekin ireki mugak Nafarroa edo Ipar Euskal Herriarekin baino lehen. “Bai, noski, oso mingarria izan zen euskaldun askorentzat, keinu horiek esanahi handikoak direlako bakoitzak buruan zer herri proiektu duen irudikatzeko. Uste dut indartu behar dela Euskal Herriaren pedagogia egitea eta hori ez zaiola soilik Gure Eskuri tokatzen”, borobildu du Etxaburuk.

Kataluniarrekin zer?

Argi dago Euskal Herrian eta Katalunian gertatutakoak gertatu ostean, bi herriotako mugimendu soberanistak elkarlanean hastea –eta adibidez, alderdi politiko independentistek Llotja de Mar-eko Akordioa sinatzea– paradigma berria dela Espainiako Estatuarekin konpondu gabe dauden arazo politikoen esparruan, baita nazioarteko komunitateari begira ere. Elkarlana zehazki nondik sortu den galdetu diegu.

2019ko urrian, lider independentisten aurkako epaiketa hasitakoan, Aiako Harriak argiztatu zituzten Gure Eskuko kideek, kataluniarrekin elkartasunez. (Argazkia: Gure Esku)

Roger Torrentek Gasteizen emandako hitzaldia etorri zaio berehala burura Etxabururi. Elkartasun manifestazioak eskertzearekin batera, Kataluniako Legebiltzarreko orduko presidenteak mahai gainean jarri zuen Kataluniaren eta Euskal Herriaren erronka elkarlanean aritzea zela. Bere ustez, fokua aldarazi behar zitzaion Espainiako Estatuari, argi utzi ez zela katalanen edo euskal herritarren arazoa, Espainiarena baizik, ez dielako irtenbide demokratikorik ematen mendean dituen herriei. “Estatua ataka batean jarri behar dugu zioen, eta nazioarteari adierazi behar zaio irtenbide demokratikorik ezean beste maila bateko esku-hartzea exijitzen dugula. Arrazoi osoa du”.

Alvarezek oroitu du 2018an Donostian egitekoak ziren herri-galdeketaren testuinguruan, bi abokatu elkartu zituztela: Miguel Castells eta Benet Salellas. Burgosko prozesuaren eta Kataluniako lider sozial eta politikoen aurkakoaren arteko paralelismoez solas egin eta ondorioztatu zuten pertsona konkretuen aurkako epaiketa baino, bi herrien aurkako prozesuak zirela eta bi herriak elkarrekin lanean indartsuagoak direla.

Garai hartan Gure Eskuko militantzia barne-mailan errepikatzen hasia zen elkartasun manifestazioetatik harago joateko beharra, gero Katalunian Montserrateko gailurra argiztatu zuten, Gure Eskuko kideak Euskal Herrikoak argiztatzen hasi ziren nahiko bat-batean, harremanak sakontzen joan ziren, eta orain, zenbait urte eta pandemia bat igaro ostean, Pirinioetako Bidearekin lehen harria jarri nahi dute. “Erabat sinesten dugu bide honetan. Fruituak emango ditu hurrengo urteetan, herri bakoitzak bere zailtasunak izan arren”, dio Alvarezek.

Nazioartearen erantzuna

Ahalegin guztiak egingo dituzte sona izan dezan ekimenak nazioartean, eta ziur daude Kataluniako eta Euskal Herriko mugimendu soberanistak sinkronizatzen hasi izana iritsiko dela “behar den lekuetara”, uste du Amalur Alvarezek. “Pirinioetako ekimenarekin markoa kokatu nahi da: Europan gaudela, eta Katalunia eta Euskal Herria elkarrekin goazela”.

Ikusi egin beharko da nazioarteko panorama mediatikoan zein oihartzun duen milaka pertsonak Pirinioak argiztatzeak Europari igorritako seinale gisa. Espainiako hedabide zenbait albisteari garrantzia kentzen saia daitezkeen arren, Kataluniako eragileek azken urteetan beren gatazka internazionalizatzeko lan eskerga egin dute, eta ikusgarritasun handia lortzen dute beren ekimenekin. Horrenbestez, faktore berria da hedabideen lanketa katalanekin batera egitea euskal mugimendu soberanistarentzat.

Hori esanda, Alvarezek argi du Europak erantzukizun garbia duela Euskal Herriko kasuan. “Europako herritarrak gara eta eskubide batzuk ditugu. Guri bizkar emanagatik ere gatazka ez da desagertuko”.

Erreferendum adostua helburu?

Gure Eskuko bozeramaileek ikusten dutenez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ostean Katalunian eragileek estrategia ezberdinak darabiltzate; epe laburrean nondik jo tira-biran badabiltza ere, eta nahiz eta urriaren 1ari zilegitasuna onartu, bigarren erreferendum bat egingo balitz, ados daude denak horrek estatuarekin adostua izan behar duela. Bestela ez duela zentzurik beste erreferendum bat egiteak.

“Goikoek egingo dute bat edo beste guk mugitzen baditugu. Hori da Gure Eskuren indarra eta herritar bakoitzak barneratu behar du”.
Josu Etxeburu Osa

“Gure Eskutik egiten dugun irakurketa da, aldaketak eragozteko errepresioa eta indarkeria baliatzen dituen estatu baten aurrean, ezinezkoa dela prozesuari buruzko akordio bat hasieratik lortzea. Horrek ez du esan nahi, dena den, konponbidea ez dagoenik akordioan –dio Alvarezek–. Edozein lekutan markoak adostu egin behar dira eta guk ere onartu behar dugu akordio-marko batetik pasa beharko garela gizartearekin, administrazioarekin, estatuarekin, Europarekin… aldaketak egin nahi baditugu. Kontua da nola heldu puntu horretara. Denetarik beharko dugu: indar metaketa, konfrontazioa, alde bakarrez emandako pausoak eta akordioak. Are gehiago, adostasun horietara indartsu heldu nahi badugu. Horrek ekarriko du noizbait konponbidea eta Katalunian orain estrategia baten edo bestearen alde ari direnak, horretan ados daude”.

“Erabakitzeko eskubidearen aldeko erreferendum adostua aldarrikatzen dugu Gure Eskun, ez inozokeriaz. Garaiotan ezinezkoa dirudi, baina ez genioke garai honi bakarrik begiratu behar. Hemen hitz egiten ari gara ea zer nolako interpelazio demokratikoak egin behar dizkiegun estatuei. Konfrontazio demokratiko honen bidetik, sinetsita nago etorriko dela erreferenduma. Gaur egungo estatu ereduak zenbat urtez gehiago eutsi ahal izango diote egoerari? Gainera, Europan pieza batzuk mugitzen ari dira, Eskozia, Irlanda edo Korsikan kasu. Seguruenik nahi baino beranduago lortuko dugu hori, baina lortuko dugu”, dio ondarrutarrak.

Erreferenduma Euskal Herrian?

Azkenik kazetariak galdetu die ea EAJ ikusten duten posizio horietara joaten, halako prozesu batean murgiltzen, estatuarekin konfrontatzen, eta ea zer egingo duten EAEko estatus berrian erabakitzeko eskubidea ez badute legez aitortzen. Erantzuna Etxeburuk eman du: “Guk ez dugu esango alderdi bakoitzak zer jarrera hartuko duen, bakoitzak esan beharko dio hori gizarteari. Guk publikoki eta pribatuan esan dugu ez dugula onartuko erabakitzeko eskubidea erdigunean ipiniko ez duen eta herritarroi hitza emango ez digun estatus berririk. Modu bateko edo besteko erantzuna emango diogu edukiaren arabera”.

Alvarezek ikusten du tentsioa igoko dela ziurrenik eta alderdiekin konfrontazio handiagoko garaiak datozela. “Akordio momentuak ere beharko dira, behar ditugu demagun EAJ, EH Bildu, Podemos, PSE.. batzea, baina alderdi horietakoren bat eskubide horren aurka jartzen bada, edo ekimena blokeatzen saiatzen bada, dagokigun lana egingo dugu”. Elkarrizketan zehar askotan errepikatu duten ideia da Gure Eskuk egin duela autokritika eta jarrera zorrotzagoarekin interpelatuko dituela alderdi politikoak, nolabait, lobby lana egitea dagokiola onartzen dutela.

Gure Eskuk bi lan-lerro ditu Etxaburuk azaldu duenez: batetik kalea eta herrigintza, eta bestetik, gehiengo zabalak josteko lana, benetan lortu ahal izateko erreferenduma. “Guk gure papera jokatu behar dugu, geure buruarekin autoexigente eta besteekin exigente izanez. Ez dugu ahaztu behar legebiltzarkideak herritarron zerbitzura daudela, eta kitto. Urteak joan urteak etorri, beren zerbitzura  gu gaudela ematen du eta demokrazia egikaritzera behartu behar ditugu. Aukera leihoak geroz eta handiagoak izan daitezen lan egin behar dugu, geroz eta gutxiago erabil dezaten ez dela tokatzen edo herria zatitzen dugula moduko esaldiak.
Alvarezek dio alderdi politiko guztiekin gertatzen dela: ez badute zer irabaziko duten argi ikusten, beti erdiko bidea hartzen dutela. Hala ere, bozeramaile urteetan ikusi du alderdiek Gure Esku mugimenduari indarra aitortzen diotela –“askotan geuk gure buruari baino gehiago”–, oso harreman onak dituztela eta abendutik ari direla alderdiekin lanean. Konpromisoak betetzea eta erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida berraktibatzea eskatzen diegu. “Esan dezakegu lana fruituak ematen hasiko dela eta udazkenerako fruitu gehiago espero ditugula”, aurreratu du donostiarrak.

“Kataluniako agintari politikoak olatu independentistara batu ziren gizarteak gainezka egin zienean. Guk ordea, tranpa egiten diogu geure buruari: alderdiak ez daudenez klabe horietan, ez gara gai ikusten aurrera egiteko. Aldaketak beti behetik datoz ordea. Ez dago formula magikorik –dio Etxeburuk–. Goikoek egingo dute bat edo beste guk mugitzen baditugu. Hori da Gure Eskuren indarra eta herritar bakoitzak barneratu behar du”.

“Tantaka-tantaka iritsi behar da, bide hau ere besteekin batera egin nahi dugu, ez gara bakarrik joango. Partidu hau jokatu nahi dugu Europako jokalekuan. Jakinda estatuen adinako indarrik ez dugula, gure fitxak mugituz, orain egiten ari garen txingurri lanaz kontzientziak irabaziz”. Euskal Herria Europako hurrengo erreferendumen olatuan egotea da Gure Eskuren helburua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


Eguneraketa berriak daude