“Ziklismoaren bidez herri baten historia konta daiteke”

  • Iñaki Azanza ordiziarra 1978an joan zen lehenbizikoz Frantziako Tourra ikustera. Zenbat milaka argazki atera ote ditu ordutik! Pasioz bizi du txirrindularitza. Agian horregatik, mina eragiten dio hemen inguruko lasterketen patuak. “Etxeko karrerak zaindu egin behar dira”, esan digu, antolaketa-lanetan aritzen diren boluntarioen ahalegina aitortzearekin bat.

Iñaki Azanza, Philippe Gilbert klasikozale handiarekin, 2013ko Euskal Herriko Itzulian, Elgoibarren. 2012an Munduko Txapelketa irabazi zuen belgikarrak.
Iñaki Azanza, Philippe Gilbert klasikozale handiarekin, 2013ko Euskal Herriko Itzulian, Elgoibarren. 2012an Munduko Txapelketa irabazi zuen belgikarrak.IÑAKI AZANZA

Ordiziako taberna batean bildu gara Iñaki Azanzarekin, Gudarien Etorbideak eta Foruen Pasealekuak bat egiten duten bidegurutzean, 1961az geroztik Ordiziako Proba amaitzen den lekutik oso hurbil. Duela mende bat sortua, datorren urtean egingo da 100. edizioa –gudak zanpatu zituen 1936 eta 1937koa–. Zifraren borobila akuilu, lasterketaren ibilbidea jasoko duen liburua plazaratuko du 2023an. "Ziklismoaren bidez herri baten historia konta daiteke, eta horretan saiatu naiz ni", esan digu. Liburuaren aitzakiarekin egin dugu enkontrua, baina solasaldiak errebuelta gehiago hartu ditu ziklistek Alpe D’Huez mendatean gora baino. Hainbeste gauza baitauzka Azanzak kontatzeko!

1959ko Ordiziako Proba. Jesús Galdeanok hirugarren egin zuen, José Luis Talamillok irabazi zuen edizioan. / ZIKLOAMATORE.COM

Bertakoa izanik, Ordiziako Probari "kariño" berezia dio. Ordiziakoari, eta inguruan egiten diren, edo ziren, beste hainbat lasterketari. Penatu antzean sumatu dugu, ikusten duelako azken urteetan ez garela hurbileko karrerak behar beste zaintzen ari: “Kritikoa naiz gertatzen ari diren gauza batzuekin. Esaterako, dirutza gastatuko dute Frantziako Tourra ekartzeko, zeina zoragarri iruditzen zaidan, baina ingurura begiratu eta... Udaberriko Klasikoa, adibidez, hiltzen utzi dute, eta atzean historia bat du”. Zornotzako lasterketaz gain beste batzuk ere aipa genitzake, Euskal Bizikleta, Laudioko Sari Nagusia, Urkiolako Igoera eta Emakumeen Euskal Bira esaterako, babes ekonomiko faltagatik edota antolakuntzan erreleborik izan ez delako desagertuak.

Oinarrian ere labankada

Egutegian zulatuak handitu diren bezala, kamusten ari da ziklista gazteen harrobia, Azanzaren hitzetan: “Aurrekoan izan nintzen jubenil mailako Gipuzkoako Klasikoa ikusten, eta ez ziren asko izango 30-40 lehenbizikoetan sailkatu ziren ziklista euskaldunak”. Dioenez, amateurretan badira hiruzpalau gazte Euskaldun Txapelketan txukun dabiltzanak, baina kanpora ateratzen direnean Espainiako Kopa-edo lehiatzera, nekez nabarmentzen dira besteen gainetik. "Batzuetan galdetzen diot neure buruari: zergatik ari da hau gertatzen?”.

Frantziako Tourraren bi irudi ikoniko. Miguel Indurain,1994an, Avoriaz-eko krono-igoeran; eta Chris Froome 2016an Mont Ventouxen lasterka, jendetzak eta moto gidari batek eragindako erorikoan bizikleta apurtu ostean / IÑAKI AZANZA

Teoria potolorik ez badu ere, esan digu zerikusia izan dezakeela gure bizimoduarekin. “Per capita errenta altua dugu Euskal Herrian, bizitza estilo bat non aisialdiak pisu handi xamarra duen, eta horrek talka egin dezake erresistentziako kirolek eskatzen duten sakrifizioarekin. Ziklista batek, edo korrikalariak, dezenteko denbora eskaini behar dio entrenamenduari, eta entrenamendu bat ona da errekuperatzeko tartea hartzen duzunean. Atsedena funtsezkoa da, eta ez dakit jende gaztea horretarako prest ote dagoen. Inguruan ikusi dut. Kirolari onak diren gazteak, lagunek gaupasa egiten dutenean tentazioari eutsi ezin diotenak”.

Halaber, talde bat osatzea gero eta garestiagoa da. 1980ko hamarkadako panorama ongi ezagutzen duen lagun baten esperientziaz hitz egin digu Azanzak: “Hark esaten du garai hartan afari bat antolatzen bazenuen, eta tartean baldin bazegoen ziklismoa gustuko zuen enpresariren bat, bigarren whiskiarekin finantzaketaren gaia ateraz gero oso litekeena zela bizpahiru egunera 100.000 pezeta ematea, arropa erosteko-edo”. Reynolds talde nafarraz hitz egin digu, “lau enpresariren diruari esker” 1980an sortu zen proiektuaz. Orduan ere ziklismoak ez zuen Espainiako Estatuan une gozoa bizi, eta Reynolds izan zen susperraldia hauspotu zuenetako bat. Gaur egun ordea diru askoz ere gehiago behar da, baita kontinental mailako taldea osatzeko ere.

Mathieu van der Poel-ek irabazi zuen 2019ko Munduko Ziklo-kros Txapelketa, Bogensen (Danimarka) jokatua. / IÑAKI AZANZA

Errepidekoan baino are beltzago bistaratzen du Azanzak lokatz gainekoaren etorkizuna: “Ziklo-krosa oso baxu dago. Estimuan dudan diziplina da, 1960ko hamarkadan nire anaia batek lehiatu egiten zuen, eta umetatik ikusi ditut karrerak. Gorka Izagirrek salbatu du ziklo-krosa gurean, hark eman dio prestigioa. Gainerakoan ez dago deus, oinarritik bertatik hasita. Antolatzaileek sekulako meritua dute, kristorena! Aldiz, aitortzarik txikiena jasotzen duten aktoreak dira. Ia dena borondatez egiten da hemen, eta zaila da jende gaztea erakartzea. Pasioak mugitzen dituen lau zaharrak doazenean zer pasako da?”. Bada egoera konplikatzen duen beste faktore bat, Azanzak dioenez. Salbuespenak salbuespen, talde profesional batzuek, Movistarrek esaterako eta duela urte batzuk Euskaltel Euskadik, haien ziklistei ez diete ziklo-krosa egiten uzten. “Talde profesionalek trabak jartzen badituzte, nekez izango du konponbiderik”.

Ezin ikusiak, sufrimenduak estaliak

Euskal Herrian txirrindularitza nola bizi den hizpide hartuta, ñabardura interesgarria egin ohi du ordiziarrak, “forofo” eta “jarraitzaile” figuren artean. Bigarren hori da lan egiten duena, laguntzeko gertu dagoena. “Horietatik gutxiago dago”. Hemengo afizioa munduko onenetakoa dela esan digu, baina Italian edota Flandrian inplikazio handiagoa dutela, lasterketak beste modu batean bizi dituztela.

Mikel Landa eta Ilnur Zakarin, Finestre mendatean gora, 2015eko Italiako Giroan. Etapa hartan, Alberto Contador liderra bera estutu zuen erasoa jo ostean, Fabio Aru taldekidearen zain geratzeko eskatu zion zuzendariak ziklista arabarrari. Argazkiak, "Tifossiak, emozioaren eta eszenatokiaren arteko batasuna", dio argazkiaz Azanzak.

Kontatu diot, duela urte mordoxka bat, gurasoekin Donostiako Klasikoa ikustera joan nintzela Miracruz gainera, eta nire anaia, Marino-zalea izanik, errepide bazterretik Pedro Delgado ziklistari pitokeriak esaten hasi zitzaiola, eta nola aitak kokotekoa eman zion, karrera batean ziklistarik ez delako iraindu behar sekula ere, begikoa izan ala ez. “Ondo egina”, esan digu Azanzak. Galdetu diogu bere ustez txirrindularitzak futbolaren traza hartu ote duen, zenbait jendek kritikatu duen moduan, zaleek gero eta errespetu gutxiago erakusten dutelako ziklistekiko. “Irudipena dut batez ere izan dela Frantziako Tourrari lotutako zerbait”, dio. “Gauza itsusiak ikusten dira, baina gutxitan. Hainbeste jende dagoen lekuan, kirolariengandik metro erdira... ia ezer ez gertatzea adierazgarria da. Zuk kontatu didazun pasadizoaren harira, badut lagun bat ziklista bat gorroto zuena, hari buruz gaizki esaka beti, eta Tourreko etapa batean kotxe-eskoba aurretik pasatzen ikusi zuenean, nola animatu zuen!". Zale orok sentitu du gauza bera, ziklista bat –begikoa izan ala ez– sufritzen ari dela ikustean, baina baita egurrean doanean ere, norberaren barrenetik ateratzen den animo oihua, emozioa.

Sufrimendua, sakrifizioa, esfortzua. Ziklismoari atxikitzen zaizkion ezaugarriak dira. Aitzakia eman digu kirol honek urteotan izan duen garapenaz hizketan hasteko. Ordiziako Probaren historiak erakusten digu izugarri aldatu direla ez soilik prestakuntza, materiala, elikadura edota lehiatzeko manerak, baita ziklismoa ulertzeko forma ere. Liburuan jasoko dituen bitxikerietako baten berri eman digu Azanzak: 1930eko hamarkadan, irteerako izen-ematean "XX" bezala sinatzen zuen ziklista askok, benetako izen-abizenak ez jartzearren, antza esparru batzuetan ez zegoelako ongi ikusia txirrindularia izatea.

2015eko Euskal Herriko Itzulia, Zumarragako Antiguan. Euskal zaleak munduko onenetakoak direla dio Azanzak, baina "umilagoak" izan behar dugula batzuetan, geure buruari dominak jartzerakoan, bai baitira ziklismoa pasio handiz bizi duten zalego gehiago, italiarra eta flandriarra kasu. / IÑAKI AZANZA

1922an eta ondorengo bizpahiru urteetan, garai hartako beste askoren moduan, lasterketa “txikia” zen Ordiziakoa, bertako eta inguruko jendeak ematen zuen izena, harik eta hamarkadaren erdialdera hurbileko txirrindulari profesional gutxi batzuk ere parte hartzen hasi ziren arte. Susperraldia apur bat beranduago helduko zen, II. Errepublika garaian, Eibarren eta beste zenbait herritan egiten ziren lasterketen abaroan. Zergatik boom hori Errepublika Garaian? “Uste dut izan daitekeela kirolak, kulturak bezala, maila sozial bat egin zuelako gora, nolabait esatearren. Prestigioa eman zitaion eta kirol ugaritara zegoen sarbidea”, azaldu digu argazkilariak.

Erreportari sena

Bizi-bizi mintzo da ordiziarra. Ezagutu ditu lasterketa, ziklista, prestatzaile eta antolatzaile mordoa. Bataz eta besteaz hizketan, ia ahaztu zaigu argazkilari jardunaz galdetzea. 1978an joan zen aurrenekoz Frantziako Tourra bertatik bertara ikustera. Ordiziatik abiatu eta Alpeetaraino, 200 kilometro autobide besterik ez zegoen garai hartan. “Bidaia bera abentura bat zen”. 1970eko hamarkadan hainbat karreratan lehiatu zuen Azanzak, infantiletatik amateurretara. Jose Nazabalekin batera entrenatzen zen, eta gogoan du 1978ko egun hartan zer nolako zirrara sentitu zuen Alpe D’Huez mendatean zaldibiarra aurrez-aurre ikusi zuenean. “Orduan ohartu nintzen Tourraren handitasunaz”. Eta orduan atera zuen gehien maite duen argazkietako bat (azpian): Michel Pollentier, Mendiko maillota soinean.

Michel Pollentier, 1978ko Tourrean Alpe D'Huez-en. Etapa hura irabazi eta maillot horia jantzi zuen belgikarrak, baina gerora deskalifikatu egingo zuten, dopinaren aurkako kontrolean azpijokoan aritzeagatik. Dopina, ziklismoak erabat alboratzerik ez duen gurutze-bidea, nahiz eta egoerak nabarmen egin duen hobera, UCIren pasaporte biologikoa moduko bitartekoei esker, Azanzaren iritziz. / IÑAKI AZANZA

Elkarrizketa egin eta egun gutxira Italiako Girora joatekoa zen ordiziarra: “Argazkilaria naizen aldetik, sasoi ezin hobean egiten da, eguraldia dela-eta etapa batzuk bertan behera gera daitezkeen arren”. Senegalen izana da lasterketak ikusten, Costa Rican... Hizketan ari dela, dena den, ageri zaio klasiko handiak estimu berezian dituela, Paris-Roubaix monumentuari buruz ari denean adibidez. “Iazkoa, urrian egin zena, zirraragarria izan zen. Urteak ziren horrelakorik ikusten ez genuela, oso fotogenikoa izan zen, lokatz horrekin guztiarekin. Jendeak esaten dizu: ‘Aurtengoa ez zen hainbesterako izango, ala?’. Desberdina izan da, baina polita era berean. Baldintzak direnak direla, argazkilari moduan ezinbestekoa da egoerari egokitzea, erreportari sena izan eta unean unekoa ahalik eta hoberen  harrapatzea”.

Paris Roubaix monumentuaren 2021eko edizioa ikusgarria izan zen oso. Sonny Colbrelli italiarra gailendu zen, argazkian hirukotearen buru dena / IÑAKI AZANZA

Hainbat hedabidetan kolaboratzaile, errepide bazterretik ez ezik, motorretik argazkiak ateratzen aritu da hamabost bat urtean, Emakumeen Biran tartean. Galdetu diogu, ea nesken ziklismoa nola ikusten duen. “Kirol mailari dagokionez gorantz doa, karrerak entretenigarriagoak dira. Aldiz, iruditzen zait, agian, emakumezkoen kirola oro har gehiegi puzten ari dela, diru publiko askorekin. Inbertitzea ongi dago, noski, baina arriskutsua izan daiteke, laguntzak egun batetik bestera desagertu daitezkeelako, eta orduan... Finantzaketa beharrezkoa da, baina beste gauza batzuk ere zaindu behar dira, oinarritik hasita”. Esan digu gizonezko lasterketa batzuk direla horren erakusgarri, diru-iturri publikoek emaria murriztean desagertuak, bestelako faktore batzuk aintzat ez hartzeagatik merezi zuten moduan.

Hamabi bat urterekin ikasi zuen Azanzak argazkiak zuri-beltzean errebelatzen, etxeko bainugelan. Zenbat milaka irudi izango duen gordeta, ezinezkoa zaio kalkulatzea, bereziki digitalean hasi zenetik. “Etapa batzuetan 2.000 argazki ateratzera heldu naiz, ostean mordoa ezabatu arren”. Dioenez, duela urte batzuk hobe baloratua zegoen argazkilaritza. “Jendeak bat-batekotasuna nahi du orain, kalitatea baino gehiago. Antzekoa gertatzen da irakurtzeko ohiturarekin. Sua argitaletxean aritu zen lagun bati pasa diot esku artean dudan liburuaren zirriborroa, iritzia emateko. Zer eta ez dit ba esan irakurtzeko gehiegi duela? Gehiegi? 101 urte dira baina!”.

Joane Somarriba, 2004ko Munduko Txapelketan, Veronan (Italia). Gernikarrak hiru Tour eta bi Giro irabazi zituen / IÑAKI AZANZA

Bada beste gauza bat urteen poderioz okerrera egin duena, bere hitzetan: “Lasterketa 10:00etan hasten bada, bost minutu lehenagora arte ziklistak ez dira autobusetik jaisten. Urruntasun hori ez dut gustuko. Uler dezaket, baina... Batzuk beti daude argazkietarako prest e! Izaera kontua da”. Zentzu horretan, esan digu ez dela justua karrera bukatu ostean argazkiak atera edo zaleei sinatzerik nahi ez duen ziklista beroan larrutzea, litekeena delako egun txarra pasa eta porru eginda egotea. “Profesionalak dira eta gauza horiek zaindu behar dituzte, baina momentua aukeratzen jakin behar da”. Abila dugu horretan Iñaki Azanza, bere argazkiak lekuko. Orriotan bildu ditugu irudi gutxi batzuk –norbaitek esango digu gehitxo idatzi dugula–, baina erreportajearen Interneteko bertsioan dozena bat gehiago aurkituko duzue.

----------------------------------------------------------

ZIKLIAMATORE

Azanzak gogoan du, bost urte zituela, José Luis anaiak bere bizikletan igo eta Ordiziako Ibares bidegurutzera eman zuela Eibarko Bizikleta ikustera. Oroitzapen abstraktuak ditu egun hartan bizitakoaz, baina barru-barruan dauzka iltzatuak, urteen joan-etorrian desagertu ez den pasioaren isla: koloreak, soinuak, zaleen oihuak, emozioak... Ikusle moduan ez ezik, tropelaren barrutik ere ezagutu zuen ziklismoa, 1973-80 artean hainbat karreratan parte hartu zuenean. Lehia utzi ostean bizikletari lotuta jarraitu zuen, mendi txangoetara eraman ohi zuen argazki kamerari helduta. Egun, argazkilaritza-lanak uztartzen ditu Zaldibian duen landare eta lore haztegiko beharrekin.

2013ko Italiako Giroan, tropela Tre Cime di Lavaredo mendatean gora. "Epikak oraindik badu lekurik Giroan", diosku argazkilariak / IÑAKI AZANZA

2004 inguruan iloba bisitan joan zitzaion etxera, eta ikusi zuenean osabak ikaragarri diapositiba piloa zuela armairuan gordeta, xaxatu egin zuen: "Jendeak behar du hau dena ikusi". "Eta, zer nahi duzu, balkoira ateratzea?", arrapostu Azanzak. Ez, ilobak webgunea zuen buruan. Handik gutxira sortu zuten Zikliamatore.com argazki album birtuala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


Mila ertzain inguru manifestatu dira Gasteizen, eta esan dute ez dutela Tourra saboteatuko

Jaurlaritzaren arabera, jarrera "estu", "irrealista" eta "arduragabea" dute protestan ari diren ertzainek. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien ostiralean sailaren arduradun Josu Erkorekak, sindikatuak mahaitik altxatu eta gobernuari... [+]


2023-06-23 | Jon Torner Zabala
“Euskara ezinbestekoa Itzuli Handian”, Tourra Baionara heltzean euskarari leku egiteko hitzarmena

Bilbo, Gasteiz eta Donostia zeharkatu ostean, uztailaren 3an Baionara helduko da Frantziako Tourra. Lasterketak duen oihartzunaren jakitun, hitzarmena sinatu dute Baionako eta Tourraren antolatzaile Amaury Sport enpresako ordezkariek, "euskara balioan ezarri, hedatu eta... [+]


Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak

Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Frantziako Tourra Hego Euskal Herrian: 1.700 ertzain eta lau orduko zirkulazio mozketak lasterketa aurretik

“Grand Départ Pays Basque 2023” dela eta, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan den “segurtasun-operatibo” handienetako bat aurkeztu du ekainaren 5ean. Txapelketak udako irteera operazioarekin bat egingo du, aireportuak eta trafikoa oztopatuz.


Eguneraketa berriak daude