Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

  • Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Tourraren zuzendari Christian Prudhomme, prentsa zentro eta bulego egonkorra inauguratzen asteazkenean. Argazkia: Irekia.

2023ko ekainaren 29an - 11:08
Azken eguneraketa: 2023-06-30 08:43:45

Karrera ikusgarria daramate hotelak erreserbatzeko atariek azken asteetan Bilbon. Booking-en zein e-dreams-en, berdin du, zaila izango zaizu 200, 300 edo 500 eurotik beherako ezer aurkitzea. Tourra aspaldi iritsi da Puppy eta Guggenheimaren hirira, eta batez ere luxuzko hotel frankizia multinazionalak hasi dira etekinak nabaritzen.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, turismo eta Enplegu saileko arduradun Xabier Ochandianok Deia egunkariari azaldu dionez baliteke hurrengo egunetan hotelek betekada “teknikoa” izatea, hau da, ez dela logelarik egongo hiri osoan.

Carlton, NH, Ercilla edo Catalonia bezalako hoteletako logelen gau bakarreko prezioek pentsionista normal batek hilabetean jaso dezakeena gainditzen dute askotan. Zure soldata osoa –eta zure pisu kide guztiena gehitu, nahi baduzu– beharko zenuke gela horietako bat ordaintzeko. Gran Víako Catalonian, adibidez, 3.381 euro kosta du Guggenheimaren parean lo egiteak. Maillot horia beretzat.

Gran Víako Catalonian, adibidez, 3.381 euro kosta du Guggenheimaren parean lo egiteak. Maillot horia beretzat

Hotelak ez ezik, jatetxeak ere ari dira katanarrua betetzeko erlojupekoa jokatzen. Estamos que nos salímos” aitortu diote El Correo egunkariari luxuzko chef bilbotarrek. Alegia, Michelin izardun jatetxeek itxaron-zerrenda luzeak dituztela.

Erakunde publikoek indar guztiak jarri dituzte kirol makro-ekitaldi bilakatu den Tourrari zuku guztia ateratzeko, eta hedabideetan ez da besterik. Hor Dago-El Salto-n Ahoztar Zelaietak azaldu duenez, Amaury Sport Organitation Frantziako bizikleta biraren antolatzaileari 12 milioi euro esleitu dizkiote Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak logistika lanetarako, eta “ezkutuan” geratu diren beste kontratu batzuk ere sinatu dituzte. Denera 14 milioi euro baino gehiago lirateke.

Amaury Sport Organitationek ez du Tourra bakarrik antolatzen, Dakarreko rallya eta beste kirol ekitaldi batzuk ere bai, eta l’Équipe bezalako hedabide handiak bere esku daude, Zelaietak dioenez. Diru publikoa bidoika kontatu ahal balitz, zenbat ur isuriko ote den burugainetara asteburu honetan Euskal Herriko errepideetan...

“Hitzarmenik gabe, ez dago Tourrik”

Denak ez dira irabazi, eta denak ez dira irabazle Tourrean. Bizkaiko ostalaritzako langileak greban dira ostegun eta ostiralean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Taberna, jatetxe eta hoteletako 22.000 langileri eragiten die deialdiak eta 2020tik iraungita duten hitzarmen kolektiboa berritzea eta inflazioaren ondorioz galdutako erosahalmena berreskuratzea dute helburu, besteak beste.

Glovoko rider-ak mallota ez baina motxila hori darama urte osoan. Eskuinean, ostalaritzako langileak ostegunean egindako protesta batean. Argazkia: ELA

“Hitzarmenik gabe, ez dago Tourrik”, hala esan dute langileek –ertzainak ez dira lasterketa gelditu dezaketen bakarrak–, eta hotelen atarietan elkarretaratzeak egiten ari dira. Ostiralean ere halako protesta bat egiteko asmoa dute, Tourra hasi baino ordu gutxi batzuk lehenago.

“Eskatzen dudan gauza bakarra da errespetatu dadila txirrindularien deskantsua” esan du Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak, Berria eta Naiz-ekin egindako elkarrizketan: “Irteera bikain baten aurretik, ezin dute gaizki lo egin”.

Ez doaz horiz jantzita, baina urte osoan eskularru horiekin edo motxila horiarekin ibiltzen diren horiek, zenbat minutu izango dituzte telebistaren pantailan euren aldarrikapenak azaltzeko?

Beste txirrindulari batzuk, kasu honetan banaketa arloan dabiltzan rider-ak, deskantsua baino, lan eskubide duinak eskatzen ari dira, eta ostalaritza hitzarmenean sartzea. Delivero, Glovo eta antzeko plataformentzat lanean ari diren bizikleta-banatzaileek, baita janari-azkarreko enpresetan dabiltzanek ere, “babes hori behar” dutela aldarrikatzen ari dira azken asteotan.

Ez doaz horiz jantzita, baina urte osoan eskularru horiekin edo motxila horiarekin ibiltzen diren horiek, zenbat minutu izango dituzte telebistaren pantailan euren aldarrikapenak azaltzeko?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


2024-05-13 | ARGIA
Alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Iruñean eta Bilbon

Maiatzaren 11n egin dira mobilizazioak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak antolatu dituzte. 60 eragile sozial baino gehiagok bat egin dute mobilizazioekin.


"Hiperproduktibitatea barneratua dugu, kostatzen zaigu mugak jartzea"

Estresa, nekea, antsietatea eta beste dira sisifemiak eragiten dituen zenbait ondorio.  Esanahiaz, jatorriaz eta prebentzio neurriez mintzatu da Ziortza Karranza psikologoa.


Zorroza Gestión de Residuos enpresak onartu egin du Bassirou Dioneren gorpua mugitu zutela, lan heriotza ezkutatzeko

Asteazkenean eseri dira epailearen aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak, 2020an gertatutako lan heriotzaren harira. Epaileak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 30.0000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ezarri die bi akusatuei.


Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


Eguneraketa berriak daude