“Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan”

  • 1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
    –Bilboko Gorte kaleko putak– eta hiriko mugimendu sozialek heriotza salatzeko protestak antolatu zituzten. 45 urte beranduago, gaiari buruzko liburua argitaratu du Andrea Momoitio kazetariak: Lunática [Ilargi-joa] (Libros del KO, 2022).

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Andrea Momoitio. Ortuella, 1989

Kazetaria, ikasketaz zein lanbidez. Pikara Magazine aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta bertan lanean aritu da azken hamaika urteetan. Memoria historikoa, eromena eta kartzela interesatzen zaizkio, besteak beste. Hainbat komunikabiderekin kolaboratu izan du, esaterako, Público.es edo El Salto-rekin.

Zein zen María Isabel Gutierrez Velasco?
Egia esan, ez dakit. Jakin nahiko nuke, liburu hau egiteko zailtasun nagusietako bat izan baita ez dudala inor aurkitu María Isabel helduari buruz hitz egin ziezadakeenik, soilik senideak eta haurtzaroan ezagutu izan zuen jendea. Gauza esanguratsua da hori, iruditzen baitzait helduaroan ez zuela inork maite izan, ez zuela inork zaindu. Beraz, nire interpretazioak idatzi ditut María Isabeli buruz, bi iturri zehatzetan oinarrituta: agiri ofizial frankistak eta gizonen ahotsak. Hortik abiatuta, itzulpen- eta interpretazio-ariketa itzela egin behar izan dut, nor izan zen azaltzeko. Ziur aski, liburuko une batzuetan ausart samarra izan naiz, inork ez baitit baieztatu María Isabel benetan izan zenik nik irudikatu dudan emakume borrokalari eta errebelde hori.

Haren testuingurua zehatz-mehatz deskribatu duzu, halere.
Bai. Haien ama alargun geratu zen, eta María Isabel bera umezurtz, oso gazterik. Lehendik ere trauma handi bat izan zuten familian, María Isabelen ahizpa txikia, Mari Carmen, lau urterekin hil baitzen, auto batek harrapatuta. Handik gutxira hil zitzaien aita, eta Astillerotik Santanderrera joan ziren [Kantabria, Espainia]. Garai hartan, María Isabel bestelako mundu batera hurbildu zen, bere jaioterrikoa ez bezalakoa. Eta garai hartan orobat, jendeok batez beste izan ohi duguna baino sufrimendu psikiko handixeagoa izan zezakeelako zantzuak agertu ziren. Hortik aurrera, amak, ez baitzen gai bere haurrak kontrolatzeko, instituzioen esku utzi zuen alaba.

“Sufrimendu psikikoa” terminoa erabili duzu liburu osoan.
Beldur pixka bat izan dut idatzi dudan bakoitzean, eta esaten dudanean ere mingainari kosk egiten diot, ez pentsa… Ez dakit ez ote den oso naifa, eta apur bat baldarra ere bai. Kosta egiten zait gaixotasunak direla esatea buru-osasunaz dihardugunean, eta nahiago dut sufrimendu psikikoaren terminoa erabili, batez ere psikiatriaren logikari men ez egitearren. Gainera, María Isabeli, psikiatrizatutako beste hainbat pertsonari bezala, diagnostiko mordoa egin zizkioten. Lurraldea konkistatzeko bandera bat jarriko balute bezala jartzen dituzte diagnostikoak psikiatrek. Hortik kanpo, gauza bakarra daukat argi: María Isabelek asko sufritzen zuela, ekaitz mordo bat zegoela bere barnean, oso zaila behar zuela izan haren buruaren barruan egotea, eta oinaze horren aurrean modu zehatz batzuetan erreakzionatzen zuela. Horixe besterik ez dakit. Bestalde, ez dut uste diagnostikoek ekarpen handia egiten dutenik, zeren, sarritan, sintomak antzekoak izaten dira, eta botikak eta indarkeriak ere bai.

Amak instituzioen esku laga zuela aipatu duzu. Zehazki, Emakumeen Babeserako Patronatua izeneko erakundearen esku. Zer zen hori?
Segur aski Patronatua da ulertzea gehien kostatu zaidan kontuetako bat. Gizarte-zerbitzuen moduko zerbait zen, baina neska eta emakumeei zuzendua bereziki. Espainiako Estatuan 60-80 zentro izan zirela identifikatu dut: zazpi ordena erlijiosoren artean zuzentzen zituzten, eta, batzuetan, eraikin osoa Patronatuari zegokion, eta hango neska guztiak erakunde horren tutoretzapean zeuden. Baina oso ohikoa zen, halaber, eskola erlijiosoetan Patronatuko laupabost plaza egotea, edo sei, edo hamar.

Neskatoak nola iristen ziren halako zentroetara?
Izan zitekeen familiak hartaz libratu nahi izatea, edo Poliziak edo auzokideren batek salatzea; orduan, adin txikikoa baldin bazen, Patronatura bidaltzen zuten zuzenean. Ohartu naiz nik neuk ere banuela buruan halako irudipen bat, errepresio frankista askoz bortitzagoa izan zela gizonen aurka, eta, LGTB kolektiboaren kasuan, maritxuen aurka. Eta, noski, beharbada ez zituzten hainbeste emakume espetxeratu, beharbada ez daude hainbeste emakume arekatan, beharbada ez zitzaien hainbeste emakumeri ezarri Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialaren legea: kontua da beste zirkuitu batetik bideratzen zituztela, eta gainera zirkuitu horri buruzko informaziorik apenas dago, Artxibo Zentrala erre egin zelako, eta gero uholdeak izan zirelako, edo alderantziz; finean, agiri zentralak pikutara joan ziren. Eta, noski, ordena erlijiosoek ez dute zirkinik egin horren ardura hartzeko. Agiri gutxi batzuk geratzen dira probintzietako artxiboetan, baina besterik ez.

Argazkia: Dani Blanco
"Badakit, ordea, Gortea kaleko putek hau esan zutela: “Gaur ez dugu lanik egingo, iltzatu zakilak espaloian,
segi emaztearekin”

Dena den, María Isabelen kasuan, legea ezarri zioten.
Ez zekiten harekin zer egin eta, egia esan, hainbat aldiz sartu zuten preso, baina ez hainbeste egin ahal izan zituen delituengatik –ugariak eta era askotakoak–. Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialaren legea tarteko bideratu zuten zirkuitu judizialera. Adin jakin batetik aurrera batik bat –eta hori ere ez dago inon idatzita– “neska errebeldeak” ez zituzten Patronatura bidaltzen, ezpada Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialeko Auzitegietara. María Isabeli hainbat espediente zabaldu zizkioten, hamaika arrazoi tarteko: sufrimendu psikikoa izateagatik, familiari men ez egiteagatik, prostituzioan jarduteagatik, ordena publikoa asaldatzeagatik…

Bestalde, interesgarria iruditzen zait, eta esanguratsua ere bai, lege hori oso berandu sortu zela frankismoan: 1970ean onartu zuten. Urte horretara arte, Alferren eta Gaizkileen Legea erabili zuten, Espainiako Bigarren Errepublikakoa, aldatu gabe ia. Frankismoak eragozpenik gabe jaso eta ezarri zuen lege errepublikar apurretako bat izan zen.

Eta zergatik sortu zuten bada lege berri bat?
Garaian, nolabaiteko irekitasun bat zegoen, eta uste zen arriskugarritasuna eta delituak halako ikuspegi zientifikoago batetik ulertu behar zirela; horregatik aldatu zuten legea, ez gorria zelako. Une hartatik aurrera, esaterako, burua neurtzen zioten jendeari, kriminalitatearen azalpen fisikoago bat bilatu nahian, esplikazio moralei edo perbertsio moralari erreparatu beharrean –horixe egiten zuten ordura arte–. Agiriak-eta irakurrita, bitxia da nola saiatzen diren María Isabel arriskutsua zela erakusteko frogak bilatzen bere aurpegian.

Arriskutsua zen edo ez ebatzi aurretik hil zen, ordea.
Bai, atxilotu zuten azkenengo aldian izan zen hori. Madrilgo espetxe psikiatriko batera eramateko zain zegoen bera; oso prozesu luzeak izaten ziren. Azken atxiloaldi hartan, azaroaren 4an atxilotu zuten, eta 9an hil zen, txostenak iritsi aurretik. Poliziaren txosten batzuk María Isabel hil eta hainbat hilabetera iritsi ziren.

Eta zer gertatu zen hura hilda agertu ostean?
Unibertsitatean, Igor Ahedo izan nuen portaera politikoko irakasle –sekulako irakaslea zen–, eta laidoen bat-bateko agerpenaz hitz egin zigun hark: badago zerbait behin eta berriro gertatzen ari dena, eta, bat-batean, beste behin gertatzen denean, jendeak ez du onartzen. María Isabelen kasua horixe izan zen, besterik ez. Eta, bitxia da, zeren emakume deserosoa baitzen bere kide prostitutentzat. María Isabel ez zen atsegina, ez zen jatorra, ezin zen harekin berriketan aritu. Beraz, deigarria da hain justu ere halako norbaiten alde mobilizatzea. Baina nik uste dut kideek bazekitela María Isabel bezalako pertsona batek ez zuela espetxean egon behar: aldiz, babesa jaso behar zuela jasandako indarkeria guztien aurrean, baina ez zen hala izan. Eta hara non kartzelan hil zen, 23 urterekin, erreta, Franco jada hilda zegoela eta nolabaiteko proiektu demokratiko baten hasiera izan zitekeela zirudienean.

Pentsatzen dut Gorte kaleko putek ikusiko zutela haientzat ez zegoela lekurik demokrazian. Ez baitzen egon, eta gaur egun ere ez dago, eta zoroentzat are gutxiago. Oraintxe bertan, Gurutzetan edo Basurtun, bere borondatearen kontra lotuta dago jendea; pertsona horiek, besteak beste, ez daukate botoa emateko eskubiderik.

Gorte kaleko sexu-langileek protesta egin zuten egoeraren aurrean. Greba egin zuten.
Hori hala esateak beldurra ematen zidan eta beldurra ematen dit oraindik, iruditzen baitzait garaiko prentsak protesta hura handietsi zuela: greba deitu zioten, baina ez dakit putek hala egin izango zuketen. Badakit, ordea, putek hau esan zutela: “Gaur ez dugu lanik egingo, iltzatu zakilak espaloian, segi emaztearekin”. Baina ez dut frogarik aurkitu grebaz hitz egin zutenik edo langile-klase bereko kidetzat hartzen zutenik beren burua. Prentsan irakurri dut.

Prentsak koordenatu edo mintzaira zehatz batera itzuliko zuen, baina putek egiaz itxi zituzten Gorte kaleko taberna guztiak. Ekintza kolektibo bat egin zuten, elkartasunez, kide baten alde, ezta?
Bai. Gainera, kontu hau interesgarria da: prentsak eta Bilboko mugimendu sozialek –mugimendu feminista, LGTB mugimendua eta COPEL babesteko batzordeak– une horretan oraindik ez zuten planteatu ere egin prostituzioaren eztabaida; behinik behin ez didate halakorik azaldu, eta nik ere ez dut horri buruzko dokumenturik aurkitu. Inork ez zuen pentsatu ea puta izatea lana zen ala ez, inork ez zuen hausnartu gai horri buruz, eta hala ere grebatzat hartu zuten hura. Eta oso interesgarria da, oso-oso interesgarria, zeren, greba gisa ulertu bazuten, horrek esan nahi du oso posizio konkretuan kokatu zituztela putak: langilearen posizioan. Gaur egun ez dakit halako zerbait gerta litekeen.  

Gaiz beste egin aurretik, estiloa aipatu nahi nuke. Ikerketako datuak xehe-xehe dokumentatuta daude, baina zure ahotsa ere agertzen da liburuan. Asko gustatu zait.
Liburuaren tonua apustu bat izan da. Zenbait pertsonak esan didate kontamoldeak atzera eginarazi diela zenbait unetan. Apustu arriskutsua zen; liburuko hizkuntza kinki samarra da, baina ni Ortuellakoa naiz, eta eroso sentitzen nintzen hor; ez da kasualitatea. Ez zait zaila suertatu Bilboko edo Santanderreko kinki-engana hurbiltzea. Berriz diot: Ezkerraldea, Meatzaldea. Ni hortxe hazi naiz, hori da nire mundua: mundu horretan, lapurreta leporatuta espetxeratzen dute jendea, ez idealengatik. Helduarora arte ez dut ezagutu bere idealengatik espetxeratutako inor. Eta María Isabelen mundua ere halakoxea zen.  

Argazkia: Dani Blanco
"Gauza gutxik sentiarazten naute Pikara-k bezain harro; proiektu horrek nire bizitza aldatu du, beste askorena ere bai, eta oso harro nago egin dugunaz"

Pikara Magazine proiektuko kidea zara hasieratik. Hamabi urte beteko ditu egitasmoak azaroan.
Gauza gutxik sentiarazten naute Pikara-k bezain harro; proiektu horrek nire bizitza aldatu du, beste askorena ere bai, eta oso harro nago egin dugunaz.

Zer helburu daukazue aurrera begira?
Guk eskaintzen genuena askoz errazago aurkitzen da gaur egun beste hainbat espaziotan ere; beraz, aurrera begira, proiektu gisa, gure tokia topatu behar dugu errealitate horretan. Barrurantz hazteko aukera daukagula iruditzen zait, eta uste dut hori dagokigula, edo niri behintzat hori gustatuko litzaidake. Mahai gainean jarri dugu kazetaritza feminista egiteko premia, eztabaida mordo bat ireki dugu –uste dut horretan jarraitu behar dugula, baina obsesionatu gabe–: eroso sentitu behar dugu gure leku nolabait ere abangoardiazko honetan, eta, orain, kazetaritza feminista forman gauzatu, lan-dinamiketan.

Nik, zehazki, gehiago idazteko gogoa daukat. Hazteko prozesuan azken kolpea falta zaigula dirudi, kazetarioi idazteko modua emango ligukeen kolpea. Argazkietan ez da ikusiko, oraindik ezin baita erakutsi, baina toki berezi-berezi batean gaude.

Non, Andrea?
La Sinsorga kulturgune feministan gaude, Bilbon, Askao kaleko 9. zenbakian. Espero dugu leku hau erreferentziazko gunea izango dela Euskal Herriko kultur eta pentsamendu feministarentzat, baita Espainiako Estatukoarentzat ere, eta nik nahi nuke jendea etor dadila Parisetik eta Berlinetik ere.

Irantzu [Varela] eta bion artean hasi gara espazio hau eraikitzen batez ere, baina kolektiboarekiko daukagun afanaren barruan betiere. Leku hau feminismoen biltokia izatea nahi genuke, Bilboko erdigunean gainera. Nik pentsatu nahi dut Mamiki bezalako zerbait izango dela, baina urte osoan: inorekin hitzordua egin gabe ere lasai etortzeko moduko leku bat. Segurtasun-espazio bat, garai latzak datoz eta.

Eta beste idazketa- edo ikerketa-proiekturik baduzu esku artean?
Baditut ideia batzuk buruan, baina egia esan oraindik ez naute guztiz obsesionatu, beraz hara eta hona nabil, zerk kateatzen nauen aurkitu arte. Badaude ikertu nahi nituzkeen gauzatxo batzuk, baina ikerketarako denbora eta diru asko behar da. Nik dirutza xahutu dut liburu honekin; ez dut jakin nahi zenbat… Ale asko saldu beharko nituzke errentagarria gertatzeko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Gorputz hotsak
“Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago”

Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]


2025-06-18 | June Fernández
Meloi saltzailea
Harro

Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


Hernaniko San Juan Preludioa
“Haziak erein nahi izan ditut, gerora emaitza artistikoak jasotzeko”

Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]


2025-06-11 | Paula Amilburu
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak

Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 


Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara

Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


2025-06-04 | June Fernández
Meloi saltzailea
Ulertezina ulertzea

13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]


Gorputz hotsak
“Musika da mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat”

Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]


Antiwokismoa: eskuin muturraren maskara berria
Jule Goikoetxea: “Euskal Herrian ere Trumpek eta Mileik gorroto duten guztia da woke”

Mundu mailan abiadura handian garatuz doan ideologia eta mugimendua dugu antiwokismoarena. Boterera arribatzeko eskuin muturreko agintariek duten arma berria da, eta berdin-berdin zabaltzen ari da herriko karriketan, unibertsitateetako korridoreetan zein telebista platoetan. Eta... [+]


2025-05-21 | Nekane Txapartegi
Borrokak lotu nahian

Bisita, bizipen eta hausnarketa egunak izan ditut maiatzekoak. Hor nabil, intersekzionalitatea nola gauzatu, borrokak lotu nahian, bertsolarien moduan puntu guztiak esan nahian, potorik egin gabe...

Lan egiten dudan LoRa irrati komunitariotik, Maiatzaren 1erako... [+]


Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua?

Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.


Eguneraketa berriak daude