ARGIA.eus

2022ko uztailaren 05a

Kukuak huts egin digu aurten: ezin ote dugu ezer egin haren kanta berreskuratzeko?

  • “Kukuak kantatzen du maiatzean ku-ku” ikasi genuen kantatzen umetan, baina maiatzetik maiatzera bakanduz datoz hegazti horren hotsak. Ornitologoek gero eta gehiago argitzen dizkigute txori migratzaile mitikoaren sekretuak, baina aldi berean gizarte industrializatuok zerbait ari gara oker egiten hegaztia suntsitze bidean jartzeko. Erne kukuari, gure biodibertsitatearen kalitatea markatzen duen termometro bikainari.

Britainia Handian BTO elkarteak satelitez jarraitzen dituen kukuetako bat, emisorea jarri ostean askatzeko zain. Argazkia: BTO
Britainia Handian BTO elkarteak satelitez jarraitzen dituen kukuetako bat, emisorea jarri ostean askatzeko zain. Argazkia: BTO
2022ko maiatzaren 29a

Kazetariaren anekdotatxoa: lagun batek diost azken urteotan apiril-maiatz oro Gipuzkoako Goierriko paraje jakin batean entzun ohi zuela lehenbizikoz kukua… baina 2022 honetan haren arrastorik ez duela.  Zorionez oraindik kuku gehiago agertzen da Goierrin baina… zerbait salatu ote digu urteroko hitzordua huts egin digunak? Non, nola, zergatik galdu ote da?

Goierrik galdu duen kukuak baino zorte hobea izan du, antza, Ingalaterrako Suffolk eskualdean PJ bataiatu dutenak: zazpigarren urtez segidan itzuli da PJ Afrikako tropikoetatik Ingalaterraraino, Britainia Handiko Ornitologia Elkarteak (British Trust for Ornitology, BTO) maiatz hasieran zabaldu duenez. 2016an harrapatu eta satelitez kontrolatzeko gailu txiker bat ezarri zioten.

Geroztik ia etengabe eduki dute lokalizatua, eta horregatik dakite zazpigarrenez bere arrautzak Ingalaterran jartzera itzuli den PJ-k urte horietan 96.000 kilometro egin dituela hegan, Suffolketik Kongora joan eta etorri. Europako kukuaren joan-etorriak bezala, ikertzen ari dira Asiakoarenak; honek ere negua Afrika tropikalean ematen du, udaberri usainarekin bidai ia amaiezina abiatzeko Mongolia, Txina edo Siberiaraino.

BTO elkarteak, oharturik kukuak ia %40 urritu direla Ingalaterran azken hiru hamarkadotan, 2011n ekin zion hegazti horren bizimodua zehatzago ezagutzeko ikerketa zabalari. Hasi zen kukuak harrapatu, markatu eta satelitez behatzeko gailuz hornitzen, horien urte osoko bizimoduaren eta batik bat Kongorainoko urteroko migrazioaren xehetasunak ezagutu nahian. Kukua haren arrabotsen grabazioekin erakarrita sarean –Pirinioetan usoak atzematen dituzten gisan– nola harrapatzen duten erakusten du BTOren bideo harrigarri batek. Behaketa horrek baimendu die, esaterako, ohartzea migrazio bide batzuek txorioi hilgarriago zaizkiela besteak baino.

Aurtengoan, PJ Kongo ibarretik –Kongo eta Gabon arteko muga aldetik– otsail bukaera aldean abiatu omen zen, hortik Ghana eta Boli Kostara joz lehen jauzian. Hemen aste batzuetan ondo bazkatu eta apirilaren 4an ekin zion Sahara gelditu barik zeharkatzeari. Egun gutxiren buruan Iberiar Penintsulara iritsia zen eta apirilaren 24an Suffolkeko bere sorterri eta bigarren egoitzaraino. BTOko zientzialariek aitortu diete kazetariei bihotza ahoko zuloan zeukatela beren kukua bidai harrigarrian sentitzen zuten bitartean, edozein ezustekogatik bidean betiko galdu zitekeelako beldurrez.

Mike McCarthy kazetaria ‘Clement’ izendatutako kukua aske uzten, marka eta emisorea ipini ostean. Argazkia: BTO.

Orain bertan hamabi kukuri ari zaizkio jarraipena egiten BTOtik. Horietatik zazpiren seinaleak hartzen jarraitzen dute, lau galduta dauzkate –berriz aurkitzeko itxaropenez– eta azken bat uste dute hila izan daitekeela. Euskal Herrian kuku helduek 8-12 asteko egonaldia egiten duten bezala, Ingalaterran 6-8 astez egon ohi dira, beranduago heldu eta goizago partitzera behartuta Kongo eta Angolako parajeetarantz. Eta hain zuzen, migrazio bide ezberdinek horien hilkortasunean eragina dutela uste dute ikertzaileek.

Europako kukuek, hasi Eskoziaraino iristen direnek eta berdin Bielorrusian amaitzen dutenek, uda amaieran Mediterraneoa zeharkatzen dute batzuek mendebaldetik –Pirinioetatik Espainia eta Portugalen barrena– eta besteek Balkan mendiak eta Italian zeharkatuz. Saharako basamortuari ekin aurretik, hor ahalegintzen dira eta indarrak biltzen. Ikerketak erakutsi duenez, gure inguruok arriskutsuagoak dira kukuarentzako Italia aldekoak baino, Iberiako bidean askoz hilkortasun tasa handiagoa nozitzen dute. Oso nabarmena da, zeren eta bidaiaren iraupenari dagokionez, Atlantiko aldeko bidea dezentez motzagoa zaie Balkanak eta Italiakoa baino.

‘PJ’ kukuak 2021ko udazkenetik 2022ko udaberria bitartean egindako bidaia luzearen ibilbidea. Irudia: BTO

Negu amaieran, aldiz, Kongo aldetik Europarako bidaia nagusiki Atlantiko aldetik egiten dutela dirudi –biderik arriskutsuenetik hain zuzen–. Hor galtzen dira gure kukuetako asko, Marokon edo Espainian atseden hartzeko zeuzkaten lekuak orain hormigoiak estalita daudelako edo nekazaritza industrialak pestizidekin kukuaren jakiak diren beldarrak desagerrarazi dituelako.
Kukuak jateko maite ditu beldarrak; hauek eguneko bezala gaueko tximeleten bigarren aurpegia dira, tximeleta eta beldarra xomorro bera dira bizitzako bi fasetan. Tximeleton galera aipatzen dute adituek hegaztiaren urritzearen kausa nagusien artean.

Nekazaritzan, baratze amateurretan eta baita basogintzan ere erruz erabiltzen diren intsektizidek eragin dute beldarren desagertzea. Tximeleta eta beldarren urritzea lotuta dago ere landaredian biodibertsitatea galtzearekin, bai elikagai dituzten lore eta landareak, eta bai babeslekuak suntsitu dizkiegulako.

Txantxangorri ‘guraso engainatua’ berea uste duen kuku kume lumatu berria elikatzen. Argazkia: Predatar.

Baina bestetik, kukuaren bizimoduak badu ezaugarri bat bilakatzen duena biodibertsitatearen egoeraren adierazle nabarmen: bizkarroi bitxia da. Famatua denez, kuku emeak bere arrautzak ipintzen ditu ez berak egindako habia batean baina beste txoriek egindako habia bat baino gehiagotan. Kuku kume bakoitzak jaio orduko egingo duen lehen lana da habiatik kanporatzea ondoko beste arrautza eta kume guztiak; bere gurasotzakoak behartuta egongo dira haien kumeen ordez arrotz bat elikatzera, berehala haiek baino askoz handiagoa egingo den kume potoloa.

Oso luzea da kuku kume bat oharkabean haztera kondenatutako txorien zerrenda, eta denak dira kukua baino askoz txikiagoak, hala nola txantxangorria, lezkaria, txinboa, buztangorria, txioa, buztanikara, txoka…Txori xehe hauek guztiak izugarri urritu dira azken hamarkadetan. Bakar bat aipatzearren, gaur 60 urte baino gehiago duen herritar askok ezagutu dituzte txori horietako batzuk kaiolan kantari, gaztetxoek mendian biskaz edo bestelako artez harrapatuta. Egun, txoka (Linaria Cannabina) eta haren kanta ederra gazte bati aipatzea arkeologia ariketa egitea da. Txori txikiok urritzearekin gutxitu dira kuku bikoteentzako habiak eta kumeentzako sasi-gurasoak.

Xomorroen desagertzea bezala txori txikiena lotuta daude –pestizidez eta lurraldearen artifizializazioaz gain– landarediaren biodibertsitate galerarekin. Baso nahasien ordez zuhaitz-monolaboreak nagusitu dira denetan aspalditik, gurean pinua luzaz, eukaliptoa gero eta gehiago. Hori bezain kaltegarria izan da Europa osoan galdu izana heskaiak, hesi biziak zuhaitz, zuhaixka, sastraka eta klase guztietako landarez osatuak. Horien aniztasunak baldintzatzen zituen eta ditu xomorro, txori eta gainerako izaki bizidun gehienenak, eta milaka kilometro heskai suntsitu dira 1960ko hamarkadatik.

Aberdeengo (Eskozia) unibertsitatean irakasle ari den Chloe Denerley biologoak 2018an argitaratutako ikerlan batean aurreratu ditu kukua berreskuratzeko Britainia Handian bezala Europa osoan eman beharko liratekeen zenbait aldaketa: “Alde guztietan sustatu behar da belazeak berriro landare anitzez osatuak egotea, soroetan pestiziden erabilera murriztea, heskaiak eta bide bazterrak urtean behin edo gutxiagotan moztea eta hauen azpiko sastrakak bakean uztea, soroetatik kanpo ongarri kimikorik ez erabiltzea…”

Egitarau zorrotza proposatzen zaigu, beraz, bai nekazaritza eta lurraldearen kudeaketa planifikatzaileei, baina baita ere herritarroi, bazterrak garbi eduki beharraren eta villa tankerako txaleten kultura estetikoaren esklabo bilakatu garenoi. Hona egitaraua: eraman dezagun berriro gure bazter guztietako biodibertsitatea gutxienez 1960ko hamarkadako mailaraino, eta orduan, landareak, loreak, xomorroak, beldarrak eta txori xeheak 1960etan adina ugaritutakoan, orduan hasiko dira berriro kukuen kantak ugaritzen.

Euskal Herrian ere zientoka kilometro heskai suntsitu dira azken hamarkadotan, errepide eta
etxegintzarako bezala soroak zabaltzeko ‘concentración parcelaria’ edo ‘remembrement” deituetan. Argazkia: Thomas Lepoutre

 

Kanal hauetan artxibatua: Biodibertsitatea  |  Nazioartea  |  Larrialdi klimatikoa

Biodibertsitatea kanaletik interesatuko zaizu...
PODCAST 2x28 | Kukuak huts egin digu aurten: ezin ote dugu ezer egin haren kanta berreskuratzeko?

“Kukuak kantatzen du maiatzean ku-ku” ikasi genuen kantatzen umetan, baina maiatzetik maiatzera bakanduz datoz hegazti horren hotsak. Ornitologoek gero eta gehiago argitzen dizkigute txori migratzaile mitikoaren sekretuak, baina aldi berean gizarte industrializatuok... [+]


Klima larrialdiaren aurrean Pirinioak lurralde "erresiliente" bihurtzeko plana diseinatu dute

Pirinoetako Lan Elkarteak egindako ikerlan baten arabera, mendikateko glaziarren erdia galdu da 1983tik, tenperaturaren batez bestekoa 1,6 gradu beroagoa da eta duela hamarkada batzuk baino %8 euri gutxiago egiten du orain. Datu kezkagarri horien aurrean, Klima Aldaketaren... [+]


2022-04-26 | ARGIA
Tximeletentzako oasia egin dute Donostiako Ulia mendian

Tximeleten habitatak suntsitzen eta eraldatzen ari diren garaiotan, haientzako espazioak berreskuratzeko lanean ari da Zerynthia Elkartea. Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, oraingoan Ulia Interpretazio Zentroan egin dute tximeleten oasia. Apirilaren 30ean inauguratuko... [+]


Basoilarrak jada ez du kantatzen gure basoetan

Europako basoko hegazti handiena Euskal Herrian desagertuta edo desagertzeko zorian da, azkeneko aleak Belaguan eta Larran ikusi baitziren aspaldi. Pirinioetako Ekologia Institutuak egin berri duen ikerketa baten arabera, Aragoiko Pirinioetan bizi ohi diren guneetan, %40... [+]


Zorioneko daude azken baleak: baliteke guk bizia barkatzea, milaka zuhaitzek baino CO2 gehiago biltzen dutelako

Islandiak jakinarazi berri du 2024tik goiti ez duela gehiago balearik ehizatuko. Luzaz horien sarraskia salatzeko piztutako protestengatik ez bezala, orain islandiarrek amore eman bide dute baleak bizirik ikustera uharteraino hurbiltzen diren turisten diruagatik. Baina, gainera,... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 29a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude