Afrikako garraiobideen gestioaz bereizi bada ere, ‘françafrique’ izpiritua biziarazten segitzen du Bollorék

  • Ipar Euskal Herrian behintzat, ezaguna da Vincent Bolloré –Frantziako hamalaugarren pertsona aberatsena eta mundu mailako 538garrena–, besteak beste, Frantziako komunikabide gehienak haren esku artean dituelako. Bere aberastasuna, hein handi batean, 1980ko hamarkadaz geroztik Afrikan garaturiko aktibitate eta tratu finantzarioei esker osaturikoa du. 5.700 milioi euroren truke saldu berri du Bolloré Africa Logistics negozioa, kontinentean barrena dituen portu, bide, terminal, ubide, biltegi eta trenbide sare estrategiko eta politikoa MSC enpresaren esku utziz.
     

Vincent Bollorék harreman hurbilak ditu Afrikako agintari eta kargudun anitzekin, eta horri esker lortu ditu kontratu ekonomiko anitz. Adibidez, argazkian ageri da Gineako presidente Alpha Condérekin –harreman hori dela eta, ustelkeriagatik epaituko dute laster Bolloré–. (Argazkia:AFP)

Hogeita hamasei urteko abentura finantzarioari bukaera eman dio 5.700 milioi euroko txekearen truke Vincent Bolloré frantses dirudun ospetsuak. Bolloré Africa Logistics negozioaz bereizi da, Afrikan zituen portu, trenbide, ubide, biltegi, industriarako logistika eta autobide terminalak Mediterranean Shipping Company (MSC) konpainia italiar-suitzarrari salduz. Frantziako hamalaugarren pertsona aberatsenak –538. munduan– anitz zor dio kontinente horri: "Bolloré taldearen aberastasunaren gehiengoa Afrikatik dator. Hogei urtean, Vincent Bollorék erresuma bat eraiki du Frantziako inperio kolonialaren hondakinetan", irakurri dezakegu Mediapart komunikabidearen 2009ko Comment Vincent Bolloré s'est taillé un empire en Afrique ("Nola inperio bat eraiki duen Vincent Bollorék Afrikan").

Konkretuki, Afrikako hogei bat estatutan presente da konpainia, 250 filial ezberdinen bidez: portu bidez Ginean, Sierra Leonan, Liberian, Boli Kostan, Ghanan, Togon, Beninen, Nigerian, Kamerunen, Afrika Erdiko Errepublikan, Gabonen, Kongon eta Komoreetan; autobide terminal bidez Senegalen, Ginean, Sierra Leonan, Boli Kostan, Liberian, Togon, Kamerunen, Gabonen eta Kongon; porturako sarbideen bidez Burkina Fason, Kamerunen, Gabonen, Ghanan, Kenyan, Ginean, Nigeren, Malin, Nigerian, Ugandan, Tanzanian, Afrika Erdiko Errepublikan, Kongon, Txaden eta Malawin; trenbideen bidez Boli Kostan, Burkina Fason, Kamerunen, Beninen eta Nigeren –orotara, 2.700 kilometro burdinbide, 2,6 milioi tona merkantzia garraio eta 1,8 milioi bidaiari urtean–. Bulego zein biltegiei dagokienez, guztira 7,5 milioi metro koadro dauzka Afrikan gaindi. Bestelako aktibitate eta enpresen bidez, kontinenteko 55 estatuetatik 46tan du eskua sarturik frantses miliardunak.

1986an erosi zituen kolonialismo garaian hazitako Scac –itsas-garraioan eta petrolio-banaketan bereziturikoa– eta Socopao –Afrikako portuen sozietatea– enpresak, zerrenda luzeko lehenak izandakoak. Zehaztu beharra dago Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak 1990eko hamarkadan kontinente horri inposaturiko pribatizazio logikak hein handi batean ase zuela Bolloréren gosea. Kakaoa, palma olioa, kafea, kotoia, mineralak, egurra... lehen sektoreko ekoizpen anitz ditu esku artean, eta garraioen eta bereziki portuen gestioari esker, horien esportazioa errazkiago kudeatu dezake.

Horretaz guztiaz bereizteko hitzarmena martxoaren 31n izenpeturik, goazen hurbilagotik begiratzera presentzia horri. "Hamasei portu eta hogei bat itsasorako terminal kudeatzen ditu Bollorék. Irabazi handiko aktibitatea, jakinik Afrikako inportazio eta esportazioen %92 itsasoz bideratzen dela. Portuen kontrolak komertzioaren kontrola dakar Afrikan", entzun daiteke Le Media-ren Françafrique: les réseaux Macron ont-ils eu la peau de Bolloré? ("Françafrique: Macronen sareak Bolloré akatu al du?") dokumentalean. Baina zergatik saldu nahi izan du aberastasun handia zekarren aktibitatea –2021ean 2.000 milioi euroko etekina, Bolloré talde osoarena 24.000 milioi eurokoa izan zenean–?

Françafrique terminoarekin izendatzen da Frantziak Afrikako bere kolonia ohiekin mantentzen dituen ezkutuko harreman diplomatiko eta ekonomikoak –neokolonialismoaren sinonimo gisa erabili dezakegun nozioa dugu–. Bolloré taldea luzaz izan da logika horren parte, eta are gehiago, Frantziaren kolonia ohiez gain, Ingalaterrarenetan ere kokatu da. "Vincent Bolloré errezibitzeak Frantziako Errepublikako presidentearen belarria zeukan arduradun bat errezibitzea erran nahi zuen afrikar presidente askorentzat", irakurri daiteke Le groupe Bolloré tire un trait sur l’Afrique ("Afrikatik badoa Bolloré taldea") artikuluan. Eta gauza bera Pariseko agintarientzat ere: "Nicolas Sarkozyrentzat baita bere ingurukoentzat bera izan da kontinentera heltzeko sarbide bakarra: ezagutzen zituen gizonak, sareak eta finantza zirkuituak".

Hots, eskaintza deialdi ofizialetatik pasa gabe, jaso izan ditu portu, trenbide ala autobide terminal anitz Bollorék. 2008an Libération egunkariari konpainiako zuzendari Gilles Alixek erantzundakoak ongi azaltzen zigun giroa: "Ministroak, guztiak ezagutzen ditugu han, lagunak dira. Beraz, artetan, ez direlarik gehiago ministro, eskaintzen diegu gure filialetako administrari izateko aukera, haien itxura garbitzeko, nonbait. Eta badakigu egun batez berriro ministro bihurtu daitezkeela...".

Baina badirudi Frantziako Gobernuan hurbilekoak ukanik ere, itzala egiten dion bat badaukala: Eliseoko idazkari nagusi Alexis Kohler. Kargu politiko horrez gain, Afrikako negozioetan lehiakide izandako MSC konpainian goi-karguak eta ahaidetasun-loturak ukandakoa ere da –funtsean, ustelkeriaren kontra dabilen Anticor elkarteak Kohleren kontra jo zuen 2018an, MSCrekilako harremanen harira, "legez kanpoko interesa hartzea", "influentzia trafikoa" eta "ustelkeria pasiboa" leporaturik–. Alta, espero zuena baino txeke potoloagoa eskainirik, horri dio saldu Bolloré Africa Logistics...

Ustelkeria kasuak

Ustelkeria kasuak bat baino gehiago ukan ditu hiru hamarkadetan zehar Bollorék ere. Azkena eta potoloenetarikoa, 2013az geroztik irekia den afera batengatik epaituko dute laster, estatuen "burujabetza kaltetzeagatik" eta "ordena publiko eta ekonomikoan nahasmenduak eragiteagatik". Alta, erruduntasuna aitortu eta 12 milioi euroko isuna ordaintzea onartu zuen, epaiketa saihesteko gisan, baina epaileak ez zion halakorik onartu iazko otsailean, "leporatutakoaren larritasuna" dela eta. Zehazki, Gineako lehendakari ohi Alpha Condé eta Togoko presidente Faure Gnassingbéren kanpainarako aholkularitza eta komunikazio zerbitzuak gutiago ordainarazi zizkien, trukean, Konakryko eta Lomeko portuen gestioak lortzeko. Bost urteko kartzela-zigorra arriskatzen du Bollorék.

Beste bi aipatzearren, Burkina Fason ere justiziaren aitzinean du konpainia, 2018an ilegalki urrea garraiatzeaz akusaturik –500 milioi euroko iruzurra–. Kamerungo Kribiko portuko terminala eskuratzeko baldintzak ikertzen dabil ere Finantza Ministerio Publikoa 2020ko urriaz geroztik.

Auzi batzuk –eta horren ondorioz negozio batzuk– galdu izan ditu iraganean: Beningo Cotonou Boli Kostako Abidjani lotzekoa zituen trenbidearen berreraikuntzaren kontratua baliogabetu zion epaileak, aurretik ofizialki burutu eskaintza deialdian irabazle ateratako enpresari bideratuz. Guztia anitz da eta itzal horretaz bereizi nahia ere dugu konpainia saldu izanaren arrazoien artean –bere kontrako hamaika protesta eta kanpaina izan ditu, ingurumenari egindako kalteak edota langileen eskubideen urraketak direla eta–. Noski, boteretsua bada ere, beste boteretsu batzuk baditu Afrikako merkatuan –bereziki txinatarrak eta emirerritarrak– eta geroz eta zailtasun gehiagorekin nagusitzen zaie. Hori ere da beste arrazoi bat.

Haatik, komunikabideen kontrolarekin segitzen du

Hala eta guztiz ere, Afrikan segitzeko asmoarekin dabil Bolloré enpresa eta hori komunikabideen eta komunikazioaren sektorean inbertituz. Hiru aipatzearren, kontinentean presente diren Canal+, MultiChoise eta Havas konpainiak dauzka gaur egun. Azken hori komunikazio aholkularitzan dabil, eta Afrikako estatuetako lehendakaritzetarako hautagaien kanpainak bideratzen ditu –hor ere da ustelkeriaz akusatua–. Canal+ konpainia da Afrikako ordainpeko telebista frankofonoaren sektorean nagusi eta MultiChoise, berriz, telebista anglofonoan.

Ipar Euskal Herrian eta orokorkiago Frantziako Estatuan, badakigu zerbait Bollorék daukan komunikabideen jabetzaz. Ikerketa judizialaren baitan, urte hasiera honetan, sei minutu behar izan zituen David Assouline txostengileak Bollorék dauzkan Frantziako komunikabide guztiak zerrendatzeko. Dirutzaz gain, ideien eta hausnarketaren kontrola ere dakar inbertsio horrek. Argiki, hori du Afrikarako helburu. Françafrique izpiritua ez da desagertzekotan...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Neokolonialismoa
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


2023-11-05 | Diana Franco
Teknologia
Kolonialismo digitala

Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea... [+]


Herri zaurgarrienek zorpeturik segituko dute finantza sistema berrian ere

Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]


Eguneraketa berriak daude