“Feminsmorik gabe ez-monogamia etikoa ez da osasuntsua”

  • Lídia Manot (Bartzelona, 1990) ilustratzailea, dibulgatzailea eta Open Mandarina proiektuaren atzean dagoen emakumea da. Sistema zalantzan jarri eta monogamia normatiboarekin identifikatuta sentitzen ez diren lagunak artatzen egiten du lan.

"Harreman orok kontratu bat du, eta horrek definitzen du fideltasunaren kontzeptua. Monogamia normatiboan, gizarteak zehazten du kontratu hori". (Argazkia: Jordi Borràs)

Noiz murgildu zinen harreman irekietan?

Garapen pertsonaleko master bat egin nuenean. Bat-batean ikusi nuen erabat baztertua nuela niretzat garrantzitsua zen kontu bat: pertsona bakar batekin ezkondu eta harekin bizitza osoa pasatzea baino askoz ere gehiago dela bizitza. Baimena eman nion nire buruari informazioa eta alternatibak bilatzeko eta horrela izan nuen ez-monogamia etikoaren berri. Pixkanaka ezagutu nuen modu osasuntsuan eta urte anitzetan loturak mantentzen zituen jendea. Nire orduko bikotekideari proposatu nion, baina ez zen adostasunik egon. Bikotekiderik gabe gelditu nintzenean jende liberal eta ez-monogamoa ezagutu nuen eta eroso sentitu nintzen. Horrela topatu nuen gaur egungo nire loturetako bat, eta bion artean akordio argiak jarri genituen polimaitasunean harremantzeko.

Erreferenteak izan zenituen?

Ez, eta horregatik sortu nuen Open Mandarina. Gogoratzen dut hainbat pelikula ikusi nituela, baina dramaz eta kontrolik gabeko pasioz beteta zeuden. Eta ni ez nintzen horrekin identifikatuta sentitzen, betidanik izan naiz lasaia harremanetan. Gerora Ética Promiscua eta Brigitte Vasalloren hainbat liburu irakurri nituen, nire teoriekin bat zetozenak.

Zer da zehazki ez-monogamia etikoa?

Monogamiaren harreman eredu alternatiba guztien erreferentzia da. Adostasunaren edo kontratuaren arabera, ez-monogamiak barne hartzen ditu harreman liberalak, poliamodio hierarkikoa eta ez-hierarkikoa, eta bertze konfigurazio anitz.

Eta kontratua?

Harreman orok kontratu bat du, eta horrek definitzen du fideltasunaren kontzeptua. Monogamia normatiboan, adibidez, gizarteak zehazten du kontratu hori; ez dago une bat fideltasuna bakoitzarentzat zer den eztabaidatzeko eta, ondorioz, fideltasunaren eta desleialtasunaren arteko muga lausoa da. Aldiz, bertze harreman ereduetara zabaltzen garenean, erreferentziazko hitzarmen bat izateari uzten diogu eta horrek behartzen gaitu bakoitzarentzat fideltasuna zer den landu eta elkarren artean adostasunetara iristera. Ez dago ezer begien bistan, introspekzio lana ezinbertzekoa da.

Brigitte Vasalloren arabera monogamia ez da praktika bat baizik eta sistema zapaltzaile bat. Ados zaude?

Hein batean bai. Argi dago sistemari monogamia interesatzen zaiola irauteko. Vasalloren baieztapenean karranka egiten didan gauza bakarra da monogamia bere horretan, harreman eredu gisa, deskribatzailea izan daitekeela, ez du zertan mugatzailea izan behar. Hau da, gisa horretako lotura duten bi lagunek jende gehiagorekin egon nahi ez badute, bikain. Arazoa da gizartean jende asko dagoela eredu horrekin eroso sentitzen ez dena eta, aldiz, sistemak ez du alternatibarik ahalbidetzen.

Harremanak eraikitzen ditugu herrestaka, “guztiok bezala” izateko, eta badirudi ezin dugula ezer desberdinik eskatu. Desadostasuna hitzez adierazten badugu, sistema osoa, pelikulen, liburuen, lagunen eta familiaren bitartez gainera etortzen zaigu. Eta uste dut aho betean adierazten ez duguna ezustean ateratzen dela azkenean, etikarik gabe; ez da kasualitatea desleialtasunaren inguruan dauden estatistikak egotea…

Zer da zure ustez ez-monogamiaz gizartean jakina ez dena?

Aurki dezakegun bakea: badirudi ikaragarri zaila dela harreman eredu ireki batean bizitzea eta drama ziurtatuta dagoela, eta hori ez da egia. Niretzat harreman monogamo bat kudeatzea askoz zailagoa da. Ezjakintasuna dago, baita ere, egiten dugun lan emozionalaren inguruan. Jendeak uste du sexu harremanak izaten ditugula denbora guztian, jende monogamo askoren obsesioa baita hori. Aldiz, guk jarraitzen dugu zaindu beharreko familiak izaten, lana egiten eta grinatzen gaituzten proiektu pertsonaletan murgiltzen. Gure loturekin harremanak izateko modua gure bizitzaren ataletako bat bertzerik ez da.

Zein da gakoa zuretzat harreman ez-monogamoetan?

Emozionalki gure burua deseraiki eta lantzeko konpromisoa. Nahi dugunaren inguruan askatasunez hitz egiteko aukera badugu, gure zaurgarritasunaz jabetzea ezinbertzekoa da. Abandonuaren beldurra ernatu daiteke, antsietatea, konparazioak, zu baino hobea den norbait aurkituko dutenaren beldurra… eta hori gure autoestimua nola dagoen ikusteko lan zorrotza da. Ezinegona sentitzen dugunean zer gertatzen den ikusteko aukera dugu. Monogamia normatiboan, azterketa hori egin gabe, sarri gure burua babesten bizi gara, gure lotura arriskuan egon ez dadin.

Feministaren batek erran izan du poliamodioa patriarkala dela. Zer deritzozu?

Emakume gisa, nire bizitzako alorrak itota sentitzen nituen monogamia normatiboan bizi nintzenean. Azken urteetan, emakumeok independentzia irabazi dugu eta horrekin batera sekula erabaki ez genuen rol batean sartzeko ezkutatu behar izan ditugun gauza anitz deskubritu ditugu. Bertzalde, ulertzen dut feminismoak fokua jartzen duela zentzu honetan: ez-monogamia etikoak gizonezkoei mesede egiten diela, emakume anitzekin sexua izan eta, garapen pertsonalaren aitzakian, gure zeloak eta ondoeza gure kabuz kudeatzea aldarrikatuz. Edozein modutan, feminismorik gabe ez-monogamia etikoa ez da osasuntsua, monogamia ere feminismorik gabe osasuntsua ez den bezala.

Laranja erdiak edo mandarinak

“Une ebolutibo pertsonal baten ondorioz sortu nuen Open Mandarina. Bi harreman monogamo izan nituen, lehenbizikoa bi urtekoa eta bigarrena sei urtekoa. Dena ongi zegoela zirudien arren, mugaketa sentsazio iraunkorra nuen eta konturatu nintzen molde monogamoan sartzeko erabat ezabatu nituela bizitza eta harremanak bertze modu batean bizitzeko nuen modua. Bertze errealitate bat posible zela jabetu nintzenean hori ikusarazten saiatu nintzen, eta horrela jaio zen Open Mandarina. Amodio libreaz solastatzeko interesgarria iruditu zitzaidan kontakizunaren aldaketa sinboliko gisa, laranjen teorian oinarritu ordez, mandarinez solastatzea”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Harremanak
Lagunak

Lagun hitzak euskaraz esanahi asko dauzka. Pertsona izan liteke, kidea, hurkoa, kamarada, laguntzailea, bikotekidea, adiskidea. Azken finean, bizitzan zeharreko edo momentu puntual batzuetako bidaidea dela adierazten digute berbok: bidean laguntzen diguten horiek. Akonpainatu,... [+]


Gure maitasun gosea

Maitasun erromantikoari buruzko mitoaz aritu nintzen azken kolaborazioan, hari buruz egiten ditugun espektatiba okerrez, ematen diogun zentralitateaz, horrek ekarri ohi dituen min eta frustrazioez, bikote instituzioak dauzkan pribilegio bidegabeez. Hala ere, kide... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


Maitasun erromantikoaz

Gehiago entzuten da orain maitasun erromantikoaren auziaz hitz egiten, eta gainera eta zorionez, modu kritikoan. Azkenean, harreman sexu-afektiboen gaia bere sakonean hasi gara aztertzen, zein handiak diren bikote harreman batek izan eta eman behar duenari buruz egiten ditugun... [+]


2023-12-19 | dantzan.eus
Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta... [+]


Eguneraketa berriak daude