"Ghostinga normalizatzen badugu, mina eta biolentzia normalizatzen ari gara"

  • Gizartean, eta batez ere gazteen artean "ghosting" egiteak duen eraginaz mintzatu da Ainara Aizpurua Perez psikologoa.

Argazkia: Pressfoto / Freepik

2023ko azaroaren 10a - 07:19
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Harreman bat amaitzeko modu krudel bat deskribatzen du ghosting-ak. Itxurazko justifikaziorik gabe eta mamu bat bezala desagertzea da, elkar ekintza guztiak eta horrela harremana bertan behera utziaz”. Hitz horiekin deskribatu du ghosting egitea zer den Zugan zentroko psikoloak. Batez ere, haurrekin, nerabeekin eta familiekin egiten du lan.

Sare sozialen bidez ematen den praktika bat da edo aurrez aurreko harremanetan ere gertatzen da?

Harremanak bat-batean modu desegokian puskatzea ez da zerbait berria; beti gertatu izan da. Hala ere, gaur egun, aro digitalak edo teknologia berrien erabilerak ekarri du ohikoagoa izatea edo maiztasuna handitzea. Azkenean, pantailaren atzean pertsona desagertzea eta ardurarik ez hartzea errazagoa da, enpatia falta handiago dagoelako. Ez du erantzuten eta listo.

Sare sozialen bidez komunikatzeko baliabide emozional gutxiago dago?

Beti esaten dut teknologiaren erabilera arduratsu bat egin behar dela, baina egia da ez digutela erakusten nola. Gurasoekin lan egiten dudanean, askotan debekatu egiten diete sare sozialetan aritzea, baina ez diete erakusten umeei nola erabili behar dituzten. Helburua ez da horrenbeste debekatzea, baizik eta, erakustea nola erabili, zein eduki kontsumitu eta batez ere nola sortu harremanak.

Harreman sexu-afektiboei baino ez die eragiten, ala beste harreman mota batzuetan ere eragin dezake?

Adinaren arabera aldatzen da. Hogei urte inguru dituzten gazteetan igual gehiago ematen da harreman sexu-afektiboetan, Tinder moduko aplikazio gehiago erabiltzen dituztelako. Gazteagoetan, aldiz, gehiago lagun artean gertatzen dela ikusi dut. Kontsultan askotan esan didate lagun berri eta berezi bat egin dutela, eta bat-batean sare sozialetatik blokeatu eta idazteari utzi diotela. Horrez gain, lan eremuan ere eman daiteke. Adibidez, hautapen prozesu batean ez badizute esaten lana lortu duzun edo zergatik ez dizuten eman, ez dakizu oraindik hautapen prozesuan zauden edo ez. Besterik gabe, uzten diote e-mailak erantzuteari eta listo.

Zer adierazten dute horrelako praktikek ghosting egiten duen pertsonarengandik?

Batez ere erakusten du pertsona horrek gaitasun sozio-emozional urrriak dauzkala. Ez denez gai horrelako egoera bati aurre egiteko, egoera saiHesten du.

"Erantzukizun emozionala garrantzitsua da, zure ekintzek beste pertsonengan izan dezaketen eragina kontuan hartzea"

Zein tresna landu daitezke komunikazioa garatzeko?

Nire ustez enpatiak agresibitatea gutxitzen du. Horregatik, uste dut enpatiaren garrantzia garatzea garrantzitsua dela. Beste alde batetik, asertibitatea landu beharko genuke; hau da, norbanakoaren sentimenduen adierazpen zuzena egin nire eskubideak eta bestearenak defendatzen. Erantzukizun emozionala ere kontuan hartzea garrantzitsua da, zure ekintzek beste pertsonengan izan dezaketen eragina kontuan hartzea.

Zer-nolako eragina izan dezake ghosting egin diotenarengan?

Uste dut lotura emozional mota eta erlazioaren iraupena kontuan hartu beharko genukeela. Epe motzeko harremana bada, gerta daiteke inpaktua pixka bat txikiago izatea. Baina harremana intentsoagoa, erromantikoagoa eta pasiozkoagoa izan bada, antsietate eta atsekabe handia sentitu daiteke. Kasuak kasu, normalean galderak sortzen dira; zer egin dudan gaizki, pentsatzen dut errua nirea dela, elkarrizketak errepasatu daitezke erantzun baten bila, eta beste gauza asko. Orduan, autoestimuan eragin handia dauka. Harreman baten amaiera dolu bat da, eta erantzunik ez izateak dolua zailtzen du. Gainera, pertsona horrek onartu beharko du harreman horrek ez duela berak nahiko lukeen amaiera izango.

Etorkizuneko harremanenetan ere eragina izan dezake?

Esperientzia honen bitartez zenbait ideia garatu ditzake; esate baterako, horrelako tratuak normalizatzea, ordezkagarria dela pentsatzea eta etorkizuneko harremanei begira beldurra eta zailtasunak izatea. Nerabeek adibidez, normalizatuago dute ghosting egitea edo jasotzea, baina ez luke zertan horrela izan. Ez da banalizatu behar mina.

Zer dakar ghosting-aren normalizazioak?

Ghosting-a normalizatzen badugu, mina eta biolentzia normalizatzen ari gara. Eta horrek izan ditzake ondorio larriak harremanetan eta gizarte gisa sortu ditzakegun dinamiketan.

 


Harremanak kanaletik interesatuko zaizu...
Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusu kasuak atzemateko protokolo berriak eskatu ditu Gasteizko Legebiltzarrak

Neurri eta gomendioak biltzen dituen txosten bat aurkeztu du Legebiltzarreko batzordeak; esaterako, Osakidetzan, ikastetxeetan eta Ertzaintzan protokoloak berrikusteko eta eguneratzeko premia.


Iruñeko artzapezpikutzak onartu du abusuak jasan eta auzitegietara jo ez duten biktimei ordaindu izana

Biktimei ordaindutako diru kantitatea zenbatekoa den zehaztu ez duen arren, Euskalerria Irratiak jaso duenez, 2007tik 2023ra bitartean egindako ordainketak dira, Francisco Pérez Iruñeko artzapezpiku izan den garaia, alegia.


Bizkaibuseko gidari batek erabiltzaile baten jazarpen matxista jasan duela salatu dute

Jazarpena lanean ari zela hasi zen, eta handik kanpo jarraitu zuen. Avanza Durangaldeko langile batzordeak salatu du gidariak bakarrik eta babesgabe egon ohi direla lanorduetan.


Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


2023-09-14 | ARGIA
Adin txikiko kirolariei egindako indarkeria
"Egunean hirutan bortxatzen ninduen Geddes entrenatzaileak"

Frantziako estatuan 600 kirolarik salatu dituzte sexu erasoak: tenislariak, patinatzaileak, judolariak, atletak... Duela 20 urtekoak dira lehen salaketak, baina asko egungoak dira, hain zuzen 107 salaketa dira 2020-2021 denboraldikoak. Horietatik %70 emakumezkoek jasan zituzten... [+]


Eguneraketa berriak daude