Negozioa berritzea

Krisi klimatikoan murgilduta bizi gara, denok gara beronen jakitun. Hainbeste, ezen instituzio publikoak, ebidentzia zientifikoen aurrean urte luzez beste aldera begiratu duten horiek, trantsizio energetiko gisa izendatua gauzatzeko lanean ari direla.

Hala eta guztiz ere, Katalunian ikusten ari gara Generalitatea ekonomiaren deskarbonizaziorako proposatzen ari den aterabideek jada existitzen diren arazoak larriagotu ditzaketela: ekosistemen eta bioaniztasunaren galera.

Hainbat plataforma eta kolektibok –ekologistak, nekazaritzakoak, unibertsitate alorrekoak, baita enpresa alorrekoak ere– salatu dute: Kataluniako Gobernuaren energia berriztagarrien hedatze ereduan mehatxu larria ikusten dute. Mehatxua hiri handientzat –eta ez horiek gauzatzen diren udalerrientzat, bereziki Lleidako herriak eta Tarragona barrualdea– pentsatutako azpiegiturek dagoeneko izugarri zigortutako herrialdeko eremuen garapen jasangarriarentzat.

Larrialdi klimatikorako eta energia berriztagarrien bultzadarako neurri urgenteen azaroaren 26ko 16/2019 Lege Dekretuaren onarpenarekin, garrantzia historiko eta kulturala daukaten eremu naturalak mehatxatzen dituzte zentral eoliko eta fotovoltaikoen proiektuen tramitazioan goraldia ematen ari da.

"Suntsitzen jarraitzeari esker aberastu diren eta kolapsora eraman gaituzten berberak ditugu aurrez aurre, honako honetan “energia berdea” etiketapean"

Kontra dauden erakundeek kritikatu dute proiektuak tramitatzen ari direla lurraldearekin elkarrizketa eta parte-hartze prozesuak kontutan hartu gabe, eta lurralde oreka, arrazionaltasun eta eraginkortasun energetiko irizpideak aplikatu gabe. Jakina, hori guztia ez da ustekabekoa, jokoaren arauak zehazten dituztenak promotoreak izatea errazten ari baita Generalitatea.

Kontrakotasuna agertu duten erakundeek ez dute inolaz ere ukatzen energia berriztagarrien produkzioa orokortzeko beharra, eta beren proposamenetako bat da Kataluniako industria poligonoek osatzen dituzten 29.372 hektareak probestea –horietatik 13.201 Bartzelonako Metropoli Eremuan daude–, teilatuetan plaka fotovoltaikoak jartzeko. Produkzio zentralak poligono horietan eraiki daitezen eskatzen dute, teilatu industrialetan eta hirikoetan, degradatutako eremu periurbanoetan, eta batez ere kontsumo zentroetatik gertuko eremuetan.

Egungo ereduaren eraldaketa erradikala ere exijitzen dute, energia kontsumoaren desazkundea, autokontsumoa eta tokian tokiko energia komunitateen ugaritzea indartuko dituen eredurantz egiteko. Baina proposamenak eta aterabide alternatiboak egon badauden arren, betiko legez boteretsuen interes ekonomikoak gailentzen dira, eta horiei errazagoa zaie kaltetutako eskualdeetan lur-eremu merkeak eskuratzea, gastuak murriztuz eta irabaziak handituz.

Konpainia horien artean dago Forestalia, Aragoiko txerri sektoreko handi-mandi Fernando Samper Rivas buru duela. Edo baita ere Green Capital Power, Jesús Martin Buezasen merkataritza-sozietatea, Florentino Pérezen errain ohia. Bi enpresa horiek aurreikusten dute Oso Goi-Tentsioko (MAT) hiru linea eraikitzea Katalunian, eta beste bat Valentziako dels Ports eskualdean. Guztia Aragoin eta Katalunian aurreikusten diren proiektuetan produzitutako energia eolikoa eta fotovoltaikoa ebakuatzeko, eta bideratzeko arku mediterraneoko hiri handietara (Bartzelona, Castelló, Tarragona, Valentzia), askotariko azpiestazioen bidez goi-tentsioko europar sarean konektatzeko.

Laburbilduz, beste behin ere, suntsitzen jarraitzeari esker aberastu diren eta kolapsora eraman gaituzten berberak ditugu aurrez aurre, honako honetan “energia berdea” etiketapean. Eta beti botere politikoaren onespenarekin, nahiz eta egun botere politiko horrek bere burua independentista eta ezkerreko izendatu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude