Ezkontza frakasatuetako trapu zikinak, bertsotan

  • XIX. mendeko lehen herenetik XX. mende erdialdera arte iraun zuen bertsopaperen bizitzak. Askotarikoak ziren, baina maiz errepikatzen zen genero bat: bikotearekin ezkontza hitzartu bai, baina azken uneko arrazoi aldrebesen bat medio bertan behera geratu ostean, bertso jartzaile batengana jotzen zuen sarri ezkongaietako batek, bestearen trapu zikinak lau haizetara zabaltzeko. Gisa horretako hainbat sorta bildu zituen Antonio Zavalak aurten 60 urte betetzen dituen Ezkontza galdutako bertsoak liburuan (Auspoa) –gerora izenburu bereko bigarren liburu batean jaso zituen gehiago–. Pello Esnalek eta Joxemari Iriondok eman digute fenomeno haren berri.

Joxemari Iriondo eta Pello Esnal (argazkia: Dani Blanco).
Joxemari Iriondo eta Pello Esnal (argazkia: Dani Blanco).

Bada pasadizo eder bat: Nafarroako lehengusu batzuk ezkontzeko hitz emanda zeuden. Azken unean alargun aberats batek agertu zuen neskarekin ezkontzeko interesa. Neskak berak jakinarazi zion mutilari: “Beste hark ezkondu nahi dik nirekin, baina nik ez diat agure zahar hori hartuko”. Aste batzuen buruan mutilari berriro iritsi zitzaion esamesa, ordea. Zer edo zer bazerabiltela biek. Neskarengana joan, eta hark, negarrez, baietz, ezkontza itxi behar izan zuela agurearekin. Mutilak, haserre bizian, Pello Errotarengana jo zuen, bertsoak jartzera. Zabaldu ziren bertso paperak, eta iritsi zitzaizkion agureari ere. Hura ere sutan azaldu zen Pello Errotarenean: “Merezi al nuen nik bertsorik? Andregaia falta nuenez, hura ‘pretenditu’ besterik ez nian egin!”. Errotariak azaldu zion bere lana besterik ez zuela egin. Eta agureak: “Orduan jar itzak beste batzuk nire alde!”. Baina Pello Errotak badaezpada mutilarengana jo zuen, zer egin behar ote zuen galdezka. Hark ondo zekien zenbat balio zuen bertsoak jartzeak –bost duro–, eta beste horrenbeste eman zion, ez jartzearen truk. Behin jarritako bertsoak bitan kobratuta, gustura gelditu zen asteasuarra.

Bertso jarrien zati handia osatzen dute bidean gelditutako ezkontzei buruzkoek, eta horietako batzuk argitaratu zituen Antonio Zavalak orain 60 urte Ezkontza galdutako bertsoak (Auspoa) liburuan –bigarren bilduma bat ere egin zen gerora, 1999an–. Sarri samar gertatzen zen: bikote baten ezkontza asmoak azken uneko arrazoi aldrebesen batengatik porrot egiten bazuen, ezkongaiak bertsolari batengana jotzen zuen bikote ohiaz gaizki esaka. Hark purrustei bertso-sorta forma eman ondoren, inprentatik pasa eta lau haizetara zabaltzen zituzten. Gehienetan gizonak izaten ziren emakumezkoen aurkako trapu zikinak zabaltzen zituztenak, eta kontrako kasurik baldin bada ere, emakumearen aitaren ekimenez izaten zen gehienetan. Enkarguzko bertsoak izaten ziren, beraz, baina ez beti. Joxemari Iriondok dio askotan bertsolariek eurek jartzen zizkietela bikote ohiei. “Estilo horretako azken bertso sorta, ziur asko, Segundo Etxeberria errezildarrak jarriko zuen. Berak kontatu zidan: andregaiak utzi zuenean hamasei bertso jarri zizkion, baina amak nonbait debekatu egin zion argitaratzea, eta erretiratu egin zituen”. Bertso gehienetan antzeko kontuak leporatzen zaizkie emakumeei: hitza ez betetzea, leiala ez izatea edota diruzalea izatea –bada emaztegaia moja sartu zaiola eta kexaka dabilenik, emaztegaia aitarekin ezkondu delako amorratu denik, edo ezkontzak porrot egin zezan azpijokoan aritutako auzokideen aurka sumintzen denik ere–. Gizonei buruzkoak nabarmen gutxiago dira, eta gehienak aurrez haiek botako akusazioen erreakzioak, norbere ohorea defendatzeko asmoz eginak.

Gehienetan gizonak izaten ziren emakumeei buruzko trapu zikinak zabaltzen zituztenak.

Pello Esnalen ustez, ezaugarri nagusi batek bihurtzen du liburua zail samarra: “Testuingururik gabeko bertsoak dira eta, gainera, Zavalak propio ezabatu zituen bertsoetatik protagonisten izenak eta bizilekuak, inor ez mintzearren. Oso kezkatuta sumatzen dugu horrekin, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Bertsopaper haiek sekulako ondorenak ekarri ohi zituzten, eta ez da harritzekoa min hori berritu nahi ez izana”. Iriondori iruditzen zaio Zavalaren hautua ez zela errespetu kontua bakarrik: “Pertsonaien eta herrien izenak ezabatzea salaketak saihesteko modua zen. Gertatu baitzen bertso jarrietan inoren izena aipatu eta familiak auzitara jotzea”. Badaezpada, kontu berezia izan zuen bertsorik zaharrenak hautatzeko –XIX. mendearen bigarren erdialdekoak dira liburuko lehenengoak–, berrienak gerorako utziz. Hartara, ziurtatu zuen bertsoetan aipatutako inor ez zela bizi.

Baina testuinguru eta erreferentzia faltaz gain, bada besterik: bertsootako euskara ez da ulerterrazena. “Bertsoa zenbat eta zaharragoa, euskara orduan eta zailagoa. Agian bati baino gehiagori atzera eragingo dio horrek, baina ohitzea da kontua”, dio Esnalek. Bertsolariek ez zuten nahi izaten beren izena paperetan agertzerik eta, beraz, ez dago jakiterik sorta bakoitza norena den. Jakina da puntako bertsolariek behintzat jarduten zutela zeregin horietan: Pello Errotak zilarrezko bost duro kobratzen zituen; Txirritak, beranduagokoa denez, hamar. Eta lan ordainduak bezeroari zilegitasuna ematen dionez gero, zenbaitetan moldaketak eskatu ohi zizkieten: ezabatu bertso lerro hau, jarri gogortxoago pasarte hori. Edozer, aurkariaren ospea lohitzeko bazen –norbere sinesgarritasuna galdu gabe, beti ere–.

Izan ziren “eragotzitako bertsoak” ere. Susmo txikienaren aurrean garaiz mugituz gero, noiz edo noiz lortzen zuten ezkongai ohia konbentzitzea bertsorik ez jartzeko. Alferrik izaten zen gehienetan, ordea. Argitaratuz gero, beita gosez zebiltzan auzokideek irrikaz irensten zituzten, eta kolpetik zabaltzen ziren. Biktimak hiru aukera izaten zituen, orduan: barrenak lehertu beharrean isilik irautea, liskarraren bere ikuspegia beste bertsolariren bati kontatzea, edo ezkongaia auzitara eramatea. Ondo zigortuak izan omen ziren gizon bat baino gehiago.

Esnal eta Iriondo (ezkerrean) erreportaje hau osatzeko egindako elkarrizketako une batean (argazkia: Dani Blanco).

Ez dago jakiterik galdutako ezkontzei buruzko zenbat bertso sorta argitaratu ziren, baina Zavalari kasu eginez gero, beste “dozena erdi” liburu osatzeko adina bai. Errotua behar zuen tradizioak, inondik ere, Asteasuko Joxe Migel Bitoria ‘Anbuerri’-k negoziotarako nitxoa ikusi zuenerako: asmatutako bikoteen arteko hausturak kontatzen zituen bertsotan. Gizonak emakumeari jarritako sorta bat saldu ondoren, emakumeak gizonari erantzuten zioneko beste bat egiten zuen, eta, bukatzeko, berriz ere gizona emakumeari zuzentzen zaion azken bat. “Entrega bidezko nobela erabatekoa, bistan denez”, dio Zavalak. Sorta bakoitza txakur handi bat kobratzen zuela jakinda, irudika daiteke zenbat aberastu zen. Pentsa, hiltzerakoan 13.000 pezeta utzi zituen.

Garaiko komunikabide bakarretakoa

Ezkontza galdutako bertsoak zail dira egungo begiradatik ulertzen, Esnalen ustean: “Lanak ematen ditu sinesteak nola argitaratzen eta zabaltzen ziren horrelako bertsoak, gizon-emakumeen arteko eta familietako trapu zikinak aireratuz. Batzuetan, familia batzuk betiko markatzeraino”. Zavalak argitzen du zerbait liburuko hitzaurrean: herri-bizitza eta literatura zeharo bat eginda zeuden garaian izan zen halako zerbait posible. Bizitzaren eta literaturaren arteko arrakala zabaldu ahala, pixkanaka desagertu ziren halako praktikak, baita haiek sortutako istiluak, sesioak, gorrotoak eta ezinikusiak ere. Azken batean, bertsopaperen fenomeno zabalaren aldaera bat gehiago baizik ez zen hura.

Irudikatzen ere
kosta egiten da garai hartako gizartean bertsopaperek zenbaterainoko
pisua zeukaten

Tentuz ibili behar da bertsopaper zaharrak eta berriak zaku berean ez sartzearekin, Esnalek ohartarazi duenez. Izen bera duten arren, bertsopaper berriak dira aldizkarietan argitaratzen zirenak –eta direnak–, edo gaur egun sariketetara bidaltzen direnak. Bertsopaper zaharrak, aldiz, hasierakoak dira, inprentetan paper solteetan inprimatzen zirenak, gero merkatuetan-eta saltzeko. Esan bezala, 100 bat urteko bizitza izan zuten horiek, eta Esnalek dioenez, 1965ean argitaratutako Luis Rezola ‘Tximela’-ren Perretxikuak sorta izan daiteke azken bertsopaper zaharra. Baina apenas argitaratu ziren azken gerraren ondoren.

Irudikatzen ere kosta egiten da garai hartako gizartean bertsopaperek zenbaterainoko pisua zeukaten. Bertsoak jarri zituztenen artean daude Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Manuel Antonio Imaz, Udarregi, Pedro Maria Otaño edota Txirrita, batzuetan beren ekimenez, besteetan norbaiten enkarguz –ezkontza galdutakoen kasuan bezala–. Behin sorta inprentatik ateratakoan, bertsoen merkaturatze fasea hasten zen. Zavalak deskribatzen du prozesua: ferietan, merkatuetan, festetan, erromerietan, edonon entzun zitekeen bertso-saltzailearen ahotsa –“eztarri oneko gizona” izan ohi baitzen–. Kale kantoi batean jarrita, kantari hasten zen. Entzule pila ederra inguratzen zitzaion zer suma, bertso berriek zer zekarten jakin-minez. Ahal zuenak berehala erosten zuen bertsopapera; ezin zuenak –edo dirua izanagatik irakurtzen ez zekienak– belarriak tenk jartzen zituen, eta ez zen saltzailearengandik urruntzen sail guztia buruz ikasi arte. Etxera asto gainean edo gurdian erretiratzen zirenek erositako bertsoak kantatuz egiten zuten bidea, eta iristerako ia denak buruz ikasita izaten zituzten. Eta han ere izaten zuten beti norbait bertso eske.

Klase guztietako gaiei jartzen zitzaizkien bertsoak: erlijiozkoak –santuen bizitzak, herrietako misioak, Gabon-kantak–, gizarteko gaiak –mutilzaharren zorigaitzak, ezkonduen gorabeherak, kuarteletako bizimodua, arazo sozialak…–, eguneroko gertakizunen ildokoak –berri politikoak, gerratekoak, lapurretak, hilketak, bizilagunen arteko istiluak, ezkontza galduak…–, eta baita kirol-kontuak ere –aizkolari-apustuak, harri-jasotzaileenak, pilota-partidak…–. “Funtsean, egun komunikabideek betetzen duten funtzio berbera zeukaten. Kolore guztiak lantzen zituzten: arrosa, beltza edota horia”, dio Esnalek. Bertso jarriek informatu ez ezik iritzia sortzen zuten; klase guztietako eztabaida politikoak eta pertsonalak haizatzen zituzten; eta, zenbaitetan, erakunde ofizialetako justiziaren kontrapisu funtzioa ere betetzen zuten. Batzuetan narraziora joz, besteetan lirikara; tarteka prentsa estilora gerturatuz, tarteka kontakizunera. Esnalek gogoratu du “gaurko komunikabideek hain ondo egin ohi duten buru-janean” ere saiatu zirela bertsopaperak, eta ez dela kasualitatea bertsopaper gehien Bigarren Gerra Karlistan –1872tik 1876ra– argitaratu izana. Euskaldun gehienengana heltzeko –eta haiek konbentzitzen saiatzeko– bertsopapera zen biderik azkarrena alde bietakoentzat. Aldiz, 1936ko gerran oso bestela gertatu zen: ordurako egunkaria eta irratia oso zabalduta zeuden, jende askok zekien gaztelaniaz, eta bertsopaperek lehengo funtzio ideologizatzailea galdu zuten.

Auspoa, bilduma eta hemeroteka

Aurten dira 60 urte Ezkontza galdutako bertsoak argitaratu zela –bertso zaharrak gaika antolatuta Auspoak atera zuen lehen liburua–. Esnalen ustean, horregatik da aproposa ulertzeko Zavalak zenbaterainoko lana egin zuen liburuz liburu, bertsoen testuinguruak banan-banan berreskuratzen eta berreraikitzen. “Karlisten bigarren gerrateko bertsoak liburuan dioenez, azterketa-lanak uste baino lan handiagoa eskatzen zion: hasteko, egilearen izenik gabeko bertsopaperak, ahal izanez gero, identifikatu; bakoitza bere testuinguruan kokatu; eta, ondoren, sailkatu”. Azken batean, bildutako bertsoek euren kabuz ez zuten argitzen noizkoak ziren, ez nongo borrokaldiak kontatzen zituzten, ez izendatutako pertsonak nor ziren. Bertso sorta mordoa zeukan aurrean, eta hori guztia sailkatzeko historia liburuetara jotzen zuen maiz. Horrela topatzen zuen liburu bakoitzaren hitzaurrea idazteko beharrezko materiala.

Plazaratu zituen pilatutako bertso haiek guztiak pixkanaka, baina ez hasieran aurreikusi bezala. 1956ko irailean –Euskaltzaindiaren gerraosteko lehen batzar irekian– jakinarazi zuenez, bertsopaperen bilduma handi bat plazaratzeko asmotan zen, estudio bat lagun zuela. Esnali iruditzen zaio liburu lodikoteren batzuk izango zituela buruan. Aipatu zuenez, 50.000 bat bertso zeuzkan ordurako bilduta, eta laster eskuratuko zituen beste sail eder batzuk. Jesuitek, ordea, ez zuten bilduma hura argitaratzea beren gain hartu nahi izan. “Kukuak oker jo zion”, azaldu du Esnalek, “nahiz eta gaur egundik zuzen jo ziola esan daitekeen. Ironiaz esanda, jesuitek arrazoi, behin behar eta: nola aterako zuten, ba, halako bilduma gordin, lehor eta irentsi-ezina? Bere gain hartu behar izan zuen lan guztia: bere argitalpena sortu, Arantxa arreba baliatu… Eta gure ikuspegitik garrantzizkoagoa dena: liburu solteetan banatu behar izan zituen bertsopaper guztiak”. Horrela plazaratu zituen 80 obra, horietatik 58 bertsolariak eta horien biografia ardatz hartuta –guztira, biografia handi eta txiki, ehun biografia inguru osatzeraino–. Gainerako 22 obrak, aldiz, gaika antolatu zituen.  

Ehun urte horietan –XIX. mendearen lehen herenetik 1936ra arte–zenbat bertsopaper argitaratu ote ziren galdetuta, zalantza egin du Esnalek: “Bost mila? Hamar mila? Gehiago? Ez dakigu. Asko eta asko betiko galduak dira. Baina mordoxka bat badugu salbatua; asko, Antonio Zavalari esker”. “Azken batean”, jarraitu du, “Zavala bertsopaper zaharren munduak liluratu zuen, bertsoak eta bertsolaritzak bainoago. Auspoaren bidez –bertsopaper zaharren eskutik–, mutil koxkorretako oroitzapenak eta bizipenak abiapuntutzat hartu eta urtetan atzera jo zuen, harik eta ehun urte luzeetako historia, giroa, ingurua eta mundua berreraiki arte”. Hain aritu zen bilketa lanean suharki, teorizatzeko astirik ez zuela esaten baitzuen behin eta berriro. Baina denbora izanez gero, nondik nora joko ote zukeen Zavalak? “Bere idatzietan, antropologia aipatzen du tarteka. Berak, bestalde, historialaria izan nahi zuen hasieran, eta bere lanetan argi ikusten da historialariaren eskua”.

Egun, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean 2.164 bertsopaper daude, eta horietako 1.638 dira Zavalaren funtsekoak. Artxiboetan begira ibiltzerik ez duenak hor dauka Auspoa literatur bilduma hirukoitza –Zavala hil zenean, 276 obraz osatua–: bertsopaper berriak sartu dira pixkanaka, eta gerora baita kontakizunak, eleberriak eta bestelakoak ere, baina guztiak ere bertsopaper zaharrak biltzen dituzten 80 obrek hauspotuta. Zein da ondare horren balioa? Esnalek garbi dauka: “Auspoa Euskal Herriaren –euskaraz bizi, euskaraz solas eta jolas, euskaraz kantatzen zuen herriaren– 100 urteko barne-historia da –intrahistoria, Unamunorentzat–. Edo, bestela esanda, Euskal Herriaren 100 urteko bizitzaren monumentu linguistiko-literario-historiko-antropologikoa”. Sarean dago edonoren eskura eta, besteren artean, ederki betetzen du hemeroteka funtzioa: toki paregabea da lardaskan aritzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude