Berramesten

1976ko azaroaren hasieran, ezagutu berria nuen gizonezko gazte batek kontatu zidan Erresuma Batuan sortuak zirela homosexualitatea askatzeko taldeak, Gay Liberation Front zeritzona kasu, eta ametsa zuela Euskal Herrian antzeko elkarte bat sortzea.

Ez nuela posible ikusten erantzun nion, gurean erlijioak botere eta indar itzela zeukala eta euskaldunak matxista hutsak zirela. Halere, beharbada beti izan naizelako baikor samarra, erabaki nuen amets zoro horretan bidelagun izatea. Azken batean, saiatzea libre.

Egia esan, konbentzituta nengoen seguru asko ametsa amesgaizto bihurtuko zitzaigula berandu baino lehen. Baina ez zen horrela izan. Gauzak uste eta espero baino hobeto eta azkarrago joan ziren gertatzen.

"1976an gizonezko gazte batek kontatu zidan Erresuma Batuan sortuak zirela homosexualitatea askatzeko taldeak, Gay Liberation Front zeritzona kasu, eta ametsa zuela Euskal Herrian antzeko elkarte bat sortzea"

Hainbat lagunekin bildu eta hitz egin ondoren, hurrengo urtarrilean jendaurreko aurkezpena egiteko gauza izan ginen. Laster, prentsan agertu, eta gero eta leku gehiagotatik hitzaldiak ematera joateko gonbitea jasotzen hasi ginen. Ekitaldiak antolatzeko ezinbestekoa zenez legalizazioa eskatu bagenuen ere, ez zitzaigun 1983ra arte heldu, Martin Villak ez gintuelako legeztatu nahi. Ia herrialde guztietara hedatu, alderdi politikoekin zein beste herri mugimenduekin harremanetan sartu, lehen manifestazioak antolatu... Konturatu ginenerako, homosexual izatearen susmoa bera zigortzen zuen Arriskutasun eta Birgizarteratze Sozialeko Legea aldarazi genuen. Jarraian, beste lege-aldaketa ugari etorriko ziren.

Legeak lege, argi izan dugu beti gizartea bera dela, jakina, garrantzitsuena. Guk jendarte justuago eta berdinzale bat amesten genuen. Harrotasunez esan dezakedan arren gizartea ere bestelakotuz joan ginela, aitortu behar da, era berean, alor horretan oraindik askotxo dugula egiteke eta egiteko.
Gurea bezalako beste talde askotxo agertu eta desagertu egin dira hamarkadotan, borrokari gehituz ñabardura, tokikotasuna… kolorea azken batean. LGTBI+ mugimenduaren presentzia, gero eta nabariagoa joan da izaten esparru guztiotan.

Denborak aldatu eta talde gehienak hustuz joan ziren, ordea. Gazteek uste bide zuten dena –edo ia dena– lortua zela. Taldeotan gutxi eta edadetuak geratu ginen, ageriko erreleborik gabe. Etsigarria egoera. Azken urteotan, alta, badirudi mugimendua berpiztu egin dela, eta lan egiteko gogo handiz hurbildu dira lagun anitz. Eskerrak! Izan ere, kontrako korronte kezkagarriak datoz. Borrokari eutsi behar diogu ezinbestez amesten segitzeko. Berramesten.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude