Pío Baroja jaio zela ehun eta berrogeita hamar urte 2022.ean. Aita, Serafín Baroja, San Sebastian Martxako hitzen egilea eta donostiarren arteko donostiarrik donostiarrena. Semeak, aldiz: “Gipuzkoarra naiz eta donostiarra: lehendabizikoa gustukoa dut; bigarrena, ezer gutxi. Ez zait atsegin Donostia arrazoi askorengatik”. Eta nobela batean:
–Zer dio aitak? –galdetu zuen apaizak– Ez du dagoeneko donoxtiarra ez naizenik esango. Donoxtiarra Donostian jaiotako pertsona bati mespretxu samarrez deitzeko manera da.
Barojaren iritziz, donoxtiar gehiegi zegoen. Hil zenetik kopurua haziz joan dela egingo nuke.
"Nori bururatu zaio, artearen merkantilizazio eta azalkeria garai hauetan, Esther Ferrer fundamentuzko artista apartari horrelako saririk ematea?"
Danbolin soinuaren zalea zen: "Igandeetan, arratsaldez, plazara joaten nintzen txistu eta danbolina entzutera. Danbolin miresgarriak zeuden, egun ez dauden bezalakoak, eta minuetoak eta kontradantzak jotzen zituzten aire klasiko bikainez. Jaietan, lau gure etxeko ate aurrean kokatu ziren, bi Azpeitiakoak ziren eta beste bi Zestoakoak, eta zoragarri jo zuten”.
Beste batean nobelaren protagonistak, kalean ari den danbolinaren musika etxetik entzutean, honela dio: –Zeinen ederra! Ulertuko duzue ni barojazalea izatea.
Pablo Sorozabal donostiarra Don Píoren lagun ona izan zen: 2022.ean hura jaio zela ehun eta hogeita bost urte. Barojarekin antzekotasunak bazituen, purrustadak botatzeko erraztasuna bereziki, baina beste pelaje batekoa zen, txit umoretsuagoa. 1955. urtearen inguruan Donostiako Udalak Hiriaren Urrezko Domina eman nahi izan zion. Sorozabal ez zen epelkeriazale: aire bidali zituen frankozale haiek. Monarkikrazia garaiko lehenengo udal gobernua eratu zenean, Ramón Jauregi buru, berriro eskaini zioten eta orduan, Franco ustez zuloan sartuta, onartu egin zuen. Ekitaldi solemnea apaintzeko udal ordezkariek aukerak proposatu zizkioten: kantu eta pianorako berak sortutako liederrak eskaintzea edo abesbatzetarako egindakoen antologia... Sorozabalek, ordea, txistularientzako prestatutakoak aukeratu zituen eta niri egokitu zitzaidan hura bideratzea: Debako Martxa, Gernika, Batelarien zortzikoa. Sorozabal ere txistuzalea zen.
Donoxtiarrok Urrezko Danborra –horrela deitu arren, danbolina da– ematearen inguruan antolatu ditugun nahasmenduak ikusita, zer esango lukete bi donostiar handi hauek? Nori bururatu zaio, artearen merkantilizazio eta azalkeria garai hauetan, Esther Ferrer fundamentuzko artista apartari horrelako saririk ematea? Eskerrak ekitaldian txistulariok izango garen. Donoxtiya, tarrapatán, mucho ruido y poco pan.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.