Nola kontatu behar da euskal gatazka?

  • Urriaren 20ko astea bete-bete joan zen euskal gatazkaren oroimenaren bueltan. Iruñean egin zen honako saioa urriaren 23an, Laba eta Karrikiri elkarteek eta Maiatz argitaletxeak antolatuta: Oso latza izan da. Nola kontatu, nola gogoratu euskal gatazka solasaldia. Memoria mahai gainera ateratzen den bakoitzean, oroitzeko hamaika molde daudela ikusten da. Memoriari buruzko hausnarketan gaur egun horren ohikoak eta zabalduak ez diren gogoetak entzun ziren Labako egoitzan.

Ezkerretik eskuinera: Maider Galardi, Emilio Majuelo, Xabier Letona (moderatzailea), Samara Velte eta Emilio Lopez Adan. (Arg.: Endika Portillo / Foku)
Ezkerretik eskuinera: Maider Galardi, Emilio Majuelo, Xabier Letona (moderatzailea), Samara Velte eta Emilio Lopez Adan. (Arg.: Endika Portillo / Foku)

José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak ETArekin izandako elkarrizketa garaia goraipatzen entzun dugu. PSOEko egungo gobernuko ordezkariak “demokratek irabazi dutela” lehenetsi dute. PPtik eta Vox-etik diote ETA ez dela oraindik amaitu. Eusko Jaurlaritzak garbi zuen ez zuela nahi Aieteko Konferentzia bakearen ardatz izatea, eta ETAren deslegitimazioa nahi zuela lehen lerroan: aitor dezala ezker abertzaleak ETAk inoiz ez duela zentzurik izan. Eta ezker independentistak, biktimei zuzenduz, erantzun egin dio: “Gurea egiten dugu mina, ez zen inoiz gertatu behar”. Denborarekin azalduko dute hobeto hitzok nola ulertu behar diren, negoziazio eta bake prozesuetako anbiguetate osoarekin luzatutakoak baitirudite.

Ez zen inoiz gertatu behar, baina gertatu zen. 60 urteko gatazka politiko eta biolentoak gogor astindu du euskal gizartea azken mende erdian eta, neurri apalagoan, jarraitzen du astintzen hainbat moldez: oraindik lehen lerroko kaltetuak daude, presoak, deportatuak, auzipetuak, senideak... eta bestelako biktima askoren sufrimendua ere mahai gainean dago, ETAk zein Espainiako Estatuak eragindakoak, batzuk ezagutza maila ofizialaren bedeinkazio guztiekin, besteak erdipurdiko ezagutzarekin, eta denak korapilo askagaitzekin haien barnean. Beraz, gertatu zen eta kontatu behar da, baina nola?   

Elkarrizketa Lopez Adan-ekin
Aretoan egin beharreko obrari ekin aurretik abiatu ziren Labako lehen solasaldi hauek Gazteluko Plazan. Lehenik Emilio Lopez Adan Beltza-rekin elkarrizketa publikoa egin zen. Kronika hau sinatzen duen kazetariak jarri zituen galderak, idazleak aurten kaleratutako Borroka armatua Euskadin. 1967-2011 (Maiatz) liburuaren edukietan oinarrituta; funtsean, ARGIAk Larrun-en egindako elkarrizketaren laburpena izan zen.

Lan erraldoia da Lopez Adanena, gatazkaren oso ikuspegi zehatza ematen duena. Talde armatuen historia aztertu du egileak hiru liburutan, orain arte inork ikertu ez duen moduan. Eta borroka horren aldarri ere egiten du, hori bai, oso ikuspegi kritiko eta zorrotzez, bere idazkietan ohikoa den gisan. Seguruenik, horregatik ere ez du lortu tamainako lan batek izan beharko lukeen oihartzun publikoa. Gatazkaren erraietara jo eta gaur egun ezohikoak diren gogoetak utzi zituen entzulez bete ageri zen aretoan.

Memoria ugariak
Elkarrizketaren ondoren egin zen mahai-ingurua: bi beterano eta bi gazte, lauak kezka sakonekin eta memoriaren sareetan harrapatuak. Berria-ko kazetari diren Samara Velte (eszedentzian orain) eta Maider Galardi oroimena oinarri duten doktoretza tesietan murgilduta daude. Veltek gazteek gatazkari buruz sortzen dituzten diskurtsoak eta haien transmisio iturriak ikertzen ditu. Galardik betaurreko moreak jantzi ditu, emakumea ardatz hartu eta euskal gatazkaren ertzetako biolentziak miatzen dihardu.

Beteranoen artean Emilio Lopez Adan eta Emilio Majuelo izan ziren. Lehena aurkeztuta dago eta bigarrena arras ezaguna da historiaren irakaskuntzan eta ikerketan Nafarroan egindako ibilbide luzeagatik; historia soziala, historia politikoa eta historiografia dira berak landutako eremu nagusietakoak. Hizlariak pozik agertu ziren Labaren lehen hitzaldi hauetan parte hartzeko aukera izateagatik. Ondoren azalduko dira lauen ideia nagusietako batzuk.

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mobilizazio bat 70eko hamarkadaren amaieran. (Arg.: Argia)

Velte: Gazteei informazioa falta zaie
Samara Velte 16 eta 22 urte arteko gazteak ari da elkarrizketatzen eta, bere ustez, dagoeneko iritsi zaizkie diskurtso sendo batzuk. Hemen berak esandakoaren laburpena, bere hitzetan:

Diskurtso horietan ebaluazioa nagusitzen da informazioaren aurretik, eta gazteek gehiago diote “hau gaizki egon da” “hau gertatu zen” baino. Biolentziaren kondenaren diskurtsoak indar handia du eta hori iritsi zaie. Ze, bestela, nola ebaluatu dezakezu ezagutzen ez duzun zerbait? Bukatzen duzu harreman nahiko bitxia izaten zure komunitatearen iraganarekin, badakizu ezin duzula zerbaiti buruz hitz egin, baina ez dakizu zergatik ezin duzun.

Zein izan beharko litzateke edozein gatazkatan hurrengo belaunaldiak bere historiarekiko duen harremana? [galdetzen du ikerlariak eta erantzunarekin jarraitzen du]. Logikak dio hurrengo belaunaldiak askatasun handiagoa eduki beharko lukeela iraganaz hitz egiteko, ez duelako hainbeste galtzeko. Ez da ni elkarrizketetan ikusten ari naizena, salbu eta Ipar Euskal Herrian, han libreago ikusten ditut iraganaz hitz egitean; pentsatzen dut izango dela hango presio diskurtsiboa ez delako Hegoaldean bezain handia. Hango gazte batek ETAren desarmearen inguruko egunaz zera esan zidan: “Dolu egunak izan ziren nire inguruan; nik tristura sumatu nuen”.

Bi ikuspegi ikusten ditut gazteengan: batzuek abiapuntua frankismoan jartzen dute eta besteek ETAren sorreran. ETAren bilakaeraren barruan bi faseen narratibak pisu handia hartu du, hau da, ETA ona eta ETA txarra bereiztea; eta askotan, bereizketa ETAm-ren eta ETApm-ren artean kokatzen dute. Oroitzen diren figura gehienak gizonak dira, eta badago heroizazio bat, gudariaren figuraren iraute bat, eta zentzu horretan dibertsifikazio oso gutxi gatazkaren protagonistei buruz.

"Batzuetan etxeko transmisioa eten egiten da, pentsatzen dugulako eztabaida horiek txarrak direla”
SAMARA VELTE

Bada zentsura sozialaren pertzepzioa. Batetik, adierazi izan didate gizarteko sektore batean abertzaletasunaren iritzia nagusi dela; eta bestetik, bada pertzepzioa estrategia armatuarekin lotutako ezer ezin dela justifikatu eta horra hurbiltzen den edozein diskurtsok jasan dezakeela zentsura. Eta hortik sortzen da tabu bat. Ematen du eztabaidatzea txarra dela eta, ondorioz, askotan gure komunitate ideologiko berberetan ateratzen direla gai hauek, eta ez, adibidez, eguberrietako bazkari familiarretan. Ondorioz, batzuetan etxeko transmisioa eten egiten da, pentsatzen dugulako eztabaida horiek txarrak direla.

Galdera batzuek laguntzen digute aurrera egiten eta beste batzuek eztabaida blokeatzen dute, eta horiek ere identifikatu behar ditugu. Bat izan daiteke biolentziaren kondenarena, eta bestea, irabazle eta galtzaileena.

Majuelo: Historia, morala eta zergatiak
“Elkarte berri bat Iruñean, gazteek bultzatuta”... zorionak eman ondoren, belaunaldi bakoitzak bere historia eraiki behar duela azpimarratu du Majuelok. Ondoren, egindako lanagatik zorionak eman dizkio Lopez Adani: “Ez da egungo ohiko liburu bat, historiarako material handi bat ekarri duelako. Denbora luzea beharko dugu liburu horren mamitik zukua ateratzeko”. Eta pozik agertu da, duela gutxi baino libreago aritzen garelako gai honi buruz hitz egiten.

Horrela jarraitu zuen Majuelok. Nola ikertu behar da gai hau? Metodologiarekin. Nola egiten dugu historia denok? Dokumentuekin. Dokumentuak ez dira historia, historia egiten dugu guk dokumentuak erabiltzen ditugunean, eta ez dugu dokumentu asko eskura, horietako asko Poliziaren edo Guardia Zibilaren artxibategietan daudelako. Eta ditugunean, txostenak eta agiriak filtroarekin irakurri behar dira, beste edozein dokumentu bezala.

Baina dokumentuez gain, gai honetan badugu altxor handia: ahozko historia, eta hura ondo erabilita, gauza asko emango digu. Gatazka honetan aritutako jende asko bizi da, baina denborarik galdu gabe heldu behar zaio iturri honi, eta ez bakarrik datu zehatzak lortzeko, baita arrazionaltasuna ekartzeko ere, batzuetan historia hau oso modu irrazionalean aurkezten baita. Badirudi militanteak munstro batzuk zirela, bakarrik terrorea eragin nahi zutela eta abar.

Eta nola jarraitu ikertzen? Aurreiritzi ideologikorik gabe, zeren eta historiako liburu asko, bereziki azken hamarkada honetan, ideologiaz beterik dago. Beltza-k berak duela asko idatzitako artikulu batean zioen bezala, guk ez ditugu errepikatu behar besteek egiten dituzten akatsak. Beste arazo asko ere badira, adibidez kronologiarena: ETAren, indarkeriaren, ezker abertzalearen eta ezkertiarren historia azken 60 urteetako kontua da, eta ezin diogu erantzun homogeneoa eman garai horri guztiari.

Terminologiaz bi hitz. Beltza-k liburuaren hasieran aipatzen du, ez dago terminologia neutralik, beraz, bakoitzak aipatu behar du zer terminologia erabiltzen duen, noraino iristen den horrekin eta zer erabilpena ematen dion. ETAri buruz aritzean askok bakarrik erabiltzen dute terrorismo hitza, baina badakigu, termino oso orokorrak erabiltzen direnean oso gutxi azaltzen dute.

Niri bereziki interesatzen zait 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako gizarte mugimenduak eta ezker abertzalearen arteko harremana. ETA desagertu da, bere eragina gizarte mugimendu hauetan gero eta txikiagoa izan zen eta, haietako batzuk desagertu edo aldatu dira. Baina mugimendu politiko sendo hark, ezker abertzaleak, gaur egun ere jarraitzen du, eta beraz, interesgarria da aztertzea zer harremana sortu zen mugimendu politiko-militarra eta beste gizarte mugimenduen artean.

"Morala argudio historiko bezala baztertu egin behar dugu, zeren eta sartzen badugu historian argudio politikoa bukatu da”
EMILIO MAJUELO

Eta bukatzeko, morala. Argudio historiko bezala baztertu egin behar dugu, zeren eta morala sartzen badugu historian argudio politikoa bukatu da. Historiak azaldu behar du gertatu denaren logika, deskribapenak bakarrik ez du balio. Egin dezakegu biktimen historia banan-banan, baina guri beti interesatzen zaigu zergatia: euskal gatazkaren historian, zergatik belaunaldi batzuek egin zuten borroka armatuaren apustu gogor hura.

Majueloren ustez, bada material asko gatazkaren historia indartsu bat egiteko, baina bere esanetan, oraindik bada hutsune handi bat: azterketa hori guztia historia sozialean kokatzea.

Historian euskal gatazka aztertu eta kontatzeko moduez iaz eztabaida sakon eta zorrotza izan zuten Emilio Majuelo eta Antonio Rivera historialariek Revista Catalana de`historia-n. Honako mahai-inguruan ez zen eztabaida honetaz hitz egin, baina interesa duenak hemen ditu lau artikuluak: El historiador ante el pasaso vasco (no tan) reciente (Majuelo); Una historia reciente del Pais Vasco 'con eta dentro' (Rivera). Majueloren erantzuna: El historiador ante el pasaso vasco (no tan) reciente (II); eta Riveraren azken erantzuna: Acuerdos y desacuerdos.

Joxe Arrregi ETAko militantearen gorpua. 1981ean hil zen Espainiako Poliziak egindako torturen ondorioz.

Galardi: Memoria feminista, bideak irekitzeko

26 urte ditu Maider Galardik eta zuhurtziatik ekin dio hausnarketari: “Nola ausartuko gara gu honi buruzko ikerketa egitera, errelato honetan gure alea jartzera, inoiz bizi izan ez dugun gatazkan?”. Lehen pertsonan jarraitzen du berea aletzean:

Aieteko gertaerak aztertu diren kongresuan egon naiz eta han asko aipatzen zen memoria inklusiboa. Gero egitarauari begiratu eta %80 gizonezkoak ziren, eta %20 emakumezkoak, ohikoan moderatzaileak. Beraz, ez gara berdin ulertzen ari inklusibitatearen gaia.

Euskal gatazkaren iruditeria oso maskulinoa dugu, baina gaur egun konpartitzen ditudan espazioetan –adibidez presoak bisitatzeko Mirentxineko furgonetetan– aurpegi gehienak emakumezkoak dira. Edo ETAren biktima baten omenaldian, lehen lerroan emakume piloa dago eta gero, batez ere gizonek hartzen dute hitza.

Elkarrizketatu ditut 25 emakume, hainbat esparrutako biktimak, ETAk hildakoak edo GALek hildakoak. Ulertzen dut garai hartan parte-hartze politiko publikoa batez ere maskulinoa zela, baina uste dut, benetako memoria anitz, inklusibo eta eraikitzailea osatu behar badugu, begirada androzentrikotik harago egin behar dugula. Bestela, emakume hauen bizipenak ez ditugu jasoko eta haien bizipenak jasotzea esan nahi du gatazka batzuk jasotzea, adibidez, sexu, genero eta  sistemarena. Sexu erasoak Kolonbian edo Bosnia eta Herzegovinan bakarrik gertatu direla uste dugu, baina Euskal Herrian ere izan dira, eta ez dira hain ezagunak.

“Ulertzen dut garai hartan parte-hartze politiko publikoa batez ere maskulinoa zela, baina uste dut, benetako memoria anitz, inklusibo eta eraikitzailea osatu behar badugu”
MAIDER GALARDI

Indarkeria psikologikoa, adibidez, arin-arin pasatzen dugu. Elkarrizketatu ditudan emakume guztiek medikazioa hartzen dute uneren batean. Galdetzen badiezu biktima sentitzen diren, ezetz diote askok. Edo... zu politikoki aktiboa izan zara? Eta askok ezetz ihardetsi. Nola ez, zu presoen senideen taldean bazaude? Edo biktimen elkartean? Hori guztia ez al da parte-hartze politikoa?

Memoria inklusiboa izateko hori guztia aztertu beharko genuke. Memoria feministatik aztertzea ez da bakarrik emakumeari dagozkion gaiak aztertzea; esan nahi du, hala aztertuta irekitzen dugula bestelako indarkeria eta bestelako gatazka batzuei lekua egiteko bidea.

ETAk 1997an hil zuen Miguel Blanco PPko zinegotzia, bahitu ondoren. ETAren aurka inoizko mobilizaziorik handienak egin ziren orduan.

Lopez Adan: Biolentziak kondenatzeko errazkeria
Labako solasaldiaren tituluak dio “nola kontatu euskal gatazka”, baina Lopez Adanek alderantziz egingo duela zehaztu du, eta motzago, aurretik ere aritu delako hizketan: nola ez den kontatu behar euskal gatazka. Hemen bere azalpena, lehen pertsonan kontatua:

Bat, indarkeriaren kondena sistematikoa. Badakit Euskaltzaindiak ez duela biolentzia hitza onartzen, baina nik -keria entzuten dudan bakoitzean... “Indarkeria askatzailea” esaten baduzu, badirudi oximoron bat. Beraz, nik biolentzia erabiltzen dut, eta biolentzia guztiak kondenatzeko errazkeria ez da gure historia kontatzeko bidea. Kentzen bada mundu honetatik injustiziaren kontra borrokatzeko behar humanoa, morala eta etikoa... zer geratzen da historian?

Bi, historiaren ikuspegi batek azaltzen duenez, iraultza beti alferra da, iraultza gaiztakeria intrintsekoa da, eta ideia hori borrokatu behar dela uste dut. Gaur egun norbaitek iraultza egin nahi badu, hau da, egungo sistema hautsi eta beste bat egin, hori justifikatu ezina da, erreformaren bidez beti baitago aitzinatzeko modurik. Kapitalistek dirua egiten badute, gero lantegiak eraikitzen dituzte eta jaten ematen digute. Eta gainera, iraultzaileek irabazten badute, beti inposatzen dute diktadura bat.

"Biolentzia guztiak kondenatzeko errazkeria ez da gure historia kontatzeko bidea. Kentzen bada mundu honetatik injustiziaren kontra borrokatzeko behar humanoa, morala eta etikoa... zer geratzen da historian?"
EMILIO LOPEZ ADAN

Hiru, ez dut ondo ikusten nola egin daitekeen errelato bakar bat komunitate osoa elkartzeko, adiskidetzeko eta borroka alboratzeko. Nik oraindik gure herriaren existentzia mehatxatuta ikusten dut. Klase borrokari begiratzen badiot, ikusten dut pobre askok ahaztu duela klase borroka hor dela, baina aberatsek ez dute ahaztu. Aurresuposatzea kontatzen dugunak balio behar duela denak adiskidetzeko, manipulazio ideologiko eta mentala da. Nik ez dut inongo gogorik torturatzaileak defendatzen dituztenekin adiskidetzeko. Bada jende anitz gurekin politikoki ados ez dagoena, eta haien artean mespretxua, diskriminazioa edota biktimak sortzea... horri deitzen diot nik terrorismoa, besteari ez.

Powell eta Sarrionandia
Hasi eta hiru ordura amaitu zen solasaldia. Bazkalorduan jarraitu zuen, gutxienez antolatzaile eta hizlarien artean. Kronika hau Jonathan Powell eta Joseba Sarrionandiaren bi aipurekin amaituko dugu. Powuell bitartekari britainiarrak ibilbide luzea du munduko hamaika gatazketan eta Dialogar con terroristas. Como acabar con  los conflictos armados (Terroristekin hitz egitea. Nola amaitu gatazka armatuekin) liburuan elkarrizketa eta negoziazioaren apologia ozena egiten du, bereziki konponbideari begiratuz: “Eta gatazkak hauspotzen dituzten injustiziak eta bidegabekeriak ulertzen ez baditugu, ez ditugu etengo. Hitz egin behar dugu, azken finean arazo politikoak diren horientzat, irtenbide politikoak bilatzeko”.

Sarrionandiak ere egin ditu gaiari buruzko hainbat hausnarketa. Carlos Gorrindo preso ohiaren Funambulistaren beldurra liburuaren hitzaurretik jasotako honek balio du euskal gatazka orokorrerako zein borrokan egon diren bando bakoitzaren barne memoriarako ere: “Nahi badugu iragana konprenitu ezin da Errelato bat inposatu, beste ikuspegiak entzun behar dira”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal gatazka
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


Eguneraketa berriak daude