“Eutanasia Legeak frogatzeko eskatzen duen sufrimendua handiegia da”

  • Ogibidez mediku epidemiologoa da Concha Castells Carrillo (Bilbo, 1960), eta Osasun publikoaren kudeaketan ere jardun du zenbait urtez, zuzendaritza karguetan. Orain dela bost urtetik hona, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen presidentea da Euskal Autonomia Erkidegoan. Behar bezala hiltzeaz eta aurten indarrean jarri den Espainiako Eutanasia Legeaz hitz egiteko aitzakiarekin hurbildu gatzaizkio.  

“Zenbait lekutan ohartarazi digutenez, baliteke mediku batzuk eutanasiaren aurrean objektore izatea, baina ez ideologiagatik, eskariak kudeatzeko bitarteko faltagatik baizik”, dio Castellsek.
“Zenbait lekutan ohartarazi digutenez, baliteke mediku batzuk eutanasiaren aurrean objektore izatea, baina ez ideologiagatik, eskariak kudeatzeko bitarteko faltagatik baizik”, dio Castellsek. (Argazkia: Hodei Torres)

Duintasunez hiltzen gara, oro har?
Ez. Gaizki hiltzen gara, oraindik ere. Lan handia dago egiteko sentsibilizazioan eta osasungintzako profesionalen trebakuntzan, oraindik ezjakintasuna eta beldur handiak daude eta.

Zer da duin hiltzea?
Gure elkarteko kideen ustez, norberak nahi duen eran, nahi duenean eta nahi duenaren alboan hiltzea. Norberak erabakitako unean, hurkoak inguruan daudela, bakean, eta, ahal bada, lo lasaian. Guretzat borondatea da garrantzitsuena. Ez dago heriotza duinik ezin badu norberak erabaki, beste batzuek erabakitzen badute unea iritsi dela.

Ontzat eman behar dugu testuingurua, betiere, hilgarria den edo sufrimendu izugarria dakarren gaitz sendaezina dela?
Ez du zertan. Guk uste dugu hiltzeko borondatea edozein egoeratan errespetatu beharko litzatekeela.  Badago adibiderik. Esaterako, beren bizitza beteta dutela pentsatzen duten adineko pertsonak, osasun arazo larririk gabekoak, eta bizitzen jarraitu nahi ez dutenak. Borondatea da gakoa, eta horren barruan, jakina, borondatezko suizidioa ere sartzen da. Ez gaixotasun mental batek edo etsipen egoera batek eragindako suizidioa, ondo hausnartua baizik. Munduko herrialde bakar batek ere ez du hori onartzen, ordea.  

Zergatik diozu ez garela duintasunez hiltzen?
Jendea, gehienetan, ZIUan hiltzen delako, hiltzen ari dela konturatu gabe eta bere bizitzaren amaieraz erabakiak hartzeko aukerarik gabe. Erabakiok talde medikoak edo familiak hartzen dituzte; maiz, isiltasun-paktua eginda.  

Gaixoari bere benetako egoera ezkutatzeko?
Bai. Hari informazioarik ez ematea adosten dute, informatzeak mesede baino kalte handiagoa egingo duelakoan. Oso ohikoa da oraindik.

Eta ez du legeren batek arautzen hori?
[Espainiako Estatuan] legez kanpokoa da, izan ere. 2000tik, Pazientearen Autonomia Legeak ezarrita du pazienteak informazioa jasotzeko eskubidea duela, eta talde medikoak eman egin behar diola informazio hori. Hari, ez familiari.

Argazkia: Hodei Torres

Martxoan onartu zen Espainiako Eutanasia Legea, eta ekainetik dago indarrean. Hartaz hitz egingo dugu, baina, lehenik, argitu dezagun eutanasia zer den eta zer ez den.
“Heriotza ona” esan nahi duen hitz grekoa da “Eutanasia”. Hortik landa, bai gizarteak bai lege honek onartzen duten definizioa hau da: pertsona batek, berarentzat jasanezina den sufrimendu egoera dela-eta, behin baino gehiagotan eskatutako heriotza, beste norbaitek gauzatu dezan. Hau da, hiltzeko laguntza eskatzen da. Definizio horretatik kanpo geratzen da elizak eta beste sektore erreakzionario batzuek kritikatzen dutena: orain zahar guztiei eutanasia egingo zaiela. Hori ezin da gertatu, hiltzeko borondate irmo eta argia adierazi beharra baitago.

Heriotza “behin eta berriz” eskatzea zenbat aldiz eskatzea da, zehazki?
Lege honi dagokionez, birritan.

Asetzen zaituzte legeak?
Ez. Frogatzeko eskatzen duen sufrimendua  handiegia da, eta kanpoan uzten ditu gaixotasun mental kroniko larriak, ezarrita baitago bizitzaren azkentzea azkar eragiten duen edo desgaitasun fisikoa dakarren gaitz batek egon behar duela beti tartean. Tetraplegia bat, esate baterako. Gaitz mentalak kanpoan uztea hutsegitea dela uste dugu, halakoen eraginez sufrimendu izugarria duten pertsonak baitaude, tratamendurik gabeko gaixotasun oso larriak jasaten ari direnak.     

Jarraitu kritikatzen, otoi.
Legeak duen alderdirik txarrena da ardura duen medikuak eta beste mediku batek eutanasia eskari bati baiezkoa eman ostean ere, berme eta ebaluazio batzorde batek onartu behar duela kasu bakoitza. Eutanasia legezkoa den munduko beste herrialdeetan ez dago halakorik. Eta noski, erabakiak batzorde horietan dauden pertsonen araberakoak izango dira. Autonomia erkidegoetako gobernuei dagokie batzordeak izendatzea; pentsa, legea ekainetik dago indarrean, eta Andaluziak [PP dago agintean] oraindik ez du batzordea izendatu.

Zuk EAEkoa ezagutzen duzu ondoen. Haren osaketaz zerbait esaterik?
Bitxia da EAEko batzordean dauden profesional guztiak sorospen-etikako batzorderen bateko kideak direla. Harritzen gaitu hiltzeari buruzko erabaki batek eztabaida etiko baten menpe egon behar duela pentsatzeak. Nik hil nahi badut, hil egin nahi dut; niri dagokit erabakitzea, eta zuk ez duzu zertan hori ezbaian jarri, ez ikuspuntu etikotik ez inongotik. Aztertu ezazu nire kasua legean aurreikusitakoarekin bat datorren, eta kito.

Hala ere, legea aurrerapausoa da?
Bai, eta handia. Hutsuneak hutsune, sufrimendu asko eragotziko du.

Gutxi zabaldutako lege erdi ezezaguna
“Eutanasiaren gaiaz ez da kalean hitz egiten, gobernuari ez zaiolako interesatzen legeari zabalkundea ematea. Etxeko intimitatean gorde nahi dute, nonbait. Ez da prentsaurrekorik egin legea onartu dela esateko. Hemengo Osasun sailburuari esan diogu, eta Eusko Legebiltzarrean ere esan dugu, eskubideak pertsona guztiek ezagutu behar dituztela. Bestela, ezagutzen dutenek baino ezin dituzte gauzatu. Ezagutarazi egin behar da. Sailburuarekin egin genuen bilera batean, iruditu zitzaigun ez zutela halakorik egin nahi. Gizartean sentsibilitate mota asko dagoelako, edo dena delakoagatik”.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eutanasia
Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


2023-03-31 | ARGIA
2021etik Nafarroan hamabost herritarrek heldu diote eutanasiari hiltzeko

Osasunbideko arduradunek zehaztu dutenez, bermatu da eskubidea ahalik eta berme handienekin gauzatzea bai herritarrentzat, bai eskatzaileentzat, bai haien senitartekoentzat, eta baita osasun-profesionalentzat ere.


2021-12-14 | Leire Artola Arin
Hamahiru pertsonari egin diote eutanasia EAEn eta 34k eskatu dute

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 34 eskaera jaso dituztela Eutanasiaren Legea ekainean indarrean sartu zenetik; hamahiru laguni hiltzeko laguntza medikoa eman diete, eutanasia egin aurretik hil dira zortzi, beste eskakizun bati uko egin diote eta gainerako hamabiak... [+]


Eguneraketa berriak daude