"Ez dut erresidentzia batera joan nahi"

  • Arantzarra da, izatez, baina Iruñean bizi da. Gazteluko plazan egin dugu hitzordua. Kafea eskuan, dozena erdi pertsonak agurtu dute, elkarrizketa egin bitartean. Elkarrizketa bukatu, argazkiak atera, eta berriz hasteko gogoz agurtu gara gu ere.

Arantzan hazi zinen, ikasketak egitera atera zinen herritik. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Ni Arantzan jaio nintzen. Lau senide gara eta laurak jaio ginen etxean. Eta lauoi eman ziguten gurasoek ikasteko aukera. Herrian ikasi genuen ahal izan genuen arte, baina garai hartan Arantzan ezin zen batxilergoa egin. Osaba bat nuen Oronoz Mugairin eta han bazen nesken ikastetxe bat. Hara joan nintzen. Ez zen eskola ofiziala, libretik zen. Eskolak bertan ematen zizkiguten eta Iruñean egiten genituen azterketak. Batxilergoa bukatu berria nintzela, han bertan irakasle ikasketak irakasten hasi ziren. Hasi nintzen, eta lehen bi mailak bertan ikasi nituen. Baina hiru ikaskide baino ez ginen gelditu hirugarren mailan, eta mojek esan ziguten ezin zutela segi; Iruñera etorri beharko genuela ikastera. Eta halaxe etorri ginen.

Iruñean nintzela, Jorge Cortes Izal ezagutu nuen. Iruñeko ikastolen sortzaileetako bat izan zen. Bera ez zen euskalduna, baina oso euskaltzalea zen. Bere seme zaharrena Arantzako baserri batean zegoen euskara ikasten, eta haren bitartez jakin zuen irakasle ikasketak bukatu berri nituela. Ez bat eta ez bi, etxera etorri zitzaidan bila.

Eta ikastoletan lanean hasi zinen.
Garai hartan Donostian erresidentzia bat zegoen, eta ikastoletako irakasle izango ziren emakume euskaldunak batzen ginen han. Batzuk irakasletza ikasten ari ziren bertan, eta beste batzuk dagoeneko ikastoletan praktikak egiten ari ziren. Haraxe iritsi nintzen ni ere, 1967ko irailean. Antigua auzoko Matia kalean bizi ginen, bi etxetan. Niri Hernaniko ikastola egokitu zitzaidan, Urumea izenekoa, eta ikasturte osoan zehar ibili nintzen han, gelaz gela. Gozamena zen. Garai hartako ikastola erabat desberdina zen beste eskolekiko! Neska eta mutilak batera egoten ziren... Oso desberdina zen. Pakita Arregi genuen arduradun, eta arratsaldetan bilerak eta formakuntzak izaten genituen. Kontxita Beitia etortzen zitzaigun eta euskararen gramatikari buruzko eskolak eman zizkigun, [Joxemiel] Barandiaran ere etorri zen, [Jose Antonio] Urbeltz ere bai...

Garai horretan Ez Dok Hamairu modan zegoen! Eta pentsa, auzo hartan, neska euskaldun kuadrilla hura... Bat honekin ateratzen zen, bestea hango harekin, eta kontzertu guztietara joaten ginen! Zoragarri ibili ginen. Sekulako oroitzapenak ditut orduko Donostiakoak. Baina handik Iruñera etorri nintzen, garaiko ikastola bakarrera. Urte batzuk lanean eman eta gero ezkondu egin nintzen. Larunbat batean kurtsoa bukatu eta astelehenean ezkondu.

Zer aldatu zuen horrek?
Nik 22 urte nituen eta alargun batekin ezkondu nintzen. Berak bi alaba txiki zituen. Haiek beso zabalik hartu ninduten eta poz-pozik nengoen. Oso erromantikoa zen dena. Eta orduan lana utzi behar nuela esan zidan. Eta lana utzi nuen, gogoz kontra. Orduan oraindik dote sistema zegoen. Frankoren garaia zen, eta gerra ondorenean emakumeak etxeko lanetarako ziren, senarra eta seme-alabak zaintzeko. Orduko mezuak ziren senarra etxera etortzerako ongi apainduta egon behar zenuela. Ilea kizkurtzeko erruloak kenduta, eta irribarretsu. Senarra nekatuta etorriko zela, eta ordurako seme-alabak ere gobernatuta eduki behar zenituela. Sexu aldetik ere, senarraren nahien menera egon behar zenuen. Horretaraino ez nintzen iristen, noski. Nik halako matxismoa ez nuen sekula ikusi etxean. Gure gurasoak oso irekiak ziren, zentzu horretan. Amatxi bai. Amatxi etxera etortzen zenean, neskei esaten zigun mahaia jasotzeko, edo hau ala beste egiteko, eta gure gurasoek kontra egiten zioten ordurako. Baina nik lana utzi nuen. Hain zen erromantikoa dena!

Argazkia: Dani Blanco

"22 urte nituen eta alargun batekin ezkondu nintzen. Berak bi alaba txiki zituen. Haiek beso zabalik hartu ninduten. Oso erromantikoa zen dena. Eta orduan lana utzi behar nuela esan zidan”

Gurasoak oso irekiak izan zenituen, beraz?
Bai. Zentzu guztietan. Gure gurasoak asko mugitzekoak izan dira, adibidez. Arantzatik hondartzara joaten ginen batzuetan, Hendaiara. Ama eta amatxi oso jostun onak ziren eta haiek egindako bainu-jantzi batez oroitzen naiz. Bolantedun bat. Herritik hiru okin ateratzen ziren goizetan, eta Igantziko bentaraino horietako batekin joaten ginen, autoaren atzealdean, artilezko zakuen gainean eserita. Han Baztanesa autobusa hartzen genuen, eta Irunera eramaten gintuen. Handik autobusez edo topoz Hendaiara. Garai hartan inor ez zen mugitzen! Eta gu han ibiltzen ginen. Arantzan bertan mendira ere joaten ginen, gurasoek lana bukatzen zutenean. Guk oso bizi ona izan dugu. Etxean ez zegoen dirurik, baina ikastera bidali gintuzten, bi ahizpak eta bi anaiak. Gazteenak ez zuen ikasi nahi izan, baina lauroi eman ziguten aukera. Ez zuten bereizkuntzarik egiten. Bereizkuntzak ezkondu ondoren sumatu nituen nik.

“Ezkondu eta gero, nekeak”.
Bai horixe. 23 urte nituela jaio zen gure semea. 23 urte nituen eta hiru ume. Eta handik urte batzuetara bereizi ginen. Kasko gogorra eta baikorra naiz, eta ezkonduta nengoela ere nire bidea bilatzen jakin nuen, hemendik ezin bazen, handik. 1987an EGA atera nuen eta AEKn hasi nintzen lanean. Etxeko lanez gain, hori. Baina berdin zitzaidan. Pozez txoratzen joaten nintzen. Hamabost urtez egon nintzen AEKn lanean, Tuteran, Corellan, Argedasen, Donibane Lohizunen... Horrek arnasa eman zidan. Baina seme-alabak hazi ziren, seme gazteena ere etxetik joan zen… Eta 22 urte ezkonduta egon eta gero, bereizi egin nintzen. Maletak hartu eta ospa. Gurasoen etxera itzuli nintzen. Ez neukan ezer!

Berriz hasi nintzen Iruñean AEKn lanean, eta horrelaxe segi nuen aurrera. Gustura segituko nukeen bertan lanean. Baina etorkizunaz pentsatzen hasi nintzen. Nire bizitza aurrera aterako banuen, pentsio duina behar nuen, eta oso egoera kaxkarra aurreikusten nuen horrela jarraituta. Orduan lanez aldatzea erabaki nuen. Udal ikastoletan hasi nintzen lanean. 54 urterekin oposizioak egin nituen eta plaza atera nuen. Eta eskola publikoan egin ditut azken urteak. 70 urte bete arte egin dut lan, ordainsari duin samar bat eduki ahal izateko, eta azken bost ikasturteak LABen eman ditut, sindikalgintzan.

Pentsioarekiko kezka propioa, eremu politikora eraman zenuen gero.
Erretiroa hartu baino lehen ikusi nuen pentsionisten kontua lotsagarri zegoela. Orduan erabaki nuen pentsionista gisa LABen borrokan jarraitzea, lehenik. Gero Onekan sartu nintzen buru-belarri. Erkidegoan bazegoen, eta guk hemen ere sortzea erabaki genuen.

Beharrezkoa da. Pentsioen kontua pila bat aldatzen ari da. Lehen kotizatutako azken hamabost urteetakoarekin pentsio duina izan zenezakeen. Orain ez da nahikoa. Gero eta okerrago dago. Eta ez gara konturatzen. Guk Iruñean astelehenero egiten ditugu elkarretaratzeak, udaletxe plazan. Batzuetan etortzen dira pentsiodunak ez direnak ere, hainbat mugimendu sozialetatik ere badirudi guri babesa ematera etortzen direla. Baina guri babesa eman ez, haien eskubideen alde egiten ari gara. Gazteek ere egiten ari garenak haiekin zerikusirik ez balu bezala begiratzen digute. Ez zarete ohartzen zuei ere iritsiko zaizuela, eta hau okerrera doala. Eurora pasatu ginenean, mileuristak ziren gutxi kobratzen zutenak. Eta orain ikasketadun jendeak irabazten du hori baino gutxiago lanaldi osoan lan eginda. Aberatsak gero eta aberatsago dira, pobreak pobreago, eta lehen bezalaxe, gaztea ez da betirako gazte. Gaur egungo soldatekin eta gaur egungo legeekin askok miseria jasoko dute pentsioan. Pentsioen arazoa inorena izango bada, gazteona da. Zuena, eta emakumeena.

Zergatik emakumeena? Zergatik da beharrezkoa Oneka Euskal Emakume Pentsionisten Plataforma?
Begira, elkarretaratzeak egiten hasi ginenean emakume oso gutxi elkartzen ginen. Bazirudien ez zela gure arazoa. Joaten ginen emakumeok gizonei galdetzen genien ea emazteak haien bazkariak prestatzen utzi ote zituzten –zeren noski, arratsaldetan egiten genuenean, askoz emakume gehiago elkartzen ginen–. Orain gero eta gehiago gara, zorionez. Horietako asko, pentsio gabeak. Izan ere, gaur egun 100.000 bat emakume daude Euskal Herrian pentsiorik kobratzen ez dutenak. Pentsiorik gabe! Senarra izanez gero hura hiltzean kobratuko dute batzuek alargun gisa dagokiena, baina ez haiena. Nik ez dut esaten etxeko lana ordaindu behar denik, baina jubilatzen zarenean etxean hainbeste urtez egindako lana kontuan hartu beharko litzatekeela bai. Guk 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen dugu, eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa, kotizatu ala ez.

Izan ere, gaur egun nork hartzen ditu murrizketak? Askotan emazteak. Bikote batean bietako bat etxean gelditzen bada nor gelditzen da? Emaztea. Eta esaten da bat dela lan egiten duena eta besteak ez duela lanik egiten. Bai? Gelditu zaitez zu etxean, eta erranen didazu! Etxeko lana 24 ordukoa da. Eta horietako batzuetan lasai egongo zara, baina beste askotan ez. Gizarteak gauzak behar den bezala egingo balitu, kontziliaziorako aukera gehiago egongo lirateke, eta gizartea hain matxista ez balitz, emakumeek ez lukete etxeko lan kargaz arduratu beharko, ez lituzkete murrizketa ia guztiak hartuko, eta ez litzateke pentsioen esparruan ere halako arrakalarik egongo. Baina daukaguna daukagu.

Emakumeen dohaineko lanetik dirua aurreztu, eta gero haiei banatu ez.
Esaten da estatuko barne produktu gordinaren %30 emakumeek musu-truk egindako lanari dagokiola. Eta horretaz ez bagara ohartzen eta ez badugu aldaketa eskatzen horrelaxe jarraituko du. Pandemiak errealitatea ikusarazteko balio izan du. Orain arte inoiz ez da hitz egin zaintzari buruz, eta bat batean denoi interesatu zaigu. Zer gertatu da? Haurrak eskola gabe gelditu direla, etxean egon behar zutela, gurasoak lanean zeudela eta ez zeukatela nork zaindu. Normala iruditzen zaigu kalean adineko emakumeak ikustea umeak zaintzen. Haiek haien seme-alabak hazi dituzte nahikoa lan eginda, eta orain hirurogeita hamar urterekin ume-zain. Asko eta asko haurrak eskolara eramaten eta jasotzen, eguna joan eta eguna etorri. Pandemian, arrisku-talde izendatu gintuzten horretan, ezinezkoa bihurtu zen hori. Eta hor antzeman zen hutsunea. Hor zerbait gaizki dago.

Argazkia: Dani Blanco
"Ez dut zaharrez inguratuta bizi nahi. Inguruan zaharrak, gazteak eta adin guztietakoak nahi ditut nik, gizartean denetik dagoen bezalaxe. Nire desioa hori da. Oraingoz ondo nago, baina laguntza beharko dut, eta ez dakit jaso ahal izango dudan"

Bizi guztia besteak zaintzen, eta zahartzaroan nork zainduko gaituen kezka.
Zaintzarena oso gaizki antolatuta dago. Emakumeek dohainik egiten duten hori lan merkatura ateratzean ere, zaintza lanak ez dira behar bezain ondo egiten. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian zenbat adineko hil diren egoitzetan. Orain arte erresidentziei buruz ez da hitz egin izan. Emakumeak direlako langile gehienak, eta bertan daudenak ere bai. Hori ere konpondu beharra dago. Nik ez dut nahi egoitza batean bukatu. IMSERSOren inkesta baten arabera adinekoen ia hamarretik bederatzik ez dugu horrelako leku batera joan nahi. Batzuetan ezinbestekoa da, inor ez daukazulako zaintzeko eta oso gaizki zaudelako. Baina kasu horietan ere, ezin al ditugu adinekoak hobeto zaindu? Egoitzak hiritik kanpo egon behar dira, kartzelak bezalaxe?

Nola irudikatzen duzu zure zahartzaroa?
Nik ez dut erresidentzia batera joan nahi. Onekarekin bi aldiz izan gara Nafarroako Parlamentuan, eta bietako batean horixe esan nuen. Galdetu behar diguzue zer nahi dugun guk. Etxerako Arreta Zerbitzua badago. Joseba Asironen alkatetza garaian publikoa zena, Enrique Mayak pribatizatu du. Gehienez ere bi ordu dira egunean, eta hori askorentzat ez da nahikoa. Zerbitzu horrek doakoa beharko luke, eta askoz zabalagoa. Nik hemen bizi nahi dut, Iruñeko Alde Zaharrean. Orain bizi naizen etxean ez dut igogailurik, baina momentuz ondo nago. Karrikara jaisten naiz, itzuli bat egiten dut auzoan zehar… Istorio piloa dut hemen, nire jendea hemen dago, ezagun batekin topo egiten dut orain, gero beste batekin... Bakoitzak aukeratu behar luke non eta nola bizi nahi duen. Batzuk adinekoentzako etxebizitza kooperatiboak sortu nahi dituzte. Nik, haiei haien modura bizitzea opa diet, baina nik ez nuke nahi. Ez dut zaharrez inguratuta bizi nahi. Inguruan zaharrak, gazteak eta adin guztietakoak nahi ditut nik, gizartean denetik dagoen bezalaxe. Nire desioa hori da. Oraingoz ondo nago, baina laguntza beharko dut, eta ez dakit jaso ahal izango dudan. Ondo legoke auzoetan eguneko zentroak jartzea. Izan ordez erresidentzia gutxi, handiak, ehunka pertsonarentzako pentsatuak eta auzoetatik kanpo, izan daitezela txikiak, asko eta auzoetan bertan. Adinekoen autonomia bultza dezatela, edo behintzat ez gutxitu! Orain hasiak dira Pertsonan Zentratutako Arreta asmo horrekin lanean, baina orokorrean, hobetzeko asko dago.

Zaharren iritzia, ordea, ez dirudi askori interesatzen zaionik…
Gure ahotsa ez da entzuten. Ez dago medioetan, ez dago botere guneetan, eta militantzia esparruan ere ez. Adin batetik aurrera ez duzu balio, eta zure ahotsak ez du entzulerik. Erretiroa eta gero linbora pasatzen zara zuzenean. Lehen borrokan aritu ginen berberak gara. Lehen kalean geunden, orain ere bai, eta horrela jarraituko dugu ahal dugun arte. Gauzak ez daudelako ongi. Jendea ez delako ausartzen borrokatzera. Guk hiru urte daramatzagu elkarretaratzeak egiten, astez aste. Gero eta gehiago entzuten da pentsioen gaia eta gehiago deitzen digute handik eta hemendik. Ez digu inork gure iritzirik galdetu. Baina asmatu dugu gure iritzia entzunarazten. Horretarako behintzat balio izan du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude