ARGIA.eus

2021eko urriaren 20a

Bada opotepe dapakipizupu?

Bea Salaberri @beatxo
2021eko urriaren 03a

Duela bi edo hiru aste, nonbait han, Iparraldeko Hitza-ren bidez zabaldu zen berria, Beñat Oiharzabal eta Irantzu Epelde ikerlariek azterlan bat eramanen dutela "apaepe" deitu hizkerari buruz. Bide beretik deialdia zabaltzen zuten: lekukoen bila dabiltza.

(Gor)aipamena merezi du, duda izpirik gabe, hasteko, gramatikaren ezagutza eta maitasuna transmititu zidan Beñat irakaslearekiko esker onez, baita haren ikerketarako tirriaren txalotzeko.

Kokatzeko, molde arras ez akademikoan baina ideia baten emateko, apaepe hizkuntza kodetua da, argota baino sekretuzko hizkera, ez banaiz oker izen zientifikoa luke kryptolekto, erran nahi baitu ahozko hizkera dela, bakarrik komunitate jakin bateko kideengandik ulertua; bi hizkuntzen arteko txertaketa suposatzen du, baina ez litzateke ez pidjin ez sabir, baizik eta komunikazio premiatik sortutakoa, zerbait funtzionala eta aldi berean doi bat fantaskoa.

"Berantetsia dut Apa epe hizkerari ikerlanaren emaitza ikustea: nork zuen mintzo, zein kontestutan, zer egiteko, zeren gordetzeko… Galdera horiek oro asetzeko gogoekin naiz beha"

Euskaldunoi ezezagun bazaigu, frantses kulturan adibideak ez dira eskas, halaxe bailirateke javaniera, largonji, verlan edo cadogan, haratago britainiarraren polari. Eta segur aski munduan zehar beste anitz.

Anitzetan klase sozial edo komunitate jakin batek du erabiltzen, Euskal Herrian buhame deituek, Irlandan dock-etako langileek, Britainia Handian komunitate homosexualak, hots erran dezakegu komunitate marjinalek. Maiz gaiztaginen, lapurren eta sorginen hitz egiteko molde gisa kontsideratuak dira. Batzuek bizirik diraute, verlan delakoaren antzera, beste zenbaitek bizirauten du literaturan, hala nola Gainsbourg-en Javanaise kantuan, edo Queneau idazlearen obra bateko pertsonaia baten bidez.

Gertatu izan da ikertuak izatea, adibidez Frantziako CNRS ikertaldeetan, baina ardura ez da hala gertatzen eta Euskal Herriaren kasuan, erran gabe doa, ez dela orain arte horren inguruko lanik egin, besteak beste, beste premia batzuk baitziren.  
Apaepea luzaz uste izan nuen haur jokoa zela, jostatzeko molde bat, ez nuen baitezpada buhameekin lotura zuzenik egin. Buhameen hizkeraren inguruko oihartzunak izan banituen ere etxean txikitan, berezko hizkuntza irudikatzen nuen. Lehen aldikoz jabetu nintzen apaepeaz Barbier idazlearen testuaren bitartez, satiraren zantzuak hartu nizkion eta sinesgaitz geratu, Azkenean Zintzilik eleberritxoan, Larzabal eta Casenaven esku jostakinak sumatu nituen, baina Itxaroren Zeruetako Erresuman ohartu nintzen ez zela bakarrik Antxitxarburukoen kontua, agian bazitekeela zerbait atzean. Geroztik jakin dut, Euskal Herriko beste lekutan forma antzekoak ere badirela, amaemeka, afaefeka. Zorionekoak gu! Besteen antzera (izan) baititugu gure hizkera sibilinoak!

Irailaren zirimolan, garai gorabeheratsuen artean, pozez eta jakin-minez hartu dut Oiharzabalen ikerlan proiektuaren berri. Gaia serioski tratatuko delakoan poztu naiz eta aldi berean berritasun firfira baten gisan irakurri dut horren berri; gaiak baitu presa, interesa eta aldi berean baitu alde friboloa, berritasun txikien pindar goxoa. Berantetsia dut ikerlanaren emaitza ikustea: nork zuen mintzo, zein kontestutan, zer egiteko, zeren gordetzeko… Galdera horiek oro asetzeko gogoekin naiz beha. Sasoia argitzen dit eta nahiago dut horrela pentsatu, eta ilusioa hazi egun batez euskarak bizitasunik aski izanen duela berriro sortzaile izateko eta argotak aterako zaizkigula, ikerlanetan baino, herri orotako plazetan.

Opordupuapan epez dupudapa, hipiztupun bapat epezapaguputzepen bapadupuzupu Bepeñapatipi eperapakopozupu!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Euskara

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko urriaren 03a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude