Lara Izagirreren bigarren filma (Nora) gaztelaniara bikoiztuta eskaini dute Euskal Herriko hainbat zine aretotan, zenbait talde euskaltzalek salatu dutenez. Tartean izan dira Bilboko Berbalagun Feministako kideak. Taldeak alde ona aurkitu dio gertaerari: hizkuntza zapalkuntzaren aurrean aktibatu dira.
Irailaren 1a
Lara Izagirre zine zuzendariak idatzi dit, Nora bere bigarren pelikularen estreinaldiaren bueltan elkarrizketa proposatzeko. “Zuekin [Pikara Magazine-rekin] hitz egin nahi nuen filma eta euskarazko film bat emakume batek egiteak dakarrenaz”, esan dit. Bai, noski. Lehenengo pausoa, pelikula ikustea.
Irailaren 3a
Berbalagun feministako kideei proposatu diet zinemara elkarrekin joatea. Orain arte, Bilboko talde honen jarduera bakarra astelehenetan Bira kultur aretoan batzea izan da. Hortaz, ikasturte berria hasteko plan ederra iruditu zaie. Gainera, gehienok ez dugu zinema areto bat zapaldu pandemia hasi zenetik. Ikusi dugu Bilbon bi zinema aretoetan eskaintzen dutela Nora: Golem Alhondiga eta Multicines. Bigarrenera joatea adostu dugu. Areto txiki, historiko eta alternatibo samarra da, pelikulak jatorrizko bertsioan topatzeko aukera nagusia.
Irailaren 9a
Heldu da eguna eta asko dugu ospatzeko: “Uste dut C1eko azterketa gainditu dudala”, idatzi digu Veronika gure kideak. Aparkaleku bila nabilen bitartean, Margak filmaren kartelaren argazki bat bidali digu: gainean, hitz larrietan, castellano hitza ikusteak asaldatu gaitu. Bat-batean gogoratu dut Lara Izagirrek aipatu zidala gaztelaniara bikoiztutako bertsio bat ekoiztu dutela Espainian zabaltzeko. Ez zait burutik pasa Bilboko zinema areto txiki, historiko eta alternatiboak bertsio hori aukeratuko zuenik. Margak lasaitu gaitu, txarteldegiko langileak argitu baitio pelikula eleanitza dela, euskarazko zatiak egongo direla, baita ere gaztelaniazkoak, ingelesezkoak eta frantsesezkoak. Ainhoak hipotesi bat bota du: azpitituluak izango dira gaztelaniaz.
Pelikula hasi da. Ane Pikaza (Nora) eta Héctor Alterio (bere aitite) ari dira solasean gaztelaniaz, normala denez, aitite Argentinakoa baita. Ondoren, Nora taberna batera doa eta Kepa Errastik antzeztutako tabernariarekin ere gaztelaniaz hitz egiten jarraitzen du. Hori bai arraroa. Ezpainek eta soinuek ez dute bat egiten. Arranopola! Bikoiztutako bertsioa ikusten ari gara.
Nire bertuteen artean ez dago frustrazioari aurre egiteko gaitasuna. Ainhoari esan diot ez nagoela prest Euskal Herrian euskaraz ekoiztutako pelikula bat gaztelaniara bikoiztuta ikusteko, non eta Bilboko zinema areto batean. Lau lagun atera gara aretotik eta pote bat hartzera joan gara; beste bi barruan geratu dira, tartean Marga. Irtetzerakoan esan digu hainbeste gustatu zaiola pelikula, ezen berriro ikusi nahi duela: euskaraz, noski. Aitzitik, beti Euskaraldiko musukoa daraman gure laguna txarteldegiko langileari kexatu zitzaion.
Etxera heldu garenean, Margak argazki bat bidali du whatsapp taldera, erakusteko Berria-ren ikuskizunen sailean, Multicines aretoaren zerrendan, Nora letra lodiz idatzia agertzen dela, bestelako oharrik gabe. Gerora nik hainbat egunkaritan joera berbera ikusi dut: jatorrizko pelikula ematen duten aretoetan “Nora (VOSE / JBA)” ipini dute; bikoiztutako bertsioa denean, ordea, parentesirik ez. “Normala den hizkuntza arraro bihurtu dute”, erantzun du Encarnik. Ainhoak nabarmendu du gaztelaniazko pelikulen trataera oso bestelakoa dela: “A todo tren. Destino Asturias [zerrendako beste pelikula bat] VOSE ere izango da? Argi dago hizkuntzaren nagusitasuna Euskal Herrian”.
Irailaren 10a
Margak change.org-ko lotura bidali digu: “Nora filma euskaraz ikusi nahi dugu Getxo Zinemetan”. Gure kideak gaineratu du: “Egun on! Ikusten duzuenez, 'auzia' ez da gurea izan bakarrik. Kontua mugitzen hasi naiz eta indarrak batuko ditugu, denon artean zerbait egiteko”. Egoera ez da berria, Urtzi Urkizu Berria-ko kazetariak Twitterren kritikatu du Handia eta Errementari filmak gaztelaniara bikoiztu izana.
Naia “ekintza zuzenaren alde” agertu da: “Plante orokor bat pelikula hastean edo…”. Galdakaon ere gaztelaniaz eskaini dute eta bertoko lagun euskaltzale batek euskara sailarekin hitz egiteko asmoa adierazi dio.
Margak beste lotura bat bidali digu iluntzean: “Nora euskal filma gaztelaniaz ikusi behar izan dutela salatu du euskaltzale talde batek Bilbon”. “Talde hori geu gara”, argitu du, harro. Uriola.eus-eko albistea ARGIAk ere zabaldu du. Urrats gehiago eman ditu hurrengo egunetan: Elebide Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzura kexa idatzi du eta Berbaizu Deustualdeko elkartearekin harremanetan dago Behatokira ere bidaltzeko. María Luisak argudio gehiago partekatu ditu gurekin: zinemek euskal zinema babestu behar luketela, eta bere formatoa errespetatu, hizkuntzen aniztasunaren mesederako, are gehiago aspaldian apustu horri heldu dioten zinema aretoen kasuan.
Irailaren 12a
Euskarriak euskarazko zinemari Eider Goenaga Lizasok Berria-n argitaratu duen zutabea bidali digu Encarnik. Esaldi bat azpimarratu du: “[Aurrera egiteko, dirulaguntzez gain eta industriaren inplikazioaz gain] Behar dira ikusleak”. Filmak euskarri orotan eskaintzea proposatzen du egileak: zinema, telebista, Youtube, ordainpeko plataformak…
Irailaren 13a
Ahots gehiagok sendotu dute eztabaida. Deia-n, Jatorrizko bertsioa zutabean, Ane Araluzeak ospatu du Nora filmaren Bilboko aurkezpenera bertaratutako kazetari guztiak euskaldunak izanik, euskara hutsean egin zela. Ondoren, sinadura bilketaren berri eman du eta zinemen erabaki komertzialaren bi irakurkerta egin ditu: “Batetik, ezer gutxi balio du euskarazko zinemaren ekoizpena diru publikoz laguntzea enpresa pribatuek babes honi muzin egiten baldin badiote lanak jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera ukatuz. Eta, bestetik, ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan ikusteko erreparoak ez dio mesederik egiten oraindik beharrezkoa dugun elebitasunaren sustapenari”.
Bea nire lagun erdalduna etorri zait burura. Bere haurren eskolako gurasoen Whatsapp taldean gaztelaniaz egiten da ia beti. Bi emakume euskaraz labur mintzatu dira, eta beste ama batek gaztelaniaz egiteko eskatu die, “euskara ez dakitenekiko enpatia eta errespetuagatik”. Erdalduna bada ere, Beak argi identifikatu du ateraldi horren indarkeria. Zera erantzun du: “Nik euskaraz egiten ez dudan arren, nire kritika kontrakoa da: ezinezkoa dela euskara ikastea jendeak ez badu euskaraz egiten. Euskaraz egin dezatela, eta ni konponduko naiz”. Egun horretan erabaki du ia 38 urte dituen nire lagunak euskaltegian izena ematea eta itzultzaile neuronalaren laguntzarekin, whatsapp taldeetan euskaraz aritzea.
Margak mezu bat berbidali digu: “Ostirala 10, Getxoko autozinean filma euskaraz proiektatu zuten eta pelikula hasi aurretik Izarok kontzertua eskaini zuen!”. A ze poza!
Irailaren 14a
Zinemara itzuli gara, Golem Alhondigara, Lara Izagirreri eskertuta, gonbidapenak lortu dizkigu eta. Filmaren xarmaz gozatu dugu: istorioaz, paisaiez, musikaz eta euskal aktoreen euskaraz. Nolanahi ere, galdera asko geratu zaizkigu, bikoizketaren aferari lotutakoak. Zer gatazka, presio edo desiok baldintzatzen dute bikoizketak egiteko erabakia? Zergatik bikoiztu dira euskal pelikula batzuk eta beste batzuk ez? Egilea eta lan taldeko buruak emakumeak izateak nolabait baldintzatzen al du negoziazio horietan? Zer edo zer egin dezakete (edo eskatu dakieke) joera hori aldatzeko euskal zinema babesten duten erakunde publikoei? A ze zortea nirea, kazetari izateak zuzendariari galdera horiek egiteko parada emango dit eta.
Feel-road movie sentimentala bezala definitu du kritikak Nora filma. Gu, ordea, euskaraz ikusteko, road movie aktibistan murgildu behar izan gara, zeinak hizkuntza zapalkuntzaz kontzienteago egin gaituen. Hori da historia honen alde ona: euskararen normalizazioaren aldeko gure bidaian, elkarrekin urrats berriak eman ditugu.
Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abizenen grafia euskaratzeko kanpaina abiatu du. Adin txikiko seme-alabak dituzten gurasoei egiten zaie deia bereziki, gurasoek deitura euskatuz gero, automatikoki 18 urtez beherako seme-alaba horiei ere euskaratuko baitzaie.
Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]
2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]
Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]
Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du"
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
Ansorena´tar Joseba Eneko.
Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]
Euskaraldiaren laugarren edizioaren bezperatan egon gara Goiatz Urkijorekin. Hirugarrenean apalaldia sumatu zuten; bigarrena pandemia betean egin izanak ez zuen askorik lagundu. Aurtengoa herrikoiagoa eta ilusionagarriagoa izatea dute helburu. Oraingoz pozik daude tokian tokiko... [+]