“Argaia gotzainak gure torturen argazkiak ‘galdu’ zituen”

  • Urduria da Juan Mari Zulaika, eta urduri jardun du bizian. Fraide frantziskotar izana, apaiz langile, Zamorako preso, ETAko kide, auzo elkarteko partaide, militante eta ekintzaile… Apaiz kartzela film erakutsi berriak harekin hitz egiteko atea ireki digu.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Juan Mari Zulaika Aizpurua. Zarautz, 1942

Teologia ikasketak egina, frantziskotarra, apaiz langileetakoa izan zen, atxilotu eta torturatua, Zamorako kartzelan preso… Irakasle, kontulari, informatika saltzaile eta programatzaile irabazi du ogia. Goldatu Memoriazale Elkarteko kide da, Argentinako kereilan parte du eta, are, beste hainbatek bere testigantza eman dezan lan egin du, eraginez. Hiru liburutan sakabanaturik dira bere bizi eskarmentuari dagozkionak: Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976), Apaizak ere torturatuak, eta Bizitza bi aurrez aurre. Arantzazu, Kuba, Bilbo, New York. Oraindik orain, berriz, Apaiz-kartzela dokumentalean ikusi dugu.

Frantziskotarra izana zaitugu…
Nire bizitzako erabakia, hamar urte ere ez nituela hartu nuen! 1942an Zarautzen jaio eta Arantzazun nintzen hamar urte bete gabe ere. Toki ezezagunaren xarmak erakarrita, ziurrenik. Bestalde, hamar anai-arrebetan txikiena izanik eta bihurria, etxeko diziplina estutik ihes egitearren ere joango nintzen ni fraideetara. Gezurra badirudi ere, Arantzazun ia galdu egin nuen euskara, hain gutxi erabiltzen baitzen han. Horixe bera aitortu zuen Kepa Enbeitak. Euskara eta kulturaren hondamendia oso larria zen.

Nonbait ere, Erriberrin jabetu zinen politikaz...
Bai. Foruan eta Zarautzen ikasi eta gero, Erriberrin ginen, filosofia ikasten. Hantxe esnatu nintzen politikara. Kubatik zetorren La Quincena irakurtzen genuen, Sierra Maestra, iraultza, Fidel Castro, Che Guevara… Kastrista sutsu bihurtu ginen. Bestalde, behin, Tafallako jaun bat ezagutu genuen, Doxandabaratz izenekoa, gudari izana. Gerrateaz eta politikaz berriketaldi luzeak izan genituen, Zidakos errekako ezkien artean. Orri klandestinoak ere jarri zituen gure eskura, Irrintzi zuten izena, Caracasetik-edo zetozenak. Doxandabaratzek diktaduraren eta Francoren aurkako kontzientzia bizia piztu zuen guregan. Nire kasuan, politikarako grina. Euskara lantzen ere Erriberrin hasi ginen, serio lantzen! Hantxe irakurri nituen Joxe Azurmendiren lehenengo poesiak.

Eta atzera Arantzazura, teologia ikastera.
1961ean izan zen hori. Bederatzi urte lehenago bezala jarraitzen zuten Oteizaren apostuluek kamino bazterretan. Eta hantxe egon ziren 1969 arte. Hurrengo urtean ireki zen absidea egiteko lehiaketa. Bi urtez parean izan genuen Lucio Muñoz, obra zoragarri hura lantzen. Santutegi berria eratu zen, poliki-poliki, eta inguruan obra handiei ekin zieten: apaiztegi erraldoi berria, frontoia, plaza zabala... Langile multzoa bildu zen, berrogeita hamarren bat. Espainiar estatuko nekazariak ziren gehienak, denboraldi bateko langile merkeak. Barrakoi lotsagarrietan jarri zituzten. Ni haiengana jotzen hasi nintzen, harreman estuak sortu arte. Orduak ematen genituen elkarrekin, solasean, jaten, edaten –Galiziako orujo gogorra, batzuetan–, tabernara joanez… Gure nagusiei langile mixioan ari ginela esaten genien. Horri jarraituz, apaiztu eta langile anaidiak sortzea zen zenbaiten ametsa; hasteko, nirea. Komentuak herriagandik urruti zeuden, eta uste genuen frantziskotar txirotasuna predikatzeko biderik jatorrena zela eguneroko ogia norberaren izerdiz irabaztea. Langileekin bizita baino ebanjelioa bideratzeko modu hoberik ez zegoen, gure ustez.

Lagun min egin zenuen Migel Anjel Loredo, kubatarra.
Teologia ikasten ari zen, hainbat latinoamerikarrekin batera. Lagun min egin ginen. Berehala gonbidatu nuen nirekin batera langileekin biltzera. Habanan burges familiakoa izanagatik ere, pozik etorri zen. Ados ginen gauza askotan. Eztabaida garaia zen, pil-pilean zegoen dena: Kubako iraultza, Arantzazu berriko arte abstraktoa, ikasketetako teologia biblikoa versus eskolastika zaharra. Loredo iaioa zen bai teologian, bai artean. Bestalde, Biblia ordu arteko kortse estuetatik atera eta libreago interpretatu behar zela erakutsi zigun Aita Goitia ospetsuak. Israeletik etorri berria zen…

Argazkia: Zaldi Ero

Adiskide min zuek, baina nork bere bidea hartu behar izan zuen. Zuk Bilbora egin zenuen. Hark, Kubara.
Bai, hori ere bai. Meza esan, langileen aurrean, eta hilabetera joan zen Kubara, Fidel Castroren Kuba komunistara! Niri urtebete geratzen zitzaidan apaizteko, eta, bitartean, barrakoietako langileen ondora joaten segitu nuen, egunen batean fraidez osatutako langile anaidia eratzeko gogoz. Kontua da Migel Anjel Habanara heldu eta elizak itxita ikusi zituela. Hala ere, apostolutzari lotu zitzaion. Sekulako lana egin zuen. Bateko katekesi, besteko parrokia bizitza, hitzaldiak eta liturgia eta teologia berriak... Arrakastaz gauzatu zuen bere lana. Erregimenaren buruzagiek Loredori hegoak ebakitzea erabaki zuten arte. Ez zuen urte eta erdi ere iraun. Lagun bat infiltratu zioten, muntaia bat ere izan zen tartean, eta, azkenean, 9 urte eta 8 hilabete eduki zuten preso uharteko kartzela gogorrenetan, 1976 arte.

"Kuba eta Espainaren arteko espetxe politiken konparatzeak, katarsira eraman ninduen, kastrismoaren okerrak gaitzesteraino"

Paralelismorik bada Loredoren eta zure bidearen artean...
Bai. Arantzazutik irten ginen biok, ni Bilbora, hura Habanara. Laster asko, kartzelara sartu gintuzten biok. Hura Kuban, Zamoran ni. Biok jaso genituen tratu txar eta torturak. Ni, Francoren diktaduraren biktima izan nintzen. Hura, Fidel Castroren erregimenarena. Gero, behin baino gehiagotan agertu zen Giza Eskubideen Europar Batzordean Kubako presoen bozeramaile, haien eskubideak urratzen zirela salatzera. Nik, aldiz, berdin jokatu izan dut Goldatun, NBEko batzordeetan eta eurodiputatuen batzarretan, baina frankismoaren bidegabekeriak salatzeko. Hortxe bi lagunon paralelismoa. Horrek, eta Kuba eta Espainaren arteko espetxe politiken konparatzeak, katarsira eraman ninduen, kastrismoaren okerrak gaitzesteraino.

Bitan izan zen Euskal Herrian.
Lehenengo aldiz 1984an etorri zen. Erromara zihoan, eta hemen izan genuen. Ideologiaz urrun ginen bata bestearengandik, muturreko jarreretara aldenduta geunden, baina adiskidetasun zaharraren txingarrei eutsi genien. Puerto Ricon egon zen urte batzuetan, eta, azkena, New Yorken bizi izan zen behin betiko. Eta handik etorri zen 2006an. Adiskidetsu biok, baina ez lehenengo topatzean bezainbeste. Bilbon izan ginen, Guggenheim eta Arte Eder museoetan, bera ere margolari baitzen, eta, jakina, Arantzazun. Bera, elizaren ministerioan buru-belarri sartuta, eta ni oso beste aldera. Ni frankismoaren biktima, kastrismoaren alde. Hura Castroren biktima, kastrismoaren kontra. 2012ko gabonetan, hil zela jakin nuen. Min egin zidan haren heriotzak. Baina ordurako liburu bat idazten ari nintzen, aurreratuta neukan, eta liburu haren bidez ordaindu nuen Loredo adiskidearekiko zorra.

Loredoz ari zinela, Zamoran preso izan zinela esan diguzu…
Bai. Bidea egin nuen… Apaiztu eta Bilboko Iralabarrira destinatu ninduten. Orduantxe sortu genuen auzo elkartea. Langile eta militante sindikalista asko egin nituen lagun. Garai bateko HOACeko (Ekintza Katolikorako Langileen Anaitasuna) hainbatekin konektatu nuen. Baina arazoak izan nituen nagusiekin eta gazteriaren ardura kendu zidaten, baita Iturrigorriko parrokia txikia ere, emakumeei pilula antisorgailuaz hitz egiteagatik. 1966an, berriz, diktaduraren 30. urteurrenarekin, Francok erreferenduma deitu zuen. Nik, egun hartan, hemengo apaiz askorekin batera, abstentzioa aldarrikatu nuen meza nagusiko sermoian. Errektoreak zigortu, eta bazkaldu gabe utzi ninduen. Nagusiak, apaiz langile-edo, nahi nuen tokira alde egiteko esan zidan. Banuen beste lagun bat, Felipe Izagirre, Bermeon fraide zegoena, ni bezain erreta hura ere. Hots egin nion, eta Eibarrera joatea proposatu nion, eta langile anaidia sortu genuen han, langileen alde eta diktaduraren aurka. Lehen lerroan ginen! Krisialdia zen orduan ere, eta Elgoibar eta Ermua bitarteko fabrika eta tailer denak korritu genituen lan bila. Nik fundizio zahar batean topatu nuen lana, eta Felipek, aldiz, bestelako tailer batean, fresadore.

1968ko ekaina. Txabi Etxebarrieta.
Txabi Etxebarrieta hil zuten, eta hileta, eta manifestazioa. Eta manifestazioa abiatu baino lehen, bi polizia sekretak Felipe [Izagirre] eta biok harrapatu, ezkaratz batera tatarrez sartu, buruan jo eta odola dariola utzi gintuzten. Etxera joan ginenean, berriz, txapelokerrak etorri zitzaizkigun, kuartelera eraman eta gau osoan eduki gintuzten, kulata-kolpez eta ostikoka, errukirik gabe. Dozena bat ziren, gu jipoitzen. Oso haserre zeuden kalean zabaldutako orri baten kontura. Haien gorrotoa! Gerritik orkatiletara, dena ubelduta utzi ginduzten. Argazkiak ere egin genituen, torturaren lekuko izateko, eta Juan Mari Bandres eta Miguel Castells abokatuei eman genizkien. Orduko Jazinto Argaia gotzainari eman zizkioten, zer gertatzen ari zen ikus zezan. Hurrena, argazki bila joan zitzaizkionean, gotzainak esan zien “galdu” egin zituela gure argazkiak, torturarenak. Horrelaxe!

"Herbehereetan nekez ulertu zuten gure egoera, nola zitekeen apaizak kuartel militarretan epaitzea eta kartzelara sartzea?"

Horrek eraman zintuzteten Zamorako apaiz kartzelara?
Bai, baina ez berehala. Eibarren, guardia zibilen kuartelean jipoia jaso eta hurrengo egunean, Martutenera eraman gintuzten. Ekainean bi aldiz eduki gintuzten han, egunetan. “Bidelapurreria eta Terrorismoa” zen akusazioa. Baina apaiz ginen, eta ezin gintuzten kartzelan nolanahi eduki. Beste apaiz bat, Alberto Gabikagojeaskoa, Dueñaseko komentuan zeukaten preso, edo itxita, baina jendea bisitan joaten zitzaion. Sekulakoa zen elkartasuna. Bitartean, gu Martutenen, eta apaiz errebelde zerrenda luzea zain! Eta Konkordatu kartzela sortu zuten, Zamorakoa, apaiz kartzela, munduan bakarra. 68ko uztailaren 22an sartu gintuzten Zamorara, eta hantxe zegoen bezperatik Alberto Gabikagojeaskoa. Estreinatzea egokitu zitzaigun. Francoren diktadurak 54 apaiz eduki zituen han preso. Haietatik 43, euskaldunak. 1976an libratu zuten azkena.

Zenbat denbora egin zenuen preso Zamoran…
Hiru egonaldi egin nituen, bederatzi hilabete denera. 1968koa izan zen lehen, 1969an bigarren, eta 1970ean hirugarren. Lehenengo biak, isuna jaso eta ez ordaintzeagatik. Hirugarren aldian, epaiketa militarra egin ziguten, Loiolako Kuartel Militarreko Arma Ganberan. Ikustekoa zen mahaiburu egiten zuen militarra, haren domina mordoa-eta! Akusazioa, Txabi Etxebarrietaren manifestazio hartan parte hartu genuela. Hiru urteko kartzelaldia eskatu zuen fiskalak, baina sei hilabetera jaistea lortu zuten gure abokatuek, Bandresek eta Castellsek. Denera zortzi hilabete bete nituen Zamoran, eta libre nintzen 1970eko irailean. Batzuek zortzi urte ere bete zituzten!

Atzerrian ere eman zenuen zuen egoeraren berri…
Zamoratik irten nintzen batean, Herbehereetan izan nintzen, “apaiz kontestatarioen” batzarrean parte hartzen, apaizak biltzen gintuen Gogor taldeko zenbait lagunekin. Zamorako presoen izenean jardun nuen, apaizak zertan ziren, kartzelako egoera zertan zen, diktaduraren jokabidearen berri emanez… Han nekez ulertu zuten gure egoera, nola zitekeen apaizak kuartel militarretan epaitzea eta kartzelara sartzea. Francoren berri bazuten, baina ez zekiten, nonbait, Eliza diktadorearekin bat eginda zegoela. Dena dela, bazegoen aldea hango apaiz haien eta gure artean. Esan nien: “Zuek zelibatuaren kontrako borrokan ari zarete. Gu, oinarrizko giza eskubideen alde, herriaren askatasunaren alde, torturen kontra”. Hango txalo zaparrada!

Zamoratik gerora, zeure gisako bizimodua egiteko moduan izan zinen?
Lehen atxiloaldia eta gero, poliziak Eibartik kanporatu gintuen. Orduan, Bilbora joan eta berehala hiru fraideko anaidi berria osatu genuen Errekaldeberri auzoan. Lan egiten genuen, etxebizitza bat errentan hartu eta hantxe jarri ginen bizitzen. Auzo elkarteko eta sindikatuetako kideekin harreman estuan ginen. Arratsaldez, Deustuko Unibertsitatean Soziologia ikasten hasi nintzen. Kartzelako azken egonaldian laugarren urteko azterketak egitea zegokidan, baina kartzelako zuzendariak ez zidan utzi. Eta ez nituen ikasketak bukatu, gero ez bainuen aurrera egiteko modurik izan.

 

Argazkia: Zaldi Ero

Frantziskotar izateari utzi zenion noizbait.
Bai. Errekaldeberrin oinarrizko kristau komunitateetan mugitzen ginen, mezak Eliza ofizialetik kanpo ematen genituen, inoren etxean. Ezkontza batzuk ere egin nituen era hartara. Handik pare bat urtera, erlijioarekiko desadostasunak areagotu besterik egin ez zirenez, anaidia laga nuen, akordu onean. Inoiz esan badut ere, ez da egia sinesmena elurra hego haizearekin bezalaxe urtu zitzaidanik. Horrek lanak eman zizkidan. Zamoran, zenbait irakurketa egin ahal izan nituen, Askapenaren teologiaz, adibidez. Bazen liburu bat, La muerte de Dios (Jainkoaren heriotza), teologo protestante batena, barruak irauli zizkidana. Ezkerreko ideologiak nagusitu ziren gizartean ere eta sekularizazioa erabatekoa izan zen. Apaiz izateari utzi eta lanari heldu behar izan nion.

"ETA bitan zatitu zenean, borroka armatua edota masa borroka lehenetsi behar ote zen eztabaidan, ni masa borrokaren aldekoekin geratu nintzen, Liga Komunista Iraultzailean"

Eta harrezkero, zer bizimodu egin zenuen?
Algortako ikastolako irakasle izan nintzen urte batez. ETAko kide nintzen ordurako. Egun batean, Jose Antonio Etxebarrieta abokatuaren deia jaso nuen, salaketa bat nuela eta polizia atzetik zebilkidala. Eta neure burua ezkutatu behar izan nuen. Gustuko lana galdu nuen. Ez nuen atzerrira irten nahi izan. Hilabete batzuk ezkutuan egin nituen, klandestinitatean, lagunen etxetan biziz eta militantzia lanean, erakundeak agintzen zidana egiten. ETA bitan zatitu zenean, borroka armatua edota masa borroka lehenetsi behar ote zen eztabaidan, ni masa borrokaren aldekoekin geratu nintzen, Liga Komunista Iraultzailean. Lehenengo udal hauteskundeetan, Bilboko zerrendaburu jarri ninduten.

Memoria historikoaren zaindari zaitugu, eta eragile.
Begira, pasarte bat da, baina oso isilduta daukatena. 2003an, Ibarretxe lehendakari zela, memoria historikoa berreskuratzeko dekretu bat onartu zuten. Ibarretxek Euskalduna jauregiko ekitaldi bat baliatu zuen horren berri emateko. Alegia, ez zuen prentsaurreko arrunt bat eman. Orduan, “Geureak, 1936ko biktimak” elkartea sortu genuen eta hasi ginen memoria historikoa lantzen. Lehenetakoak izan ginen. Francoren gerrako biktimak aitortzea eta diru ordainak biltzea zen taldearen funtsa. Arantxa Zabalegi zarauztarrak, adibidez, sekulako lana egin zuen hainbat eta hainbat familiari tramitazio lanetan lagunduz. Erretiroa hartuz gero, berriz, Iralako auzo elkartera itzuli nintzen lanera, nahiz eta auzoan bizi ez. Metroaren laugarren linearen aldeko plataforma sortzen ahalegindu nintzen, esaterako. Gainerakoan, beti ibili naiz politikan buru-belarri sartuta: Ezker Gogoa, Bilboko auzo elkarteen federazioan, Foro Sozialean… Era batera nahiz bestera, borrokan ari gara beti.

                                                                                                         * * * * *

MEMORIAREN ERAGILE

“Gehienbat, memoriaren eragile lanetan aritu naiz. 2012ko urtarrilean,  hemengo ehun bat preso ohi elkartu eta Goldatu elkartea sortu genuen, eta Argentinako kereilan parte hartu. Ehun kereila baino gehiago bidali dizkiogu Maria Servini epaileari. Frankismoa eta frankisten inpunitatea salatzea dugu helburua, 1977ko Amnistia Legea aldaraztea. Ez dugu lortu Martin Villa eta torturatzaileak auzipetzea, baina kontzientzia zabaldu dugu, eta erakunde publikoak ere inplikarazi ditugu, neurri batean”.


AZKEN HITZA

ZAMORAKO KARTZELA
“Kartzela hark interes handia piztu du beti. Hainbat artikulu, elkarrizketa eta erreportaje egin izan dira han eta hemen, eta, azkenean, dokumentala egin du Maluta Filmsek: Apaiz-kartzela. Apirilean aurkeztu zuten Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian. Udazkenean hasiko dira zinemaldietan eta telebistetan zabaltzen, gure hiri eta herrietan, Katalunian eta Espainiako Estatuan. Eskertzeko lana. Kartzeletako historia isilaraziek ondo mereziak dituzte horrelako aitormenak”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude