“Haurtzaroan jasandako sexu abusuak auzi politikoa dira”

  • Filosofia ikasten hasi bezain laster interesatu zitzaion kontrolaren eta boterearen gaia. Nola gizarteak, zuzenean zein zeharka, norbanakoon bizitzak nahieran mugatzen dituen. Noraino garen ala ez garen geure erabakien jabe eta nola berreskuratu kendu diguten boterea. Gerora, haurtzaroan jasandako sexu abusuek utzitako zauriak osatzeko prozesuan, bere gorputzaren iragazkitik pasa zituen gogoetok. Ikasitakoa partekatzeko atera zuen Palabras dislocadas liburua (Editorial Descontrol, 2019). errezitaldien eta ikastaroen bidez.

Arg.: Dani Blanco
Arg.: Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Susana Minguell. Bartzelona, 1983

Filosofoa eta idazlea. Bere bizipen propioetatik abiatuz, biktima roletik at, haurrei egindako sexu abusuen tabuaz mintzo da. Tabu handi baten korapiloa askatzeko baliagarri izan daitezkeen hari-muturrak jartzen ditu bistan. Nahi duenak tira egin dezan.

Filosofia ikasi zenuen, diozunez, zure familiaren ikararako.
Bai. Hura izualdia. Ez zuen lanerako balio! Hain justu niri horregatik iruditzen zitzaidan interesgarria. Pentsatzen nuen produkziora bideratu gabeko ikasketetan ezagutza bere soilean emango zigutela. Purutasun hori bilatzen nuen. Noski, ez zen horrela izan. Baina hogei urte nituen, zer nahi duzu. Baina merezi izan zuen, asko pentsarazi zidalako gizartea antolatzeko moduaz. Botereaz. Mugez. Garai hartan bi gauza gertatu ziren aldi berean: Michel Foucault ezagutu nuen, eta psikiatria zentro batean hasi nintzen lanean. Foucaultek azaltzen zuen nola botere politiko eta ekonomikoak kontrolatzen gaituen, geu ohartu gabe, nolabait adostutako eta onartutako bizikidetza-arauen bidez, funtsean, diziplinan oinarritutako gizarte bat sortuz. Horretarako osasun zentroetako adibidea erabiltzen zuen, eta hara non, 23 urterekin psikiatria zentro batean hasi nintzen lanean, begirale gisa, larrialdi zerbitzuan, gauez. Oso esperientzia heavya. Eta noski, Foucaultek ni jaio aurreko errealitateaz deskribatzen zuen guztia zegoen han.

Zelatatzeaz eta zigortzeaz mintzo zen bera.
Hori bera. Nola ezarian kontrola daitekeen jendea. Errespetuaren ideiak ematen zidan atentzioa, esaterako. Errespetu falta izan liteke zentro psikiatriko batean arkatz bat amorruz lurrera botatzea. Eta une jakin batean pertsona bati hori egiten ez uztea oso bortitza izan liteke. Aldiz, errespetu falta arkatza bota duenarena da, eta, beraz, zigorra merezi du. Nik lan egiten nuen lekuan oso harro zeuden –eta lau haizetara esaten zuten– ez zutela jendea lotzen, baina gero neuroleptikoak ematen zizkieten geldi egon zitezen. Gauza bera da. Zibikotasuna eta bortizkeria eza ez da gauza bera. Zentro psikiatrikoetatik kanpo ere gauza bera gertatzen da. Kartzeletako eta psikiatrikoetako hormen atzean horma gehiago daude. Gogorrena ez dira debeku esplizituak ala kontrol poliziala, baizik eta zeharkako kontrola, zibismoaren bandera astinduta egiten den hori.

Gogotik eragin zidan esperientzia hark. Pentsa, zentro hartatik neu ere diagnostiko batekin atera nintzen: depresio grabea. Oso sintomatikoa izan zen. Psikiatrak esan zidan 25 urte nituela eta ezin nuela horrela jarraitu. Antidepresiboak eman zizkidaten eta tabernan hasi nintzen lanean. Eta bestalde, Antropologia eta Kartzelari buruzko Bulego Soziala kolektiboan parte hartzen hasi nintzen.

Orduan sartu zen abusuen gaia zure bizitzan?
Urte askoan zehar, gauez ateratzean ez bageunden espazio seguruetan, giro normatiboan, alegia, oso babesgabe sentitzen nintzen. Eraso nindutela sentitzen nuenean, eraso egiten nuen. Oso bortizki. Eta 28 urte nituela, pisukideak esan zidan begiratzeko hori. Nire erantzunak neurriz kanpokoak zirela. Ordurako banekien zerbait bazegoela nire baitan. Oroitzapenak etortzen hasiak zitzaizkidan. Bortxaketa baten irudiak. Izan ere, armairutik atera nintzenean hori izan zen lehen erantzuna. Bortxaketa bat. 18 urte eta 3 hilabete nituen. Oso iluna zen oroitzapenen kontu hori. Gogoratzen nituen irudiak, baina emozioak ez zitzaizkidan heltzen. Gogoratzean ikusi baino ez nuen egiten. Ez nuen ezer ulertzen. Gehiegi zela sentitu nuen. Eta alde batera utzi nuen hura. Mila kontutan sartu nintzen buru-belarri, eta berriz ere ahaztu nuen kontua.

Baina denborak aurrera egin ahala, berriz ere irudiak etortzen hasi zitzaizkidan. Eta irudiekin batera sentimenduak. Hura izugarria izan zen. Lehertu egin nintzen. Nire gorputzak dena berreskuratu zuen. Berriz sentitu nituen haurra nintzela egin zizkidaten laztan nazkagarri haiek, esan zidatena… dena. Zeren noski, tratu txar fisikoak ez ezik psikologikoak ere badaude –abusuaren beraren tratu txar psikologikoaz gain–. Lan egiteari utzi behar izan nion. Dena utzi behar izan nuen. Psikologoarenera joan nintzen, berriz ere antidepresiboak eman zizkidaten… eta hor prozesu bat hasi zen. Prozesu luze eta gogorra.

"Haur askorentzat familia ez da leku segurua, eta haur horiek badakite ahoa zabaltzea familia lehertzea dela; ardura hori astunegia da haurrarentzat"

Idazteak egin omen zizun on.
Pixkanaka-pixkanaka, dena gogoratzera heldu nintzen. Bizitakoa eta sentitutakoa. Ahotsak entzuten nituen, aspaldi gertatutakoak sentitzen nituen… Ez nekien horrekin zer egin. Txikitatik idatzi izan dut, eta garai hartan pentsatzen nuen guztia idazten hasi nintzen. Burura zetorkidan edozer. Botaka egin nahi nuen, alde batetik, eta ulertu egin nahi nuen, bestetik. Eta idazteak asko lagundu zidan. Idazteak, eta laneko baja hartu ahal izateak. Oso prekarioa nintzen, baina horretarako aukera izan nuen, zorionez. Eta urtebete baino gehiago eman nuen topera, idazten. Husteko ez ezik nire burua berrirakurtzeko aukera eman zidan horrek. Poema pilo bat idatzi nituen. Eta auto-erretratuak egin ere bai. Argazkiak erabili nituen nire burua ikusten laguntzeko. Eta prozesu horretan nire burua nire bizitzaren erdigunean jarri nuen berriz. Ulertu nuen prozesu sakon batean murgilduta nengoela. Poemak irakurriz ulertu nuen prozesua bera ez zela lineala. Ez nuela beti gai berdinez hitz egiten. Batzuetan emozio batek hartzen zuela gaina eta beste batzuetan beste batek… baina bazeudela halako ardatz batzuk. Eta lau bloketan banatu nituen idatziak eta argazkiak. Amnesia tenporala, isiltasuna, haustura eta indar unea.

Argazkia: Dani Blanco

Amnesiaren ondoren, isiltasuna.
Amnesiaren osteko fasean isiltasunari bueltaka aritu nintzen etengabe. Isiltasunari eta erruduntasun sentimenduari. Konturatzen zarelako isilik egon zarela; zure barru-barruan bazenekiela eta isilarazi duzula zure baitan, eta baita besteei ere. Eta errudun sentitzen zara. Pixkanaka ulertu nuen horretan ere ez nuela nik ardurarik. Biziraupen estrategia bat dela amnesia bera. Haurtzaroan bizitako sexu abusuak muga-esperientziak direla. Kontzienteki edo inkontzienteki halako egoera baten aurrean badakizu zure integritate fisikoa arriskuan dagoela. Eta horren aurrean ahal duzuna egiten duzu. Ez gehiago. Eta edozer egingo duzu bizirauteko. Ahaztu, besteak beste.

Baina ohartzen zara ez zarela isildu den bakarra. Beste batzuk ere isildu direla. Izan ere, haurtzaroko abusu sexualen kontua ulertzen dugu biktima eta abusatzailearen arteko erlazio esklusibo bat bezala. Baina ez da horrela. Egitura oso bat dago abusuak sostengatzen eta baimentzen dituena. Eta horretaz konturatzeak eraman ninduen hausturara.

Zer aldatzen da haustura une horretan?
Haustura hura gertatu zenean utzi nion nire buruari obsesiboki galdetzeari, zergatik ni, zergatik niri, nolatan utzi nion, nolatan egon naiz isilik… Ohartu nintzen fokua galdera horietan jartzen banuen berriz indartuko nituela bere autoritatea eta nire erruduntasuna. Ez du zertan zergati bat egon.

Esperientzia bat izan zen. Gertatu zen eta kito. Eta hortik ulertu nitzakeen hainbat gauza. Gauetan zergatik erantzuten nuen hain bortizki erasoen aurrean, esaterako. Edo nire momentu batzuetako mututasuna edo paralisia nondik zetorren. Ispilu baten aurrean jartzea izan zen. Hau ere banaiz ni. Esperientzia nazkagarri hori jasan nuen. Halaxe da. Eta orain zer egingo dut horrekin? Berez, saihetsezina da neurri batean horrek zure bizitza definitzea. Nik nire hitzaldi eta ikastaroetan gai hau jorratzen badut abusuak bizi izan nituelako da. Baina nik erabaki dut, ahal bezainbat, nola definituko nauen esperientzia hark.

Eta indar unean, liburua argitaratu zenuen?
Bai. Beste nonbait kokatu beharra neukan. Bizitakoa beste nonbaitetik irakurtzeko eta kontatzeko beharra. Liburua argitaratzea salaketa publiko egiteko modu bat izan zen. Abusuen gaiari ikusgarritasuna emateko eta hori bizi izan duen pertsonak senti dezakeena azaltzeko modu bat. Ekintza politiko gisa ulertzen dut nik, ez testigantza gisa. Biktima roletik kanpo kokatzeko ariketa bat izan zen.

"Izena galtzeaz gain, biktimak ahotsa ere galtzen du, ez bada testigantza moduan azaltzeko zehatz-mehatz zein gauza izugarri egin zizkioten"

Zergatik biktima roletik kanpo kokatzeko behar hori?
Abusuak jasan ditut eta beraz, biktima naiz. Eta behar dut horren errekonozimendua. Baina rol horrek muga hertsiak ditu. Eta batzuetan ez dago modurik hortik ateratzeko eta epe luzera ez da leku bizigarria. Kontua da biktima roletik ateratzen bazara are gehiago baztertzen zaituztela. Biktima kategoriak, kategoria sozial guztiek bezalaxe, homogeneizazioa sortzen du. Haur batez abusatzea izan daiteke fisikoki ukitzea, baina baita film pornografiko bat ikusaraztea ere, edo beste norbaiten bortxaketaren lekuko egitea… Mila abusu mota daude, eta bakoitza bizitzeko mila modu. Baina biktima zaren unetik, badirudi magma erraldoi baten parte zarela, eta magma horren parte diren pertsona guztiek bizi izan dugula gauza bera, modu berean. Berdin sentitzen dugula eta behar berdinak ditugula. Eta hori, interpretazio bat izatetik eskakizun bat izatera pasatzen da. Orduan, ez baduzu patroi horrekin bat egiten, zure hitza zalantzan jarriko da.

Izena galtzeaz gain, biktimak ahotsa ere galtzen du, ez bada testigantza moduan azaltzeko zehatz-mehatz zein gauza izugarri egin zizkioten. Biktima gisa zugandik jarrera jakin batzuk espero dira. Biktima jarrerak. Ezin duzu zure amorrua agresibitate bidez adierazi. Ezin duzu alai egon. Parrandan ibili. Triste egon behar duzu. Apal. Ahul. Isilik. Bortxaketa kasuetan bezalaxe.
Ez dut esan nahi biktima rolari uko egin behar diogunik eta bortxaz atera behar dugunik rol horretatik. Abusuak jasan dituzten pertsonek egin dezatela nahi eta ahal dutena. Besteek dute egitekoa honetan. Pentsatzeko modua aldatzeko. Haien buruari galdetzeko biktimei errekonozimendua ematen dietenean nondik ari diren, parez pareko harreman batetik ala sorbalda gainetik, eta distantziatik.

Zaila da tabua den zerbaitekiko hurbil sentitzea.
Bai. Horregatik da beharrezkoa tabua lehertzea. Haurrei egindako abusuak izugarrikeriatzat jotzen dira, baina izugarrikeria baino gehiago, onartzen eta baimentzen den zerbait da. Ikuspegi morala errazegia da, eta batez ere, ez du ekarpen handirik egiten. Haurrei egiten zaizkien abusuak problema politiko bat dira. Osasun publikoko arazo bat. Moralki baino aztertzen ez baditugu ez ditugu haurrei egindako sexu abusuen oinarrian dauden mekanismo sozialak ulertuko, gizarte honetako harreman modu batzuekin lotuta daudenak. Kontua ez da gizakiak eta munstroak bereiztea. Kontua da ulertzea nola gizarte batek sortzen dituen norbanako batzuk haurrei abusuak egiten dizkietenak. Abusatzailea dago eta pertsona normalena izan daiteke. Gauden auzo honetan bertan biziko dira hainbat.

Tabua da, baita ere, haurrei egindako abusuez hizketan hasten bagara familiaz hitz egiten bukatuko dugulako, eta familia delako estatua eta sistema kapitalista sostengatzen dituen instituziorik behinena. Baina haur askorentzat familia ez da leku segurua. Haur horiek badakite, gainera, ahoa zabaltzea familia lehertzea dela. Eta horren ardura pisu astunegia da haur edo nerabe batentzat.

Denon ardura da. Baina zer egin norbere arduratik?
Oso konplikatua da. Uste dut garai hauek horretan pentsatzeko egokiak direla, karga moral hori kentzeko eta gaia plano politiko batetik aztertzeko. Baina hasteko, abusuak jasan dituztenak eta ez dituztenak maila berean jartzea ez legoke gaizki. Eta bestetik, gaia ohikotasunean kokatzea, eta ez egunkarietako tartekako tituluetan. Save The Children erakundearen arabera, espainiar estatuan lau neskatatik batek eta zazpi mutiletatik batek jasan dituzte sexu abusuak haurtzaroan edo nerabezaroan. Ohikoak dira, beraz, estatistikaz, eta ohikoak askoren bizitzetan ere: haur askok jasaten dituzte abusuak egunero, gaur bai eta bihar ere bai.

Eta errealitate hori gure harreman moduekin lotzea ezinbestekoa da. Mugak erabakitzeko helduok dugun eta haurrei kentzen diegun botereaz ohartzea. Zergatik eman behar dio bilobak musu aitonari nahi ez duenean? Zuk bi musu eman beharko diozu jasaten ez duzun norbaiti. Baina nahi dugu haurra ere behartuta sentitu dadin? Noraino? Guk konbentzioz egiten ditugu hainbat gauza, baina haurrei haien mugak jartzeko gaitasuna kentzea arriskutsua da. Haurrari esaten zaio nor maite behar duen, nor ez, zer desio behar duen eta zer ez. Eta abusuetara iritsi gabe, haurren gorputzen jabe egiten gara helduok. Helduek jarritako mugak onartzeko hezten ditugu, baina ez dizkiegu erakusten non dauden haiek helduei jar diezazkieketen mugak.

                                                                                       *          *          *

#MEETOINCEST
“Orain dela urtebete #MeeToInceste fenomenoa gertatu zen Frantzian. Jendea Twitter bidez haurtzaroan jasandako abusuak kontatzen hasi zen eta sekulako zalaparta sortu zen. Horrek gaur egungo feminismoaren gorakadari erantzuten dio, baina baita fribolizazio bati ere. Badago halako isiltasuna hausteko eskaera bat. “Hautsi isiltasuna! Hautsi isiltasuna!” Ez da justua abusuak jasan dituztenengan jartzea isiltasuna haustearen ardura. Pertsona batek isiltasuna hausten du babestuko duen inguru bat daukanean. Nik hautsi nuenean inguru bat nuen. Babesa neukan. Baina internetez, berez, hauste horrek ez du sare erreal bat bermatzen. Eta amorru pixka bat ere ematen dit jendea hitz egitera bultzatze horrek. Isiltasuna haustea nahi duzue? Hautsiko dugu. Haurtzaroan abusuak jasan ditugun guztiek kontatuko dugu gertatu zitzaiguna. Ados. Orain esan: uste duzue zuek jasan ahal izango duzuela? Gizarteak eutsiko diola horri? Isiltasuna hautsi eta kito? Hitz egitea ez da nahikoa”.


AMORRUA
"Amorrua kriminalizatuta dago, baina niretzat oso baliagarria izan da eta da. Espiritualtasunaren merkantilizazioaren garaian, gatazka, agresibitatea, gaizki ikusita daude, baina oso emozio sanoa da amorrua. Nire poema eta errezitaldietan abiapuntuak asko du amorrutik. Hasten naizenean, nire ahotsak, nire gorputzak eta nire hitzek ez dute bat egiten jendeak biktimaz duen irudiarekin. Eta deserosotasuna eragiten du horrek. Eta horixe da interesatzen zaidana. Amorrutik idatzi nuen liburua, amorrua erabiltzen dut errezitaldietan, eta amorru horrek entzuleengan deserosotasuna eragitetik aldaketarako aukerak sortzen dira. Ikuspegi analitikoa ere beharrezkoa da haurtzaroko sexu abusuen irakurketa politikorako. Baina batak ez du bestea kentzen, eta nire tailerretan biak lantzen ditut batera".

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.


Adin txikiko bat taldean bortxatzea leporatuta hiru gizon ikertzen ari dira Arabar Errioxan

Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


Baionako gizon bat epaitzen ari da Paueko Auzitegia, zortzi adin txikiko bortxatzea leporatuta

Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


Gizon bati hamasei urteko kartzela zigorra ezarri diote alaba bortxatzeagatik eta tratu txarrak egiteagatik

Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]


Sexu erasoak egiteagatik zigortu dute Gerard Depardieu aktorea, baina ez da kartzelara joan beharko

Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


2025-04-11 | ARGIA
Uztaritze, Domintxaine eta Angeluko hiru ikastetxetan izandako hamahiru eraso salatu dituzte

Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]


Betharramgo indarkerien berri “komunikabideen bidez” hartu izana zehaztu du Baionako apezpikuak

Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]


Eguneraketa berriak daude