Hegoafrikan sustraituriko San komunitatekoa da Katrina Esau; okupazioak, kolonizazioak, Apartheid zein neokolonizazioa pairaturik, bidean anitz utzi behar izan duen komunitatekoa. Tartean, N|uu haien ama-hizkuntza. 88 urterekin N|uu mintzo duen azken hiztuna da eta baliabiderik gabe, ahal bezala dabil transmisio lanetan, hiltzen den egunean munduko hizkuntza zaharrenetarikoa harekin ez eramateko gisan. Esauren laguntzarekin, orain arte ahoz-aho transmitituriko hizkuntza idatzian jarri dute linguista batzuek eta !Qhoi n|a Tjhoi umeentzako lehen ipuin-liburua ere argitaratu berri du Esauk.
Ohoreak eta laudamenak ez ditu eskas Katrina Esau, Hegoafrikako 88 urteko damak: “erregina” izendatu zuten bere komunitatekoek 2015ean; 2014an Jacob Zuma ordungo presidenteak Zilarrezko Baobabaren Ordena nazionala eskaini zion; 2020an “bizirik dagoen altxorra” izendapena bideratu zion Cyril Ramaphosa presidenteak ere. Bistan denez, hauek dira oihartzun handiko aipamenak, anitzez gehiago dira egunerokoan ingurukoek bideratzen dizkioten eskerrak.
Handia delako Esau erregina, handia bere erronka, handia bere determinazioa eta handia berak eramaten duen lana: ahal bezala, munduko hizkuntzen artean zaharrenetarikoa dugun N|uu hizkuntza ondorengoei transmititzen dabil, dakielako azken hatsa emanen duenean azken hitza ere emanen duela. Hain zuzen, N|uu mintzo duen azken hiztuna delako Katrina Esau.
Harekin batera N|uu-a desagertzerik ez du nahi. Ekainaren 7an zendu zitzaion anaia, Oom Simon, mintzaiderik gabe utziz arreba. Dolutan, agiria plazaratu zuen Hegoafrikako Gobernuak ere: “Oom Simon Sauls Katrina Esauren anaia gazteena zen, N|uu hizkuntza komunzki mintzo zuten azken bi hiztunetariko bat. Ondo ezagutzen zituen animalien eta intsektuen izenak N|uu hizkuntzaz. Harekin batera ezagutza baliotsu anitz dugu galtzen. Eginkizun handia izan du hizkuntza onartzeko, babesteko, bizirik iraunarazteko eta sustatzeko eraman borrokan. Harek egindako guztiari esker konturatu gara afrikar gisa oinordekotasun aberatsa dugula esku artean eta badugula harro izatekoa”.
Khoisan populu indigenaren parte den San komunitatekoa da Katrina Esau, azken aurkikuntza arkeologikoei segi, Afrikako populu zaharrena litzatekeena –azken 44.000 urteetan Afrikaren hegoaldean kokatutakoak liratezke–. Belaunaldiz belaunaldi ehiztari-biltzaileak izandakoak, gaur egun sedentario izatera behartuak dira kopuruz 120.000 eta 140.000 artean diren San autoktonoak. Historian zehar, izan tokiko populu sedentario ezberdinen okupazioengatik (Khoikhoi eta Bantuak, demagun), XVII. mendetik aitzina pairatu herberehetarren zein britainiarren okupazioengatik, Apartheid sistemagatik zein gaur egun dagoen multinazionalen neokolonialismoarengatik, aspaldian dabiltza haiena libreki ezin bizituz eta apurka-apurka guztia galduz.
Ukaldi bortitza izan zuten 1931n, Kalahari Gemsbok National Park parke naturalaren sorrerarekin –38.000 km2-ko eremu zabala–. Autoritateen begietatik, naturaren iraupenak gizakien presentzia-ezarekin errimatzen zuenez, haien lurretatik haizatu zituzten 1956an. “Bata bestearengandik hain urrun aurkiturik, azken 30 urte hauetan ezin izan dute haien modura aitzinatu, komunitate gisa definitzea ere ezinezkoa bilakatu zaiela” irakurri daiteke Les ‡Khomani San de l’Afrique du Sud (“Hego Afrikako ‡Khomani Sanak”) dokumentuan.
Tartean, bistan da, N|uu-aren erabilpena zaie debekatu. “Ez dut hizkuntza hau ikasi; amaren bularretik edoski nuen eta buru gibelean ehortzi behar izan nuen”, kontatzen du Esauk Lost tongue dokumentalean, berea isildu eta nederlanderatik eratorritako kolonoen Afrikaans mintzatu behar izan zuelako. Kolonoen zerbitzuko ari zen lanean, afrikaners familia batean, bere gurasoen gisara bera ere esklabu. Hauentzat ez zen “erregin” ala “altxor”... “Geelmeid” izendatzen zuten –“zerbitzari horia”, une oro azpiko klase sozialari eta arraza zapalduari mugatzeko gisan–.
Apartheid sistema 1991n bukaturik, haien eskubideak aldarrikatzeari lotu ziren hainbat San, nonbait Nelson Mandelak bidea errazturik –jatorriz amaren aldetik, San ere zena–. Katrina Esau 2000. hamarkadan hasi zen, bere baitatik, etxeko korralean aulkiak jarri eta inguruko umeei N|uu hizkuntza irakasten. Lagundu nahian eta solaskiderik gabeko hizkuntza honen transmisioa segurtatzeko bidean, idatzizkora ere pasa zuten linguista batzuek orain arte ahoz-aho pasarazitakoa. Urrats bat gehiago: !Qhoi n|a Tjhoi (“Dortoka eta ostruka”) liburua ere plazaratu du Katrina Esauk ekaina hastapen honetan, N|uu hizkuntzan publikaturiko lehen liburua. Umeentzako ipuina da !Qhoi n|a Tjhoi.
Hamabost egunero hizkuntza bat desagertzen da munduan, aldi oro, hiltzerakoan azken hiztunak mundu bat eramanez harekin. Hori badaki Katrina Esauk eta horregatik dabil gorputz nekatu horretatik ahal bezain bat hitz transmititzen. N|uu hizkuntza desagertuz munduko hizkuntza zaharrenetarikoa, baita aberatsenetakoa ere, litzatekeelako desagertuko. 114 fonema edo ahozko soinu ditu –euskararena ez atzemanik, frantsesean ala ingelesean demagun 40 inguru dira–. Hizkuntza klikduna ere da, mihiarekin ahosabaia joz edota ezpainen bidez sortzen diren 45 klik soinu ezberdin ditu! Gaurko egunean, gutxi dira gisa horretako hizkuntzak, 30 bat Afrika hegoaldean eta ekialdean baita Australiako aborigenen artean hitz egin izan zuten Damin hizkuntza ere.
Ikerketa genetiko batean oinarriturik, The New York Times-ek publikaturiko In the footsteps of the first human language (“Gizakion lehen hizkuntzaren arrastoetan”) artikuluan ondokoa irakurri daiteke: “Gaur egun hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk lehen gizakien ama-hizkuntza zaharraren oihartzunak ote dira? Hizkuntzalari gehienek diote hizkuntzak azkarregi bestelakotzen direla hori posible izateko. Baina, hizkuntza-talde jakin batean antzinatasun handia nabarmendu duen azterketa genetiko berri baten arabera, litekeena da hauen ezaugarri bereizgarrietako batzuk jatorrizko ama-hizkuntzarenak izatea. Hegoaldeko Afrikako hizkuntza klikdunez ari gara (Khoisan taldekoenak, hots, Khoin, Hottentots eta San populuenak)”. Katrina Esauen joatearekin hari luze honen bukaera ere dugu beraz parez-pare. Hiztun hauen DNA azterturik, ondorioztatu daiteke askazi genetiko zahar-zahar baten parte direla: “Giza talde guztiek adin bera dute, antzinako populazio beretik jaisten baitira. Baina giza talde hauek gizateriaren zuhaitz genealogikoaren gainean jartzeko gai dira orain genetistak. Adar laburrenen muturrean dauden taldeak, duela gutxi populazio zaharrenetatik bereizi dira eta adar luzeenen muturretan daudenak baino gazteagoak dira, genealogikoki. Mitokondrioko DNAren arabera, Ju–hoansi leinua [Khoisanena] hain da zaharra, ezen ia giza zuhaitzaren sustraira itzultzen baita”, irakurri daiteke artikuluan.
2018az geroztik dabiltza Khoisan herriaren ordezkari batzuk gobernuaren palazioaren aitzinean akanpatzen: “Irakatsia den historiari segi, Khoi eta San populuak desagertu ziren. Hemen gaude erraiteko bizirik gaudela eta gure identitatearen aitortza eskatzen dugula”. Aldarrikapenen artean dute N|uu hizkuntzarentzat ofizialtasuna. Guztira hamaika hizkuntza ofizial baldin baditu ere Hegoafrikak, aitortza minimorik ez dio oraindik bideratu betidanik hor izan den hizkuntza horri.
Europar Batasuneko estatu kideen gehiengoak atzera bota du euskara, katalana eta galiziera EBn hizkuntza ofizialak izateko eskaera. Finantzazio eta arlo legalean hainbat "zalantza" dituztela plazaratu dute.
Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]
Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.
María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]
Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.
Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]
Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]
Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.
Okzitanian, joan den... [+]
Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]
Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]
570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna... [+]
Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]