Haien hizkuntzak hiltzen uzteko prest ez dauden zortzi gazte grinatsu

  • Uztailaren 14tik 18ra munduko hizkuntza gutxituen hiriburua izan da Gasteiz. HIGA, hizkuntza gutxituetako gazte hiztunen topaketetan, lau kontinenteko dozenaka gazte elkartu ziren esperientziak eta estrategiak trukatzeko. Hizkuntza “txikiak” babestea dute helburu. Zortzi hizkuntza hauetako hiztunen esanak jaso ditugu ondoko lerroetan: minyag, nubiera, dagbaniera, Rifeko tamazigh, sardiniera, galegoa, nahuat eta kaqchikel. Hizkuntza transmisioaren etenaz jabetzen dira gazteok eta gehienek Internet darabilte gazteak erakartzeko eta hizkuntza ezagutarazteko.

Higa topaketetan parte hartu duten gazteak, Gasteizen, 2025eko uztailean. Higa.

2025eko uztailaren 22an - 08:39
Azken eguneraketa: 09:44
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bi urtez behin gertatzen da: munduko bazter urrunenetatik etorritako gazte andana Gasteizen elkartzen da. Ingelesa edo gaztelania dute hizkuntza komuna; norberak, baina, berea dakar motxilan, etxetik. Hizkuntza jazarriak izan ohi dira, ezezagunak maiz. “Txikiak”, diote beraiek. Iragan astean, bost egunez, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteak Elkarteak (HIGA) hizkuntza gutxituen Babel dorrea bilakatu zuen Gasteizko Montehermoso jauregia. Elkarrengandik ikastea zuten helburu, esperientziak trukatzea eta, ahal zela, tresna berriak eskuratzea isildutako ahotsak entzunarazteko. Gasteizko topaketak hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren gazteen ekimen nagusietako bat dira, Europan.

“Belaunaldi berriek eskuratu behar dute hizkuntzak biziberritzeko pultsua”, gogorazi zuen HIGAko kide Albert Badosak. “Konpromiso” hitza azpimarratu zuen 30 urteko hizkuntzalariak, bai eta “gune global bat” sortzeko beharra. Erronka handia da, oso. Adituen aburuz, egun bizirik dauden 7.000 hizkuntzen erdiak mende honetan zehar desagertuko dira.

“Hizkuntza ahula badut ere, ez dut hiltzen utziko”

Baobao Chimi (25 urte), Tibet ekialdea, hizkuntzalaritza doktoretza ikasle eta ikertzailea. Minyag hiztuna.

“4.000 minyagie pertsona inguru gara guztira, baina 2.000 baino ez dira hizkuntza menderatzen dutenak. 2018tik hizkuntza dokumentatzen aritu naiz, folklorea, istorioak eta bestelakoen bidez. Bideoan eta audioan materiala sortzeko asmoa dut, eta horretarako minyag komunitatearekin online partekatuko ditudan dokumental txikiekin hasiko naiz. Nire hizkuntzak bizirik irautea nahi dut, gure nortasunaren zati bat gordetzen duelako. Txinan, gizartearen gehiengoak ez du ulertzen hizkuntza gutxituak zaintzearen garrantzia. “Hizkuntza mamuak” ere deitzen diete. Gure egoera konplexua da: tibetarrek ez gaituzte tibetartzat hartzen, eta txinatarrek ez gaituzte txinatartzat hartzen. Ez da zehazki diskriminazioa, baina gure lekua aurkitu ezinik sentitzen gara: ez txinatarrak, ez tibetarrak. Minyag hizkuntza da gure arbasoengandik jaso dugun gauza bakarra. Agian desagertuko da, baina babesteko zerbait egin badezaket, egingo dut. Hizkuntza ahula badut ere, ez dut hiltzen utziko. Txinan nahiz Tibeten ez da gure historia ezagutzen. Nolanahi, gure iragana ezagutu gabe ere, minyag hizkuntza zubi gisa erabil daiteke iragan hori orainarekin eta etorkizunarekin lotzeko”.

Baobao Chimi. Mara Altuna Díaz.

“Etorkizunerako itxaropena dut, eta hurrengo belaunaldia oso talde handia izango delakoan nago”

Momen Talosh (35 urte), Egipto, datu-analista. Nubiera hiztuna.

“Nubiera Nubia eskualdean hitz egiten da, Egiptoko hegoaldetik Sudango iparraldera hedatzen den lur eremuan. Egiptoko Asuanen 200.000 pertsona inguru gara. 1960ko hamarkadan izandako behartutako desplazamendu batek hizkuntza kaltetu zuen: arabiar eskoletara joatera behartu gintuzten, eta horrek hizkuntzak irakaskuntzan tokirik ez izatea ekarri zuen. Orain arte, ez Egipton, ez Sudanen, ez da nubiera irakatsi hezkuntza sarean. Informazioaren teknologia arloan lan egiten dudanez, Nubi izeneko aplikazio bat garatzen ari gara. Aplikazioak ikasgaiak, abestiak, liburuak eta hizkuntzarekin zerikusia duten beste hainbat material eskaintzen ditu. Aldi berean, Sudanekin elkarlanean ari gara, ekimen komunitarioen bidez. Hizkuntzarekiko kontzientzia zabaltzea helburu duten YouTubeko kanaletan murgildu gara. Nubierak bizirautea funtsezkoa da gure historia eta nortasuna babesteko. Etorkizunerako itxaropena dut, eta hurrengo belaunaldia oso talde handia izango delakoan nago. Nubiera ez desagertzeko, ezinbestekoa da hizkuntzaren irakaskuntza sustatzea, batez ere orain, gure jendea Ameriketara eta Kanadara emigratzen ari dela. Hizkuntza pixkanaka galtzen ari da prozesu horretan".

Momen Talosh. Mara Altuna Díaz.

“Ideiak dagbanieraz azaltzea ingelesez azaltzea baino askoz errazagoa da”

Mohammed Kamal-Deen (Dnshitobu), 32 urte, Ghana, irakaslea. Dagbaniera hiztuna.

“Dagbaniera Ghanako iparraldean hitz egiten da. Hamasei mabia hizkuntza familiako kideetako bat da, eta hiru milioi hiztun inguru ditu. Ghanako hezkuntza sarean irakasten dut, landa-komunitate batean. Gure herrialdean, ingelesa da hizkuntza ofiziala. Hori dela eta, gehienek hizkuntza indigenak bazterrean utzi eta seme-alabei ingelesezko hezkuntza eskaintzea nahiago dute, eta horrek tokiko hizkuntzaren galera eragiten du. Transmisio-arrakalak hizkuntza desagertzea eragin dezake. Hala ere, baikor eta itxaropentsu nago, eta hizkuntzari etorkizun argia ikusten diot belaunaldi berrien eskuetan. Hizkuntzak gure kultura eta balioak garraiatzen ditu. Hizkuntza galtzen badugu, dena galtzen dugu. Dagbaniera online gehiago egotea lortu nahi dugu, eskolara joan ez direnak probestu daitezen itzulitako eduki erabilgarriez. Izan ere, ideiak dagbanieraz azaltzea ingelesez azaltzea baino askoz errazagoa dela uste dugu, dena errazago ulertzen baita bakoitzaren hizkuntzan helarazten denean. Gaur egun, hizkuntzak presentzia mediatikoa izan dezan borrokatzen ari gara. Wikipediarako artikuluak sortzen ditugu, Wikidata-ri lexemak gehituz, eta beste hainbat webgunetan dagbanieran audio-testuak ahotsera moldatzen diren tresnak eskuratzeko ari gara lanean”.

Mohammed Kamal-Deen. Mara Altuna Díaz.

“Melillan riferak ez dauka inolako babes instituzionalik”

Salma Halifa (30 urte), Melilla (Espainia), filologoa eta antropologoa. Rifeko tamazigera

“Hizkuntzak galtzen badira, funtsezko aniztasuna galtzen ari gara. Melillan ez dago inolako babes instituzionalik, eta horrek arriskuan jartzen du rifera. Bertako hizkuntza bada ere, ez du presentziarik ez erakundeetan ez eta hezkuntza-sisteman ere. Ildo berean, ez dago bere erabilera sustatzen duen hizkuntza politikarik. Bi frontetan egiten dut lan. Alde batetik, sare sozialetan riferari buruzko edukia zabaltzen dut. Bestalde, esparru akademikoan, doktoretza bat egiten ari naiz. Horretan, nire hizkuntzak Melillan duen egoera aztertzen dut, eta helburua da datuetan oinarritutako politikak sortzea ahalbidetuko duen diagnostiko bat egitea”.

Salma Halifa. Mara Altuna Díaz.

“Nahuat hizkuntzan El Salvadorreko liburutegi digitalik handiena sortzea lortu dugu”

Hector José Martínez (32 urte), El Salvador, irakasle eta HIGAko batzorde antolatzaileko kidea. Nahuat hiztuna.

“Hizkuntza gutxitua da nahuat. 1932an, hizkuntza indigenekiko arrazakeriak eta debekuak eraginda, El Salvadorren gertatutako genozidio batek belaunaldien arteko hizkuntzaren transmisioa eten zuen. 40.000 pertsona inguru hil zituzten, beren hizkuntzak hitz egin eta tradizioak ospatze hutsagatik. Iazko populazio-erroldaren arabera, nahuat hizkuntzak mila hiztun inguru baino ez ditu. Gure hizkuntzek gure historiarekin, sustraiekin eta jatorriarekin lotzen gaituzte. 2019tik proiektu digital bat daukat. Nahuat hizkuntzan El Salvadorreko liburutegi digitalik handiena sortzea lortu dugu, eta, iaz, lehen hiztegia kaleratu genuen. Hizkuntza dokumentatzea lortu dugu, eta irakasten ahalegintzen jarraitzen dugu. Izan ere, nahuateko neure eskola dut martxan, oinarrizko hezkuntzako irakasle aritzen naiz bertan. Nahuat hizkuntza galtzen badugu, gure kulturaren eta esentziaren funtsezko zati bat galtzen dugu. Gure hizkuntzak bizirik irautea nahi dugu, horrek nortasuna ematen digu-eta”.

Hector José Martínez. Mara Altuna Díaz.

“Webgunean editatzen eta idazten irakasten dut, gutxien jasotako hizkuntzak dokumentatzea helburu”

Cecilia Tuyuc (28 urte), Guatemala, irakaslea. Kaqchikel hiztuna.

“Guatemalan 22 maya-hizkuntza hitz egiten dira; horien artean, kaqchikela da lau hizkuntza nagusienetako bat. Hiztun kopuru zehatza eman ezin badut ere, esan dezaket atzerakada handia jasan duela. 40 urtetik beherakoen artean hizkuntza galtzen ari da. Kaqchikela irakasten diet haurrei, gazteei eta helduei, bai unibertsitatean, bai modu independentean eta online. Wikipediaren proiektua koordinatzen ari naiz. Hizkuntza gutxituak dokumentatzen saiatzen gara bertan. Wikipedian editatzen dut eta tailerrak eskaintzen ditut hainbat komunitatetan. Webgunean editatzen eta idazten irakasten dut, gutxien jasotako hizkuntzak dokumentatzea helburu. Kaqchikelaren erronka nagusia belaunaldien arteko transmisioa da. Arrazakeria- eta diskriminazio-testuinguruan gauzatzen da hizkuntzaren transmisioa eta egoera horrek bultzatzen du jendea maya hizkuntzek ez dutela arretarik merezi pentsatzera. Ingelesa edo mandarina ikasteak ate gehiago ireki ditzakeela uste dute. Herri indigenen aurkako arrazakeria sistematikoak arriskuan jartzen du hizkuntza gutxitua. Hizkuntza hiltzen bada, herriaren ezagutza, historia, memoria eta kosmobisioa galtzen dira. Hizkuntza da hori dena babesten duen tresna”.

Cecilia Tuyuc. Mara Altuna Díaz.

“Sardiniera hiztun gehienek ez dute ulertzen hizkuntza bizirik mantentzeko borrokatu behar denik”

Marco Piras, (35 urte), Sardinia, irakaslea. Sardiniera hiztuna.

“Inbertsio publiko eta pribatu eskasiak, presentzia mediatiko urriak eta eskoletan ez irakasteak arriskuan jartzen dute sardiniera. Populazioaren zati handi batek ez du hizkuntza-kontzientziarik: sardiniera hiztun gehienek beren mintzaira naturaltzat hartzen dute, eta ez dute ulertzen hura bizirik mantentzeko borrokatu behar denik. Helduek sardinieraz hitz egiten jarraitzen dute eta gazteen artean sardiniera ikasteko interesa nabarmentzen ari da. Hala ere, kontzientzia ezak eragotzi egiten du bizirik irauteko behar duen garrantzia ematea. Hizkuntza hiltzen bada, herria ere hiltzen da. Komunikazioa ez ezik, hizkuntzak historia eta kultura ere gordetzen ditu. Ezinbestekoa da kontzientzia sortzea, batez ere sardiniarren artean. Instagram-en orrialde bat daukat sardinieraren egoeraren berri emateko. Sardiniako hizkuntza eta kontzientzia nazionala sustatzen dituen Sardiniar Batzar Nazionaleko kide ere banaiz. Sardiniera erabiltzen dugu gure hitzaldietan, eta bilera informalak antolatzen ditugu, jendeak inongo lotsarik edo aurreiritzirik gabe hizkuntza ikasi eta lantzeko aukera izan dezan. Hizkuntzaren normalizazioa ezinbesteko urratsa da biziberritze prozesuan”.

Marco Piras. Mara Altuna Díaz.

“Galegoz hitz egiteak ezaugarri negatiboak dituela sinestarazi digute”

Lua Abeixon (23 urte), Galizia, historialaria. Galego hiztuna

“Normalizazioaren bidez sustatzen dut galegoaren erabilera. Galiza Novako militantea naiz. Bloque Nacionalista Galegoko gazte erakundea da. Besteak beste, galegoa biziberritzeko lanean dihardugu, hizkuntzaren zein kulturaren arloetan. Zera da galegoa arriskuan jartzen duen aldaera nagusia: gehiengoak erabiltzen duen hizkuntza hegemoniko bat egotea esparru berean. Galegoz hitz egiteak ezaugarri negatiboak dituela sinestarazi digute maiz, hala nola, gutxi hezitako, landa-eremuko edo adineko pertsonen mintzaira dela. Pertzepzio horrek bereziki belaunaldi gazteenei eragiten die, eta galegoa arriskuan jartzen duen faktoreetako bat da. Galera historikoa eta identitarioa ez ezik, hizkuntza bat galtzeak kosmobisio baten heriotza dakar; hizkuntzaren bidez mundua ulertzeko eta harekin harremanetan jartzeko era, hain zuzen. Hizkuntza herri baten nortasunerako funtsezko baliabidea da. Gauzak horrela, ezinbestekoa da eustea”.

Lua Abeixon. Mara Altuna Díaz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Euskara, katalana eta galiziera ez dira momentuz hizkuntza ofizialak izango Europar Batasunean

Europar Batasuneko estatu kideen gehiengoak atzera bota du euskara, katalana eta galiziera EBn hizkuntza ofizialak izateko eskaera. Finantzazio eta arlo legalean hainbat "zalantza" dituztela plazaratu dute. 


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Hasi dira Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketak, Gasteizen

Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Mizgin Ronak
“Turkierak hautsi zuen nire pertsona”

Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]


Talentu bila

Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]


2025-05-26 | Mara Altuna Díaz
Gaskoia, euskaldunen oihartzun isildua

Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.

Okzitanian, joan den... [+]


2025-04-10 | Cira Crespo
Carli Pup
“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]


Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Eskoletan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri dute Valentzian

570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Eguneraketa berriak daude