Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.
Irailaren 1etik aurrera Nafarroa Behereko bi ikastetxetan gaskoia irakatsiko diete haurrei: Bidaxuneko eskola publikoan eta institutuan, eta Samatzekoan. Astean hiru ordu eskainiko dizkiete gaskoiari.
Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren hizkuntza gutxituak sustatzeko ekimenetako bat da. Udaletako eta eskoletako langileentzat ere eskaintzen dituzte gaskoi eskolak eta ikastaroak. Gaskoia sustatzeko, 2018az geroztik, bi urtean behin "La Passem!" izeneko lasterketa ospatzen dute, Korrikaren formatu bereko ekimena, hizkuntzaren erabilera sustatzeko.
Ipar Euskal Herrian izan ezik, gaskoia Landak eta Biarno eskualdeetan entzun daiteke, baita Kataluniako Arango haranean ere. Aurreko mende hasieran Donostian eta Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritan ere entzun zitekeen, baina gutxira desagertu zen. Baiona inguruko hizkuntza ofiziala izan zen lau mendez, eta 1530era arte udal dokumentu guztiak gaskoiez idazten zituzten. Hortaz, gaskoiak garrantzi handia izan zuen tokiko lan literarioetan, baina egun, UNESCOren Munduko Hizkuntza Mehatxatuen Atlasean, "galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza" gisa agertzen da.
Gaur egun, datu zehatzik ez badago ere, guztira 250.000 hiztun inguru daudela kalkulatzen dute. Ipar Euskal Herrian, 6.000 hiztun inguru daudela uste da, eta orotara 8.000 inguru hizkuntza ulertzeko gai direla. Iparraldeko gaskoi hiztun herrietan %5ak menperatzen du hizkuntza, eta %78ak neurriak eskatzen ditu haren etorkizuna bermatzeko .
Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.
Okzitanian, joan den... [+]