Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia


2021eko uztailaren 04an

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta horrela egin zion galdera: “Joxean, zer da tradizioa?”.

Denbora hartu omen zuen poetak erantzuteko, aforismoen laguna zelako edo, eta honela erantzun: “Tradizioa, gogoratzea duk. Eta zer da gogoratzea? Presente egitea, berpiztea”. Achiaryk kontrabandista papera aitortu du horrela, tradizioari eta abangoardiari buruzko Non dago Lekeitio? jardunaldietan.

Komunikazioa-inkomunikazioa erakusketaren aurrekaria izan da, Maddalen Lujanbio, Itxaro Borda eta Xabier Erkiziak zuzenduta. Zer atera daiteke gaizki?

Komunikazioa-inkomunikazioa erakusketa
Non: Donostiako Tabakalera
Noiz: maiatzak 28 - abuztuak 29

Erantzun argirik ez dago, baina sorpresak bai, dozenaka. Bertolt Brechten emanaldi bat Donostia frankistan 1967an? Irudi bidezko hiztegi bat? Esanahirik gabeko poesia gaztelaniazko preposizioekin eta ausazko hitz alemanekin? Laboari egindako telefono dei bat poema al da? Zer ikusteko dauka mundu osoko instrumentu tradizionalen kontzertu inprobisatu horrek bertan? Txorien grabaketek zer egiten dute hemen? Eta Jose Mari Zabalaren Axut ikus al daiteke bertan?

Ausazko loturek badute jatorri bat. Lekeitiotik gertu dagoen Gardata baserri-auzoan Laboak entzundako zaratetatik, euskararen soinuetatik, eta gerrako orro oroitzapenetatik abiatutako Lekeitioak saio esperimentalak dira erakusketaren abiapuntua. Laboak, euskarak eman duen kantagilerik zoragarrienetakoak, ez zituen euskaraz egin bere kantarik unibertsalenak. Oihu gutural, harmoniko, afoniko eta desafinatuen baturatik osatutako piezak, hizkuntza guztien gainetik hunki dezakeelako Puneko, Algeriako edo Limako bizilaguna.

Laboaren ondoan izan ziren Artze, Zabala eta Zumetaz gain, Zeruko Argia eta Radio Popular topatzen ditugu, Jarrai antzerki taldea, Tarek Atoui, Pauline Oliveros, María Salgado eta Fran MM Cabeza de Vaca, besteak beste.

Erakusketak erakusten ditu, hain zuzen, Achiaryren galderaren barruan mugitu diren erantzunak. Tradizioa eta abangoardia eskutik doazela konturatzen gara, azken batean. Artzek esan bezala: “Tradizioa zaharrik zaharrena izan arren –aspaldi-aspaldikoa lehen egun hura bera baino ere zaharragoa denez– berririk berriena baino berriagoa da, inoiz zahartzen ez delako”. Ez dezagun nahasi folklorearekin. Are gutxiago folklorismoarekin. Tradizioa sortzea delako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude