Patriarkatuaren gudu zelaia

  • Emakumeen* gaitzak dira gernu-galerak eta baginako lehortasuna, normalizatuta dauden gaitzak. Perineoko edo pelbis zoruko arazoen iturburuan indarkeria obstetrikoa eta sexu errepresioa daude maiz. Osasun sistema androzentrikoaren utzikeria salatzen dute pazienteek, baita fisioterapeuta eta psikologo feministek ere.

Irudia: Uxue Bereziartua.
Irudia: Uxue Bereziartua.

Emakumeei lubrikatzailea eta inkontinentziarako konpresak saltzen dizkieten iragarkiak ohikoak dira telebistan. “Zu zeu izan zaitezke” da konpresa marka oso ezagunaren leloa. Enpresa horren webguneko menuan “Emakumeen inkontinentziaren kausak” atalean sakatzen badugu, hurrengoak agertuko zaizkigu: Kalte neurologikoa – Arazo medikoak – Menopausia – Haurdunaldia – Gernu traktuaren infekzioa. Bat falta da: Patriarkatua.

“Hilekoarekin saldu diguten mezu berbera darabilte iragarki horiek: lasai egon, normala da, jarri konpresa eta inork ez dezala nabaritu”, dio Juncal Alzugarayk, pelbis zoruan eta sexologian aditua den fisioterapeutak. Karreran piztu zitzaion haurdunaldiko eta erditu ondorengo fisioterapiarekiko interesa, baina oso informazio gutxi aurkitu zuen, gehiena ingelesez ala frantsesez, zientifikoa eta oso tonu hotzean idatzia. Erika Irustaren pedagogia menstrualean inspiratuta, gogotsu ekin dio tailerren eta sare sozialen bidez zoru pelbikoaren inguruko dibulgazio lana egiteari. Liburuxka bat ere idatzi, ilustratu eta autoeditatu du, Mi suelo pélvico (Nire zoru pelbikoa).

Zaindu beharreko alfonbra

Liburuaren lehenengo kapituluan, pelbis zoruaren informazio anatomikoa ematen du: “Pelbisaren zorua estaltzen duen egitura muskular zuntzatsua da, perineoa bezala ere ezagutzen dena. Pubisetik kokzixsera doa, eta alboetan iskionetara, esertzen garenean ipurdian nabaritzen ditugun hezurtxoetara”. Hamaka formadun muskulatura honek erraiak eusten ditu, kortse antzeko funtzioa duen zeharkako abdominalarekin elkarlanean.

Animalia bipedoak bihurtu garenetik, lehen horma pelbikoa genuena egun zorua da eta grabitateak presioa areagotu du. Ondorioz, gizakiontzat tonua mantentzeak berebiziko garrantzia du. Bizitzan zehar emakumeen* zoru pelbikoa kaltetu daiteke, hamaika arrazoi medio: gorputz-jarrera okerra –esaterako, makurtuta ibiltzeak presioa areagotzen du–; haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiondoaren eragina, baita menopausiarena ere; inpaktu-kirolak praktikatzea edo haize instrumentuak jotzea; eztula edo idorreria kronikoak izatea; obesitatea, diabetesa, eta abar.

Irudia: Uxue Bereziartua.

Ondorioz agertu daitezkeen arazo larrienak prolapsoak dira: esaterako, heste lodiaren atal bat uzkitik irtetea edo umetokiko atal bat baginatik. Aitzitik, arruntena inkontinentzia da: perineoaren giharrek eraztun forma hartzen dute uretra eta uzkia besarkatzeko eta esfinter horiek ahultzen badira zailtasunak izango ditugu txizari edo kakari eusteko. Pertsona batzuek txiza galerak dituzte esfortzuren bat egiterakoan –doministikua, barrea, salto egitea, zama altxatzea–; beste batzuek larrialdiko inkontinentzia dute –esfinterrak ez du garaiz antzemango maskuria beteta dagoela eta gernuari bidea ixten saiatzen denerako, presioa handiegia da–; eta bien konbinazioa ere eman daiteke.

Baginak ere badauka bere eraztuna, sexu-harremanetan zein erditzeko lanetan protagonismo berezia hartzen duena. Muskulatura horren mugimenduak lubrikazioa aktibatzen du. Lolak 45 urte ditu eta klimaterioaren ondorioz –menopausia aurreko eta ondorengo trantsizio aroa– zoru pelbikoan kontraktura du eta bagina lehortu zaio. Ondorioz, azken boladan gernu- eta bagina-infekzioak izan ohi ditu eta alua minbera dauka. Alzugarayen kontsultan aurkitu du Osakidetzak eman ez dion arreta: masajeen, ultrasoinuen eta landareen (elorri horia) bidezko tratamendua baina, batez ere, enpatia eta samurtasuna.

Gizonezko bi ginekologoek esan zioten barne-genitalak ondo zituela eta eskaini zioten konponbide bakarra koitorako obuluen errezeta izan zen. “Baina ni ez naiz koitoaz ari! Ibiltzerakoan ere bulban ondoeza sentitzen dut eta bulba ez didate ezta begiratu ere egin!”. Behin, hain zuen jasanezina mina, larrialdietara jo zuela. Artatu zuen emakumezko ginekologo gazteak ulertu zuen bere gaitza, ondo aztertu zuen bere bulba eta fisioterapiaren beharra konfirmatu zion.

Lola psikologoa eta sexologoa da; prestakuntza horri esker bere gorputza ezagutzen du eta informazioa eta baliabideak ditu eskura. Kontziente da “aludun pertsona askok ez dutela zorte hori”, eta deitoratzen du osasun sistemaren mezua zera dela: “Adin batetik aurrera emakumeok sintomatologia jakin batekin bizitzera ohitu behar dugula, mingarria bada ere”.

Alzugarayren ustez, arazoa da mendebaldeko medikuntza androzentrikoa dela: “Esaterako, klimaterio hitza ez da erabiltzen, soilik menopausia. Mediku gehienek organoak baloratzen dituzte,  baina ez dituzte gure sentipenak aintzat hartzen eta gure ondoezak asmakeriak edo psikosomatizazioak direla uste dute. Horrek sufrimendua areagotzen du eta hortik antidepresiboak hartzera pauso bat besterik ez dago. Dena dago lotuta, egiturazko indarkeria da”.

Utzikeria biolentzia da

Erditu zara. Dena da berria, baita hanken arteko sentsazioak edota aluaren itxura ere. Emaginak puntuak begiratuko dizkizu eta asko jota Kegel ariketak edo hipopresiboak gomendatuko dizkizu. Ginekologoak ekografoaren bidez barne-organoak baino ez ditu aztertuko. Osakidetzak ez du balorazio fisioterapeutikoa eskaintzen eta nahi duenak (ahal duenak) kontsulta pribatu batera jo beharko du. “Hori da borroka: emaginek eta ginekologoek sexu-heziketa jaso beharko lukete eta zoru pelbikoaren ardura hartu. Horrez gain, eskualde bakoitzean fisioterapeuta espezializatu bat egon beharko litzateke”, aldarrikatu du Alzugarayk.

Irudia: Uxue Bereziartua.

Oso errotua dago haurdunaldiak eta erditzeak berez pelbis zorua ahultzen duten ideia, baina erditze errespetatuan aditua den Estitxu Fernandez Maritxalarren esanetan, zenbat eta fisiologikoagoa izan erditzea, orduan eta hobeto erreakzionatzen du perineoak. “Esaterako, epiduralak egin dezake zoru pelbikoa behar bezain esna ez egotea, eta oxitozina sintetikoaren eragina ere ikertu beharko litzateke”. Halaber, zehaztu du lesio larrienak episiotomiak sortzen dituela, hau da, umea ateratzeko baginako giharrak mozteak. Prozedura hori oso ohikoa da ginekologoen jardunean, nahiz eta gehien-gehienetan beharrezkoa ez den eta Osasunaren Mundu Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak bere ondorioak salatu dituzten. Beharrezkoak ez diren prozedurak inposatzea, eta beharrezkoak direnean ere, emakumearen adostasunik gabe egitea, indarkeria obstetrikoa da, nabarmendu du Fernandez Maritxalarrek. Emakume asko ez dira kontziente, medikuen kriterioaz fidatzen direlako, baina “asko ondorio fisikoak nabaritzen dituztenean hasiko dira ikertzen eta orduan sortuko zaie egundoko samina eta errua”.

Puntuen mina ez da episiotomiaren albo-kalte bakarra. Horren ondorioz, ezin eseri edo ezin ohetik altxatu dagoen amak arazoak izan ditzake edoskitzeko. “Erditzea eta erdiondoa oso momentu zaurgarriak dira, testuinguru neurohormonal oso berezia da eta garai horretan gertatzen dena iltzatuta geratzen da emakumearen eta haurraren gorputzean eta emozioetan. Gure gizartean nagusi den isolamendua gehitzen badiogu, amak lehen hilabeteak tortura bezala oroituko ditu eta erditzeondoko depresioaren edo trauma ondoko estresaren nahastea agertu daitezke”, gaineratu du psikologo perinatal honek.

Esti irakaslea eta ekintzaile feminista da, baina orain dela gutxi ezagutu du indarkeria obstetrikoa kontzeptua. Ez dago ziur ea bere erditzean episiotomia justifikatuta zegoen, baina argi daukana da ez zutela bere adostasun informatua lortu. Berrogeialdia pasa zenean konturatu zen orbanak min egiten ziola. “Begiratu nuen nire alua ispiluaren laguntzaz eta okela zati arraro bat ikusi nuen, txarto josita zegoen edo”. Gizonezko ginekologoak, ordea, ez zion garrantzirik eman. Txori arrosa (mosketa arrosa) olioarekin igurztea gomendatu zion eta iruzkin matxista bat egin zuen, baginaren zurruntasunak senarrari plazera emango ziola. Hobera egin du, baina oraindik koitoan tentuz ibili behar du mina saihesteko.

Txiza-galerak ere sumatu zituen eta, urteak pasa ahala, okerrera egin dute, kuleroak bustitzeraino. Osakidetzako urologoak, emakumezkoa, maskuri hiperaktiboa diagnostikatu zion eta pastilla inhibitzaile batzuk agindu zizkion. “Ez ninduen miatu, ez zen ezta mahaitik altxatu”. Pilulek azalean erreakzioa eragin zioten, ahoa oso siku sumatzen zuen eta batzuetan buruko mina ere bazuen. Esti ez zegoen bizitza osoan medikazioa hartzeko prest eta zoru pelbikoan aditua den fisioterapeutengana joan da bere kabuz azken urteotan. Bere eskualdeko ospitalean badago emagin bat maskuri hiperaktiboa artatzeko prestatua, baina saio gutxi batzuk eskaintzen ditu. “Klase kontua da: ez baduzu saioak ordaintzeko dirurik, jarri konpresa eta aurrera”.

Lolak deitoratzen du osasun sistemaren mezua zera dela: Adin batetik aurrera emakumeok sintomatologia jakin batekin bizitzera ohitu behar dugula, mingarria bada ere

Eskolak ematen ari denean maiz korrika atera behar izaten du komunera. Bidaiatzen ere asko sufritu du, garraio publikoan eta hirietan apenas dagoelako komun publikorik. “Txiza ateratzen zaizunean oso txarto sentitzen zara, autoestimuan eragiten dizu. Emakume askok esan didate haiei ere gertatzen zaiela. Orduan, zergatik ez dugu honi buruz gehiago hitz egiten?”.

Azken azterketan ginekologo berriari bere historia kontatu zion, baina hark erantzun zion dena “normal” ikusten zuela, orbana itxita dagoela eta organoak bere tokian. “Sistema heteropatriarkalari interesatzen zaiona da guk umeak ekartzea mundura, funtzionalak izatea. Hortik aurrera, hor konpon gure minak eta gure txiza galerak. Utzikeria hori biolentzia da”, salatu du.

Plazera, bidea eta helmuga

Juneren erditzea fisiologikoa eta errespetatua izan zen. Emaginaren arabera, urradura naturalaren puntuak ondo sendatu ziren. Berrogeialdiaren ostean ginekologoak dena bere lekuan ikusi zuen. Gerora konturatu zen bagina zurrun eta minbera zuela, baina puerperioan murgilduta zegoenez eta bere sexu-harreman lesbikoetan penetrazioak protagonismo handirik ez zuenez, ez zen gehiegi kezkatu. Hilekoa itzuli zitzaionean ohartu zen ezin zuela ezta kopa menstruala sartu ere egin. Bere kabuz egin ohi zituen Kegel ariketak, badaezpada, baina Juncal Alzugarayrengana jo zuenean jakin zuen bere zoru pelbikoa ez zegoela ahul, hipertonifikatuta baizik, baginan kontraktura zeukalako. Hori entzuteak antzinako orban ikusezin bat berrireki zuen: gaztetan baginismoa izan zuen, mutil lagunekin behin eta berriro behartu zuelako bere burua desirarik gabe koitoa praktikatzera. “Haien matxismoaren aurrean, nire aluaren erreakzioa ixtea izan zen”, ohartarazi du.

Fisioterapeuta eta sexologoak kontsultan baginismo kasu ugari artatu ditu eta asko erditu ondoren agertu dira; izan indarkeria obstetrikoaren ondorioz edo iraganeko traumak berpiztu dituelako: “Erditzea esperientzia basatia da eta gorputzaren memoria aktibatzen du”, argitu du. Bere esanetan, emakumeen sexualitatea zigortzen duen kultura matxistak eragindako aztarna da askotan baginaren kontraktura.

Estitxu Fernandez Maritxalarrek gaineratu du sexu-errepresioak, eguneroko keinuetan islatzen denak, –hankak gurutzatuta eseri, hilekoa ezkutatu, txiza egiteko baimena eskatu…– zoru pelbikoaren mugimendua eta oxitozina deitutako plazeraren hormonaren zirkuitua blokeatzen dituela. “Oxitozina orgasmoetan eta erditzean protagonista bada ere, kezkagarria da gure iruditerian gehiago lotzen dugula erditzea episiotomiarekin plazerarekin baino”. Horregatik, gidatzen dituen haurdun taldeetan adierazten du episiotomia saihesteko emaginek gomendatzen duten masaje perineal desatsegina era mekanizatuan egin baino, zentzu gehiago duela perineoa “plazeretik miatzea, ukitzea, sentitzea, eta erditzean klitoriaren potentziala ere ikertzea”.

June aho bete hortz geratu zen Alzugarayk agindu zion tratamenduarekin: etxeko intimitatean, musika gozagarria jarri, dantzan hasi eta dardaragailu batekin zoru pelbikoa eta alua igurtzi. “Errehabilitazioan erabili ohi diren tresnak (espekuluak, korronteak, dilatatzaileak…) desatseginak dira eta nik sentitzen nuen trauma bat beste trauma batekin konpontzen ari nintzela”, azaldu du fisioterapeutak. Hortaz, plazera eta autoezagutza dira bere metodologiaren bi gakoak: “Autoezagutzan baitago gure askatasuna, gure buruari eta gure osotasunari kasu egitean. Eta plazera izan beharko lukeelako beti bidea eta helmuga”.

*Oharra: "Emakume" idatzi dut, baina zuzenagoa izango litzateke aludun pertsonez edo emakume kategoria esleitutakoez aritzea. Bestetik, prostata arazoek txiza-galerak eta erekzio arazoak eragiten dituzte, eta maskulinitate hegemonikoak horien bizipena eta arreta baldintzatzen ditu. Baina zakildun gorputzen zoru pelbikoak beste erreportaje bat eskatzen du.


ASTEKARIA
2021eko ekainaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputza
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Gorputz hotsak
"Ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea"

Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro... [+]


Eguneraketa berriak daude