Ategorrietako sarraskia 1931: Euskal Herriko bortitzena

  • Pasaiako arrantzaleek lan baldintzak hobetzeko greba egin zuten Espainiako Bigarren Errepublika sortu berritan. Larrutik ordaindu zuten: atxilotuak, guardia zibilen tiroak, zazpi hildako eta dozenaka zauritu. Ategorrietan, erlojuko orratzek 10:00ak jo zituztenean. 90 urte pasatu dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. Erreportaje hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentzia libreari esker ekarri dugu orriotara.

Donostiako Ategorrietako etorbidearen argazkia atera zuen Ricardo Martin argazkilariak, sarraskia gertatu eta hurrengo egunean. Erlojuaren pare horretatik egin zieten tiro guardia zibilek hirira sartu asmo zuten herritarrei. Dokumentu historiko hau Mundo
Donostiako Ategorrietako etorbidearen argazkia atera zuen Ricardo Martin argazkilariak, sarraskia gertatu eta hurrengo egunean. Erlojuaren pare horretatik egin zieten tiro guardia zibilek hirira sartu asmo zuten herritarrei. Dokumentu historiko hau Mundo Gráfico aldizkariak argitaratu zuen 1931ko ekainaren 3ko zenbakian.

Maiatzaren 27an 90 urte bete dira Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kontuan izan gabe, XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka izandako sarraskirik handiena izan zen Donostiakoa: Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen Ategorrietako erlojuko orratzek 10:00ak jo zituztenean. Sarraski hura ezkutuan mantendu ez den arren, donostiarrek ahaztu egin dutela dirudi. Izan ere, askotan memoria deserosoa izaten da. Hala ere, Josetxo Otegi historialari donostiarra buru belarri aritu da Ategorrietan gertatutakoa ikertzen, eta bere ezagutza eta jakintza ezinbestekoak dira geure historiaren pasarte garrantzitsu horren berri izateko. Iraganari aurre egitea dagokigu: zer gertatu zen Ategorrietan 1931ko maiatzaren 27an?

Ategorrietako sarraskia ez zen gertakizun isolatu bat izan, eta horregatik, testuingurua ezagutzea ezinbestekoa da. 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten Eibarren, eta Alfontso XIII.a erregeak erbestera alde egitean, erregimen politikoa aldatu zen Espainiako Estatuan: itxaropena nagusitu zen gizarteko hainbat sektoreren artean. “Primo de Riveraren diktaduran energiak hertsita egon ziren, eta bat-batean ikusi zuten diktadura gero eta ahulagoa zela: langile mugimendua bere indarra berreskuratzen eta bere aldarrikapenak berriro egiten hasi zen, behar handia zegoelako. Errepublika iritsi zenean, kontserbadoreek larritasuna sentitu zuten: erregea desagertu da eta ez dakite zer etorriko den. Langileek justu alderantziz: itxaropen izugarria dute; uste dute Errepublikarekin gauzak hobetuko direla”, azaldu du Josetxo Otegi historialariak.

1931ko manifestazio errepublikazale bat (Ricardo Martin / Kutxa Fototeka)

Errepublikaren ezarpenari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio: “1929an New Yorkeko crash-a izan zen. Beraz, krisi ekonomiko oso gogorrean zeuden, eta jende langilea nahiko gaizki pasatzen ari zen”, Otegiren arabera.

Langileen bizi baldintzak oso kaskarrak ziren 1930eko hamarkadaren hasieran. Pasaiako portuan, zehazki, “oso latzak” ziren, historialariaren arabera: “Arrantzale izatea beti izan da nahiko gogorra, baina are gehiago garai hartan. Gainera, konturatu behar dugu Pasaian arrasteontzietako flotan gehienak zirela Galiziatik etorritakoak, gero hona bizitzera etorri eta euskal herritar bilakatutakoak. Egoera gogor batetik zetozen, eta hemen ere egoera gogorrarekin topo egin zuten”.

Hala ere, Pasaiako arrantzaleak bizi eta lan baldintza gogorrei aurre egiteko antolatzen hasi ziren, eta Union Maritima sindikatua sortu zuten. Hiru aldarrikapen nagusi zituzten Pasaiako arrantzaleek. Lehenik, Sole Handira arrantzara joaten ziren gizonek hilabetero 300 pezeta irabaztea eskatzen zuten. Bigarrenik, astean egun bat jai izatea: “Arrantza nahiko berezia da: itsasontziarekin ateratzen zara eta ez duzu berehala aurkitzen arraina. Behin aurkitzen duzunean, ez zara gelditzen sarda desagertu arte edota itsasontzia beteta egon arte. Hori ulergarria izan daiteke, baina horrez gain baldintza oso gogorrak zituzten. Astean behin atseden hartzea eskatzen zuten: lurrean lan egiten zutenek igandea jai bazeukaten, arrantzaleek zer zeukaten?”. Hirugarrenik, lanaldia hamabost ordu baino gehiagokoa ez izatea eskatzen zuten. “Kontuan izan behar dugu 1919an, duela oso gutxi, lortu zela zortzi orduko lanaldia Espainiako Estatuan, eta langile hauek hamabi urte beranduago oraindik hamabost ordukoaz hitz egiten zuten”, azaldu du Otegik.

Oso politizatuta zeuden Pasaiako arrantzaleak. Union Maritima sindikatua UGT sindikatuarekin federatuta zegoen arren, komunistak, anarkistak, sozialistak eta bestelakoak zeuden arrantzaleen artean: “Union Maritimak ez zuen UGTren ideologiarekin guztiz bat egiten; Union Maritimako bozeramailea greba honetan Juan Astigarrabia izan zen, PCEko militante oso ezaguna”.

1931ko manifestazio errepublikazale bat, Okendo kalean zegoen Gobernu Zibilaren egoitzaren ondoan. (Argazkia: Ricardo Martin / Kutxa Fototeka)

Arestian aipatutako hiru eskakizun nagusiak egin zizkieten arrantzaleek armadoreei 1931ko apirilean, eta patronalaren ezezkoa jaso ostean, Maiatzaren Lehenerako greba hasi zuten langileek: “Arrasteontzietako flota osoak grebari ekin zion: gutxi gorabehera 3.000 lagun izango ziren”, Otegiren arabera. Patronala, ordea, saiatu zen greba zapuzten: “Galiziatik beste marinel batzuk ekarri zituzten armadoreek, baina ez zieten esan eskirol moduan eramaten zituztela. Kasu batzuetan duintasunez erantzun zuten eta grebara batu ziren iritsi berriak”, azaldu du Otegik.

Errepublikako gobernua ahalegindu zen langileak eta armadoreak mahai baten bueltan esertzen eta zubi lan bat egiten, baina langileek eutsi egin zieten aldarrikapenei: “Dena den, langileen artean ere izan ziren tirabirak aldarrikapenei buruz. Izan ere, greban egonda ez zuten dirurik irabazten, eta jendeak gosea zuen. Dena dela, antolatu zuten elkartasuna, eta eutsi egin zioten grebari”, Otegiren arabera.

Gainera, bi langile atxilotu zituzten: “Armadoreek itsasontzietako tresneria ezin zuten Pasaiatik atera, baina hartu eta Getariara eraman zituzten horko arrantzale batzuek erabil zezaten. Langileak horretaz jabetu ziren, eta sabotaje batzuk egin zituzten: itsasora hainbat tresna bota zituzten, eta bi lagun atxilotu zituzten maiatzaren 26an. Juan Astigarrabia Ramon Aldasoro gobernadore zibilarekin hitz egitera joan zen, eta eskatu zion atxilotu horiek askatzeko. Aldasorok ezetz esan zion eta onartzeko gobernuaren zubi lana”, azaldu du Otegik. Villa Arbille gobernadore militarrak gauza bera eskatu zien langileei, Pasaiara pertsonalki joanda. Langileek ez zuten agintari errepublikanoek esandakoa onartu, eta manifestaziora deitu zuten maiatzaren 27rako: Pasaiatik Donostiara joateko asmoa zuten, Ogia eta askatasuna lelopean, atxilotutako langileen askatasuna, hamabost orduko lanaldia, jaiegun bat, eta 300 pezetako soldata eskatzeko. Ramon Aldasorok esan zien “bitarteko guztiak” erabiliko zituztela manifestazioa gelditzeko.

Maiatzaren 27a: sarraskiaren eguna

1931ko maiatzaren 27an, 09:00ak aldera irten ziren Trintxerpetik 1.500 eta 2.000 pertsona inguru, Donostiara bidean manifestazioan, han baitzegoen Gobernu Zibila. Mirakruz gainera heltzean, armada zeukaten zain: “Ohikoa zen istilu gogorrak zeudenean armada –Siziliar Erregimendua– kalera ateratzea ordena publikoko funtzioak betetzera”, azaldu du Otegik. Langileek soldaduekin hitz egin zuten eta aurrera jarraitzen utzi zieten, eta gauza bera gertatu zen aurrerago zegoen soldaduen oztopo batean, baina “soldaduek esan zieten kontuz ibiltzeko, Ategorrietan guardia zibilak zeudelako, inori pasatzen ez uzteko agindua betetzen”, Otegiren arabera. 40 guardia zibil zituzten zain manifestariek Ategorrietan.

Josu Iraeta zinemagileak zuzendutako Trintxerpe: galiziarrak Euskal Herrian dokumentalean Nemesio Goia azaltzen da: arrantzalea zen Pasaian, eta manifestazio horretan zegoen. Horrela kontatu zuen bizitakoa: “Mirakruz gainera iritsi ginen, eta soldaduak agertu zitzaizkigun. Sarjentuak aurrera joaten utzi zigun, baina esan zigun aurrerago Guardia Zibila zegoela, zaldi gainean. Gazteak ginenez, aurrera segitu genuen. Tiro egiten hasi ziren, eta aurrean geundenok zortea izan genuen, zaldi gainean altu zeudenez tiroak atzealdekoengana iristen zirelako. Zenbait zauritu eta hildako izan genituen. Hortik korrika Trintxerpera itzuli ginen. Oso egun tristea izan zen Trintxerpeko auzoarentzat”.

Zazpi hildako eta dozenaka zauritu

Ategorrietako sarraskian zazpi izan ziren guardia zibilek tiroz hil zituzten langileak: bi berehala hil ziren, lau ondorengo orduetan, eta beste batek ekainaren 2an galdu zuen bizia. Gazteenak 19 urte zituen, eta zaharrenak 34; sei galiziarrak ziren, eta bat Valladolidekoa (Espainia). Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo, Antonio Barro, Julian Zurro, Jesus Camposoto eta Manuel Lopez ziren beraien izenak. Dozenaka zauritu izan ziren, eta tartean emakumeak ere baziren. “Egundoko sarraskia izan zen: 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kenduta, Euskal Herriko sarraskirik gogorrena da: Gasteizkoa [1976ko martxoaren 3koa] gainditzen du”, Josetxo Otegiren arabera.

Ategorrietako hilketen albistea azkar zabaldu zen eta langile talde batek, tranbia bat irauli zuen goiz hartan. (Ricardo Martin / Kutxa Fototeka)

Eraildako zazpi langileetako bat Jose Novo zen, eta bere iloba gaur egun Errenterian bizi da: Cristina Novo du izena, eta bere iritziz, “oso garrantzitsua da jende gazteak gertatutakoa ezagutzea”.

Jose Novo Galiziakoa zen –Santa Eugenia de Riveirakoa, zehazki–, eta lanera etorri zen Euskal Herrira: “Ategorrietako sarraskia gertatu baino pixka bat lehenago etorri zen Pasaiara. Armadoreak jende bila joan ziren Galiziara, hemen lan egiteko jendea behar zutelako. Hona iritsi zenean, hemen zeuden arazoez jabetu zen, eta, jendea greban zegoela ikusita, lanera ez joatea erabaki zuen. Lankide euskaldunekin bat egin zuen, eta horregatik erabaki zuen manifestaziora batzea”, azaldu du bere ilobak. Zoritxarrez, 25 urteko gaztea tiroz hil zuen Guardia Zibilak Ategorrietan.

Senideak, ordea, Euskal Herrian geratu ziren. Novotarrak 22 anai-arreba ziren, eta Jose izan zen etorri zen lehenengoetarikoa: gero beste bost anai-arreba eta ama etorri ziren Euskal Herrira. Cristinaren aita 1936ko gerraren ostean heldu zen Trintxerpera, eta hor jaio zen Cristina: Trintxerpe Etxean, hain zuzen ere. Errenterian bizi da egun bere senarrarekin eta bi alabekin.

Sarraskiaren ondorioak

Ategorrietako sarraskiaren albistea berehala zabaldu zen Donostian, eta greba orokorra deitu zuten. “Garibai kalean tranbia bat irauli zuten, eta Askatasunaren hiribidean zegoen arma denda batean sartu eta armak hartzen ahalegindu ziren, baina hor udaltzainak agertu ziren”, azaldu du Otegik.

“Ramon Aldasorok egin zuen gauza oker bat izan zen horrelako manifestazioak errepublikaren aurkako ekintza gisa hartzea: ez zen bere akats pertsonala, ohikoa zen. Soilik ikusten zuten errepublikaren autoritatea kolokan jartzen zutela, eta horrela hartu zuten PSOEkoek eta UGTkoek: grebaren aurka agertu ziren. San Frantzisko kalean Guillermo Torrijos PSOEko zinegotziak ebanisteria bat zeukan, eta pikete bat ixtera joan zen; hauek ez zutela itxiko esan zuten. Enpresako langile gehienak PSOEkoak ziren, eta barrutik tiro egin zieten eskopeta batekin piketekoei: zortzi zauritu zituzten, bat larri. Ezkerraren artean kontraesanak zeuden: Torrijos 1934ean atxilotua izan zen Egia auzoan, urriko iraultzako Gipuzkoako agintari goren moduan. Borroka armatuaren alde eta aurka zeuden, interesen arabera”, azaldu du Otegik.

Ategorrietako sarraskiaren ondoren, greba orokorrera deitu zen Donostian, eta gobernuak gerra egoera ezarri zuen. (Ricardo Martin / Kutxa Fototeka)

Gerra egoera ezarri zuten Donostian, eta grebak aurrera jarraitu zuen. Komunisten aurkako errepresioa nabarmena zen: “Martuteneko taberna batean hamaika pertsona atxilotu zituzten, eta prentsan sarraskiaren erantzule moduan izendatzen zituzten”, Otegiren arabera.

Langileen aldarrikapenak onartu zituzten azkenean

Hala ere, azkenean armadoreek arrantzaleen eskakizunak onartu zituzten, eta akordio batera iritsi ziren. “Arrantzaleak handik egun batzuetara bueltatu ziren lanera, eskariak gutxi gorabehera lortu zituztelako. Gertatutakoaren ostean, gobernuak ezin izan zuen ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu, eta sarraskiaren ondoren, ugazabek beraienarekin ateratzen uztea oso irudi txarra izango zen, nahiz eta errepublikak ez zuen inoiz ardura hartu: komunisten arduragabekeria izan zela esan zuten. Errepublikako gobernuak presionatu zuen armadoreek arrantzaleen aldarrikapenak onar zitzaten”, Otegiren arabera.

Hala ere, Union Maritima sindikatuaren barruan zatiketa politikoak izan ziren: “Areagotu egin ziren sozialisten eta komunisten arteko desadostasunak: Union Maritima UGTrekin federatuta zegoen, eta atera egin zen, gero komunistek sortutako CGTUn sartzeko. Anarkistek esan zuten komunistak arduragabeak izan zirela”.

Bestalde, zer gertatu zen Ramon Aldasororekin? Nahiz eta Gipuzkoako lehen gobernadore zibil errepublikazalea izan, bere aginduz egin zuten tiro guardia zibilek Ategorrietan. 1936an, Aldasoro historiako lehen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Hornidura sailburua izan zen, 1936ko gerraren atarian. Gobernu autonomoko Herri Lanen sailburua, berriz, Juan Astigarrabia izan zen, Union Maritimako bozeramailea izandakoa bost urte lehenago. Beraz, gobernu beraren parte izan ziren Aldasoro eta Astigarrabia, Ategorrietako sarraskia gertatu eta bost urtera.

1936ko gerra eta frankismoa etorri ziren gero, eta garai ilunek Ategorrietako sarraskia estali zuten. Ez dezagun geure historia ahaztu.

Ategorrietako erlojuak 10:00ak markatzen zituen sarraskia egin zutenean. Erlojuak bertan dirau, historiaren lekuko mutu. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastia)

 


ASTEKARIA
2021eko ekainaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Errobi, beste bat!

Errobi musika taldea duela 50 urte igo zen lehen aldiz oholtzara. Hori dela eta, berriz itzuliko dira eszenatokira Mixel Ducau eta Anje Duhalde sortzaileak, euskarazko lehen rock musika taldearen abesti mitikoenak kantatzeko asmotan. Maiatzaren 4an izango da, Bilboko Euskalduna... [+]


2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Eguneraketa berriak daude