Laburra bezain zabala

  • Berriki amaitu da Kimuak 2021 egitasmora lanak aurkezteko epea. EAEko zuzendari nahiz ekoizleek maiatzaren 24ra bitarte izan dute 30 minututik beherako lanak bertara bidaltzeko. Urtero bezala, Euskadiko Film Labur Onenen katalogoa deritzonak zazpi film labur hautatuko ditu aurtengo programa osatzeko.

Maddi Barberren '564 metroz goiti' filmeko fotograma.
Maddi Barberren '564 metroz goiti' filmeko fotograma.

Euskadiko Filmategiak euskal zinemaren inguruko kongresua antolatu zuen 2014an, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Euskal Zinema: Zinemagileen hiru belaunaldi izenarekin aurkeztu zuten, eta ordura arteko zinemak emandako gakoei heldu zieten hiru egunetan zehar. Kongresuak nabarmentzen zituen belaunaldiak hala banatuta zeuden: batetik, Euskal Herrian zinema egiten hasi ziren horiek (Imanol Uribe, Montxo Armendáriz, Ana Díez eta beste asko); bestetik, 80. hamarkadaren bukaerakoak (Juanma Bajo Ulloa, Helena Taberna, Julio Medem); eta, azkenik, Kimuak belaunaldia deritzen horiek, XXI. mendeko egileak (Isabel Herguera, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Aitor Arregi...). Kimuak egitasmoarekin batera lanak garatu dituzten horiek dira belaunaldi honetakoak, elkarrekin hazi direnak. 23. katalogoa osatzera doan programa, halere, ari da pixkanaka belaunaldi berrien arrastoa somatzen.

Kimuak 1998an hasi zen jardunean. EAEn egiten ziren film laburren banaketarekin kezkatuta, Jose Luis Rebordinosek, egun Donostia Zinemaldiko zuzendari denak, bultzatu zuen iniziatiba ezagun zituen mundu mailako esperientzia batzuetan oinarrituta. Lehen urteetan Kimuak programa egonkortzea kosta bazen ere, urtero-urtero mugitu izan dira hautatutako lanak nazioarteko jaialdietan. Gainera, erreferentziazko katalogoa izatera iritsi da, Txema Muñoz eta Esther Caberok egindako ahaleginei esker. Egitasmoan izena emateko baldintza nagusia zera da: film laburraren zuzendaria edo ekoizlea EAEn erroldatuta egotea. Hortik aurrera, nahi beste lan bidal ditzake bakoitzak. 60 bat lanetik gora jaso ondoren egiten du aukeraketa horretarako deitutako zinema eremuko batzorde batek. Behin aukeraketa egina, mundura hasten dira zabaltzen udaberriko kimuak.

Baditu egitasmoak berezitasun batzuk. Lehenik eta behin, irabazi-asmorik gabeko ekimena izatea; hau da, sari, emanaldi eta kopien alokairua edo telebista eta banatzaileei egindako salmentetatik erdietsitako dirua egileei beraiei ematen zaie. Horrek dakar bide-saririk ez izateak baimentzen duen gakoa: berdintasun printzipioa. Hautatutako film laburrek, izan saridunak edo sari gabekoak, tratu bera jasotzen dute denbora eta eskaintzari dagokionean. Askotan enpresa pribatu eta interesdunek egiten duten lana era honetan eginez, aukera zabaltzen zaio hemen egindako filmari ibilbide luzea izan dezan.

Film laburren gain jarritako fokuak ematen du atentzioa gehien. Ez dago, zinema komertzialetan batez ere, film laburrak eskaintzeko ohiturarik. Belaunaldi nagusiagoek gogoan dute nola larunbateko zinema proiekzioetan beti eskaintzen ziren labur eta luze bana. Zinemaldietan ere betetzen da formatu hori, baita zineklubetako egitarauetan ere. Ez, ordea, gehien kontsumitu izan dugun zineman. Ohituta gaude ordu eta erditik gora irauten duten fikzio mugituetara, askotan pentsatzeko tarterik ere uzten ez duten horietara. Laburrek badute beste zera hori, gehiagorako gogoz utzi arren, borobiltasun modukoa helaraztearena. Film labur onak iradoki dezake, esan gabe; zabalki aditzera eman dezake zerbait. Orain gutxi Euskalerriratutako Joseba Sarrionandiak bere ipuinen inguruan zioen: “Zergatik tipiak? Bilatzea maite duenari tipitasunak bilaketaren atsegina ugaltzen diolako, edo autorea lan luzerako nagia delako, edo lana hasita bihar etzi huts egitearen beldurrez luzarorako engaiatzen ez delako, edota gauza tipietan handietan bezainbeste sekretu kabitzen delako”. Badago, zentzu honetan, laburmetraigilea ipuin-kontalaritzat hartzerik. Kimuaken egitekoa da sekretu horiek munduari kontatzea.

Askotan film laburretan ageri da freskotasun gehien, esperimentaziorako joera, edo zinemagile berrien lehen pausoak.

Aurreiritzi asko dago film laburraren inguruan. Badira egia diren hainbat kontu ere. Baliabide eskasiari lotzen zaio askotan, edo gaitasun ezari. Egia da denbora eta eskaintza aldetik errazagoa dela labur amateurra ekoiztea film luzea baino. Errodatzeko egun gutxiago, lagun artean eta pintxo batzuen truk, mesedeak nonahi eta unibertsitateko materiala maileguan. Eta nork ez du egin auzoko jaietako film laburren lehiaketarako bideorik? Dirurik gabe egin daitezkeen gauzak dira. Hortik haratago, badago bere denbora horri eskaintzen dionik: afizioa edo ofizioa. Zinegile askok, film luzeak egin ondoren ere, maite dute laburrak egiten jarraitzea. Eta ez da helburua profesionaltasuna eta amateurrismoa elkarren kontra jartzea: film laburrak egiteko modu ezberdinak daude. Posible da teknikoen ekipo batekin lan egitea, diru-laguntzak jasotzea, soldata duinak edo erdi-duinak sortzea eta lanbide bezala hartzea. Aitzitik, industriak ez du gehiegi laguntzen horretan. Batzuetan, badirudi sari bat lortzea dela jarritako dirua errekuperatzeko modu bakarra, eta horrek kalte handia egiten dio ekoizpen mota horri.

Film luzea egitera bitarteko bidea dela uste duenari begien aurrean jarriko nizkioke Maddi Barberren 564 metroz goiti (2018), Sara Fantovaren No me despertéis (2018), Marina Palacioren Ya no duermo (2020) edo Ageda Kopla Taldearen Beti bezperako koplak (2016). Guztiak dira Kimuaken hainbat ediziotan hautatutako laburrak, baita gai eta trataera aldetik euskal zinemari ekarpenak egin dizkioten lanak ere. Barber gai izan zen 24 minututan Itoizko urtegiak utzitako eragin fisiko eta psikikoetara maisuki hurbiltzeko; urtegiaren eraikuntzaren arrastoak gordeak ditu filmean. Fantovak postETA garaiaren arrakalak erretratatu zituen nerabe baten begietatik, hainbat tabu apurtzeko erabakia hartuta. Palaciok familian egindako film baten inguruko filma ekarri zuen iaz katalogora, banpiroen eta mamuen esanahiak zabalduta metazineman. Maialen Lujanbioren kopletatik abiatuta, Ageda Kopla Taldeak animaziozko lan kolektibo fina garatu zuen, eta bertsolariaren hitz zorrotzak bisualki irudikatzea lortu horrela.

Azken lan horiei erreparatuta, euskal zinema munduko belaunaldi berrien inguruan hitz egiterik legoke. Badaude horretarako bidea egiten ari diren zuzendari eta filmak; ikusten ditugu zine jaialdietan, proiekzioetan, edo mahainguruetan. Ikusteko daukagu zein bide izango duten film laburren kontsumoak, Kimuaken hautaketa irizpideek, edo industriaren asimilazioak. Askotan film laburretan ageri da freskotasun gehien, esperimentaziorako joera, edo zinemagile berrien lehen pausoak. Akaso, film luzeak film laburrei begira jarri beharko lirateke inspirazio bila, eta horrek beste pisu bat emango lioke laburren ekoizpenari. Auskalo. Ekainaren lehen hamabostaldian izango dugu aurtengo Kimuaken katalogoaren berri, eta ikusiko dugu zein erronkari heltzen dion egitasmoak. Bitartean, agur erdi bat, laburra bezain zabala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-18 | Julen Azpitarte
Bruce LaBrucek 60 urte
Kulturaren eta zinemaren kontra

Zuzentasun politikoaren etsai amorratua bilakatu da Bruce LaBruce (Southampton, Kanada, 1964) zinemagile gay-a. Filmatzeko sosik gabe, emakume zoro eta punkiekin bizi zela etxetzar batean, lagun horien bizitzak dokumentatzen abiatu zen. Antzera dihardu egun: aurrekonturik gabe,... [+]


Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


Badator Donostiako 72. Zinemaldia: sarrerak igandetik aurrera

Irailaren 20tik 28ra egingo da Zinemaldia. Igande honetan irekiko da lehen hiru egunetako emanaldietarako sarreren leihatila.


Jon Garaño
“Marcok bere fikziozko Marco sortu zuen”

Ez da pelikula erraza izan Moriartikoentzat. Proiektua duela hemezortzi urte sortu zen, eta gutxienez bi aldiz eten; bietan, Enric Marcok "ezusteko" bana eman ondoren. Azkenean, dokumental eran beharrean, fikzio bidez islatu dute istorioa. Aitor Arregi, Jose Mari... [+]


Enric Marco: pertsonaia bi, larru berean

Hogei urte pasatu dira bazterrak nahasi zituen iruzurra argitara eman zenetik: Enric Marco, Holokaustoaren ustezko biktima bat, ez zen sekula kontzentrazio-esparru batean egon. Ez zen nolanahiko iruzurra izan, Marco bazelako nor: Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkartearen... [+]


2024-07-05 | Sustatu
Euskarazko 100 azpidatzi gehitu dituzte Filmin streaming plataformara

Pantailak Euskaraz ekimena eta Filmin streaming plataforma espainiarra lankidetzan aritu dira azken hilabetetan, eta horri esker euskarazko 100 azpititulutik gora gehitu ditu plataformak katalogoan bere katalogoan. Zenbait iturritako azpidatziak dira, tartean boluntarioek [+]


2024-07-02 | ARGIA
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia

Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.


Miren Gaztañaga
“Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”

Askotariko lanak egin ditu Miren Gaztañagak antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu... [+]


Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra

64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.


Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Eguneraketa berriak daude