Etengabeko Nakba-ren normalizazioaren aurka

Urtero, maiatzaren 15ean, Palestinako Nakba eguna gogoratzen dugu (“hondamendia”, arabieraz). Egun horretan gogora ekartzen dugu mugimendu sionistak palestinarren garbiketa etnikoa hasi zuela, 1948an Israelgo Estatua sortzeko. 750.000 - 800.000 palestinar bortxaz kanporatuta sortu zen Estatua; ehunka herri suntsitu ziren, sarraskiak egin, palestinarren jabetzak konfiskatu, hiri eta herrien izenak aldatu eta, are, bertakoez bestelako landare-espezie berriak sartu ziren. Bertan Palestina existitu zela ezkutatzeko. Hori guztia, inperialismoaren aliatu nagusietako bat Ekialde Hurbilean egotea legitimatzeko.

Gaur egun ere, Estatu Sionista potentzia inperialista nagusien (AEB eta EB) konplizitate esplizituaren babesean dago, nazioarteko legedia etengabe urratzen duen arren inpunitate osoa aitortzen diotenak. Negoziazio-prozesuek proiektu sionista hedatzeko baino ez dute balio izan, palestinarren aurka etengabeko Nakba eta apartheida betikotuz, lurraldeak okupatuz, palestinarrak kanporatuz eta hilez.

"Erakunde eta eragileen ehunka komunikaturekin egiten dut topo, bi aldeak hitz egitera esertzeko beharra berresten dute, zapaltzaileak eta zapalduak parekatuz"

Horraino datuak, historia eta gertakariak. Denok ondo baino hobeto ezagutzen ditugun datuak eta “urtero lez” gogora ekartzen ditugunak. “Urtero lez” idatzi eta tripak nahasi zaizkit.

Palestinar herriarekiko elkartasunak gure borrokari egiten dion ekarpenaren garrantzia azpimarratu nahi dut. Instituzio liberalen mugetatik haragoko benetako elkartasuna. Txio eta titularretatik harago doana. Testu hau prestatu bitartean, Israelgo autoritateak Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzoko familia palestinarrak euren etxeetatik kanporatzen ari dira, gerora kolonoek okupa ditzaten; 48ko lurraldeetan, israeldar taldeak herritar “arabiarrak” erasotzen ari dira, bai eta euren etxe eta saltokiak ere, palestinarrak izate hutsagatik; eta Gazan Israelgo armada sarraskia egiten ari da, beste behin ere. Jada berrehun palestinarretik gora erailak. Eta berrehundik gora diot artikulu hau idazteko prozesuan eraildako palestinarren kopuru makabroa eguneratzen joan behar izan dudalako, eta argitaratzen denerako ziur aski zaharkitua geratuko delakoan nago.

Eta bitartean –Palestinaren okupazioak suposatzen duenaren zati bat besterik ez dena– nik “urtero lez” edo “berriro ere” idazten dut berriz. Hitz horiek gero eta nazka gehiago ematen didate.

“Gaza bonbardatzen ari dira berriz”. Berriz ere, “euskal instituzio honek edo besteak Israelgo ordezkari bat gonbidatu du”. Interneten sartu eta CAF jarri dut bilatzailean. Jerusalemen lurralde okupatuetan tranbia eraikitzeko proiektuarekin aurrera segitzen duen enpresa, palestinarren lurrak lapurtzen lagundu eta nazioarteko legedia urratzen duena. Eta berri guztiak kontratu berriei lotutakoak direla ikusten dut. Eta ez da deus gertatzen.

Eta maila guztietako erakunde eta eragileen ehunka komunikaturekin egiten dut topo, bi aldeak hitz egitera esertzeko beharra berresten dute, zapaltzaileak eta zapalduak parekatuz. Eta oka egiteko gogoa sartzen zait.

Izan ere, herrien askapenean sinesten duen inork ezin du ez onartu, ez normalizatu bere askapenaren alde borrokatzen duen herri baten zapalkuntza, are gutxiago Israelgo Estatua moduko entitate kolonial eta inperialista baten aldetik denean.

Izan ere, Palestinako herria askatzeko borroka herrien askapenerako borroka da, zapalkuntza eragiten duten inperialismoaren eta sistema kapitalistaren kontrakoa. Palestinarrak zapaltzen dituztenak hemen bizitza prekarioetara kondenatzen gaituzten berberak dira.

Inork ez lukeelako etengabe negoziatzera eta zapaltzen duenaren eta bere herriaren suntsipena bilatzen duenaren baldintzak onartzera behartuta egon beharko; interes inperialistentzat erabilgarria denez, zapalkuntza mantentzen duen nazioarteko komunitateak berak behartua.

Testu honek ezer gutxirako eman dezake, amorru pixka bat ateratzeko eta Palestinarekiko elkartasun internazionalista indartzeko premia dagoela aldarrikatzeko ez bada. Gutxienez, bertatik eskatu diguten BDZ kanpainarekin bat eginez, erantzun irmo, ausart eta eraginkorra emateko gai izateko; koloniala, inperialista eta erabat arrazista den proiektu bat normalizatzeko ahaleginarekin eta sionismoarekin Euskal Herrian ematen diren konplizitate guztiei amaiera emateko.
Gainontzekoan, palestinarrengandik irakurri, entzun eta informatu zaitezte. Haiek dira afera honetan axola dutenak. Haiek dira euren etxeetatik kanporatuak izateari uko egiten diotenak. Jazarpenari, diskriminazioari eta zapalkuntzari aurre egiten diotenak. Eta erresistentzia eta duintasun eredu horren aurrean, nork bere lubakitik, euren ondoan borrokatu behar dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude