Valentziako Antipersona argitaletxeak Japón Salvaje. Radicales, proscritos y violencia (Japonia basatia. Erradikalak, legegabeak eta indarkeria) izenburuko saiakera laburra, ehun orrialde pasatxokoa, argitaratu berri du. Liburuak bost autoreren testuak jasotzen ditu: Alvaro Arbones, Andrea Peñalver, Javi Sanchez, Frutos Salas eta Paula Garcia. XX. mendean Japonian loratutako suminaldi iraultzaileak ezagutzeko abiapuntu interesgarria da; tartean, Zengakuren ikasle mugimendua, Japoniako Liga Komunista Iraultzailea, Japoniako Armada Gorria eta Japoniaren Aurkako Asiako Ekialdeko Fronte Armatua. Matxinadarako ekosistema horren hazia 1945ean erein zen, Japoniak gerra galdu zuenean AEBen aurrean –1951. urtean bi arerioek bakea sinatu zuten, San Frantziskoko Bake Itunarekin batera–. Gero, 1960. urtean, AEBen eta Japoniaren Arteko Lankidetza eta Segurtasun Ituna (ANPO akronimoarekin ezagutzen da) adostu zuten. Hitzarmenaren klausulek AEBen erabateko esku-hartzea bermatzen zuten defentsa alorrean; besteak beste, Japoniako lurraldean armada estatubatuarraren baseak jartzeko eskubidea. “Testua iraingarria zen. (…) Japonia, herrialde menderatua zen”.
Horiekin batera, azken hamarkadetako bestelako biolentziak eta eragile erradikalak ere jasotzen dira liburuan, besteak beste, Yakuza mafia garaikidearen eragin politikoa eta ekonomikoa, Yukio Mishima idazleak diseinatutako estatu kolpea, eskuin muturreko nazionalismoa edo irlako herri indigenek (Ainu herria), etorkinek (korearrak) eta gutxiengo sozialek (burakumin) jasandako jazarpena. “Japoniako kultura gertukoa iruditzen zaigu bertako anime filmekin eta manga komikiekin hazi garelako, baina bere historia politikoa eta errealitate soziala ezezaguna da gutariko gehiengoarentzat”. Bada, historia misteriotsu horren baitan erreboltariak, kondenatuak eta odol-ibaiak ezkutatzen dira. Finean, Japón Salvaje abiapuntu iradokitzailea da Ekialde Urruneko Inperioaren arrakaletan arakatzeko.
Zengakuren edo Ikasleen Gobernu Guztien Batasuna, 1948an sortu zen. Mugimendu marxista zen, baina Ezker Berriko anarkismoaren trazak ere antzematen zitzaizkion. Eratze-urte horretan, 300.000 ikaslek 116 unibertsitate geldiarazi zituzten irakasleen babesaz. Zengakuren ikasleen protesten abangoardia bihurtu zen, eta bere itzala 1960ko hamarkadan mundu osoan loratuko ziren ikasle mugimendu iraultzaileentzako erreferentzia bilakatu zen, batez ere hiri-gerrillako taktiketan oso aurreratuta baitzeuden. Horrekin batera, sekulako jendetza batzen zuten manifestaldietan, langileekin elkarlanean. Bere jarduna ANPO tratatuaren aurkako ekintzetan ardaztu zen, alegia, AEBetako esku-hartze inperialistaren eta bi gobernuen arteko lankidetzaren kontra.
Jardun hori, gainera, nabarmen erradikalizatu zen mugimendua hazi zen heinean. Hala, 1953. urtean, inperioko jauregia hartzeko ahalegina egin zuten Japoniako Alderdi Komunistarekin batera. Errepresioa eta sarraskia alimalekoak izan ziren. Ondorioz, zenbait sektore sortu ziren mugimenduaren baitan: tradizio maoistaren eta trotskistaren jarraitzaileek kaleak hartu zituzten, eta ezkerreko alderdien dinamiketatik at aritzen hasi ziren. Muturreko ikuspegi horri jarraituz, alderdi politikoak alboratu, eta proletalgoaren laguntza eskatuko zuten gobernuari aurre egiteko.
1959. urteko azaroan, halaber, Nobusuke Kishi lehen ministroak AEBen eta Japoniaren arteko Lankidetza eta Segurtasun Itunaren zirriborroa proposatu zuen. Bandera gorriak zeramatzaten 80.000 ikasle eta langile inguruk osatutako protesta-mobilizazio handia sartu zen Dietako Eraikinean (Japoniako botere organo gorena). Bilkura horretan akordioa lortu nahi zen, eta ikasleek 5.000 polizia ingururi egin behar izan zieten aurre. Lehen ministroa eraikinetik atera behar izan zuten, eta hegazkin bat hartzen saiatu ziren ituna aireportuan sinatzeko asmoz. Tokioko Nazioarteko Aireportuan, baina, milaka manifestari bildu ziren. Gauez, poliziak indarrez atera zituen ikasleak eta dozena batzuk ere atxilotu zituen. Hartara, manifestazio handiak antolatzen hasi ziren, eta ikasleen, langileen eta intelektualen arteko aliantzak sendotu zituzten. AEBetako Sunagawako base militarraren inguruan sortutako gatazkan ere parte hartu zuen Zengakurenek. Base hura eraikitzeko, 100 langile-familia beren etxeetatik kanporatu zituzten. Horren aurrean, Zengakurenek kanpaleku bat eraiki zuen base militarraren ondoan, langile-familiekin batera erresistentzia antolatzeko. Hala, 1956. urteko urrian 500 eta 3.000 pertsona artean joan ziren barrikadak jartzera.
[Zengakureneko kideak] hiri-gerrillako estrategietan oso aurreratuta zeuden. Hamarkadak geroago globalizazioaren aurkako protestetan erabili ziren taktiken aurrekaria izan zen sugearen dantza.
Oso ezaguna da Zengakuren mugimenduko kideen kaleko uniformea: kaskoak buruan eta makil luzeak eskuetan. Hiri-gerrillako estrategietan oso aurreratuta zeuden. Horren erakusle “sugearen dantza”. 1960. urtean, ANPOren kontrako protestetan erabili zuten estreinakoz maniobra sigi-sagatsu hori: kaskoak soinean zituztela, aktibista-zutabe handi bat osatu ondoren, alde batetik bestera bizkor eta sigi-saga egiten zuen manifestazioak. Aurrean, polizia-hesiek ez zekiten manifestariek zein lekutan erasotuko zuten. Hamarkadak geroago globalizazioaren aurkako protestetan erabili ziren taktiken aurrekaria izan zen sugearen dantza. Piztia narrasten hasi zen urtean, sei milioi langile eta ikasle bildu ziren ANPOren berritzearen kontrako ekintzetan; hain zuzen ere, Hanedako Aireportuko batailan parte hartu zuten. Borroka latzaren eraginez, Eisenhower presidente estatubatuarraren hegazkinak ezin izan zuen lurrik hartu.
Hurrengo urteetan, Vietnamgo gerraren aurkako hainbat ekintza zuzendu zituen Zengakurenek. Haatik, mugimendua ahultzen hasia zen; esaterako, 1968. urtean, erakundearen autoritarismoaren kontrako Zenkyoto eratu zen. Mugimenduaren azken egunetan, jarraitzaile sutsuenak bakarrik gelditu zirenean, elkar hil zuten. Prentsa horiaren arabera, kideak nihilista hutsak ziren.
Bereizketak hasi ziren urte horretan, halaber, Zengakurenek Yukio Mishima idazle eskuindar tradizionalista gonbidatu zuen Tokioko Unibertsitatera solasaldi batean parte har zezan. Topaketa horren harira, hauxe idatzi zuen Mishimak: “Tokioko unibertsitateko Yasuda hitzaldi-aretoan egindako erasoan Zengakurenek agerian utzi zuen estrategia militarrari buruz ezer gutxi zekiela, ihesbide guztiak itxita utzi baitzituzten, eta horrek esan nahi zuen hiltzeko prest zeudela, baina ez zeuden horretarako prest, inondik ere”. Ikasle gazte erradikalak epelegiak iruditu zitzaizkion idazleari, –gogoratu Mishimak bere buruaz beste egin zuela seppuku erritualaren bidetik–. Testu berean, terrorismoaren aldeko aldarria jaso zuen: “ (…) Orduan ulertuko zuten [ikasleek] ez dagoela terrorismoa baino ekintza eraginkorragorik”.
Liga Komunistako barneko istiluak tarteko sortu zen, 1969. urtean, Armada Gorriko Zatiketa (AGZ). 400 kide bildu zituen eta gerra deklaratu zion Japoniako Inperioari. Gobernuak, kikilduta, kasik militantzia guztia espetxeratu zuen. Kanpoan gelditu zirenek, baina, gogor erantzun zioten: hegazkin bat bahitu zuten katanak eta jostailuzko armak baliatuta. Azkenik, hegazkina Pyongyangen lurreratu zen. Gerra odoltsua etortzear zen.
AGZko hondakinak Libanora joan ziren, ondoan Armada Gorri Batuko (AGB) zenbait kide zeramatzatela. AGBko kideak militante bihozgabeak ziren: elkar hiltzen zuten autokritikako saio basatietan; kide zalantzatienak jipoitzen zituzten eta biluzik uzten zituzten zuhaitzetara lotuta, izoztuta hil arte.
Hala, Palestinaren Askapenerako Fronte Popularraren (PAFP) laguntzaz, Japoniako Armada Gorria (JAG) eratu zuten. Bekako bailaran arte terrorista guztiak ikasi zituzten: komunikatuak idatzi, mota guztietako jaurtigaiak bota, lehergailuak egin, estatu eta enpresetako ordezkariak limurtzeko teknikak, eta abar. Masao Adachi eta Koji Wakamjutsu zinegileek pelikula bat filmatu zuten Libanoko entrenamendu-zelai horietan, zeina Interneten ikus daitekeen: Japanese Red Army/PFLP: Declaration of World War (1971) (Japoniako Armada Gorria/PAFP: Mundu Gerraren Deklarazioa).
Bada, entrenamenduen eta filmaketaren ondotik ekintzarako unea etorri zen. PAFPen operazio buru Wadi Habbab-en aginduz, hiru aktibista japoniar Erromara joan ziren, Israelera zihoan hegaldi bat hartzeko. Biolinak gordetzeko kutxatiletan UZI 58 armak eta granadak gorde zituzten. Lodeko aireportura iritsi zirenean, tiroka hasi ziren. 26 lagun hil zituzten. Erasotzaileetako bat immolatu egin zen, bigarren bat lagunen tiroen ondorioz hil zen, eta hirugarren bati lehergailuak huts egin zion. XX. mendeko bigarren erdiko atentaturik garrantzitsuena egin zuten. Mossad aho bete hortz gelditu zen. “Gertakizun batzuetarako prestatuta geunden, baina ez arma berri honetarako, japoniarrak”, esan zuen Israelgo lehen ministro Shimon Peresek.
Armada Gorri Batuko (AGB) kideak militante bihozgabeak ziren: elkar hiltzen zuten autokritikako saio basatietan; kide zalantzatienak jipoitzen zituzten eta biluzik uzten zituzten zuhaitzetara lotuta, izoztuta hil arte.
1973. urtean lehenengo hegazkina bahitu zuten, eta 1977. urtean beste bi hegazkin hartu zituzten. Tarteka, enbaxaden aurkako atentatuak ere burutu zituzten. Kideen egoera gero eta itogarriagoa izanagatik ere, 1980ko hamarkadan ere beren jardunarekin jarraitu zuten, otso bakartien erara; esaterako, 1987. urtean, Venezian egindako G7ren bileratik gertu lehergailurik gabeko mina flotagarri bat jarri zuten, baita erabateko panikoa sortu ere. 1990. hamarkadarekin batera, erakundearen gainbehera iritsi zen. Libanok herrialdetik bota zituen, eta poliziak zelula bat desegin zuen Liman, zeina Sendero Luminoso erakundearekin zebilen lanean. Ordurako, JAG oso ahulduta zegoen eta aholkulari lana egiten zuen munduko hamaika txokotan, besteak beste, Errumanian, Filipinetan eta Txinan.
JAGaren sortzaile Fusako Shigenobu emakumea Osakatik gertu zegoen herri batean atzeman zuten 2000. urtean. Operatibo zegoen lider bakarra zen, bai eta erakundearen kiderik karismatikoena ere. Japonian bizi zen, hoteletan ezkutatuta, baina harreragile batek deskubritu zuen erretzeko zuen modu bitxiagatik. Hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta kartzelan erakundea desegiteko komunikatua idatzi zuen, hogeita hamar urteko ibilbide beldurgarria erein ostean. Bere sorkuntzaz geroztik Italiako Brigada Gorriak, Frantziako Action Directe erakunde armatua eta RAFeko hiru belaunaldi igaro ondoren ezereztu zen Japoniako Armada Gorria.
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022
-----------------------------------------------------
Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]
‘Sanfermines de 1978. Los victimarios’ liburua kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. German Rodriguezen heriotzaren erantzule eta arduradunak biltzen ditu.
Hazparnen idekiko da –hau publikatzean ez bada jadanik egina– liburu denda berria. Et’abar deituko da. Denda tipia izanen da, euskarazko publikazioen eskaintza ukanen duena. Ez da Ipar Euskal Herri barnealdean bakarrik arituko. Hain zuzen ere, azken lau... [+]
Azkenaldian liburu batekin gozatzen aritu naiz. Oso denbora laburrean bi aldiz irakurri dut; lehendabizikoan gozamen hutsez eta bigarrengoan arkatza eskuan. Rodrigo Villalobos arkeologo espainolaren Hoces de piedra, martillos de bronce lanak historiaurreko gizartea arakatzea du... [+]
2019an hasi zen Ziburuko azoka eguneko ekitaldi gisa, baina azken urteetan azoka egunaz aparteko ekitaldiak antolatu izan dira inguruko herrietan ere: Azokaroa da. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara Azokaroaren nondik norakoez.
2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]