Chevronek hondoratu du Donziger abokatua: multinazionalei auzi bat irabaztea kario pagatzen da

Steven Donziger hitza hartuta, 2013an Chevronen aurkako ekintzaileek Quiton egindako agerraldi batean. Argazkia: Rodrigo Buendia.
Steven Donziger hitza hartuta, 2013an Chevronen aurkako ekintzaileek Quiton egindako agerraldi batean. Argazkia: Rodrigo Buendia.

Eta U.A. bidalitako hariei tiraka osatu dugu Steven Donzigerren istorioa. Maiteko ez ditugu, bada, gure irakurleak!

Donzigerrek lagundu zien Ekuadorreko 30.000 herritar indigena eta baserritarri Chevron multinazionalari auzia irabazten: 8.100 milioi euro ordaintzera kondenatu zuten haien lurrak petrolioz eta beste kimikoz kutsatu izanagatik. Orain epaile batek abokatua etxean preso dauka, lan profesionala debekatuta. Ingelesez SLAPP Strategic lawsuit against public participation deitzen duten auzia sartu diote Donzigerri, parte hartze publikoaren kontrako auzibide estrategiko bat.

SLAPP Wikipediak honela definitzen du: “Auzi honen helburua da kritikoak beldurtu eta isilaraztea tribunaletako defentsaren kostu garestiarekin, beren kritika edo oposizioan amore eman dezaten. Horrelako auzi batean akusatzailearen helburua ez du zertan izanik irabaztea. Akusatzaileak bere helburua lortu du akusatuak amore ematen baldin badu beldurragatik, mehatxuengatik, defentsaren kostuengatik edo, besterik gabe, neke hutsez. Auziak balio dezakete gatazkan parte hartzeko asmoa duten beste guztiak ikaratzeko ere”. Gure etxera itzulita, horra nola daukan definizio juridikoa Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini Gipuzkoako erraustegiaren sustatzaileek sartu zieten epaiketak ere: SLAPP.

Steven Donziger (1961) abokatu gazte zela murgildu zen gero bizi osoa harrapatuko zioten ingurumen auzietan. 1993an sartu zen Ekuadorreko Lago Agrio eskualdean –Kolonbiarekiko mugatik hurbil– kutsaketa larriak ikertzen ari zen abokatu talde batean.

1960ko hamarkadatik Amazoniako eskualde hartan hainbat petrolio iturri zulatuak zituen Texaco multinazionalak, bazter guztietan utziz igerileku olinpikoak adinako olio hondakinezko putzuak. Kutsagaiak inolako kontrol barik isurtzen ziren erreka eta ibaietan, lekuko jendeek edateko ura hartzen dutenetan. Hala ziren ugarituak eskualde osoan urdaileko, gibeleko eta eztarriko minbiziak, berdin haurren artean leuzemiak. Donzigerrek Intercept-eko kazetariari bere etxe-presondegi bilakatutik esan dion moduan, “han jendeak alimaleko krisi humanitarioa bizi zuen”.

Donziger lekuko herritarrekin hedabideei erakusten Texaco-Chevronek eragindako hondamendiaren arrastoak. (Argazkia: Rolling Stone)

Espainolez ondo moldatzen den Donziger buru-belarri sartu zen aferan, zientoka aldiz bidaiatu zuen Ekuadorrera eta gizon erabakigarria izan zen lekuko jendeen aldarrikapenak bideratzeko. Borrokaren hurrengo urratsean, 2011n Sucumbios probintziako 30.000 biztanlek eraman zuten auzitara Texaco Petroleum, ordurako AEBetako bigarren petroliogile nagusia zen Chevron multinazionalak erosia. Multinazionalaren aholkulari juridikoek nahiago zuten auzia AEBetatik Ekuadorrera desbideratzea, kalkulatuz hemengo epaileak manipulatzen errazagoak izango zirela. Prozeduren epeetan etengabeko berandutzeak ere eragin zituzten, baina azkenean askoren harridurarako Ekuadorreko auzitegiek 2012ko sententzian herritarrei eman zieten arrazoi eta Texaco-Chevroni 8.100 milioi euroko kalte-ordainak ezarri.

BETI BADA JUJE EGOKI BAT

Multinazionalaren kontraerasoaren atal bat duela bi urte eta erdiko Net Hurbilen erakutsi zen: Chevronek lortu zuen –epaiaren ostean– gaia bideratzea gatazka komertzialetan arbitro lanak egiten dituen auzitegi pribatu batera, Hagako Arbitratze Auzitegira. “Auzitegi” deitu arren aholkulari pribatuz osatutako arbitratze mekanismo hau sortuta zegoen AEBek eta Ekuadorrek 1993an elkarren artean egindako inbertsioak sustatu eta babesteko itunaren baitan. Eta honek arrazoi eman zion Chevron multinazionalari, argudiatuz Ekuadorreko epaileek urratu egin zituztela inbertsio itun hark ezarritako betebeharrak.

Behin merkataritza globalaren business as usual-era bideratzeko lehen kolpea emanik, Chevronek ekin zion bigarrenari, 8.100 milioi euroko kalte-ordainen ustezko erruduna eliminatzeari. Hala hasi ziren Steven Donzigerren malurrak –pertsonalak eta profesionalak–.

Chevronek AEBetan auzitara eraman zuen Ekuadorreko epaiketan oker jokatu izanagatik, tartean, epaileak erosteagatik. Lewis Kaplan epaileak onartu zituen iruzur salaketak, Donzigerri gaineratu zion multinazionalak Ekuadorren galdutako epaiketaren defentsan xahututako gastuen erantzukizuna, telefono eta ordenagailuak bahitu zizkion eta abokatuak horien erreklamazioa egin zuenean etxean preso egoteko zigorra ezarri zion.

Steve Donziger atxilotuta dagoen bere etxetik hizketan hedabideekin. (Argazkia: Renegade)

Hedabideetako argazkietan Steven Donziger ikus daiteke orkatilan kontrol telematikoa daramala: ez dauka New Yorkeko bere apartamendutik kalera ezertara jaisteko eskubiderik. Bi urte daramatza horrela eta ez da esajeratua esatea dena galdu duela, berak ere aitortzen du. Donzigerren alde mobilizatu dira Amnesty International, Global Witness, Amazon Watch, Rainforest Action Network… –eta hamabost Nobel saridun eta zientoka juristek ere salatu dute Chevronen jokabidea–.

Mundu osoan 1.400 abokatu lanean dauzkan Gibson, Dunn & Crutcher aholkularitzak hartu zuen Donziger pertsegitzeko lana, eraiki zuen Ekuadorreko auziaren manipulazioaren argudioa eta lekuko izar bat ere “aurkitu” zuen –Alberto Guerra epaile ekuadortarra, prest egon zena AEBetan deklaratzeko Donzigerrek bere lanean xantaia egiten zuela–. Guerrak beranduago atzera egingo zuen esan haietan, prozeduran barrena garbi agertu zen hura gezurretan aritua zela, baina ordurako Kaplan epaileak auzitegietan abian jarria zuen Guerra gabe ere Donziger harrapatzeko zepoa.

Eskandaluaren xehetasunetan interesa duen irakurleak, aurkituko ditu Amazon Watch elkarteak bezala The Guardian eta The Intercept hedabideek gaiaz egindako kroniketan Kaplan epailearen curriculuma: juje sartu aurretik tabako industriaren abokatu izana zen; Donzigerren kontrako auzian laguntzeko Seward & Kissel aholkularitza pribatua kontratatu du, Chevron eta beste petrolio konpainien defentsan aritzen dena…

Aferaren laburpen bikaina egin du Charles Nesson abokatu eta juristak, AEBetako eskandalurik handienetako bat izandako Pentagon Papers hartan Daniel Ellsberg defenditu zuenak. Nessonek bere ikasleei esan die: “Donzigerrek erakusten du ondoen nola gaur pertsona bati uka dakiokeen epaiketa justu bat horrelako auzibide zibil asimetriko batean”. Pertsona bati... eta Ekuadorreko milaka herritarri.

Donzigerrekin elkartasunezko elkarretaratea, bere etxe atarian. (Argazkia: Facebook)

 


ASTEKARIA
2021eko apirilaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude